literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura VI»
Santi Onaindia

Etor, 1990

 

22.— Lino Akesolo Olibares

(1911-....)

 

        Euskerari emana du bizi guztia. Jose Lasa'k, «Diccionario de Retana de Autoridades de la Lengua Vasca»-ri egin zion itzaurrean, onela dio: «Hombre de vasta y tenaz memoria, experto conocedor de los dialectos vascos de aquende y allende el Bidasoa, y entre los vascólogos vivientes, tal vez el que más literatura vasca haya leído» (XLVI orr.). Edozer ez dugu, beraz, 50 urte euskal liburu artean erre dituan au.

        Gizaseme bizkor askoren seaska dugu Dima. Arrati araneko errixka lerdena. Oba'n, Axmutil azpian jaio zan Lino 1911-4-7'an. Antonio ta Praxedes, bere gurasoak. Umetan karmeldar izan nairik, 1921'an, ni Larrara orduko, egun batzuk lentxoago, emen zan bera ere, geroztik eliz-karrera osoa alkarrekin egiñik. Ementxe, Larra'n, gertu-ikastetxean lau urte t'erdi, gazteleraz, latin, geografi, edesti, matematika, euskera ta asi-masi enparauak ikasi genitunean, 1926-8-10'an berton artu genduan karmeldar jantzia, urrengo urtean dagonillaren 14'an profesa egiñik. Markiña, Gasteiz eta Begoña'n eliz ikastaroak erdi-amaiturik, 1934-7-8'an apaiz sagaratuak izan giñan, Begoña'n bertan.

        Irakaslaritzan ari izana dugu ondoren. Anai arteko gudan kapellau ibilli zan, gudarien kapellau noski, gero iru urte Begoña'n, Nanklares'en, Dueñas'en eta Karmona'n giltzape bizi izanik. 1938'an Nanklares'en alkar aurkitu genuan, ni El Dueso'tik eta ura Begoña'tik ara joanak, edo eramanak; ala ere etziran alperrekoak izan gure giltzape-urteak, izkuntzak —frantses, ingeles eta aleman— ikasten geienbat emanak izan bait ziran.

        Aita Akesolo'k, Hoz de Anero (Santander)-en egon zaneko urteak kendu ezkero, beste geienak irakasten eman ditula esan genezake. Urteetan irakatsi zien Begoña'ko teologi-ikasleai gai batzuen artean Eliz-kondaira; ortarako ikaste bereziak egiña dugu. Liburuzale amorratua danez, Madrid'en osatu zigun Bibliotekonomia (liburutegi bat nola eratu, iraun-erazi, idaztiak erosi, sailkatu eta abar ikasten dan artea). Begoña'n guztizko liburuen arduradun ez-ezik, «Karmel» euskal liburutegiaren zaindaritza ere berak dauka. Komentuetako nagusitza ere egin du, Donostia'n, Markiña'n... Aspaldian Begoña'n bizi da, bere arazoetan buru-belarri murgildua.

 

        EUSKALTZALE.— Berez esker ona dariona da gizakia. Otsegille bikain dugu onetan Santa Teresa. Zergatik au? Niri askok galdetu didate ea ikasle nintzala iñork, irakasleak-eta, zoztorrik, eragozpenik jarri zidaten euskerari buruzko auzietan. Nik ezetz erantzun diet beti, nik ez nuela ezeren poxelu ta debekurik izan euskera arloan, nere karrera bitartean, ezta gerroztik ere. Gure aurretiko ikasleak, Begoña'n batez ere, «Adarra» eta «Gautxori» barne-aldizkariak ateraten zituztelako, erbesteratze bildurra izan zezakeen ikasle gazteak, karrera bukatzean noski; India'n eta Ameriketan —Txile, Kolonbia, Peru, Panama, Guatemala— komentu ta mixio-leku asko geneuzkan eta lurralde aietara bialduko ote zituzten duda-muda bai, baiña beste ezeren izurik ez beintzat.

        Guk ikastaro zear makiña bat lan osotu genuen euskal barrutian ere, Markiña, Gasteiz eta Begoña'n baitik bat. Larrea'n geundela, naiko goiztar, Donostia'ko «Euskal Esnalea»-k eratu oi zituan konkurtsoetara lanak bialtzen genitun eta sariak jaso; 1926'an, A. Gotzon Jauregi zan gure irakasle eta ark lagunduta zerbait bidali genuen aipatu aldizkarira eta sariak eskuratu genitun; Aita onek, ondoren, gu euskaltzaletu nairik, irabazi sarien truk, Legutiano, Aramaio ta inguruetatik txango atsegingarria egin ostean, Azkue zanaren «Morfología Vasca» eman zigun oroigarri bezela.

        Gasteiz'en filosofi ikasle giñalarik, aldizkari berberak 1930'an, urtero oi zuenez sarriketak iragarriz, Cervantes'en «Novelas Ejemplares»-en itzulpenak eskatzen zituan. A. Lino'k aren «Agure kezkatia» euskeratu zuen eta saria irabazi. Lau izan giñan andik orretan sarituak: Aita Anbortsi, gure irakaslea, A. Lino, A. Gerenabarrena eta ni; iru sari beintzat etxeratu genituen. 1931'an, «Karmen'go Argia» sortu zanean, A. Doroteo beronen zuzendariak lanak eskatzen zizkigun; ainbat lantxo idatzi genuen bertan prosaz eta bertsoz. Teresa donearen «Onbidea» (Camino de Perfección) argitaratzen orduan asi giñan, «Igotz-Oba» izengoitiz (Ikus «Karmen'go Argia», 1934). Gerora ere maiz ari izan gera alkarrekin lanean.

        Oni naiz ari laguntzeko beti prest dagoena duzu A. Akesolo. Liturgi-itzulpenetan, bizkaieraz batez ere, lan txalogarria burutu zuen. Azken urteotan berdin, eztu lan erreza izan Manu Sota'k utzitako «Diccionario Retana de Autoridades de la Lengua Vasca» aztertu, osatu ta ugaritzen.

        Euskaltzaindikoa da; Eusko Jaurlaritzak euskera arlorako duen Batzordekoa eta Euskerazaintza'ren buru.

 

        IDAZ-LANAK.— Ez bear lukean beste, baiña naiko ugaria dugu A. Akesolo idaz-alorrean. Euskeraz eta erderaz idatzi du, beste izkuntzetatik ainbat biurpen egiñez.

        I. Erdera: 1) La Iglesia y el pescador (1953); 2) El Maestro llama (Fritz Tillmann'ena, 1956); 3) Historia de la Iglesia de Cristo (Schuck Neuss'ena, 1957); 4) La Ciencia de la Cruz (Edith Stein'ena, 1959); 5) Elementos de la Moral Católica (Fritz Tillmann'ena, 1959); 6) Criterios católicos (Erich Ptzywara'rena, 1962) eta abar, alemanetik gaztelerara biurtuta. Emen jarri genezake baita Beñat Etxepare'ren «Linguae Vasconum primitiae», euskeraz, gazteleraz eta prantsesez Edili'k (1968, 196 orr.) argitaratu zuena.

        II. Euskeraz: 1) Agure kezkatia (Cervantes'en «El celoso extremeño»), argitaratu gabe; 2) Santa Teresa'ren Onbidea (A. Onaindia'rekin batean, Bilbao, 1963, 279 orr.); 3) Salmuak (Bilbao, 1964, 262 orr.), Iratzader eta Lertxundi'ren Salmoak (Baiona, 1963, 854 orr.), bizkaieraz ipiñita.

        Or-emen agerturiko lan azkeak albora ezkero, ez dira askorik bere kabuz idatziak. Auek, orraitio, aipagarri diranik ezin uka:

        1) Ipiña ta Ipiña'tarren barri (Bilbao, 1958, Verdes Atxirika'renean, 35 orr..

        2) Euskal-esnale euskal-idazle (Bilbao, 1962, OLERTI I eta II) Yose Pablo Ulibarri.

        3) azken urteotako artikulu mordoxka «Euzko-Gogoa»-n: Euskalherriaren adiskideak eta Euskal-hiztegia (1954, V, 153 orr.); eta «Karmel»-en: a) Enbeita, Urretxindorra, 1978-4; b) Azcue aita-semeak, 1979-2, c) Euzkadia, (Eusebio Maria Azkue zanaren poema), 1979-3; d) Aita Jose Domingo Ugartetxea Urkieta, 1980-4; eta e) Vivo sin vivir en mí (Zuberoko euskeraz), 1982-1; eta gaiñerakoak.

        Azken ordukoa du beste itzulpen au ere: Jaungoikoak beretzat gura nau (Bilbo, 1983). Domingo Iturrate Zorionduna Irukiztarra, M. Fuentes Aitak erderaz egiña. 85 orr.

        Erderaz ere, jatorki eta euskal gaietaz, parrastaka idatzia da. Ona olako batzuk gogorazi litezkenak, BAP-en argitaratuak ain zuzen: 1) Erle gobernatzalleen gidaria (Donostia, XX urtea, 4'gn. ingurraztia; 2) Dos notas autobiográficas de Resurrección Maria Azkue, comentadas (Donostia, XXI urtea, 1'go. ingurraztia).

        Aldizkari oetan idatzi izan du: «Euskal Esnalea», «Karmen'go Argia», «Euzko-Gogoa», «Karmel», «Olerti", «Jakin», «Jesus'en Biotzaren Deia», BAP, «Agur», «Zer», tabar. «Zubero», «Axmutil», «Nonzebarri», «Basabil», «Amuxalde» izengoitiak erabilliaz. Nolako idazle?

        M. Zarate'k onela: «Euskera zaarra ta erri-izkera ondo ezagutzen dauz, eta bizkaierazko idazlerik jatorrenetarikoa dogu berau» (Bizkaiko Euskal Idazleak, 248 orr.), eta K. Etxenagusia'k: «Erri-euskera aberatsa ta gure idazle zarrena gitxik ezagutzen dabe Bizkaian Aita Linok baizen ondo. Gipuzkera ere ainbat idatzi dau, baiña Obako fraide onen bizkaiereak berarizko gozotasuna ta berezkotasuna ditu ezaugarritzat. Iker-lanak, iztegia, kritika zorrotzak, itzulpenak t.a. eskeini deuskuz orain artean» (Euskal Idazleak Bizkaieraz, 252 orr.).

 

        (Ikus S. Onaindia, MEOE, 773 orr.; M. Zarate, B.E. Idazleak, 248 orr.; J. Bilbao, Bibliografía, I, 70 orr.; Auñamendi, Literatura, IV, 186 orr.; San Martín, Escritores euskéricos, 29 orr.; K. Etxenagusia, E.I. Bizkaeraz, 252 orr.; J.M. Torrealdai, Euskal Idazleak, gaur, 1977, 498 orr.; Celia López Sainz, Quién es quién en Vizcaya, Bilbao, 1975, 35 orr.).

 

Bilaketa