15. Jose Antonio Uriarte
(1812-1869)
Ona beste gizaseme aipu oneko bat euskal literatura barrutian, mixiolari kementsu bezain idazle bikain. Arrigorriaga'ko semea. 1812-5-28'an jaioa. Beronen gurasoak: ai-ta Txomin Uriarte, Basauri'koa semez, ta ama, Madalen Adaro, Arrigorriaga bertakoa. Lendabiziko ikas-saioak bere jaioterrian egin ostean, Bermeo'n prantziskotarren aztetxean artu zigun praille jantzia, 1829'an. Labastida'ko komentuan ikasi zitun Edertiak eta Jakintza, eta Teolojia Bilbao'n, 1833'tik aurrera. Karlista gerratea zan. Azpeiti'n mezakotu zan 1836'an, eta prantziskotar Ordeneak 1839'an Arrasate'n euki zuen Batzarrak izlari ta aitorle izendatu zuen. Urrengo urtean Espaiña'n prailleak, Euskalerrian ere bai, komentuetatik uxatu zituzten zati baterako.
Aita Uriarte Markiña'ra joan zan, eta antxe ta Lekeitio'n langille ta paketsu bizi izan zan 1859'rarte. Sermolaritzan ibilli zan erriz erri, aspertzea zer zanik ere ez zekiala. Bein, dioenez, Bilbao'n San Nikolas elizan azken-epaiaz ari zalarik, Bonaparte printzipeak entzun zion, eta eder izan zitzaion noski aren itzaldia, ta une artatik bere laguntzaille artu zuen Aita Uriarte. Ta, izan ere, laguntzaillerik bikaiñenetarikoa izan zuen bizitza guztian. 1856'tik aurrera eten gabea da biak izan zuten kartazko artu-emana. Ta karta auetatik dakusgunez, garai artan batez ere, Aita Uriarte gogo ta soin euskal gaiari lotua bizi zitzaigun.
Aurrenik lan txikietan lagundu zion L.L. Bonaparte'ri, baiña gero ark eman zion arazo garrantzitsua Biblia osoa gipuzkeraz jartzea ederki baiño ederkiago burutu zuen bizkaitarrak, naiz-ta beste zer askorekin oso lanpeturik ibilli. Bibliaren itzulpena gipuzkeraz ta lapurdieraz osatu nai zuen Bonaparte'k, oiek bait ziran gure euskalki nausienak; Duvoisin autu zuen lapurdierazkoa egiteko, ta A. Uriarte gipuzkerarra itzultzeko. Aita onek Biblia osoa biurtu zion euskerara, ez baiña argitaratu; Duvoisin'ek itzulia osorik argitara zan arren, A. Uriarte'ren lanetik iru lenengo liburuak Asiera, Irteiera ta Lebitarrena bakarrik atera zituzten; beste zati guztiak Gipuzkoako Diputazioaren liburutegian daude gaur ere esku on baten zain, noiz argia ikusiko.
Noiz egin zuen lan eder ori? 1858'an Londres'en egon zan Aita Uriarte euskal itzulpenak irartzen Printzeari laguntzen, eta antxe eskatu zion euskalariak lan ori mesedez egiteko; urrengo urtean beintzat, bere idazkietatik agiri danez, lan ortan ziarduen. Beterri'ko dialektuan nai zuen Bonaparte'k idazteunaren biurtzea, ta eskualde artara ostera batzuk egin-bear izan zituen. A. Uriarte'k ango euskera ta ark eskatzen zion erara itzulpena burutu zezan: kuartillak itzuli-ala bialtzen zizkion Londres'era. Eta zatika edo liburuka asi zan Bonaparte, 1859'an bertan, itzultzailleak igortzen ziona argitara ematen. Duvoisin'ena ere orduantxe asi ta bukatu zuen. Aita Uriarte'rena asi bai, baiña etzuen bukatu. Zergatik? Dana dala, auxe dugu gure aldean euskeraz egin izan dan Idazteun osoaren lenengo itzulpena.
1859'an zabaldu berri zan Bermeo'ko prantziskotar komentua. Emen bizi da Aita Uriarte, ta lan dagi emen ere, ta sendo, euskal gaietan. 1862'an Londres'era doa berriz ere, Bibliaren itzulpena arik zeatzen eta ariñen amaitzeko. 1867'an egiña zuen, oso-osorik. Baiña eririk zegon, naikoa eririk; eta Errioxa'ra, San Millan de la Cogolla deritzan erritxoko komentura eraman zuten, osasun billa. 1869'an, ordea, Zarautz'eko komentura dator, beretarren artera berriz ere, ta euskaltzale asko datorzkio ikustera, K. Otaegi zegamarra, auen artean. Ta onek diosku txit txarto aurkitu zuela. Izan ere, andik egun gutxi barru il zitzaigun Zarautz'eko komentuan bertan, 1869-2-20'an, 57 urte zitularik. Garai artako euskalari irten guztiekin izan zuen ar-emana.
IDAZLANAK. Idazle ugaria, ta gozoa. Ona bere lanik ezagunenak:
1) Marijaren illa, edo Maijatzeco illa (Bilbao, 1850). Delmas'en irarkolan. 127 orrialde. Markiñaldeko euskeraz. Bizkaiko elizetan txit erabillia. 1885'an argitaratu zuten berriz ere. Eguneroko gomutagarriak dakarzkigu fedeko egirik beiñenak artertuaz, baita jazoera pilloa ere ta azkenerako lauko ta zortzikoak.
Urte ortan bertan agertu zan Bergara'n ere Maria Santisimaren Illa, edo Mayatceco Illa (Bergara, 1850), Jose Undiano'ren moldetegian. «Erderazko liburutik Vergaran viurtu da eusquerara» dio azpian. Bi Maiatzeko illa auek, gaiak beintzat, berdin xamarrak darabilzkite.
2) Jesus Sacramentaduari eta Ama Doncella Mariari Visitac (Bilbao, 1856). San Alfonso M. Ligorio'tarraren Ikustaldiak euskeraz. Markiñaldeko euskalkian au ere. Berriro ere, geigarri batzuk erantsita, Tolosa'n argitaratu zuten, 1893'an.
3) 1857'tik aurrera lan asko argitara eman zizkion L.L. Bonaparte'k. Ona batzuk: 1) Dialogues basques: guipuzcoans, biscayens, par don A.P. Iturriaga, le P.J.A. de Uriarte... (Londres, 1857); 2) San Mateoaren Ebanjelioa (Londres, 1858); gipuzkeraz: 149 orrialde; 4) San Juanen Apokalipsis (Londres, 1857); bizkaieraz: 134 orrialde; 5) San Juanen Apokalipsis (Londres, 1858); gipuzkeraz: 134 orrialde; 6) Canticum canticorum Salomonis tribus vasconicae linguae dialectis in Hispania vigentibus versum (London, 1859): 31 orrialde; 7) Le Cantique des cantiques de Salomon (Londres, 1862); 35 orrialde; Bilbao aldeko izkelgian, eta Markiña'ko aldeko euskera idatzian lez, bi itzulpen berezi.
4) Biblia edo Testamentu zar eta berria, Aita Fray Jose Antonio de Uriarte latiñezco Vulgatatic lembicico aldiz Guipuzcoaco euscarara itzulia, Luis Luciano Bonaparte principeac eta don Jose Antonio de Azpiazu guipuzcoatarrac lagunduric (Londres, 1859). 128 orrialde. Esan dugunez, den-dena itzulia izan arren, lenengo iru liburuak baizik etziran argitara ekarri.
5) La doctrina cristiana, traducida al vascuence, dialecto vizcaíno, variedades de Marquina, Bermeo, Arratia, Centro y Ochandiano (Londres, 1862): 128 orrialde. 1864'an (Londres) argitaratu ziran dotriña onen 9-16'raiñoko orrialdeak. Oso gutxi, guztira ere.
6) Marija Jangoikuaren Amac bere vijotz santu eta garbico Cofradijan sarturik dagozanai... irakatsi ta consejuac. Damian Laraudo'ren erderazko liburu baten itzulpena da.
7) Ipuiak. Bizkaierazko neurtitzez. J. Manterola'ren «Cancionero Vasco»-n datoz, II sailla, IV, 74 orr., ta III sailla, 70 orrialdean.
8) Pio IX'garrenaren «Bula Ineffabilis» gipuzkeraz (Euskal-Erria, XIII, 503). Titulua: «Gure Jaun chit Santu Pio bederatzi-garrenaren, Jaungoikoaren providenciaz Aita Santu danaren, Apostolu letrak Jaungoikoaren Ama doncellaren sorrera garbia fedeco sinistamentzat jarri zuenean emanac».
ARGITARA GABE. Biblia guztia gipuzkeraz esan dugu Gipuzkoa'ko Ineffabilis», bizkaieraz; «Astete» bizkaierazko izkelgi berezietan, Bizkai'ko Aldundegiaren liburutegian, eta abar.
Oraindik ba-du Uriarte'k olerki bilduma bat ere, «Poesía Bascongada» deritzana; bizkaitarrez daude. Bermeo'ko Aita prantziskotarren etxean aurkitzen da. Or-emenka biltzen zituen olerkiakin osoturiko txorta ederra duzu; batzuk alegiak, beste batzuk Gabon-kantak; auek karlista gerratekoak edo euskaldunak Afrika'n 1859'garreneko guduan egin zituzten egintsariak, aiek beste gai apartekoakin osotuak. Txorta orretan ba-ditu bereak, itxura danez; Aita Uriarte bada bizkorra gendun bertsogiñean ere. Azkue zanak ezagutzen zuen bilduma au (Ikus Morfología, 808 orr.).
IRITZIAK. Izugarrizko lana A. Uriarte'k egiña. Osasuna galtzeraiño ekin zion euskerari. Nolako eredu! Aren idazlanak ez dute, egia esan, bear luketen besteko txera ta esku maitekorrik izan. Or dugu aren Biblia osorik euskeraz, eta nola ez du arras beteko gizon bat, edo talde bat, aren izerdiak jasoteko? Gaur obeagoak ditugula-ta, ez al da argitalpen baten duin? Puska oiek ere balio dute, bai, zertxobait.
Aita I. Omaetxebarria'k onela: «Aita Uriarte langille zailla izan zan: izlari, erri-mixiolari ta euskal idazle». A. Villasante'k: «Geienetan euskera jatorra darabil, argia, erreza. Bear bada, latiñezko testuai lotuegia». Eta M. Zarate'k: «Jaunak bakarrik daki zenbat eta zenbat ordu emon ebazan gure Aita Uriartek euskera lanetan, "gure asabetatik etorritako berbeta gozoa" ikasten, landuten eta idazten. Orretantxe emon ebazan, emon bere, bizitzako urterik geienak. Osasuna bere orretantxe galdu eban».
Borobildu zizkigun olerkiak, ipuiak geien bat, akats gabe ta antzetsu daude; goregi jeikitzeke, ordea. Il zanean, Aita J.I. Arana'k ahapaldiok eskeiñi zizkion:
Isuri izkatzu, Kantauriya, zuk
Negar-malkoak ugari
Uriarte jaun prestu jakintsu
Euskaldun danen aitari...
Bere anima guziz ederra
Gaur eman diyo Jauna-ri!
Zeruratu da mundu gaiztotik
Uriarte txit maitea,
Zeñak itz gozoz azaldu oi zuben
Jesukristoren legea,
Euskal-Erriyai ekarririkan
Atsegin eta pakea.
Eztizko iturri gozoa izan zan
Bere ezpañetan Euskera.
Libru bikaña utzirik emen
Joan da Zeruko pozera
Merezi zuben koroi galanta
Jainkoa-gandik artzera...
(Ikus P. Garmendia, RIEV, 1933, 141 orr.; A. Madariaga, Homenaje a la Seráfica..., 1934, 172 orr.; G. Lacombe, «E. Jakintza», 1947, 292 orr.; G. Garriga, Bol. Amer. E.V., 1950, 125 orr.; J. Ruiz Larrinaga, BAP, 1954, 231 orr.; S. Onaindia, MEOE, 273 orr.; J.I. Lasa, «Aranzazu» aldizk., 1960, 327 orr.; I. Omaetxebarria, Euskera, 248 orr.; L. Villasante, «Aranzazu», 1960, 322 orr.; ta HLV, 260 orr.; K. Etxenagusia, Lorategia, 142 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 636 orr.; M. Zarate, Bizkai'ko euskal idazleak, 89 orr.).