literaturaren zubitegia

1.005 idazle / 4.795 idazlan
7.321 esteka / 5.836 kritika / 1.828 aipamen / 5.242 efemeride

  A B C D E F G H I J K L M N O P R S T U V W X Z  

Imanol Berriatua

«Euskal literatura VI»
Santi Onaindia

Etor, 1990

 

37.— Imanol Berriatua

(1914-1981)

 

        Elantxobe, gizaseme argi ez gutxiren itxas-ertzeko erritxoan jaioa dugu Berriatua, 1914-12-24'an. Aita prantziskotarra genuen. Gernika-ra zan aurtzaroan bere etxekoekin eta emen Santa Klara'ko lekaime-komentuko meza-laguntzaille izan zan luzaroan, bertotik asiaz Foru'ra joan eta eliz-karrerarako bearrezko diran latin eta inguruko ikasgaiak egiten; ondoren, Arantzazu, Zarautz, Aguilera (Burgos) eta Naparroa'ko Erriberri (Olite)-n osotu zituan besteak.

        Donostia'n, Loiola'ko gudaltegian zegoen 1936'an soldaduzka beteten; urrengo urtean nagusiak Kuba'ra bialdu zuten eta 1938'an Abana'n apaiztu ta meza berria eman zigun, amairu urtez arima-zaintza egiñik ugarte artan. Euskalerrira itzuli zan 1950'an eta geroztik Bizkaia'n biziko da Foru, Bermeo ta Bilbo'ko komentuetan. Azkenez, israeldarrak beren erria ebertar izkuntzaz eskolatzeko darabilzkiten ikas-erak ezagutu nairik Jerusalen'en aurkitzen zalarik, buruko odol-kolpez il zan bertan, 1981-9-15'an.

 

        EUSKAL-ZALE.— Ez du gutxi esan nai lur girotuak. Elantxobe, itxasaldeko errixkarik geienak legez, euskal giro onekoa gertatu da, eta orrelaxe dirauanik gaur ere ezin dezakegu uka. Aita Imanol'i, beraz, goiz-goizetik sortu ta piztu zitzaion euskal kezka. Gaztetxo zala eraztun legetik igaroa genuen, diotenez, eta onek berez bezela dakar euskaltzaletasuna: olako min-iraiña artua naitaez euskal kezkak joa izango.

        Aita Villasante'k dioskunez, ba omen zan Arantzazu'n Teologi ikasleen artean barne-aldizkari bat, «Ensayo» deitua. Berton olerkitxoak-eta idazten asi zan Imanol. Kuba'n izan zan irakasle ta nagusi; izkuntz-irakasle zan, euskera, grekoa eta frantsesa erakutsirik. Orduantxe jarri zan euskal idazle askorekin artu-emanean, bere lekaidekideai bere «Euskal-aditza» gipuzkeraz eta bizkaieraz atontzen lagundurik.

        Foru'n zegoela, ots, 1953'an, sortu zuen «Anaitasuna», berak urteetan zuzenduriko aldizkaria. «Hasieran eliz-orri umil bat zan. Jakiña danez, Berriatuaren bizitzea —dio A. Villasante'k— urte luzeetan aldizkari honi lotua egongo da. Aldizkaria euskera batuaren bidetik sartu zanean, Imanol, idazle baiño gehiago, lanen zuzentzaille izaten zen, hots, lan guztiak gramatika aldetik eta batasun aldetik zuzentzen zituen. Hitz zerrendak ere jartzen zituen zenbaki bakoitzean, hitz berri edo guti ezagunen esanahiaz». Lan auengatik, 1961'an, Euskaltzaindiko izentatu zuten.

        Bermeo'n aurkitzen zala bere egiteko berezi baten ere esku artuko zuen: arrantzaleen kapillau bezela ainbat ostera burutu zitun itxasoz Afrika aldera. Artikulu asko idatzi zizkigun «Anaitasunean» ostera oietaz. Bilbo'ra aldaturik, «Anaitasunari» indar ematen etzuen lan urria egin. Euskaltzaindiak, aren lana zelanbait eskertu nairik, Aditz Batzordean eta Oiñarrizko euskal lanetan sartu zuen, biotan lan aundia osaturik.

        Ebraitar izkuntzaren zaletasunak zerabillen kezkaz aspalditik; izkuntza onen berpiztea euskerarentzat «etsenplo hona izan zitekeela uste zuen; horregatik egotaldi batzuk egingo ditu Israel-en». Aien izkuntza ikas-atxakiz Kanada'n, Irlanda'n eta Alemania'n ere egona zan frantsesa, inglesa ta alemana ikasten.

 

        IDAZ-LANAK.— Anaitasunean, Euskeran eta abar azaldutako lanez gaiñ, Kuba'tik biurtu-barri zala, 1) Lagunarteko Meza (Zarautz, 1950; bigarrenez, Bermeo, Gaubeka, 1957, 32 orr.), argitaratu zigun. Ondo artua izan zan. «Idaztiño txiki au —dio A. Ibinagabeitia'k— egoki-egokia da meza bear bezela entzuteko, ots, entzuleak opari bikain ontan opatzaillearekin bat eginda, meza gurenaren zatiak oro atzarri ta zurt jarraitzeko... Euskera errikoi, ezti, argi ta garbienean antolatu ditu otoitz eta irakurgaiak. Abesti egoki ta potitez jantzi ditu zenbait zati, kristauak ao soilez ez-ezen, kantuz ere Jauna goraldu dezaten».

        2) Kristiñau Katezismoa (Zarautz, 1956, 67 orrialde). A. Villasante'k itzaurrea.

        3) Hitz egin! (Bilbo, 1978, Garzinuño irarkolan). Euskaltzaindiaren Oinharrizko euskarazko Metodoa. Irakaslearen liburua. I. Maila. Zati bi dauzka: 1) Ikasgaiak, guztiz 60 ikasgai; 2) Ikas eta kanta, 40 orrialde. L.G. Alexander'en New Concept English, iru aletan, euskeraz jarrita. A. Imanol zan Batzorde onen buru.

        4) Itsasoa ta ni (Bilbo, 1981). Aurretik idatzitako arrantzale-txangoz ornidutakoa.

        Jakingarri duzu A. Imanol'en aitormen au, Euskera'n (1963-64, 386 orr.) egiña. «Azkenengo sei urteotan era ederra euki dot Bermeoko arraintzaleen eskuerea ikasteko. Sei negutan joan naiz eurokaz Oestafrikara atunetan. Luzaro bizi izan naiz euron artean, eta alegin aundia egin dot euron eskuera ikasteko. Eskuera bizia; laboratorioan barik, Bermeoko portuan jaio ta azi dana; Bermeoko ontzietan eten barik entzun dana, eta guganaiño berez trasformatuta eldu dana. Bermeoko arraintzaleak (arraintzaleak, ez arrantzaleak), itxasoan lan egiten dabenak, bi milla ta berreun dira. Euretariko geienak, Bermeon jaioak. Nire ustez, ez dira eunera eltzen kanpotik etorri direan erdaldunak. Bermeotar arraintzaleak beti egiten dabe eskueraz (eskueraz, ez euskeraz)».

        Mikel Zarate'k: «Erri biziagandik ur-ur dabil aita Berriatua. Eta erriko berba bizi-biziak (Naiz "garbiak", naiz erderatikoak) nasaitasun osoagaz erabilten ditu». (Bizkaiko Euskal Idazleak, 266 orr.).

 

        (Ikus Andima Ibinagabeitia, Euzko-Gogoa, 1955, 5-12, 141 orr.; M. Lekuona, Egan, 1956, 151 orr.; J. Artetxe, La Voz de España, 1968; K. Etxenagusia, Euskal Idazleen Lorategia, (multikop.), Derio, 1965, 85 orr.; M. Zarate, Bizkaiko Euskal Idazleak, 1970, 266 orr.; San Martin, Escritores euskéricos, 56 orr.; J. Bilbao, Bibliografia, 1, 572 orr.; Auñamendi, Literatura, IV, 248 orr.; S. Onaindia, Euskal Elertia, 1978, 200 orr.; Celia López Sainz, Quién es quién en Vizcaya, 1975, 83 orr.; A. Villasante, Euskera, 1981, 2, 1019 orr.; K. Etxenagusia, Euskal Idazleak bizkaieraz, 1980, 221 orr.).

 

Bilaketa