literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura V»
Santi Onaindia

Etor, 1977

 

32.— Errose Bustintza Ozerin, «Mañariko»

(1899-1953)

 

        Euskal literaturan erabilli zizkigun izen-ordezkoak: «Mañariko» ta «Mañari'ko Errose». Izurtza'ko seme argi Bitaño'k onela: «Euskeraz asko ta ondo idatzi daben idazle bat dogu. Batez be idatzi ebazan elezar antzerako kontuak dira aipagarrienak. Bere buruz asmetan ebazan kontu politak, asmakizun aundia eukelako. Erriko jendeak agoz-ago erabilten dabezan sorgin-kontuen antzerakoak egiteko euki eban ekarri aparta» (Egan, 1963, 73 orr.).

        Bustintza'tar emakume argia Mañari'n jaioa duzu, Arrueta auzunean, Zumelaga etxean, 1899-9-3'an, gabeko bederatzi ta erdietan; urrengo egunean eman zion bataio-ura Frantzisko Belaustegi apaizak. Bere gurasoak: Felix Bustintza Lasuen, arrigillea, ta Marzelina Ozerin Arriaga, biak mañaritarrak. Kirikiño'ren illoba.

        Gerra garaian erbesteratu bearra izan zuen; orrela, Frantzia'n egotaldi polita egin ostean, Mañari'ratu zan berriz ere ta ementxe bizi izan zan beti, bere aizpa ta Kirikiño'ren emazte Basili'rekin. Etzan ezkondu. Atzenik, ementxe, bere Zumelaga etxean il zan, leuzemi edo odol-zurbil gaixoz, 1953-8-20'an, arratsaldeko ordu bi ta erdietan. Bizente Irasuegi'k eman zizkion azken sakramentuak.

 

        EUSKAL IDAZLE TREBE.— Beiñola, MEOE osatzerakoan esan nuena, ezbaitasun gabe, aitortu nezake gaur ere, mañaritar onetzaz: «Idazle biotz-samur ta eztia, mitxeleta egon-ezin antzera, mendi, baserri ta arkaitz-zulo zear ipuin tximel billa, iñoiz nekatu etzana» dugu emakume argi au. Irudimen azkarra du, bere errikoen agotik jasoriko ipui, esaera ta elezarrez edesti ta kontaera zoragarriak eratzeko.

        Naiko ugari idatzi zuen «Euzkadi» egunerokoan, «Euzko-Enda»-n (1939-40), «Gernika»-n (1951, 156 orr.), «Karmel»-en (1956), «Jesus'en Biotzaren Deya»-n (1952), eta abar. 1930'tik 1936'ra bitartean, ia astero bialtzen zitun «Euzkadi»-ra Mañari'ko izparrak, baita sarri idazlan sakonak ere; lan mamintsuokin liburu irakurgarria osatu genezake. Olerkitxo ariñak ere utzi zizkigun. Azken urteotan, aren ipui ta elezarrak Bilbao'ko «Jesus'en Biotzaren Deya»-n eta «Anaitasuna»-n, Euskalerriko Ipuiñak izenez, J. Kerexeta'k eman zizkigun argitara.

        Nolako gatza ta joskera zuen Errose'k jakin dezazun, irakur mesedez, Sorgin-Idaztija deritzan ipuitik zati bat. Bein batean, «Irakorta» baserriko mutillari, basotik etxerantza zetorrela, lamiña bat agertu zitzaion bide ertzean, eta irriparrez, alkar-izketa goxo ondoren, liburu bat eman zion bezuza bezela; liburu ark, alere, zoritxar guztiak gaiñ ekarri zizkion. Egun batean, ikaraz, mendirantza arin abiaturik, otoitzean ari zan agure bat aurkitu zuen, eta «ni gaiztoa ta ori deuna» bere kolkorako esanik, eremutarraren aurrean belaunbikotu zan. Onek, «sorgin-idaztia» Jon done aurreko gauean sugartara jaurti ta gero, beatza mendi batera zuzenduz, mendi ortara igo ta bertako gurutzearen oiñetan gau osoan otoitz egin zezala, agindu zion. Mutillak, esan eta egin, eremutarrak agindutako guztia bete zuen zintzo-zintzo ta, aurrerantzean, «Irakorta» basetxeko mutillak ez zuen ezertariko ezbearrik izan.

 

        IRITZIAK.— Idazle bikaintzat jo izan dute beti. Bitaño'k gisa onetan: «Mañariko izango zan, ziur asko, elezarretzaz edeski ta ipuiñak idazten lumarik irudimen aberatsenetarikoa» (El Bidasoa, 1955'garreneko urtarrillean). Arrese'tar Emeteri ta Mañariko'ri eskeinitako goratzarrez zioan au.

        Berriz ere onela: «Gai ta bide errez-egokiz, antze ta elerti balio ziurrezko idazlanak lortu zituen. Nun ote dugu orren ezkutua? Egizale izan zitzaigun bere izakeraren ariora, ta jaio ta il zan bere txoko laztaneko baserritarren kontaeretan argi-erazi ta mugitu zan» (Cien autores vascos, 16 orr.). Mañari, izan ere, tokiz ta jendez, orri dagokiona duzu, aukerakoa iñolaz ere. Untzillaitz, Mugarra, Urkulu, Eskubaratz, Saibigain, sorgin-lamiña ta maitagarriz beterik, egokiak dira, berezkoak noski, elezar-gaiak eskeintzeko, leize beltz, saguxar eta baserri-jende misteriotsuz gaiñezka.

        M. Zarate'k: «Olerki eta kantu-letrak bere ainbat egin ebazan. Aberatsak dira bere idazlanak etnolojia aldetik. Euskera erreza, errikoia darabil; noizik-bein, garbikeritxo batzuk ditu» (Bizkai'ko euskal idazleak, 220 orr.).

        Ibinagabeitia'tar Andima'k: «Trebea duzute Mañariko Errose ipuiak idazten, gure artean garaienetakoa nik uste oraingo ontan. Ba dizu irudimena, eta ba dizu batez ere biotzondo» (Euzko-Gogoa, 1952, 5-6 zenbakiak, 27 err.).

        A, nolako idazti bikain-bikaiña osatu genezaken Mañariko'ren ipui-lanak osorik emanda!

 

        (Ikus S. Onaindia, MEOE, 756 orr.; Bitaño, Egan, 1963, 73 orr.; K. Etxenagusia, Euskal Idazleen Lorategia, multikopiz, 1965, 42 orr. N. Kortazar, Cien autores vascos, 16 orr.; J. San Martin, Escritores euskéricos, 1968, 59 orr.; M. Zarate, Bizkai'ko euskal idazleak, 1970, 219 orr.; Auñamendi, Literatura, III, 331 orr. ta Diccionario, Bi-Caballe, 625 orr.; Jon Bilbao, Eusko-Bibliografia, II, 177 orr.).

 

Bilaketa