literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura VI»
Santi Onaindia

Etor, 1990

 

48.— Iñazio Eizmendi Manterola, «Basarri»

(1913-....)

 

        Basarri'k eztu goralpenik bear. Euskal idazle, bertsolari ta izlari trebe dugu, ezertxo ere kendu gabe. Aurrera orduko, naiz-ta berriz esan, aipatu dezagun «Gure Bertsolariak» liburuan idatzi nuena: «Basarri dugu gure bertsolari. Nire aburuz, bertsolari bi izan ditugu Euskalerrian, besteak baiño gorago ibilli diranak: Enbeita zaarra ta Basarri. Biok batera ibilliak sarri, plazarik plaza, gurean eta erbestean. Ogeigarren gizaldi ontako lenengo zatian berrogetaz urtetan saiatu zan Enbeita bertsolaritza, sagardotegietatik aterarik, gaur dauan goi-maillara jasoten. Landara barriak (Basarri), aren indar zarrez kemendurik, gero ta gorago jaso dan "gaur eguneko edozein gai erabiltzeko diña izatera"» (237 orr.).

        Errezil'en jaio zan Iñazio Eizmendi 1913-11-27'an, Granada baserrian, beti polpolka doan erreka ertzean. Izadiak eta zugatzak, mendiak eta lats zaratatsuak laguntzen die, ezpairik gabe, berez dakargun barne-kezka ta ixuri bereziari. Zazpi urteko Zarautz'era aldatu ta ementxe darama bizi guztia, baserritar-arrantzale. Irakurzale porrokatu, oroimen oneko, irakurria gomutan errez artzekoa.

        Bertsolaria zan Kepa Enbeita'ren aita, baita Basarri'ren aitona ta aita ere, bertso-zale amorratuak, aspertu gabe bertso-kantari zebiltzanak. Onek piztu zuen sekulako bertso-garra semeagan, oraindik eskola mutiko zala piztu ere. Ari entzun eta au irakurri bertso-miña azi egin zitzaion. Amazazpi urte zitula agertu zan plazara lendabizikoz, nun eta Zestua'n: Errauskin errotaria ipiñi zioten saiolagun. Lotsati xamar aurrena, ausarta gero, Euskalerri osoari lenengo agurra egin ziona, 1935'an, Donosti'n ospatu zan I'go Bertsolari-Egunean izan zan. Onela kanta zigun Kursaal'go aretoan:

 

                Uso zuri bat inguratu zait

                goizean egun argitzez,

                alaitasuna aritxek sortu dit

                jaun maiteak, bere itzez:

                eta ni orain zuen aurrean

                nazute pozaren pozez.

                Lendabiziko, entzule onak,

                Agur danori biotzez.

 

        Amaikatxo olako agur egingo zuen gerora euskal erri osoan zear. Irratiz ez gutxi.

        Bertsolari garaia dugu, dakigunez, eskolatua, zorrotza, edozein gaitan moldatzen dana. Gizasemez leial ta zintzo; famili eder baten aita, bi seme ta bi alaba dauzka.

        1936'tik 1962'ra berak jantzi zigun bertsolari-txapela, eta aurrerantzean ere berea izango zuen noski, iterazko jokoa erabilli izan ba'litza.

 

        KANTARI TA IDAZLE.— Zein euskeraz eta zein erderaz, euskal bertsotan kantari bezela, idazle ugari dugu Basarri. Gudate aurretik Donostia'ko «Argia» eta «El Día»-n eta Bilbo'ko «Euzkadi»-n ager tu ziran bere lanak; gerra aldean Angelu'ko «Euzko-Enda»-n, Guatemala'ko «Euzko-Gogoa»-n eta Paris'eko «Euzko-Deya»-n; eta «Gernika»-n, «Zeruko Argia»-n eta «Olerti»-n. Baita Donostia'ko irratiko euskal saioa berea izan zan luzaro, eta «La Voz de España»ko kirol-lanak, ia eguneko, urteetan, eta gaur «El Diario Vasco»-koak oindio... Langille porrokatua, errikoi, goxo ta oparo idatzi du beti, zintzotasun eta prestutasun berezia bere idatzi eta ar-emanetan noiznai erakutsirik.

        Ainbat artikulu, bertso eta iritzi-emateren artean, bereak ditu liburu auek ere:

        1) Atano III. Bere edestia bertsotan (Zarautz, 1949). Itxaropena irarkolan. 52 orrialde.

        2) Basarri'ren Bertso Sorta (Zarautz, 1950). Itxaropena irarkolan. 110 orrialde. Andima Ibinagabeitia'k onela: Basarri bertsolari eskolatua zaigu; ala ere ezin ukatu dezaiokegu bertsolari eskolagabeen ziri, askatasun eta gatzik. Bertsolari eskolatuak izan genitun Bizkaia'n, Enbeita eta Arrese Beitia, biak bikaiñak, osoak, eskolagabekoak baiño izkuntza apaiñagokoak. Gipuzkoa'k ere bereak izan ditu, Iparragirre, Otaño Pedro Mari... Basarri ta Otaño, lerro-lerro dabiltz bertsolaritzan. Biek eskolatu, biek benetako bertsolari. Eta Basarri'k maite du Otaño eta aren bertsoetan ikasia duzute. (Euzko-Gogoa, 1951, 7-8 znb., 29 orr.).

        3) Kantari nator (Zarautz, 1960). Itxaropena irarkolan. 191 orr. Aita Karmel Iturria'k itzaurrean: «Ortxe dezute Basarri bertsolaria, aundia ta sendoa, luzez eta zabalez, bere abots eder eta zoliez mikrofonu baten aurrean bertsoak kantatzen... Ogeigarren gizaldiak aurrerapenik ekarri dio munduari. Edozertan aurrerapenak. Jakintzatan eta teknika-gauzetan, gogozko eta besozko gauzetan, danetan. Bertsolaritzan ere bai. Bertso-mamiari, bertso-gaiari begiratu ezkero, berak jaso du bertsolaritza gaur duan mailla ederrera... berak altxa du gaur eguneko edozein gai erabiltzeko diña izatera... berak eraman du bertsolaritza periodiku ta radioetara. Ez al zaigu aspalditik egunerokoetan eta euskal aldizkarietan eta batez ere azken-aldi ontan radioan bertsoak kantatzen ari?»

        4) Laugarren txinpartak (Tolosa, 1966). «Auspoa» liburutegiak, 134 orr. Argitaratzen duen 4'gan idaztia dalako, Basarri'k berak ugutzatu du izen orrekin. Aita Zabala'k itzaurrean, iñork aipatu ez duen zeaztasun bat ematen digu. «Basarri —dio—, guziok dakigun bezela, plazako bertsolari ez-ezik, paperetako bertsolari degu, kantuz bat-batetan bertso botatzen bezela, paperetan jartzen ere dakiana». Idazti ontan datozen bertso guztiak bi edo iru izan ezik, «emengo bertso guziak paperetatik jasoak dira. Bertso-paperak, errebistak, periodikuak eta nik dakit zenbat paper-mota, guziak apaindu izan dira, asko edo gutxi, Basarriren bertsoz. Oietan arkitu ditugunetik osatua da gaurko sorta au».

        Emen daukagu, ba, gure bertsolaria, liburuz eta bertso-paperez aberats. Leku berezia du aspaldi danik irabazia izkera erritar eta landuaren artean ankalatraba. Ederki A. Iturria'k: «Berak erakutsi du garbiro etorriak eta eskolak eztutela, zenbaitek uste duen bezala, elkarren etsai izan bearrik».

 

        (Ikus S. Onaindia, MEOE, 1077 orr.; idem Gure Bertsolariak, 234 orr.; J. San Martin, Escritores euskéricos, 75 orr.; L. Mitxelena, Egan, 1960, 1-2, 112 orr.; A. Ibinagabeitia, Euzko-Gogoa, 1951, 7-8, 29 orr.; J. Bilbao, Bibliografia, 111, 98 orr.; Auñamendi, Literatura, IV, 234 orr.).

 

Bilaketa