literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura VI»
Santi Onaindia

Etor, 1990

 

58.— Antonio Valverde Casas, «Ayalde»

(1915-1970)

 

        Valverde edo «Ayalde», margolari ta euskaltzale, gazterik joan zitzaiguna. Ura il zan urtean, 1970'anko abenduan, Lekuona'tar Manuel'ek «Actualidades» aretoan eman zuen itzaldian, onela: «Erderaz ari bagiña, "Ayalde" izena, Antonio Valverde'k inmortalizatu egin duala esango genduke: "illezkortu" euskeraz —illezkortasun txiki bat—. "Ayalde" ori, Oiartzun'en jauregitxo baten izena da; "Aia'ko arrira" begira dagolako, ipiñi bait zion Antonio'k izen polit ori, berak egindako jauregitxoari. Ori dalata, izen bera artu zuan; baita, bere seudonimo idazle-izentarako ere. Gaur Ayalde esaten degun bakoitzean, gure adiskide biozkor biotzekoaren irudi ta imajiña datorkigu gogora orain lau-bat illabete "joan zitzaigun" adiskidearen irudi bizia» (Egan, 1973, 1-6, 12 orr.).

        Errenderi'n jaio zan Valverde, 1915-1-17'an. Ikastuna, Eskugoan Lizenziatura atera zuen Zaragoza'ko Ikastetxe Nagusitik. Euskaltzaindikoa. Eta margolari: sarri esana dut, ingurua artista sortzaille dala. Valverde errenderiar izanik ere, oiartzuartzat joten zuen bere burua, eta erri onek ainbat eder-gai eman zion bai literaturako eta bai margogintzarako.

        Valverde'ren euskaltzaletasunari dagozkiola, jaiotzez erdeldun izanagatik, euskeraz ikasi naia, eskola-mutil zalarik miñez artzen zuen euskeraz ez jakitea bere eskola-lagunen antzera. Ezkontzeko asmoa artu zuenean, neska euskalduna nai zuen andregai: «Maria Dolores Lamfus eta Retegi, lenengo abizenez alemana, bañan jaiotzez eta izatez eta biotzez euskaldun jatorra». Onekin asi zan ikasten etxean, eta ordu edo garai barean sartu zan eskola-mutil Donosti Zaarreko Ikastola ezkutu batean, Zipitria andereñoak zeukanean. Eta oroimen onekoa zanez, laister jabetu zitzaigun euskereaz. Eta emen daukagu Ayalde, bizitzako amets eder bat aserik, euskaldun oso, ederki mintzatzeko eta idazteko gai delarik. Entzun, irakurri ta idatzi, or euskalduntzeko bide egokia.

 

        EUSKAL IDAZLE.— Irarkola-lanez bizi zan Valverde —Gráficas Valverde berea zuen—. Baiña ba-zituen txolarte batzuk irakurri ta idazteko. Zer irakurri ote zuen? «Lizardi zuan bere irakurgai aukeratuetan bat —diosku M. Lekuona'k—, irakurgai kutun. Lizardi lenengo; eta Orixe urren; edo-ta biok berdin». Lizardi'ren «Biotz-begietan» ain panpoxki dotoretu zigun, bigarren argitalpena egiterakoan. Orixe'ren «Euskaldunak» poemaren bigarren argitaldirako ere, berak osatu zituen kantu guztien edergarriak. Liburuok irakurri ta gaiak pintatuz idazle oso bikaiña egin zitzaigun.

        Erderaz eta euskeraz idatzi zuen. Erderaz, Donostia'ko «El Diario Vasco»-n eta «La Voz de España»-n. Eta euskeraz, «El Bidasoa», «Egan», «Olerti», «Jakin», «Zeruko Argia»-n. Itz lauz eta bertsoz saiatu zan. Olerkari bezela, guztiz fiña dugu: «Olerti»-n, «Egan»-en eta «Ibar Ixillean» ba-dauzkazu olakoak. Ona bere bi luburuk.

        1) Con fondo de chistu (Donostia, 1965). Auñamendi Bilduma, 46'gn. zenbakia. 166 orr. Aurretik, 1952'tik asita, Irun'eko «El Bidasoa»-n eta Donosti'ko egunerokoetan azaldu zituen lanakin osaturiko sorta, egilleak berak jarritako ainbat apaingarriz ornituta. Atsegiñez irakurten dan lan jakingarria.

        2) Ibar Ixillean (Donostia, 1970). 236 orrialde. M. Lekuona'ren itzaurrea. Or-emen —«El Bidasoa»-n, «Zeruko Argia»-n, «Egan»en, «Aranzazu»-n, «Oarso»-n— 1955'tik aurrera argitaratu zituen lanak. Erderazkoak baiño ere jakingarriago ta irakurteko goxoagoak diranak, alegia.

        Bi liburuok daude, esan dugu, berak margozturiko apaingariekin jantzirik. Eder zitzaion apainketa au, oiek ez-ezik, J. Basurko'ren «Iñazio Deuna», Kirikiño'ren «Abarrak» (Donosti, 1956), Manzisidor'en «Gure Patroi Aundia» eta K. Sagartzazu'ren «Intza begietan» ere berak bait zituen apaindu.

        Pio Baroxa'ren Mari Beltxa ipuia, Vidas sombrías'en datorrena, berak euskeratu zuen (Egan, 1956, 5-6, 183 orr.).

 

        (Ikus, J. San Martin, Escritores euskéricos, 166 orr.; M. Lekuona, Egan, 1973, 1-6, 12 orr.; J. Bilbao, Bibliografia, VIII, 138 orr.; S. Onaindia, Euskal Elertia, 192 orr.).

 

Bilaketa