19. Juan Frantzisko Petrirena Errekondo, «Xenpelar»
(1835-1869)
Jautarkol'ek idazten du: «Xenpelar, bertsolaria dezu soil-soillik, burutik oñetara bertsolari. Bertsolari erritar eta errikoi uts. Ortik datorkio, bere izenari gure erriak erantsi dion dirdira. Irudipen biziko ta biotz xamurreko erritar olerkaria, euskal gizartearen biotz-tanpadak igarri, ta bertso borobilletan abesten yaioa, erri xearen alde, nun-nai ta beti, bere abotsa jasotzen kementsua, plaza-gizon trebe, atsegin ta guzien begikoa».
Errenderi'ko Xenpelar baserrian jaio zan, 1835-1-13'an. Oiartzun'go eliz nagusian bataiatu zuten. Gaztetxotik zekarren barruan bertso-deia, ta 12 urte zituneko, diotenez, bertso kantari zebilkigun. Gurasoak, baiña, guztiz beartsuak ziran eta Oiartzun'go Eula ta Egurrola baserrietan morroi eman zitun urtetxo batzuk. Geroago, Errenderi'ko Eun-0la aundian jarri zan langille. Laster, Mari Joxefa Erretegi'rekin ezkondu ta iru alaba izan zituzten; ezkondu ondoren, il arteraiño, Errenderi'n Madalen-kalean bizi izan zan.
Bizi laburra izan zuen, 1869-12-8'an bait zan itzali, «baztanga deritzaion eritasun bildurgarriak jota». 34 urte zituen. Baiña, esan dugu: bertsolari genduan, eta bertsolari bezela etzan il guretzat, aren oroia gaur ere bizi-bizi dabil gure artean. Xenpelar Bertsolaria bizitza ta bertsoak idatzi zitun Jauregi'tar Luis apaiz argiak, onela: «Orren urte gutxi bizi, ta arlote beartsu bat besterik bere bizitza osoan ez izan, eta alare Xenpelar'en Bertsoak, baserri ta kalean, oraindik ere askok oroitu ta kantatzen dituztenean, izango dute zerbait, beste bertsolarien bertsoak ez dutena. Alako erri-kutsu berezi bat edo, alako erriaren gustuko ikutu-goxoen bat edo... Dana dala, ezin beintzat uka, Xenpelar, bertsolari-malla goi-goienetakora igo zitzaigula».
Langille-zai edo kapataz zan Eun-Ola'n, eta bertsotan agintzen omen zien bere menpekoai. Bizente Erretegi'k, ots, «Muxarro»-k ere antxe lan egiten zuen. Adiskide kutunak ziran Xenpelar eta Muxarro, sarri plazan naiz fabrikan alkarri bertsoz ziriak sartzen ibilliak. Euleak biak. Muxarro, ordea, erretzaille utsa genduan eta artetik ezin artu pipakada batzuk botatzeke; lantokian debekatuta zegoen ezkero, beste txoko ixillen bat arkitu bear ortarako. Xenpelar'ek bein, joan zitzaion gorde-zirrikitura, ta bertso auek bota zizkion:
Aizak i, mutil mañontzi,
nagusiari goraintzi:
ez al dakiken or pipa artzia
ez dala lizentzi?
Jeniyo txar oiek utzi,
bestela ezurrak autsi:
giza-legia nola bear dan,
ezin erakutsi.
Gizaseme guren bat gorputzez ere nolakoa izan zan jakitea, atsegin izan oi zaigu beti. Xenpelar'en giza-irudi polita osotzen digu Jautarkol'ek. «Gorputzez, ez aundi ta ez txiki dio; bai bien arteko. Arpegia, beltzerana; begiak, biziak eta biurri-xamarrak; burua, erne ta azkarra; gañerakoan, gizon elizkoia ta atsegiña, kristau jatorra, ta langille paketsua».
Sarri argia ikusi dute aren bertsoak. Ona ezagunenak: «Mutil zarraren bizitza», «Andre txarren bentajak», «Andre gaxuen penak», «Betroi bati», «Azken juiziyoko eguna», «Konfesiyuen gañian», «Jesukristo'ren Pasiua», «San Jose'ren zazpi doloreak», «Santa Barbara'ren martiriyua», «Balentin Berriotxoa'ri», ta olakoak. Erri-kutsuz ta berotasunez danak. Argi ta labur. Eredu ona nunbait gure bertsolarientzat. Eskola gabeak izan arren, gauza egokiak egin litezkela erakusten digu. Jauregi'k, goxo-goxo: «Erderazko antziñako romanceroan, lotsarik gabe, sartu zitezkelakoan nago».
Xenpelar'ek badu, azkenez, beste doai eder bat ere: erri-doiñutan aberatsa duzu osorik. Eta doiñu orren barnean oretzen zuen bere irudimenetik eta biotzetik zeriona. Ogei bat onako dakazki Jautarkol'ek bere Xenpelar Bertsolaria liburuan.
Izan ditu bere omenaldiak. Bat, 1931-8-24'an, Errenderi erriak eta «Euskaltzaleak» bazkunak, Xenpelar ezkondu-ezkeroztik il arteraiño bizi zan, Madalen-kaleko etxean arrizko oroigarri bat jartea, idazkun onekin: «Petrirena'tar Jon Prantzeska "Xenpelar" bertsolari ospetsua, 1835'garreneko Ilbeltza'ren 13'an, jayo zan, eta etxe onetan 1869'garreneko Abendua'ren 8'an il zan». Eta beste bat: gaurko «Xenpelar-Saria».
(Ikus M. Lekuona, Literatura oral euskérica, Donostia, 1935, 63, 93, 94 orr.; L. Jauregi, Xenpelar Bertsolaria, Zarautz, 1958; S. Onaindia; MEOE, 1159 orr. eta Gure Bertsolariak, 268 orr.; A. Zabala, Bosquejo de historia del Bertsolarismo, 67 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 575 orr.).