literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura VI»
Santi Onaindia

Etor, 1990

 

63.— Martin Ugarte eta Azurmendi, «Saletxe»

(1916-....)

 

        Eder-sen aparta duen euskal idazle baten aurrean gaude. Orixe bait dugu Martin Ugarte, ezizenez «Saletxe». Ezizen au ezta ezizen, gure idazlea jaio ta bizi dan baserriaren izena baizik. Aurtengo dagonillaren 7'an (1983), igandez, andik ibilli nintzan ni, Agustin Beloki lagun nuela. Naiz-ta etxea, Lizardi'k dioskunez, «euri zaarrek usteldua/; marraskilloek bide biurri/ dirdaitsuez apaindua» izan, gaindegian kokatua daukagun baserri-inguruak, zoragarriak dira; ikuspegi ederrez goi ta bee, eun motako igali-zugatzez, barazki-soro ta belazez txairo...

        Martin Ugarte Legazpi'ko Teilleriarte auzunean jaio zan 1916-2-14'an. Beronen gurasoak: Damaso oñatiarra eta Jertrudis Azurmendi, zegamarra. Ortxe ezkondu zan 1949-1-8'an, Oñati'ko alaba Juana Arregi Idigoras'ekin; bi alaba izan dituzte, Maria Pilar eta Maria Anjeles, gaur ezkonduta bizi diranak.

        Bere leen-ikaskizunak Brinkola'n, Legazpi'ko bigarren auzunean, egin zituan, garai artan apaiz-etxean eskola ematen zuen elizgizon argiarekin; berezkoari lagunduz zenbait gaitan trebetuz. Geroztik beti izan zuen ikas-griña. Gaztaroa artzaintzan eman zigun eta «Saletxe» baserriko lanetan, gero berrogeitaz urtetan Legazpi'ko Patrizio Etxeberria'ren lantegian izan da langille zintzoa ta maitatua. Gaur atseden ederrean daukagun arren, baserrian nekazaritzari ta fabrikan ofizial ona bezela, lanari gogotsu ekiña dugu Ugarte.

 

        EUSKAL IDAZLE.— Esanak esan, gure baserrietan dabil oraindik dantzari euskal literaturarik bikaiñena, itz, esaera ta joskeraz. Baserrian jaio, azi ta bizi danari, euskal idazle baldin ba'dugu, bol-bolka legez dario gure izkeraren ederra. Orrelako da gure Ugarte; ogibidez baserritar, artzain eta langille dalarik, euskal idazle gertatu zaigu, barruko deiaz gertatu ere. Ederki Jokin Otaegi'k: «Saletxek, lehengo mundua dakargu batez ere gogora. Joanaren lainopean galtzen ari zaiguna: hitzak, ohiturak, lanak eta beharrak. Nahiz olerki eran nahiz hitz lauz idazten du». Eta beti aspaldiko euskaldunaren gogoa, arimea bizi-bizi azaltzen digu.

        Itz lauz baiño bertsoz geiago idatzi digu. Itz lauz, ordea, liburu bat du irarkolan emana: «On egiñaren obaria» (Zarautz, 1972). 205 orrialde. Itxaropena'ren «Kuliska Sorta»-n dator, 75 zenbakia. Izenburuaren azpian au dio: «Arraintxo sasi-medikuaren bizi-moldez, nobela tajura tolestua (1821-1909)». Arriantxo, Beasain'go Arriaran baserrian jaio ta Legazpi'ko Zabaleta'ra ezkondu zanaren semea. Arraintxo onen gomuta bizirik geratu zan Legazpi aldean bere sasi-mediku ibillerengatik batez ere. Auxe duzu poliki biribilduta daukazun nobela onen gai nagusia.

        Kezkati da Ugarte, olerkari onak izan bear duenez. Experientziz aberatsa. Benetako ertilari, artista. Gogoko izan zaio olerkia, eta neurtitz asko ondu digu, poemak batez ere. Ainbat poema ditu «Olerti» aldizkarian. Ogetaz urteak dira emen Larrean Olerti Eguna ospatzen dugula, sariketarako lirika, alegi, bertso ta olakoen artean sail berezi bat, poema sailla, eskatzen dalarik. Sail ontako saria, ia beti, beronek jaso izan du. Ona sarituetatik batzuk: «Aizkorri», artzain poema (1962'an saritua); «Belaun giroen olerki ixilla» (1964'an saritua); «Itxas-poema» (1970'an saritua); «Bizitzaren borroka», gazte-giroko 16 kantu (1975'an saritua); «Lana kantu-gai» (1977'an saritua); «Eguberri irudiak». «Osterantzeko olerkiak» eta abar. 200 foliotik gora dauzka bertsoz osatuak. Azken orduan eman digu olerki liburu eder bat.

        Itz egoki, esaera zorrotz eta joskera ernez, ba-du zer ikasia guztiontzat legazpiarraren olerki-lanak. «Olerti»-n eta «Zeruko Argia»-n idatzi du geien baten.

 

        (Ikus J. San Martin, Escritores euskéricos, 162 orr.; Auñamendi, Literatura, IV, 228 orr.; Aranzazu, 1973, LIII, 172 orr.; J. Bilbao, Bibliografía, X, 600 orr.; S. Onaindia, Euskal Elertia, 204 orr.; Jokin Otaegi, Egan, 1980, 1-6, 159 orr.).

 

Bilaketa