literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura I»
Santi Onaindia

Etor, 1972

 

7.— Juan Antonio Ubillos

(1707-1789)

 

        Aita K. Iturria'k Donosti'n egin zuen itzaldi baten, onela: «Etzan gure Ubillos nolanaiko gizona, jakintsu aundi oietako baizik; gai sakonetan zearo murgildua». Eta prantziskotar jakintsu onek latiñez, gazteleraz eta euskeraz idatzi zitun lanak aipatzen dizkigu ondoren.

 

BIZITZA.— Amasa errixka, Billabona aldamenean, muiño txiki baten gaiñ datza; emengoxea dugu A. Ubillos (ur-bil-ots?). Amasa'koa zan bere ama Maria Arano, ta Andoain'goa aita. 1716'an, mutil koskorrak bederatzi urte bete gaberik zegoela, il zitzaion aita; ama, berriz, 1723'an, andik sei urte ta erdira noski. Juan Antonio'k orduko urte bete zeraman Arantzazu'ko komentuan, aurreko urtean prantziskotarren jantzia artu zuen eta.

        Ona A. Iturria'k, beiñola norbaitek «Euzko-Gogoa»-n idatziari erantzunik, Ubillos gazteari buruz zer ziñoan: «Apaiz ta prailleok Euskalerriko semerik onenak guretzako artzen omen ditugu. Ez nuke nik ori egi utsa danik esango, ez apaiz ez prailleei begira, ezta zuei begira ere. Ori esan zuna bera, naiko aundi ta jakintsu izan arren ere, eztegu elizgizon. Baiña gure Aita Ubillos'ekin, beintzat ori gertatu zala esan genezake».

        Nobizio-urtea bete ondoren, 1723'an, eskeiñi zitzaion Jainkoari iru erlijio-ziñitzak egiñaz. Orduan bere garairik kartsuenean zegoen Arantzazu, berton bizi ziranak ia eun prailleraiño eldurik. Ementxe osotu zitun Ubillos'ek, beste gazte mordoska batekin, meza emateko bearrezko zitzaizkion latin, Filosopi ta Teoloji-ikasteak. Auek bukatu ta meza berria emandakoan, buru argikoa baitzan, Alkala de Henares'ko Ikastetxera bialdu zuten nagusiak. Zer ikasi zuen an? Jakintza-gaiak noski.

        1755'rantza, Tolosa'ko prantziskotar ikasle gazteen Teoloji-irakasle daukagu. Lan eta lan dagi. Aurretik ere Filosopi-gaiez naikoa idatzi ta zeukan, eta urte ontan bertan, argitaratu zuen bere lenengo Filosopi-liburua. 1755'an asita, iru ale edo tomu atera zitun urrenez urren; bigarren zatian, 1758'garren urtean azaldu zuenekoan, «Lector jubilatus» zala adierazten du. Ta ohorezko aipamen au irixteko, gaiak beetik gora erakutsi bear izaten ziran, au da, Filosopi-gaietatik asi ta urte batzuk geroxeago. Teolojia irakatsiaz.

        Bere irakaste-lanari loturik, urte askotan Tolosa'n bizi zala, aldikada baten bertoko nagusi ere izan zan; baita Kantauri'ko prantziskotar Probintzi guztiko Aita Nagusiaren urrengo ere. Geroago, Arantzazu'n agertzen da bertoko nagusiaren aolkulari bezela. «Ala zanez, urtero urtero, 1768'tik 1786'ra, jarri oi zun bere izena euskal gazteak Arantzazu'n praille egin, prantziskotar jantzia artu ta profesa egiten zuteneko agirietan». Komentu ontan il zan, agi danez, 1789'garren urtean, Prantzia'ko matxinada urtean, ain zuzen. Bertoko kanposantuak gordetzen ditu amasatar jakintsuaren gorputz-ezurrak. Zaartua ere, letra argi ederra zuen.

 

 

        BERE LANAK

 

a) LATIÑEZ.— Jakituria ezta geienik mingaiñez azaltzen, idatziz baizen. Orrela, paperean likaturik, adierazten da adimenaren sakontasuna. Aita Ubillos'ek, beerago aipatuko dugun euskal liburuaz landa, ba-ditu iru latiñezko ere, idatzi ta argitara ekarriak. Obeto: liburu bakarra da, iru zatitan banaturik. Liburu sakon eta funtsez moldatua.

        1) Philosophia Rationalis (Donostia, 1755). Summulas edo bilduma txikiak eta Lojika datoz ale aundi onetan. 509 orrialde ditu. Etzuen bakarrik osotu: irakasle-lagun zuen mondragoitar A. Prantzisko Elejondo'rekin batera egin zuen lenengo ale au. Beste biak, ordea, bere-bereak ditu osorik.

        2) Philosophia Transnaturalis et naturalis (Donostia, 1758). Metafisika ta Fisika orokorra. 718 orrialde. Gai sakonok maixu gisan azaltzen dizkigu.

        3) Philosophia naturalis (Gazteiz, 1762). Fisikaren bigarren eta irugarren zatiak. 536 orrialde ditu. Orduko Fisikan gaurko zientzi-gai asko sartzen ziran: Izarrizti, Mekanika, Kimika, Osakuntza, Lutelesti, Landare-izti, Metal-gaiak, Abelizti, Antropoloji ta olakoak. Eskeintza bi dakaz irugarren onek: San Luis Gonzaga'ri bata, ta Xabier M. Munibe ta Idiakez Peñaflorida'ko kondeari, bestea.

        Aita Ubillos'en Filosopi au, urte askotan, prantziskotar ikasle gazteen liburu arrunta izan zan. Jakiña, Prantziskotarren «argi, izar eta gidari» dan Eskoto'ren erakusaldien arabera egiña dago; aintziñako jakitun Aristotele, Sokrate, Platon eta kidekoak bazter utzi gabe, orraitio.

 

b) EUSKERAZ.— Liburu bat idatzi zuen euskeraz: Christau Doctriñ berri-ecarlea, christauari dagozcan eguia sinis-beharren berria dacarrena (Tolosa, 1785). 224 orrialde dauzka.

        Zati bi ditu. Lenengo zatiak dakar Jainkoaren Lege zarrean eta berrian gertaturiko gauzen berri laburra. Eta bigarrenak, 29 ikasgaitan, kristauak jakin eta siñistu bear dituan egien erakustea.

        Ezta liburu jatorra, itzulpena baizik. Juan Klaudio Fleury'ren Catechisme historique (Paris, 1679) euskeraz jarrita. Frantses apaiz argiaren idatzi au naikoa edatua zan amazortzigarren gialdian: prantsesez eta gazteleraz sarri argitara emana noski. Aita Ubillos'en itzulpenak ere izan ditu bere argitaratzeak; lendabizikoaren gaiñ, Azkue jaunak eman zuen bigarrenez (Bilbao, 1897), izkera ederrekoa zerizkiolako. Irugarrenez ere bai, izenburu onekin: Kristabaren Ikasbidea (Tolosa, 1909). Aita Ubillos'ek, bestalde, ba-zuen ar-emana Peñaflorida'ko kondearekin, eta dotriña auxe artu zuten testu bezela zalduntxoak Bergara'n zeukaten Mintegian.

        Zeregin artean, «gaur artu ta biar utzi» egiña izanagatik, badu gatza itzulpen onek. Ezta itzez itz euskeraz jarria: Ubillos'ek orain laburtu, gero luzatu egin oi ditu Fleury'k dakazten gauzak. Au mamiari gagozkiola. Ta izkerari buruz, idazle txukuna gertatu zitzaigun; bere garaiko klasikua dugu. Aditza lasai darabil, baita sintetikua deritzaioguna ere: 24 aditz darabilzki era onetan; auek dituzu A. Iturria'k kontatuak: «jakin», «erakutsi», «erabilli», «egoki», «ikusi», «eraman», «iritzi», «euki», «jardun», «jarraitu», «etorri», «ibilli»; «igon», «esan», «egon», «ekarri», «egin», «iraun», «jardun», «edan», «etzan», «egotzi». Zeinbat bitxi-pikor diran, iraurrita, bere dotrinan euskal esaera jatorrai buruz ere!

        Eder-kezkak larritua zebillen nunbait. Bakoitza geure mendeko gera-ta, A. Ubillos amazortzigarrenekoa dugu. Ortakoz, «mendetar jatorrak izanik, mendeko ondasunak eta gaitzak gurekin izan bear». Izan ote zuen artu-emanik M. Larramendi'rekin? Biak ibilli ziran, garaiko bezela, Ikastetxetan ikasten eta irakasten. Dena den, A. Ubillos'ek aurrean euki zuen andoaindarraren Iztegia, asti-une ta txolarteetan egin zuen dotriña-itzulpena antolatzerakoan, aren itzok bait-darabilzki: «Jakiunde» (sabiduría), «araututs» (barbarismo), «itzuen» (solecismo), «aintzura» (imagen), «gaiztaki» (maldad), «maitantz» (caridad), «irutasun» (trinidad), «diñatasun» (dignidad), «garbitoki» (purgatorio), «ikastegi» (clase), ta abar. Baita ba-ditu mugaz arunzkoen itzak ere: «ipizpiku» (obispo), ta beste. Larregi'ren Testamen Zaharreko eta Berriko historioa (Baiona, 1775) ezagutzen zuela dirudi. Akatsik aipatzekotan, 59 bider darabillen zeren eta beste erderakada batzuk, «ala nola», «zenbat ainbat», zergatik erantzukizun danean, eta alako gutxi batzuk.

 

IRITZIAK.— Aita Zalaba'k bere Noticia dalakoan onela «Euskera eder-ederra du nun-naitik begiratuta». A. Vinasante'k: «Larramendi'k sortutako itz batzuk gorabera, aren izkera errian tinkatua da: garbia da, ta aberatsa ta bizia erabat». I. Omaetxebarria'k: «Aren izkuntza guztiz auta, txukuna ta gain-gaiñekoa dugu». Azkue'k bere Iztegian aipatzen du.

        Ala ta guzti ere, Aita Karmel Iturria'k eio digu iritzi-ematerik ederrena. «Ubillos ezta —dio— idazle garai oietakoa. Baiño alere idazle ona da. Gipuzkoa'ko izkelgian ditugun aldi artako idazleen artean onenetarikoa. Ubillos'en euskera erri-izkeran sendo tinkatua dago. Erri-izkera du zimendu ta oiñarri antzo. Baña ba-daki emendik eta andik bear dana edo bear duna artzen ere. Eta alaxe, nola-alako Gipuzkera osotuan idatzi zula esan genezake. Bai bait-daki bizkaieratik, baita naparrena ta lapurdiera ta beste Bidasoaz arunzko euskalkietatik zerbait artzen ere. Ez noski Azkue zanak-eta, eta oraingo beste askok nai duten Gipuzkera osotuaren pareko, baiña bai alako zerbait. Jakitez ta zer zegikeana oartuz egin ote zun ori, ala oartzeke?». Aditz-formetan badu, gaiñera, bere zer berezia.

        Gure amasatarrak maiz-xamar dabilzkigu itz esan-nai berdin antzekoak, edo sinonimuak. Asmo onarekin egingo zuen au, zerabilzkin gaiak obeto aitzen emateko irakurleari; baiña bein ta berriz geiegi erabiltzeak ere ba-du bere gaitza ta akerra. Aspertu ez ote? Aita prantziskotar argi au, bestaldetik, bera aiñako gizon eskolatu bati dagokionez, oso zeatza dugu barnean daraman gogapena, ideia azaltzerakoan. Labur: euskal idazle piña, jario ederrekoa dugu Ubillos.

 

        (Ikus F. Michel, Le Pays Basque, 513 orr.; J. Vinson, Essai Bibl. Basque, 126; G. Garriga, Bol. Amer. E.V., 1951, V, 57 orr.; K. Iturria, «Euzko-Gogoa», 1956, 76 orr.; L. Mitxelena, HLV, 102 orr.; L. Villasante, HLV, 150 orr.; I. Omaetxebarria, Euskera, Zarautz, 1959, 224 orr.; K. Etxenagusia, Euskal idazleen Lorategia, 62 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 274 orr.).

 

Bilaketa