39. Ziarsolo'tar Manu, «Abeletxe»
(1902...)
Bilbotarra dugu gizaseme langille, umoretsu ta antzerkiari emandako au. Euskaldunok beti izan gara langille, zein geure lurraldean, zein atzerrian; ez dugu zalantzik, geure onoimenetatik bat orixe da, lan-zaletasuna. Itxas-ertzeko aizeari kresal-sunda darion legez, umore onaren piperra ere berezko dugu. Ta irugarrenez, izkirimiri, ipuin eta esaera bizi-bizien gatza berriz egundo ere etzaio palta euskaldun erneari. Iru doai oiekin jantzia duzu «Abeletxe», ezizen onez baita ezaguna gure literaturan.
EUSKAL IDAZLE. Umetatik zekien euskeraz. Zekien ori, baiña, obeki landu ta ikasten saiatu zan; soro bat, izan ere, sasiz estal ez dedin, landu egin bear da. Orrela Manu, berezkoari lagundurik, euskaltzale ta idazlari errime gertatu zitzaigun oindio gazte zalarik. «Euzkadi»-ko euskal atalean asi zitzaigun idazten, Kirikiño aundiak ortara beartuta. Kazetari bezela ortxe agertzen zaigu beste euskal idazle talde politaren artean.
Eta Ibalan'ek onela: «Langille oiei eskerrak lurra gertutzen joan zan euskera utseko egunkari bat sortu al izateko. Eta egunkari ori mirariz edo Bilbo'n 1937 guda artean jaio zan. "Eguna" izenez bost illabetean, Bilbo erori arte argitara atera zan. Bizia eman zioten gizonek gure omen beroa merezi dute» (EuzkoGogoa, 1952, 1-2, 27 orr.). Gero esango dugunez, egunkari orren zuzendaritza Ziarsolo'ren eskutan zegoen.
Noiz egin ote zan euskaltzale? Amaika-amabi urteko mutikoa zala, 1913'garren urtean, «Euzkadi» egunkaria sortu-berri zalarik. Berak onela: «Euskaldun nintzan arren, izkuntz-maitasuna lo egoan nere barrenean, ta "Kirikiño"-k, bere eguneroko euskal-yardun alayaren bitartez itxar-azi eustan. Bai pozik irakurten nebazala aren erri-esakerak! Arrezkero, egunero, maitaleak maitea itxaro oi daun lez itxaroten neban aren "Euzkal-Atala". Ta ezagutu bage, maitatzen asi nintzan. Amazortzi urte nebazanean, ezagutu-nai-ta, bere landolara yoan nintzan, apurtxo bat lotsati, bere irakurle nintzanezko "titulu" utsakin. Ark egin eustan arrerea! Besarkada ta guztiko arrera maitea. Ta ala be, len baño lotsatuago lotu nintzan. "Kirikiño" ez bai zan beste edozein gizonen tankerakua. Apostolu baten antza eban eta zan. Aretxa lez sendo ta lerden. Bizar politez oso serioa. Betaurreko biribillen ordez, ilgoran illargi erdiak izaten daben irudikoak eroazan. Gure korbatearen lekuan, lazo bat txori eginda. Soñez, yakituriz, izakeraz, bere bizikoa zan. Lotsatuko ez zan ba amazortzi urteko mutiko ez-yakiña alako apostolu baten aurrean!».
Baiña barne-igarle azkarra zan Kirikiño, ta edu orretan aolku billa joan oi zitzaizkionai kezkak eta dudamudak uxatu ta gozo-arintzeko ba zuen bere biziko doairik ere. Manu'k darrai: «Laster uxatu eustazan kezkak eta lotsak, bere yardun atsegingarriarekin. Irakurtzen ikasi baneban, idazten be ikasi bear nebala esan eustan, errezago zala-ta. Adorez bete nindun eta zirriborro batzuk egiten asteko esan, berak orraztuko eustazala-ta. Bakotxak berak al dauan neurrian alegindu ezkero, Euskera berpiztuko genula. Olantxe asi nintzan ta berari eskerrak nozu gaur nazan idazle apurtxoa. Badakit, nirekin egin ebana beste eundazekin be egin ebala, beste ainbeste idazle sortuaz. Iñoiz ausnartu dot, bera izan ezpazan, bear bada, gure izkuntzari buruz ardurabako bat izango nintzala» (Gazi-gazak, 1976, 145 orr.).
Mañaritar jakintsuaren bultzadari esker, bada, ainbat euskal lan oretua dugu. Eguneroko ta aldizkari auetan, beintzat, bere lanak irakurri ditzakegu: «Euzkadi», «Ekin», «Euzko», «Erri», «Jagi-Jagi», «Gudari», «Bizkaitarra», «Tierra Vasca», «Euzko-Deya», «Anaitasuna», «Euzko-Gogoa», «Karmel», «Olerti», «Zeruko Argia» ta abar.
Maizuak ez du alperrik aizea astindu bear. Baiña, zer, entzuleak, ikasleak jaramonik ezpa-dagiote? Onek ez du esan nai denak berdin diranik: Ziarsolo'k arretaz jaso zituen Kirikiño'ren esan eta irakatsiak, eta aren jarraitzaille zintzoenetariko bat egin zitzaigun Bizkaia'n. M. Zarate'k onela: «Kirikiñoren jarraitzaillea da Abeletxe eta erri-erriaren filosofia umoretsuagaz egosten ditu bere idazlanak» (Bizkai'ko euskal-idazleak, 243 orr.).
Ona zelako, piper-miñez abailduta dauden Abeletxe'ren ipuiñak. Irakur au, millaren artean bat:
«Pello-Koxe, Koxe-Pellipegana yoan zan kontseju billa. Onek:
»Zer yazoten yak, ba?
»Ezkontzeko aukera bi yuadaz. Bata, alargun aberatsetarikoa dok, baña etxoat maite. Bestea barriz, oso txiroa, baña maite-maite yoat. Zeñegaz ezkondu?
»Iiño! Alakoetan biotzaren deiari erantzun bear izaten yakok, mutil! Ezkondu adi txiroagaz!
»Eskerrikasko. Orixe egingo yoat. Deituko dauat garaiz eztegura.
»Aizak; alde baño lenago esaistak: Nun bizi dok alargun ori?»
Goi-argiak ikutua, kopla-arloan ere bide-egiña dugu, «Karmen'go Amaren Egutegian», «Olerti»-n eta «Karmel»-en baditu olerki jasoak.
Itz lauz ta neurtuz ornidutako liburu gozamin bat oraintsu argitara du: Gazi-gazak (Donosti, 1976), Edili'k bere «Txindoki-sorta»-n. Gazteiz'ko ESET irarkolan. 146 orrialde.
ANTZERKI-IDAZLE. Erriari, Grezi'tik asita, beti izan zaio eder antzerki-lana. Euskaldunari are geiago. Antzerkiak bere mamia bear du, ta jantzia, biak atsegingarri. Gai xee ta ariñak, bizikiro erabilliak izan ezkero, beti zaizkigu eder; aomen aundiko giz-egintzak ere, gaztediari baitik bat atsegin zaizkio ta ernai egon oi da aien goraberak ikusi ta entzuten. Abeletxe'ri, bere garailan, eder izan zitzaion teatru-gai erreza. Asko idatzi zuen, ia antzerki geienak ekitaldi batekoak. Gerra aurretik Euzko Gaztedia bezela, gerra ondoren ere bazan Bi1bao'n antzez-talde bat, «Txinpartak», dantza ta teatru, jendea begi-belarri osoz adi eukitzen zekiana. Gazte-talde orrentzako eratu zizkigun bere lanak Abeletxe'k.
Bereak ditu teatru-lan auek: «Jai arratsalde baten», «Artzañaren ametsa», «Goiz-otoia», «Afal ordua», «Bermio'ko portuan», «Atsoa gaztetu bear dogu», «Gabon gabonetan», «Jai aurrekoa», «Sorgiñak Etxaburu'n», «Eztegut'erdi», «Katalin errotako», «Agur Donibane», «Saku jantzia», «Bertsolari sariketa», «Eguberri aizeak», «Paris'era gogo txarrez», «Gogozar Berdizkunde goizean», eta abar.
Oietatik nabarmenenak irurok izan dira: «Eguberri aizeak», «Bertsolari sariketa» ta «Gogozar Berbizkunde goizean». Lenengoak, 1956'an, Donosti'ko «J. Urkixo» mintegiak eratutako antzerki batzaldian, len-saria irabazi zuen, eta beste biak, 1959'an, deduzko aipamena merezi izan zuten. Lenengoa «Egan»-en dator (1956, 5-6, 191 orr.); besteak esku-idatzizkoak dira oindio. Noiz-edo-noiz osotuko al dute oiek liburu mardul bat: eusko teatru idatzia ugari xamarra dugun arren, lan oiek antzeztu naita dabiltzan gazte taldeak ez dute izan oi aukera aundirik, tamalez. Origatik, iñoiz argitaldu gabeko lanok, eta agortuak, alik ariñen irarri bearrean gaude.
IDAZLE ONA. Aldarte umoretsua dutenak, idaztean, ez dira sarri txukuntasun billa ibilten; datorren legez, iturritiko ura iduri, aldatu paperera, alik eta lau, errez, ariñen ta kitu. Idazle izen aundikoak ere ortara iritxi bear omen du, ta ortara irixten ei da izen aundia artu al izateko.
«Kirikiño» etzan, bere ipuiñak biribiltzean, lora billa ibilli; ezta aren ikasle ta jarraitzalle «Abeletxe» ere. Baiña biak, Mañari'tarra ta Bilbo'tarra, jendeak eder ditu ta oso irakurriak dituzu. Irakurria izan, ez ote da au idazle baten ametsik gaillenena?
Txasta ezazu, otoi, Abeletxe'ren zatitxo au nolako euskerea duen jakin dezazun. «Gure Erria dio txikia dan arren, munduko edozein aldetan aurkitu oi dala euskelduna, sarri entzun dot, eta zuek be aituko zenduen. Ezagutza ta agur maitagarriak maiz, eta izkirimiri barregarriak eurrez sortu oi dira, alakoetan. Azken oneitako bat edo beste kontauko dautzubetaz gaur, txolarte au ortarako dogun ezkero.
«Bermiotar itxasgixon batek (pillotua berau) Egipto'ko Cairo'ra lenengo osterea egin ebanean, emaztea eruan ei eban lagun bere ontzian. Uria ezagutu bear ba-ta, ango kaleak zear yoyazalarik, pralle bizarduna ikusi eben aurrez-aurre; baña ez edozelako bizarrakin! Zabal da luze, gerririk-bera sabel-gañeraño elduten ei yakozan. Senar-emazteon ondotik igarotzean, bermiotar emakumeak bere esakera bereziaz esan ei eban arritutik:
»Abe, Marie! Jokatu neki, bizarrok eztirala beriak!
»Prallea bapatean lotu, ta bere esku-gañetan bandeja baten lez bizirrak arturik, irriparrez eskiñi ei eutsozan esanaz:
»Nai al dozuz ikusi, neureak badira ala ez?
»Andreak, apurtxo bat lotsati, tirakadatxo bat egin ei eutson, orrela igarririk, eleiz-gizonaren okozpeko lur-marduletan txairo erne ta azitakoak zirala bizarrok. Esan bearrik ez, prallea euskalduna zala ta barriketa gozua izan ebela. Eta ondoren, bermiotar pillotuaren ontzian alkarrekin bazkaldu eben irurak, Izaro'ko bis-aparretan baillegozan lez» (Gazi-gazak, 71 orr.).
(Ikus Egan, 1956, 5-6, 819 orr.; L. Villasante, HLV, 122 orr.; A.M. Labaien, Teatro Euskaro, II, 181 orr.; San Martin, Escritores euskéricos, 62 orr.; M. Zarate, Bizkai'ko euskal-idazleak, 243 orr.; Karmen'go Amaren Egutegia, 1962, 53 orr.; Auñamendi, Literatura, IV, 75 orr.).