literaturaren zubitegia

1.068 idazle / 5.149 idazlan
7.837 esteka / 6.360 kritika / 1.828 aipamen / 5.570 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura VI»
Santi Onaindia

Etor, 1990

 

61.— Jose Manuel Estonba Arruabarrena

(1916-1982)

 

        Elizgizon. Mixiolari, Euskal idazle. Olan zekarren On Manuel il zanean «Zer» illerokoak, 59'garren zenbakian. «Adimen argia, naimen sendoa, biotz ona izan dirala esango neuke —idazten du Olazar'ek— bere osotasunaren izaerarik berezienak; eta artuemonetara begitu ezkero, besteak onartzea agertzen dala uste dot lenengo: Edozeiñek aurkitzen eban beragan adiskide on bat. Irudimen aundikoa be ba-zan, Kondairari buruz egiten ebazan berbaaldietan, eta asko egiten ebazan, ez zan jakiten zein zan kondairako eta zein bere irudimenaren jazkia, eta geroari begira ez zan erreza ames utsak eta benetako eginbideak bereiztea. Eta ames aundia eginbide ta egite biurtzen maixua zan».

        Irun'en jaio zan Estonba, 1916-5-29'an. Gasteiz'en osatu zitun bere eliz ikasteak, 1941'an mezako egiñik. Irakaslaritzan ari izan zan ondoren, Bergara'n (1941-1944), Gaztelu-Elexabeitia'n (1944-1953) eta Derio'n (1953-1956). Emen zegoela kanonigu izatea otu zitzaion. Kasimiro Morzillo'ren aldian zan; kanpotar apaiz asko jarten zituan gotzaiak goterkiko ta gotzaitegiko kargurik onenetan, eta Estonba, emen ere ba-zirala elizgizon baliotsuak erakutsi nairik, kanonigutzarako aurkeztu zan, baita nor-geiagoka ederra egin ere Deustu'ko josulagunen ikastetxean. Baiña etzioten ezer eman, bai ostera Madrid'etik etorritako bere aurkalari Abalos jaunari.

        Estonba etzan kikildu, naiz-ta beste bide batetik jo: Mixiolari izango zan. 1956-9-4'an, Donato Arrinda bere ikaskide ta irakaslagunarekin Guayaquil'eko mixiorako bidean jarri zan «Reina del Pacífico» itxas-ontzian. Ekuador'en, Matxala, El Oro'ko uri nagusian, gotzai-ordeko izan zan. Lanok burutu zitun an: katedrala, gotzai-jauregia, apaiz-etxea, ikastola, mojentzako etxea, zortzi edo bederatzi kapillatxo, elizak Matxala inguru guztian... «Guztiak amaitu eta sekulan dirurik ez patrikeran», gaiñeratzen du Donato Arrinda' k.

        Euskalerrira itzulirik, Urkiola'n taldeka legez, egin zigun arima zaintza ta euskal lana. Edonori ta edozer gauzari erantzuna ematen bazekian. Biotz-zabal eta adiskide-zale; baita bakar-zale ere, orduak eman oi zituen Urkiola'ko ikuspegi ederrak begipean zeuzkala, izadiaren sorgintasunez gogoa ase nairik, ziur asko. Ezpiritu bizitza aundikoa, eder zitzaizkion ortarako idazle bi: Teillard de Chardin eta gure Orixe, «Jaunaren Billa» liburua beti eukan esku mende. 1982-8-28'an, abadiñotarren urteroko jai ospetsuz izan nuen nik arekin azkenengoz mintzatzeko eretia; meza ondoren, nun-zer-berri nenbillela, albiste billa joan nintzakion, neure «Egoitzak» liburua esku-erakutsi bezela opatzen niola. Nola eskertu zidan Santa Teresa'ren idatzi bikain-bikaiña! Orixe'renaren ondoan jarri zuen.

        Kirol-zale genduan, ostikoketa ta esku-pelota eder zituana. Eta esku-lanari ere egiazki emana. Bere lankideai ezertxo kandu gabe, Matxala'n naiz Urkiola'n, inguruak jantzi ta dotoretzen alegiñak alegin saiatu zitzaigun.

        Mixio-lurrean eta Urkiola'n urteetan lagun izan zuen Legartza'tar Joseba'k onela: «Manuel baiezkorra zan, geiegi bear bada. Beretzat dana zan ona, dana egoan ondo. Ez ekian ezetz esaten. Gizonengan eta gauzetan beti alderdi ona ikusten eban. Ez zan etorkizun illunaren aztuak lakoa. Larri-uneak ez eutson eragin aundirik egin. Bera bizi zan tokia munduko onena zan beti, naiz Machala naiz Urkiola izan. Urkiola onena eta euskaldunak onenak».

        Amabi urte erre zituen Urkiola'n, alai ta langille. Biotzeko gaitzez estu xamar ibilli oi zan arren, etzuen iñork uste ain gazte joango zanik; baiña Jaunaren asmo, erabagi ta burubideak ez izan gizonenak lakoak, eta egun batez, 1982-9-22'an, berera eraman zigun, bertako apaiz-lagun eta erritarrak atsekabez eta otoizka utzirik.

 

        EUSKAL IDAZLE.— Gasteiz'en «Kardaberaz» aldizkarian asi zan idazten. Gero, irakasle zala, zenbaiti erakutsi zien euskeraz! Anes Arrinda'k onela: «Zenbat apaizgairi sortu ote zitzaien euskal-sena Manuel'en eskutik? Badakit Ander Manterola eta Mikel Zarate, beste batzuen artean, bere eskuetatik pasatu izan zirala apaiztegian... Bere biotz zabaletik euskal usiña zerion eta berarekin ibilli ezkero, kutsutu egin bear nai-ta-nai-ez». Orrez gaiñera, esan dugu, Urkiola'n zegoela bereziki, asko idatzi zuen. Beronen lanik geienak kondaira ta ipui dira. Ona batzuk:

        1) Etxepare. Diseño de un joven audaz (Donostia, 1943, 140 orr.). Irun'go adiskide ta gazteentzat. Bergara'n irakasle zala idatzia.

        2) Izartxo (Zarautz, 1959, Kuliska Sorta, 33-34'gn. zenbakia, 177 orr.). Eleberri oni buruz «Zer» illerokoan daukazue lan eder bat, Bermeo'ko Josu Penades Bilbao'k osatua. Sasoia, bigarren gizaldia; tokia, Olearso, Kalagurri ta Aralar; norkiak, Izartxo, Erko, Basurdi ta Kisti; gaia, triku-siñiskerak, sorgin-kontuak, Izartxo ta Erko maitez minduak, Basurdi aurkalari. Erromantiku kutsuzko eleberri au gipuzkeraz dago. Irakurtzeko atsegingarria, euskera jatorrean.

        3) Arrano beltza...

        4) Los Vascos. Euskal Kondaira (Bilbo, 1980, 229 orr.). Donato Arrinda'k erderaz eta Estonba'k euskeraz. Bilboko Aurrezki Kutxaren babespean. Lan ederra, ikastola eta beste erakus-mailletarako, gazteak edestiz kutsutu ta aberastu ditezen. Il aurretxoan eskatu zioten inglesera ere itzultzeko baimena.

        5) Etnia Vasca. «Ez da berak bakarrik egiña —dio Anes Arrinda'k—; baiña, bere azkeneko lanak emen daude. 145 atal dauzka liburuak. Oietatik irurogei Manuel'ek egiñak».

        6) Ego Ameriketako mixioak eta Euskalerria (Donosti, 1972). Kardaberaz Aitari Omenaldia, 135 orrialdean.

        7) Urgoiti'ko Mutillak. Eleberria. Argitaratzeko. «Zolozarreta» eta «Luberri» izen-ordeak erabilli zituen.

 

        (Ikus J. San Martin, Escritores euskéricos, 81 orr.; L. Mitxelena, Egan, 1960, 232 orr.; Auñamendi, Literatura, IV, 292 orr.; J. Bilbao, Bibliografia, 111, 218 orr.; S. Onaindia, Euskal Elertia, 200 orr. eta Zer illerokoan, 1982, 59'gn. zenbakia, 9 orr.; L. Akesolo, Zer, 1982, zemendia, 14 orr.).

 

Bilaketa