30. Paulin Solozabal eta Solozabal
(1912.-....)
Markiña'tik ur-ur dagoen Etxebarrian'n jaio zan 1912-5-4'an. Errazoi askogatik urri-xamar ibilli zan leenengo eskola-gaietan. Eta berau sarri oartu izan da utsune onetaz; orren irrikaz edo, gerora ez du iñoiz amor eman liburuekin indar-neurtzen.
Elizgizon izateko, 1925'an, sortetxeko baso, zelai, sagasti ta etxekoak utzirik, Durango'ko jesuiten ikastetxean asi zan latinmaillako ikasgaiz jabetzen. «Mundu bi oso ezbardiñak diosta berak; ona gurasoen etxea, baiña Durango'ko ikastetxea ta giroa, apaiñak» (1983-2-26'gneko idazkian).
Emen ikastaro bi osatu ondoren, Arrati'ko Kaztelu-Elexabeitia'ra aldatu zan, ikas-bizitza latzagoa asirik. Benetan ikasi ta aurrera jo bear. «Baserritar buruak idazten du berak zurtu edo apurtu egiteko giro aukerakoa egoan tokia izan zan». An ez zan bear epelkeririk. Au omen zan orduko slogana: «Al ba'dok egin, eta bestelan, maletea artu ta Arratia'ko tranbira». 1929'an Gasteiz'ko Apaizgaitegian daukagu; etxe aundia, otza; gazte asko ta ikasteko gogo bizia; apaiz urte zeregiñez nekeza. Danak ez, baiña geure errian abadetza egin bearko zala-ta, «geure bidez eta alegiñez geure izkuntza lantzen asi giñan, ikasle arteko aldizkari apal baten bitartez... Antxe erneak dira nire lenengo euskal-itz idatziak be».
Solozabal ikasle zala sortu zan gure arteko giza-guda, eta gudazelai ta mendietan ibilli bearra jausi zitzaion. Onela berak: «Gudaaldi artan, "Eguna" euskaldun aldizkaria agertu eben euzkotar jatorrak. Orri oneetan idazteko erea izan neban; eta mendian, pozez irakurten genduan euskaldunen barriak eta idatzi mamintsuak». Beronen leenengo bertsoak, ordea, Naparroa'n, Lizarra'ko gudaltetxean, guda barruan sortu zituan lenengo zortziko pareak; baiña, ixil eta bakarrik. Guda amaikera, 1939-7-2'an, Bergara'n abadetu zan, meza barria Etxebarria'n bere jaioterrian il beraren 9'an emanik.
Abadetza egiten Araba'ko Basabe, Azebedo, Mioma ta Pinedo erritxoetan egon zan iru urtez. 1942'an Mungiratu zan, Pedro Mentxaka ta Jose Zameza apaiz jakintsuen sorterrira. Eta gaur ere, Laukariz'ko txaunburu dala, ementxe jarraitzen digu.
EUSKAL IDAZLE. Berezkoa ez da errez itotzen. Paulin Markiñaldekoa izanez amaren altzotik zan euskera gozo jatorraren jabe. Urte batzuk ixilik, giro gabe, irazi ondoren, Mungia'ra aldatu zutenean, izan zuen eretia euskera landu ta idazteko ere. Etsaia, orraitio, zur ibilten. «Ona (Mungira) eldu orduko dio, politikutzat artu ninduen, eta bereala asi zan jazarpena. Aldi artako parrokoak iru ilabetegarrenean, aditzen emon eustan. "Darabiltzun erako euskera bikaiñik ez egizu erabilli... jazarpendua izango zara-ta". Ordurako, baiña, metxa su arturik egoan eta nire bizia olan erre bear zan euskera izkuntzaren barne-muiñetan: teillatu azpiko gauzen artean bitxi ederragorik ez bait dut aurkitu».
Kezkak joa dabilkigu Paulin, eta kezka orren apur bat bederen bere idatzietan laga digu. Idaztera zerk bultzatu ote zion galdetuz gero, berak onan: «Gure erriaren izaerak; emen sortu ninduen Egilleak; euskaldun eratu zan nire erria, ta oneri zor neutson oso-osorik neure bizia, arnasa, lan eta maitasun guztia; auxe nire gogoaren iturria». Eta idatzi egin du, bertsoz eta itz lauz, idatzi «Eguna»-n, «Karmel»-en, «Olerti»-n, «Jesus'en Biotzaren Deia»-n, «Agur»-en, «Aurrera»-n, «Zer»-en.
Sei bat olerki-liburu argitaratuak dauzka. Ona:
1) Uskeriak (Bilbo, 1961, Gráficas Bilbao, 168 orr.). Lau sailletan bananduta: 1) Begien dardar, 34 olerki, 2) Barrua miñez, 41 olerki; 3) Jainko-kezkaz, 51 olerki; eta 5) Inguru-mingura, 20 olerki. A. Onaindia'ren itzaurrea.
2) Urre-bitsa (Bilbo, 1962, Gráficas Bilbao).
3) Gizonetan (Bilbao, Gráficas Bilbao, 116 orn). A. Onaindia'ren itzaurrea. Au dio bertan: «Paulin kezkati, usakatx eta zain-bizi yatorku. Gaurko gizarte-arazoetan sarturik, gizon billa ibillia dogu. Gizona, ordea, jausia ta porrot egiña ikusten dau, duintasun barik; ezta goi-zale, lur-zale baiño; biotza maitasun-abi barik, gorroto-abi dau. Eta olerkariak ezin dau ori ikusi».
4) Gizadian (Bilbo, 1972, Gráficas Bilbao, 155 orr.). A. Onaindia'ren itzaurrea. 71'gn. orrialderaiño itz lauz dago, eta gaiñerakoa bertsotan, guztira 79 olerkitxo. «Bakotxak dautzu bere arima dirakurgu sarreran; bakotxak dautzu gauzak somatu, ikusi ta azaltzeko era berezia. Onek daukanik, beraz, ez eskatu ari: are-pikor bi dira oso ezberdiñak. Arira datozela, Solozabal'en poesia "bera ta bere ingurua" dozu; bere arimatik urtena, bere barneak eta inguruak, giroak sortarazia. Zer nai dozu geiago? Danok garala pizkat bertsolari, esan daroagu. Ez dautzut ukatuko; baiña guztiok ditugun barne-muiñeko zauskadak, sentidurak be, olerkiz adierazten jakin bear da. Egiaz beintzat, olakoari deritxogu olerkari».
5) Deika (Bilbo, 1974, Gráficas Bilbao, 215 orr.). 204 olerki. A. Onaindia'k itzaurrea. Irakur: «Itandu poeta bati zelan biribildu dauan olerki-lan ain bikaiña; ez dautzu agertuko, ezin dau-ta. Olerkaria, momentu ortan beiñik-bein, bere mundu berezian ari da lanean, eta gure oizko mundura aldatzean, ez daki ango barririk emoten. Bere lanari ekion bitartean etzan inguruko ezertaz konturatu. Alan be, or dozu egilleak gogaiz ta biotz zauskadaz gaiñezka itxi dautzun lan ederra. Erabat onakoxe sorpenak dozuz Paulin'en bertso-lanak be, ixillean, berak zelan ez dakiala bizitza emon eta apainki jantziak».
6) Erri arnasa (Bilbao, 1977, Gráficas Bilbao. A. Onaindia'k itzaurrea.
Lan ixil, jarraiko ta txalogarri onek merezi dau ordaiña. Eta liburu-arloan ez-ezik, olerki-sariketetan ere izan ditu bere omenaldiak, bai itzezkoak eta bai sarizkoak. «Olerti» Saria ta beste batzuk jaso izan ditu. «Egieder» erabilli du sarri bere idazlanak izenpetzerakoan.
Udabarriz lore-pitxiak txairo. Orrela ditugu Solozabal'en kantagaiak ere, lau, arrunt eta errezak. Artezi ta lanketa geiegi bakoak, arin-errezak. Jainkoak berak ere, gauza pitin, ttattar eta deus-ezetan erein zigun ederra oparo.
(Ikus J. San Martin, Escritores euskéricos, 158 orr.; Auñamendi, Literatura, IV 203 orr.; Mikel Zarate, Bizkaiko Euskal Idazleak, 1970, 252 orr.; S. Onaindia, Euskal Elertia, 215 orr.).