49. Nikolas Altzola Gerediaga, «Bitaño»
(1922-1981)
Lasailletarren artean Balentin Berriotxoa Anai. Gizon argi, eragin, ibilkari, geraka euskal arloan batez ere. Irakasle, idazle, olerkari, pintore ez exkasa. Izurtza'n, Durango ta Mañari bitarteko erritxoan jaio 1922-12-30'an. Eta Irun'en il zan 1981-6-2'an, gaueko amarrak bost gutxiagotan; illetak bertan ospatu ziran andik egun bira, bere Anaidiko lagunak, zenbait senide, ikasle askotxo ta euskaltzale mordoxka bat, mugaz andikoak eta emendikoak noski, inguruan zituala.
BIZITZ-ZEAZTASUNAK. Altzola anaiak, jitez eta jasez bear bada, maite zuen berariz bere jaiotz-lurra, eta sendia; Izurtxa eta bertoko gauzak jasoten etzan gutxi saiatu. Txikitatik zetorren ikasle ta langille. Baita ertilari ere. Leen-ikas-asimasiak bere errian osaturik, Bilbo'n ikasi zuen komertzi-karrera. Bere etxe inguruko edertasunak laister piztu-erazi zioten erti-irrits bizia, eta ikasle gaztetxo zala asi zan pinturaren ezkutuak askatzen. Eder-senak joa, bizitzaldi guztian ari izan zan euskal literaturari ta margo-lanari lotua.
Lasailletar egiñik, Irun'en irakatsi zuen lendabizikoz, La Saillenean eta San Martzial Ikastetxean. Urteak eman zituen ortan, beti zintzo, apal, maitekor. Orixegatik, oso maite zuten ikasleak, zintzotasunak, jakiña, errez irabazten biotza. Ona zan, eta Jainko-zale, eta ederrak ditugu tasun biok gazteen eziketarako; orrela bertatik jausten dira gazteen biotzak maitasunaren saretan, euliak ezti-txarroan bezela.
Irun'etik landa ere, Bilbo'ko Santiago Apostoluaren Ikastetxean eta gero Deustu'n egin zizkigun egotaldi batzuk, beti irakasten. Azkenean, iru bat urte dirala, biotzetik gaixo samar zebillelako, Irun'era bialdu zuten nagusiak, ots, il zan La Saille'eneara, emengo euskal liburutegiaren arduradun. Atsegin zaion arlo onetan ziarduala jaso zuen Jaunaren deia.
EUSKAL IDAZLE. Lan aipagarria osatu zuen euskal letretan, ainbat gai arroturik, naiz itz-lauz eta naiz bertsotan. Apala zan arren, bide ertzeko biltxoa iduri, sail askotan nabarmendu zitzaigun, baiña batez ere euskerak ditun pitxiak jaso ta edatzen: eder zituan lan motzak, errez irakurtzekoak, suspergarriak. Berezkoa zan idazkeran, zabarra ez baiña geiegi landu bagea: mendi-txokoan gorderik dagoen iturriaren ur-aria langotxea. Bere aldetik zebillen, ez iñoren mutil, ez iñoren aurreko.
Emilio Navas'ek zuzenduriko «El Bidasoa»-n eta J. Zaitegi'ren «Euzko-Gogoa»-n azaldu zizkigun bere leenengo lanak, ugari argitaratu ere. Gero, euskeraz ain zuzen, La Saille-nean ateratzen zan «Nora?» aldizkariaren sortzaille ta bultzatzaille errime gertatu zan. 1969'tik aurrera «Egan»-en idatzi zuen, eta «Zeruko Argia»-n, «Karmel»-en, «Olerti»-n, «Aranzazu»-n, «Herria»-n eta abarren euskeraz, eta BAP, Vida Vasca ta olakoetan erderaz. Aren lanik ederrenetarikoa aldizkarietan sakabanaturik dago.
Orrez gaiñera, ba-dauzka liburu batzuk ere. Ona auek beintzat:
1) Cien autores vascos (Donostia, 1966, Colección Auñamendi, 146 orr.). Nik pekatari onek, ainbat bider ortarako nere bizitz-datuak eskatu zizkidan arren, ez nizkion bidali, tamalez. Eta belu dabillenak...
2) Atalak (Zarautz, 1967, Kuliska Sorta, 64 zenbakia, 150 orr.). E. Erkiaga, L. Akesolo eta J. San Martin'en itzaurrez aberastua. Gaiak: Elezar. Pasaixuak. Saio-oarrak. Badoazenak. Jakintza-oarrak. J. San Martin'ek onela: «Arduraz eta leun aztertu ditu gure kondaira, bibliografia, literatura, biografia laburrak, erri-ipui ta abar, ta ez gutxitan gure artisten lan eta bizitzaretzaz. Olerkari saillean be aspalditik dabil, ta azkenengoz artu daben bidetik kimu barriak emongo dautsaz eusko-olerkaritzaren magalari» (27 orr.).
3) Bigarren Atalak (Zarautz, 1972, Kuliska Sorta, 75'garren zenbakia, 163 orr.). Gaiak: Ipuiñak, elezarrak, saio-oarrak, badozenak, oar laburrak, leku batetik bestera, saioak, adabakiak, oar-Sorta.
4) Hirugarren Atalak (Bilbao, 1978, 133 orr.). Gaiak: 1) Ipuiak, kontu-kontari; 2) Kantu-berrigintzan, 4 lantxo; 3) Bertsogintzan, 9 lantxo; 4) Olerkigintzan, 11 olerki; 5) Ohar-Sorta, 15 lantxo.
5) Ipuiak (I). Bigarren argitalpena (Bilbo, 1981, 84 orr.). 19 ipuin polit.
6) Ipuiak (Bilbao, 71 orr.). 14 ipui ederki landu.
7) Ipuiak (III) (Bilbao, 1982, 82 orr.). 16 ipuitxo polit.
«El Mensajero»-k argitaltzen duen «Kimu» saillean datoz iru liburuxkok, Jose Maria Legorburu'ren marrazki adierazgarriz dotoretuta.
Bere lanak eta liburuak izenpetzeko ainbat izen-orde erabilli zituen: «Bitaño», «Markue», «N de Kortazar», «Ozerin-Jauregi», «Dolometa», «Oxinondoko Txoria», «Bidaurreta», «Altzarte», «N.A.G.», «H.V.B.», «Unai Anai» eta besteak.
Euskaltzain urgazle, 1957'tik.
Labur: Nikolas Altzola'k, zarata aundiko etzala ere, nekatu barik lanari ekiñaz, balio ederra eman zion euskal literaturari. Or daude aren prosazko artikuluak, errikoi ta jakingarri; or daude, bai ta, aren olerkiak ere, «Kantuz eta Itxaropenez» titulupekoak, ez bear bada egazkada garai-garaikoak, baiña beren mezua dutenak bai. Erriaren izkera erabilli zigun beti, gramatika arauz geiegi axolatu gabe. Euskera zuen elburu, euskerari eutsi, landu, «gogo-bide guztietarako gai egin».
(Ikus San Martin, Escritores euskéricos, 24 orr.; J. Bilbao, Bibliografia, 132 orr.; Auñamendi, Literatura, IV, 359 orr.; Celia L. Sainz, Quién es quién en Vizcaya?, 27 orr.; S. Onaindia, Zer, 1982, dagonilla, 14 orr.; K. Etxenagusia, Euskal Idazleak bizkaieraz, 1980, 257 orr.; M. Zarate, Bizkaiko Euskal Idazleak, 276 orr.).