2. Joanes Etxeberri
(1668-1749)
Bi euskal idazle bikain, eta izenkide; leendik aipatu duguna Ziburukoa ta au Sarakoa. Baita abizenkide ere, biok Etxeberri. Ura apaiza, au sendalari. Aundi ta zaindun biok. Sarakoagatik Orixe'k: «Lapurdi'ko literaturan ezin-utzia da Etxeberri». Eta Ibon Sarasola'k: «Lapurtar klasikozko hoberenetatik bat». Axular Sara'n ari izan zan arimazai, Etxeberri an sortua dugu. Sara'ko euskera zekien, beraz; «Eskual-herri guzian ospe handitakoa» esango digu.
Axular'ek, eliz-gizon zanetik, eliz-gaiak erabili ta aizaratu zitun bere lanetan. Etxeberri'k Axular irakurri zuen etengabe, ta idazle biak ba-dute alkarren kutsua. Orixe'k: «Axular irakurri ta Etxeberri irakurri, ezin uka diteke antza badutela». Alere, esan dugu, bata, eliz gauzetan murgildua zebillela, bestea, ots, Etxeberri jakin-gaietan dabilkigu pentsalari, onen eta aren esanak eta asmoak ederki jaso ta urkuldurik. Eta euskeraz esanik. Ortarako Axular zuen buruzagi, ondo-ondotik jarraitu ziona. «Axular diosku berak, Sara'ko erretora, eskuarazko autoretarik hautuena eta famatuena». Pozik aitortzen digu, gaiñera, bera Axular'ek erabilli zuen pont-arrian bataiatua zala. Biak Irakasle (Doctor): Axular Teolojian eta Etxeberri Osakintzan. Lau izkuntza ere ba-zekizkin naikoa ondo: euskeraz, latiñez, prantsesez eta gazteleraz.
BIZI-ZEAZTASUNAK. Sara'n jaio zan 1668'an. Bere errian eta Paube'ko jesuiten ikastetxean biribildu zituen bere len-ikaste urteak, osagille karrera ere bertan egiñik. Ikastaroak amaitutakoan, bere jaioterrian jarri zan sendalari. Ementxe ezkondu zan Katalina Itsasgarate'rekin, onegandik seme-alaba batzuk izanik; euron artean Agustin, aitari osalaritzan jarraitu ta Motriku'n sendagille egon zana. Ementxe idatzi zuen bere lenengo euskal lana ere: Lau-urdiri gomendiozko karta. Barnean zeukan espa bat erauzteko, ezpairik gabe.
Erritxo ura begiko ta eder zaiolarik ere, pozik etzegoen bertan. Sarri etorri oi zan mugaz onuntz, Bera'ra, ta onaxe aldatu zitzaizun 1716'garren urtean. 1723'rarte Bera'n egin zuen miriku-lana, gero Ondarribi'n, 1723'tik 1725'rarte, ta azkenez, Azkoiti'n 1725'tik 1749'rarte. Bere egitekoa artez betetzen alegiñak egin arren, Azkoiti'n bizi zala baitik bat, sortzen zitzaizkion buruko min eta zer esanak. Askotan joan bear izaten zuen urrutietako baserrietara, baiña auetakoak kexaz ziran sarri bear bezelako arretaz begiratuak etziralako. Mirikuak, ordea, zuriketa ta atxaki auxe jartzen zien: irabazia urria zuen; ez zeukan zerekin zaldi bat erosi, ta onako barik neketsua zitzaion urrutiko baserrietara irixten. Itxura danez, artista ta jakintsu askoren pareko, zer guztietara sasoiz eldu ezinda zebilkigun.
Azkoiti'n bertan il zan, 1749'garrenean.
EUSKAL LANAK. Lau liburu utzi zizkigun Joanes Etxeberri'k, eta bat izan ezik, beste irurak, argitara ezarri gabe egonak ditugu luzaroan. J. Urkixo'ren esku zabalari esker, irakur ditzakegu gaur J. Etxeberri'ren euskerazko lanak; 1907'an 158 urte geroago, beraz argitaratu zitun, titulu onekin: «Obras Vascongadas del Doctor Labortano Joannes d'Etcheberri» (Paris, 1907). Sarreran saratar urduriaren bizi-zertzelada naikoa damakigu, baita ark idatzitako lanena ere: nolako ortografi ta idazkera darabillen, bere erritar Harizmendi ta Aranburu'rekin eta batez ere bere erretore onarekin noraiñoko zer-ikusia duen, eta gaiñekoak.
1) Lau-urdiri gomendiozko carta edo guthuna (Baiona, 1718). Mateo Roquemaurel inprimatzaillea eta liburu-saltzaillea baitan. 40 orrialde. Larramendi'k bere Diccionario trilingüe dalakoan, XXXVI garren orrialdean, aipatzen du. Ta Lapurdi euskal eskualdeari gagozkiola, Etxeberri'k Lau-Urdi idazten digu beti. Zergatik? Ez omen da, Oihenart'ek uste zuenez, Lapur-di, «lapur-toki», edo Laburdi, Lau-Ur, «ur askoren lekua» baizik: lau ibaik barruan artzen baitute eskualde ura, Bidasoa, Nive, Nivelle ta Bidouze bertatik itzuli-mitzuli igaroaz.
Zer dugu liburuxka au? Uztaritze'ko Biltzarrari bialdutako gutuna. Ango Biltzarrak jaurtzen zuen garai artan Lapurdi ta onek onartuko zuela, uste zuen, berak egiten zion eskabidea. Zein eskabide? Betikoa, noski: bere lanak argitaratzeko laguntza. Bere seme Agustin igorri zuen gutunakin Uztaritze'ra, Biltzarrari bera erakutsi ta, arren bai arren, Biltzar aregandik bear zuen diruzko laguntasuna iritxi zezan. Euskera egoera larrian dagoela dio bere kartan, gauza asko ditula idatzita euskerari laguntzeko; baiña etzuen dirurik, sosik, lan oiek argitara emateko.
Biltzarrak etzion jaramonik egin, edo obeto, ezetz biribila eman zioten orduko Biltzar ura osatzen zutenak. Eta Etxeberri mirikuak, euskal langille porrokatuak illobiraiño eraman zuen nunbait arbuiatze aren arantze zaurtua. Orixegatik ez ote zuen gero Sara erritxoa utzi ta Bera'rako bidea artu? Lo zegoen ondikotz euskal erria ta lo zeuden baita agintedunak. Garbiki dio Etxeberri'k: edozein gai dala, erria bere izkuntzaz eskolatu bear da, Euskalerria euskeraz; orixe dagokio berezko izanez. Ta auxe da ta ez besterik ark bere gutunaren bidez lortu nai duena. Euskal kultura guztia erriari euskeraz eman. Ai, nolako aurrerakuntza, erria ta agintariak garaiz esna balira!
2) Escuararen Hatsapenac. 1712'rantza idatzia. Euskeraren aldeko lana, ederki egiña. Geroago ere askotxo ari izan zitzaizu ortan. Apoloji lan oni ezin ukatu bere berritasuna. Zertan? Euskeraz dago, ez antzekoak bezela prantsesez edo gazteleraz. Badu, beraz, bere aunditasuna ere. Gaizki-esaleak nainon zebiltzan egun aietan, gure izkuntza zala-ta. Ez Mariana bakarrik. Eta Etxeberri'k garbi asko aitzen ematen du euskera «gai dela kulturarako ez-ezen jakingaietan ere irakurtzeko». Etxeberri'k Larramendi'k baiño urte batzuk aurrerago, andoaindarrak erderaz eman zituen gairik geienak euskeraz eman zizkigun.
Zabal diardu euskeraren jatortasunaz jabetu ta barruan itsatsirik daraman aunditasun bete-betea adierazten. Kondaira zear burruka latzak ikusita ere, eskualde estu ta itxi onetan noski, beste anitz izkuntza betiko suntsitu diran arren, euskereak zindo dirau. Ainbat zeaztasun, bai, gure izkera zaharra ta ederra dala argitzeko: «euskeraren zuhurtziaren frogak, eskuara garbia dela, noblea dela, zenbat gisetakoa den eta nondik elduden, eskualdunen mintzaira diferentea dela, ta eskuara guztietan bat dela». Konturatu zan, egia esan, izkelgien koxkarekin ere: euskera zatituta bezela daukagu, ta idaztean beintzat, izkelgi, dialekto bat bear luke, inguruetako erresumetan izkuntzak iritxi duten loratze naroa euskerak ere iritxi dezan. Azkenik, gazteriari dei ta deadar dagio, nagikeria utzi ta euskal kulturaz jabetzen ordu geiago eralgi ditzaten; «zareten Jainkotiar eta estudiora emanak», dio berak.
3) Eskual-herriari eta eskualdun guztiei eta eskuarazko hatsapenak latin ikasteko.Aurreko biak euskeraren alde dira; irugarren au latiña irakasteko gramatika. Irakas-lana, elebiko gramatika; euskeraz dago latin erakusteko. Auxe dugu egillearen xedea: latin ikasteko, ezta beste edozein gai ikasteko ere, ez dago zertan geure lurretik alde egin: berton ikasi genezake nai dugun guztia. Jakite ugariaren jabe agertzen zaigu Etxeberri; latiñezko aditz-erak, esate baterako, euskerazko ordeakin ornitzen ditu, bere aurretiko idazle Axular, Ziburu'ko Etxeberri, Oihenart eta Pouvreau'ren ulerbide ta idatzi-zatiakin bere esana indarturik.
Etxeberri'ren liburu oni buruz edo zebillen Kardaberatz, aurrai euskeraz idatzi bear zaiela esanik, idatzi zuenean: «Ikusten deguna da: gazteak latin gramatika ikasten dutenean, naiz gaztelaniaz, naiz frantzesez, naiz euskeraz itzegiten dute, ta ori eragozten ez diete. Gramatikako maisu famatu bat gure egunean izan zan, latin gauzak ere euskeraz erakusten zituena; ta frantzes euskaldunai gramatikako erreglak euskeraz adirazi ta erakusten diezkate. Ala, ez eskolan ta ez gramatikan, euskera beñere utzi bear ezta». Nor ote zan maisu au? Etxeberri, bear bada? Osagille egon zan errietan gramatika erakusten ote zuen? (Ikus Auspoa, 37, «Euskeraren Barri Onak», 74 orr.).
4) Diccionario cuatrilingüe. Lau izkuntzatan dago: euskeraz, gazteleraz, prantsesez eta latiñez. Etxeberri'ren esku-idatziak Zarautz'eko prantziskoitarren komentuan idoro zitun J. Urkixo'k, baiña iru aurrenenak bakarrik, au da, Lau-urdiri ta latin irakasteko beste biak. Laugarren au etzan agertu. Larramendi'k alere bere Iztegiaren sarreran aipatzen zuen: Azkoiti'n bidez zegoelarik, bi eguneroko utzi ziola ta lapurdierazko anitz solas ta berba jaso zitula bertatik. Andoaindarrak, ba, eskuetan euki zuen Etxeberri'ren iztegia, ta ederra iruditu zitzaion gaiñera. Bada garai artako iztegi bat, lau izkuntzatan ain zuzen, beiñola Sharbi'ren eskuetan eta gaurko egunean J. Urkixo jaunaren liburutegian datzana. Dodgson'ek uste zuen auxe gendula Etxeberri'k egiña. Baiña Urkixo'k zalantzan jartzen du (Ikus RIEV, 1934, 605 orr.).
ADIBIDEZ ZERBAIT. Gidari bezela Axular artu zuen Etxeberri'k, eta bere maisu aundia aupatu nairik, au biribildu zigun: «Egun, beraz, arrazoin gehiagorekin katolikoen artean Axularri zor zaio, hil ondoan bederen, eman dezagun merezimenduen aitorra eta ohorea. Si post fata venit gloria, non propero, dio Marzialek; baldin hil ondokotzat bada laudorioen loria, enaiz lehiatzen. Erran nahi du hil ondoan bederen izanen zela laudatua eta onetsia, eta ordu artearainokoan etzuela berantesten bere laudorioa; zeren ordinariozki gizona hil ondoan laudatzen baita. Bitartean Axularrek duelarik hirur hogoi eta hamabi urte Jainkoak deitu zuela mundu huntarik, ezin erran diteke gure predikarien artean merezitu duela, Marzialek hil ondokotzat bere buruari prometatzen zioena; aitzitik lehen erran diteke ohore gehiago egiten diotela gentil batzuei, hala nola Platoni, Vigiliori eta Ovidiori, zeinen izenak maiz eta naharo entzuten baitugu aipatzen tuztela, eta non? baizik batzuetan hark bere denboran manaiatu eta gobernatu zuen teatro sainduan, haren beraren hezurren aitzinean.
»Ordea darrai, hau hunela ikustea ezta ukigarri eta erdiragarri?; ezen nor izanen da ez xoilki Sarako elizan, baina oraino Eskual-Herrian ausardiza hunen ikusteaz, eta entzuteaz beraz, Ovidiorekin batean bihotza erdiraturik erranen eztuenik?
»Tunc flevi, rupique sinus et pectora planxi;
»Et secui madidas ungue rigente genas.
»Ezin nagoke negar egin gabe, eta ene bihotz zaurtuaren auhenak eta dolamenak erakutsi gabe, ikusirik gentilek gure predikari batzuek baino errespetu gehiagorekin behatzen ziotela ja denbora luzez supuan zuhindurik eta pipiaturik daudezin presuna haren hezurrei:
»Grandia effosis mirabitur ossa sepulchris.
»Baldin altxa badezazu tonba horren azpian dauntzan hezur handiez espantatua geldituko zara, dio Virgiliok: zuk ere bada konsidera zeneza, Axular Eskual-Herriko Esdras handi haren hezurrak tonba horren azpian dauntzala, eta hortik ere mintzo direla, agian hobekiago orhoit zindezke errespeturekin zor zaioen ohorearen emaitera. Eta bertzela egitea da, lehen erran dugun bezala, Basilio Sainduak dioenaren kontra obratzea».
IRITZIAK. Sendalari jakintsu ontaz ari izan diran guztiak goretsi izan dute nola ez? euskal idazle txalogarri onen lana. Ezin kendu lezaioke, ez, duen jatortasuna: bere orriak irakurri-ala lenengo lerrotik olako lillura atseginkorra piztu-azi oi dugu-ta. «Ezta diosku J. Vinson'ek itzulpen bat, ezta egokitze edo eguneratze soil bat ere; Axular'ena bezala, lan jatorra, egilleak euskeraz pentsa, eio ta antolatua; ez dira askorik osotasun au irixten dutenak». Eta A.M. Labaien'ek: «Eskolatu ta liburu zale aundi degu Etxeberri, eta artean iñork egin ez zuena, gazteak Latiña ikasteko Gramatika egin zuan. Lan ontan Larramendi ta Urte'ri aurrea artu zien, eta sarigarriago da oraindik Latin ikasteko bide ori, euskera utsez moldatua bait du» (Eusko Jakintza, 1949, 103 orr.).
P. Lafitte'k Axular'ekin berdintzen du, oso-osoan ezbada ere. «Eskuararen Hatsapenak dio irakurtean, egiazko latin jakitea miresten dugu, lapurtar autore zaharraren ezaguera aundia, erri joskeraren zentzu txit zorrotza. Axular'en goresle ziña, ikasle au doi-doi dago bere maisuaren azpitik. Goxoa dugu aren antzera, oparotsua aren antzera, doiñutsua aren pareko. Axular sakonago dugu, betiko egiak esku artean darabiltean eta bere garaian, oi ez bezelako giza-mukulua da. Etxeberri zeatzago dugu, lerdena; izlari dugu, tankera zale» (Le Basque et la littérature d'expression Basque, 45 orr.).
Eta M. Mitxelena'k: «Etxeberri, argi ta garbi, berenen artean eta bere garaian, oix ez bezelako giza-mukulua da. Etxeberri'k orduko ainbat euskaldunen buruzki, beren izkuntzarekin maite-minduak oso, baiña onek ezer ere landu gaberik bere fruituak ekarriko zitula uste zutenak nunbait... Etxeberri, vox clamantis in deserto, guztizko zentzun aundiko ta zeatz agertzen zaigu aurrean. Eskolatzeagatik ark somatzen zuen kezka ta ardura ere, gugandik urbillagoko aldietakoak zirala dirudi».
Ugari ta jario betekoa da aren itz laua. Gaia ezagun du; naiz-ta soil eta abstraktu samarra izan, bere aurretik iñork landu gabea noski. Euskeraz pentsatzen du ta euskeraz adierazten dizkigu barruan ditun oldozpen, bulko ta pentsamentuak. Izkera, berriz, umetan ikasia darabil ezti ta naro bere iru idaztietan. Urte askotan, tamalez, auts artean egondako lanok merezi dute guk irakurri ta ikastea. Akats eta guzti, idazle zabala dugu, ezin utzia.
(Ikus J. Vinson, Essai Bibl. Basque, 47, ta RIEV, I, 38 orr.; J. Urkixo, RIEV, I, 37 orr.; Th. Lischmann, RIEV, III, 1909, 99 orr.; G. Garriga, Bol. Ame. E.V., 1955, 229 orr.; L. Mitxelena, HLV, 89 orr.; L. Villasante, HLV, 101 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 2o9 orr.).