literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura II»
Santi Onaindia

Etor, 1973

 

25.— Juan Bautista Daskonagerre

(...1870...)

 

        Idazle bikain baten aurrean gaude. Ez dugu, alere, bere bizitz-xeetasun aundirik. Ona R. Bazas-Urrutia'k dioskuna: «Ez dakigu haren bizitzako gauza handirik, baina, gizon zahar, gaixo, errumes eta errukarri baten alde, Ganix-en alde alegia, hainbeste neke ta lan hartu zuen gizonak, biotz on eta prestu baten jabea izan behar zuen. Bihotz ontasun horrixe eta ez literatur zaletasun berezi bati hain zuzen, zor diogu guk euskerazko lehengo eleberriaren sortzea» (Atheka-gaitzeko Oihartzunak, 11 orr.).

        Idazle onek moldatutakoa dugu, izan ere, euskal nobela asikiña, 1870'an lenbizikoz argitara emana. Aintziñako gerkarrak eta, ain maite zuzen literatura-era onek etzuen gurean griña geiegirik ernarazi; beste ogei ta zortzi urte igaro ziran hura agertu ta urrengoa, ots, Txomin Agirre'n Auñemendiko Lorea (1898) azaldu zan arte. «Gerokoan ere —dio Bozas Urrutia'k— urri ta nagi, baratxe-baratxe aurreratuz ibilli da euskal nobela. Pentsa, 1870'etik 1936 urteraino, dozenatxo bat eleberri besterik ez zen agertu euskeraz» (Loc. cit., 8 orr.).

        Donibane Lohitzune'n sortua dugu Daskonagerre, famili umil baten altzoan. Lenengo ikaskizunak Gipuzkoa'ko Pasaia'n osotu zitun, eta gero legetza Paris'en, aldi berean jakintza, edestia, elertia ta izkuntzak ere gogotsu ikasiaz. Paris'en aurkitzen zalarik, Chateaubriand'en illobarekin eta Malakoff'eko dukearekin zeukan adiskidetasunari eskerrak, orduko frantses idazlerik ospetsuenakin artu-emanean sartu zan. Auek, egia esan, etzioten gero gutxi lagundu, Atheka-gaitzeko Oihartzunak idazterakoan batez ere.

        Ikasketak amaitu ta sorlekura itzuli zanean, Labastide-Clairence'n geratu zan notario bezela; geroago Baionakoa izan zitzaigun. Politikari ere emana zalarik, Kontseilu jeneraleko gizon, au da, Diputadu aukeratu zuten bein eta berriz. Akademiku ere, Baionakoa alegia, izan zan. Eta «Ohorezko Sailleko Zaldun».

 

BERE EUSKAL LANA.— 1867'an frantsesez azaldu zan eleberri au: «Les Echos du pas de Roland, par J. B. Dasconaguerre, membre du Conseil général des Basses-Pyrénées. Traduit du basque» (Paris). Urte berean agertu zan espaiñeraz are: «Ecos del paso de Roldán» (Baiona, 1867), Donostia'ko Bermingham jaunak itzulita; baiña itzulpen au etzan nunbait egoki egiña, ta andik bost urtera Bizente Manterola'k moldaturiko au agertzen da: «Un drama en la frontera: Episodio de guerra civil, 1834» (Madrid, 1872).

        Eta euskal textua? Non dugu? Prantsesez eta gaztelaniaz egiñikoetan euskeratik itzulia zala esanagatik, etzan oraindiño euskeraz egiña. Daskonagerre bera, gaiñera, etzan ortarako gai ta gauza. Larregi: apezarengana jo zuen laguntza billa, baita onek zati ederra itzuli ere egin zion; geroago Edmond Guibert'egana jo zuen, eta onek osorik itzuli zion. Baiña norbaitzuen iritziz Donibane Lohitzune'ko kutsua palta zaion itzulpen oni; eta, azkenez, J. Vinson'ek eta beste batzuk artezturik, 1870'garren urtean atera zan ain biziro opa zuten euskerazko nobela ederra. Zein prantsesez zein euskeraz etzan argitarapen bakarra izan: euskeraz Donostia'n egin zan irugarren bat «Euskal Esnalea» aldizkariaren orrietan (1918), eta laugarrenez oraintsu argitaratua dugu, Errolba Bozas-Urrutia'ren oar eta arduraz: «Atheka-gaitzeko Oihartzunak» lehenbiziko aldiz atera zan eungarren urtean (Donosti, 1970).

        Nola sortu zan liburua? Begira: Goiz batez Baionako notariaren etxean agertu zan Ganix, Lapurdi'ko kontrabandista ospetsua, bere etxea muga mugan zeukana ta bere bizitza guztia aruntz naiz onuntz mugaldeak igaro nairik zebiltzanei mesede egiten maiztu zuena. Errukarri aurkitzen zan oso, ta gelditzen zitzaizkion azken ondasunak ere baituran jartzen zioan. Daskonagerre'k, kupiturik, gaixo ari lagundu ta kontatu zion edestian oiñarrituaz nobela bat idazteko asmo ta xedea artu zuen.

        Naiko gai zuen Ganix'ek. Joanes Antxordoki zan aren izen jatorra, baiña Ganix —Ganiz, Manex, «Joanes»-en ttipigarriak dituzu— izengoitiaz ezagunago dugu. Ganix'ek egiteko arriskutsu bat artu zuen bere bizkar. Ondo zaitua zegoen Beira'ko printzesa mugaz bestaldera eraman bear zan, karlistakin eta Londres'tiko poderez egiñiko ezkontzaz senar zuen On Karlos'ekin alkartu zedin. Gertakizuna, beraz, karlisten len-gudaldikoa da, 1833'garren urteko udagoienekoa. Prantziko gobernuaren aginduz atzeman bearra zan Beira'ko printzesa; ez zuten iñondik ere mugaz bestaldera iges egiten utzi bear. Ganix'ek, baiña, iruzur egin zien agintariai, bere asmoa aurrera eramanik. Mendiak zear, ekaitz illunpean, zidor ta artzulo, karlisten guda-zelairaiño eraman zuen printzesa. On Karlos'ek, esker onez, bizi izateko lain ematen zion lenengotan; baiña gero, 1839'ko galmenaren ostean, utzitasun gorrian eta beartsu ikusi zuen Ganix onak bere burua.

        Liburu eder yaukala duzu. Itzulpena ere maixuki egiña. P. Lafitte'k: «Kontatzea ondo eramana dago, izkera aberats eta garbia, joskera erreza, askotarikoa ta maiz suarra» (Le basque et la litt..., 60 orr.).

        Beste lan bat ere idatzi zuen Daskonagerre'k: «Le Golfe de Gascogne» (Paube, 1880). Gaia: alkar izkera, euskaldunen jatorria, 69 atsotitz eta abar. Baita beste au ere: «Récit basque» (Baiona, 1883); Ameriketara zioazten euskaldunen aurka egiña.

 

        (Ikus J. Vinson, Essai Bibl. Basque, 377, 532, 572 eta II, 609 orr. ta atar; A. Campion, «Revista Euskara», 1880, 329 orr.; L. Villasante, HLV, 164 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 695 orr.; R. Bozas Urrutia, Atheka-gaitzeko Oihartzunak, Donostia, 1970).

 

Bilaketa