15. Pedro Sarriegi Larburu
(1906-1968)
Ernani'n munduratua, 1906-5-26'an. Berton il zan 1968-6-10'an. Berez, bere zaletasun eta gogoz iritxitakoa besterik etzuen ikasi-arloan; baiña, alere, gizon eragillea ta euskal-landan aspergaitza izan zitzaigun, bere bizitz-azkenerantza batez ere. Erriko paper-fabrika baten zeukan bere oizko ogibidea; begiko zituen, baiña, euskal kultura gaiak, teatru, dantza ta kantuak. Oiei indar ematen etzuen nagirik erakutsi.
ANTZERKI-GILLE. Naiko teatru-lan dauzka, batzuk argitalduta, beste batzuk oindio eskuz idatzita bakarrik, noiz argia ikusiko zai. Ona batzuk:
1) Etxerako.. nor? Karraskedo-Olarra'tar Jakinda'k zerbait ikututa, «Jarrai» dantza taldeak eman zuen lenengoz 1964'an.
2) Jokaldi txar bat. 1966'an, «Agora» saria eskuratu zuen antzerki onekin.
3) Bereak ditu auek ere: Biotzaren neurria; Ama izaten lanik dira orratik; Zauritutako lorea; Gazteak; Joxe Mari'ren urrepuxkak.
Gure teatru-zelaia pitxi dotorez aberastuteko, ale auek ere beren txikian jaso ta zaindu bearra daukagu.
(Ikus J. San Martin, Escritores euskéricos, 157 orr.; Auñamendi, Literatura, IV, 481 orr.).