literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.165 idazlan
7.841 esteka / 6.395 kritika / 1.828 aipamen / 5.573 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura IV»
Santi Onaindia

Etor, 1975

 

19.— Domingo Soubelet

(1897-1970)

 

        Euskal idazle ta erri-maitale zintzua. P. Lafitte'k: «Hau zen gizona, herria zerbitzatu zuen apez eta izkribatzaile kartsua».

        Azparne'n jaio zan 1897-8-10'an. Azparne'n bertan osotu zituen leen maillako ikasgoak; bigarren maillakoak Beloke'n eta apaizgorakoak Baionako eliz-ikastetxe nagusian. 1924-7-13'an artu zuen apaiztasuna, ta ondoren bi urtez Erroma'n osatu zizkigun Teolojian Lizentzi-titulua eskuratzeko ikasketak.

        Gero, P. Lafitte'k argitzen gaitunez, «bikario Donibane Lohizunen bi urte, bikario Baionako Katedralean bertze bi urte, 1930'etik 1937'ra jaun Apezpikuaren segretario. 1933'an ohorezko kalonje izendatu zuten. Hamar urtez (1937-1947) Azkarateko erretor, bere osasunagatik. Bertze hamar urte Hazparneko misionest. 1967'an Hiriburuko apez-xaharren etxerat bildu behartu zitzaion, bertan heriotzak eraman arte» (Euskera, 1972, XVII, 286 orr.). Baiona'n itzali zan 1970-7-28'an.

 

        EUSKAL IDAZLE.— Euskaltzaiña 1951'tik. Euskeraz sermolari bikain, lumaz ere ainbat lan eder egiña. Zazpi urtean —1930-1937— berak zuzendu ta moldatu zuen «Eskualduna» asterokoa; baita zazpi urte oietan «Gure Almanaka» jalgi ere. P. Lafitte'k: «Izkribatzaile bezala, pentsatzen zuen arrazoinekin behar zirela nasaiki izkiritu onak ager-erazi. Onak eta irakur-errexak. Hots, morala azkar bati zagon, teologia gorenerat bakan helduz, irakurtzaileari ez kausi beldurrez. Hazparneko eskuara zerabilkan doi-doia panpinaturik. Erran beharrak hitz gutiz emaiten zituen, labor eta motz, irakurlea ez zadin gal zirikorda luzegietan. Bainan hitzak beti xuxen heldu zitzaizkon, indarrez beterik» (Loc. cit. 287 orr.).

        Euskeraz bederatzi liburu ager-erazi zituen, eta frantsesez bat. Ona:

        1) Petain Marechale Frantziaren aintzindaria (Toulouse, 1941). 152 orrialde. Mariskal aundiaren bizitz-orriak.

        2) San Josep Jesusen aita ordekoa Mariaren espos laguna (Baiona, 1942). 186 orrialde.

        3) Lordeko Ama Birjina (Baiona, 1942). 239 orrialde.

        4) Fatimako Ama Birjiña (Baiona, 1945). 314 orrialde.

        5) Buloneko Ama Birjina.

        6) Jesusen Bihotz sakratua (Baiona, 1946). 314 orrialde.

        7) Maria Goretti (Baiona, 1966).

        8) Jesus.

        9) Itorriko kalakariak edo Xuriker-egile kalakariekin. Antzerki lana duzu.

        10) Le bienheureux François Dardan.

        «Eusko Jakintza»-n eta «Gernika»-n idatzi zuen batez ere. Euskera arin errikoia darabil. Ona zatitxo au «Fatimako Ama Birjina» liburutik jasota. Gabaz argiakin egin oi dan ibil-deuna aipatzen digu.

        «Huna arratseko hamarrak. Ordu arte beilariak hartua duten lekuak iduri du phentze handi bat; jendea hart hunatka dabila, dena othoitz eta debozione. Hamar orenetan, jendez bethea den phentze horrek hartzen du begitarte berri. Han hemenka ilhunbea zilatuz agertzen dira argiño batzu. Hastean, bakar batzu, bainan laster ehunka eta milaka. Beila-trokiak iduri du sutan den phentze handi bat. Lurdeko argi andana deus ez da Fatimakoaren aldean. Gogoak nekez asmatzen ahal du Fatimako beilaren parerik. Iduri luke gau saindu batek argitzen duela gure mundu dohakabea...

        »Othoitzen eta kantuen gidari apez bat jarria da, mikrofona delakoaren aitzinean. Horri esker, apezaren boza heltzen da xoko guzietarat eta denak arrapostu egiten diote, ortziaren pare den orro batean. Gauerdi hurbildua da proosinoa bururatzean. Orduan denek kantatzen dute Credoa. Berrehun edo hiru ehun mila Credoaren kantatzen, zerbeit bada! Gure sinheste sainduak ezagutzen ditu holako egunak. Elizaren hastapenean eginak ziren fededunen bilkurak ez bide ziren kartsuago ez ederrago» (208 orr.).

 

        (Ikus P. Lafitte, Gure Herria, 1970, eta Euskera, 1972, 286 orr.; J. San Martin, Escritores euskéricos, 159 orr.; A.M. Labaien, Teatro Euskaro, II, 178 orr.; Auñamendi, Literatura, III, 494 orr.).

 

Bilaketa