1. Martin Duhalde
(1733-1804)
Haristoy'k dioskunez 1745'garren urtean jaioa dugu iparraldeko euskal idazle au; Vinson'ek ordea, 1733'garrena jartzen du ziurragotzat. Uztaritze'ko semea. Tolosa (Prantzia)'ko Ikastetxean osotu zitun apaiz-ikaskizun nagusiak, eleder eta gizagaietan guztiz eskolatua irtenik. Mezakotu ta laister, 1770'ean, Uztaritze'n bertan daukagu erretorgoan, amaika urtetan; ondoren, M. Dagerre jaunak 1733'an eregi zuen Larresoro'ko Apaiztegi ospetsuan jarri zan irakasle. Ta ementxe egin zitzaigun Duhalde izen aundiko, euskal apaizak azten eta erriz-errizko mixio ta bakar-egunak ematen. Izlari bizkorra zan, eta jakintsua, izkuntz klasikuetan batez ere.
1789'an, au da, Prantziko matxiñadak eztanda egitean ere, Larresoro'n aurkitzen zan; baiña etzun ark eskatzen zion zin zatitzaillerik ontzat artu nai izan, ata bere irakasle-lagunak ere, ta mugaz onantza jo bearra izan zuen. Ernani'n eta Oiartzune'n bizitu zan Duhalde urte mordotxoan, bere antzera erbesteturik zegozenai poza ta arnasa ixuriz. Prantzia'n elizak berriz iriki ziranean, Baiona'n Ander deunareneko arima-zai izendatu zuten. Ementxe zegoela il zan 1804'an.
IDAZ-LANAK. Liburu bat utzi zigun, bere itzaldi ta gogorakizunekin osotua: Meditacione handiac. Meditacioneac gei premiatsuen gainean, cembait abisuekiin, othoitcekin eta bicitceco erregela batekin, Arima Jaincotiarren oneraco (Baiona, 1809); 582 orrialde ditu. Ba-zan beste gogarketa liburu bat, gorago aipatua, A. Baratziart'ek antola zuena, txikiagoa noski, ta urarekin ez nastetearren edo, Duhalde'ren oni erriak «Meditazione handiak» deitzen zion.
Meditazione luze ta egokiz osotua da, izan ere. Bi zati ditu liburuak; lenengoan 31 gogarte datoz, aski luzeak; eta 20 gogo-ausnar bigarrenean, luze xamarrak auek ere. Lenengo zatia, J. Urkixo'k egiztatu zigunez, Bourhours (1628-1702) jesulagunak prantsesez idatzi ta ainbat aldiz argitaratua izan zan «Journée du Chrétien» bera da, euskerara itzulita. Berton datorren «Bizitzako erregelak» (45-76 orr.) ere A. Neveu jesulagunak gai herdiñez ondutako lana du oiñarri. Bigarren zatia jatorra du nunbait.
Egillearen izenik ez dakar liburuak, ezta eztio nork argitaratua danik ere. Lendabiziko 44 orrialdeak debozio, otoitz, oar eta olakoekin beterik dago; berton darabillen izkera, berriz, ezta ondorengo bizitz-arau ta gogarteetan datorrena bezain jaiki ta ederra. Egille bat-berarenak ez dira bear bada.
Aita Zabala'ren ustez, «eder-ederra» dugu M. Duhalde'ren euskera. Irakur infernuatzazko zatitxo bat: «Arima dohakabe, guzia atsekabetan eta errabian hondatu hura, jauzten da bere Jainkoa ganat bainan zein biziki ta zer indarrekin? Haren gutizia, pendura eta ahal guziak gaurgero ezin nihon ere phausa ditezke Jainko baithan baizen; guziak dire haize handi, sendo batzu bezala, zeinek Jainkoa ganat baitaramate; ez artilleria phezatik ilkhitzen den balak eztitu aireak han laster, hain biziki erditik egiten, nola arima hura Jainkoa ganat jauzten edo jauzterat entsejatzen baita. Bainan o bihotzmina! o thormenta berri, ikharagarri! Jaunaren beso botheretsuak baratzen du bere jauzian, eta urrun dauka hain sendoki bilhatzen duen Jainko haren ganik; mement bakhotxean bere Jainkoaren galtzarretik suzko leze hetako zolarat aurthikitzen balute bezala da. Oi! zer estatu leher eta erdiragarri dohakabe haren estatua» (158-159 orr.).
Gogarte auetako gai ta dotriña oso erabillia izan zan, erriz erri mixiolari zebiltzan eliz-gizonen artean bereziki. Baita Garat'ek, Azparren'go mixiolari etxean irasi zuen gizaseme jakintsu santuak ere. Pentsamentuz giarra dugu, betea osotoro; errez, txairo darabil lumea, izkera ere ñarñar-izpika.
Baiña euskera aldetik ezeze, euskal ortografi aldetik ere badu Duhalde'k berritasun pixkat. Idaztean, g izkiari beti eman zion balio berdiña, naiz a, o ta u-ren aurretik datorrenean, naiz eta i ondoren doanean; au da: gagoz, egi idazten du. Ezta, v-rik ez du eder: Birgin, botu idazten digu beti. Duhalde'k bazuen, ziur askorik, auzi onetan batasuna egin naia. Eta geroago Andre Dena Mariaren ilhabethea (Baiona, 1838) argitaratu zanean, Duhalde'ren iritzia ta jokabidea ontzat arturik, beste aurreragorako pausu batzuk ere ematen asi ziran sail onetan.
(Ikus J. Vinson, Essai Bibl. Basque, 175 ta 591 orr.; F. Michel, Le Pays Basque, 513 orr.; Haristoy, Les Paroisses du Pays Basque pendant le période révolutionaire, II, 34 orr.; RIEV, 1908, 313-323 orr.; P. Lafitte, Le Basque et la litterature d'expresion basque, 55 orr.; I. Omaetxebarria, Euskera, 177 orr.; L. Mitxelena, HLV, 91 orr.; L. Villasante, HLV, 155 orr.; Auñamendi, Literatura, 276 orr.).