56. Maria Dolores Agirre Lasheras
(1903-....)
Emakume argia. Errezil'en jaio zan 1903-6-8'an. Tomas Agirre, «Barrensoro», euskal idazle trebearen arreba. Irakasletza karrera ikasi zuen, Toribio Altzaga il zanetik, berau izan da Donosti'ko Udaletxeak daukan Iztunde-eskolaren zuzendari.
Iztun gaiari dagokiola, zer, sakonak idatzi dizkigu euskeraz. Irakur aldaturiko zatiño au. «Gizartean dan jolasik gozoena ba-da alkar-izketa dio. Stael, andre ospetsuak zion, ez zala beretzat iztun egokiakin jardutea bezelakorik. Ez dute izan ere, pantzetarrak gai onetan berdiñik. Are gutxiago ango emakumezkoak. Edozein ezerezko leloari apain-ikurra ta adimen kutsua itsasten dakienak ditugu. Izkera-joera ikasiaren maitaleak. Gure euskerak ere, bear digu orrelako zerbait, gela nagusietara arro arro azaltzeko.
»Ez da nornai iztun jatorra. Izaerak eman bear dizkio lendabizi, esale onari, adur bereziak. Biotz igi-erraza beintzat. Edozein idazlan bear bezela aztertu ta oguzteko, gogayak nabaitu ta, norbereak bailira artzea dagokio esaleari. Gogai itun urratuak diranian, begiari negar-malkoak ugari ixuriazteko. Alayak eta jostariak diranean berriz, entzulearen biotza irri goxoa ta bidezko dalarik, algarata zirikatzeko. Entzule aurrean zerbait oguztean, baita ere zaitu bear da arpegiaren kiñua ta soñaren eta besoen erabillia. Zorigaitz izugarrien berria jalkitzean, ez iñolaz irriparreka ta josta antzean oguzi. Biotzaren jokada biziak agertzean, berriz, ez bare ta kemenik gabe irakurri.
»Gure eguneroko joera izango degu eredurik onena eginbear ontarako. Adiskidekin jokatzen geranez, jokatu gaitezen norbaitzun aurrean idazlanak irakurtzean. Adiskide bati albista pozgarriaz ginjoazkionean, alai ta kiñu bizikoak izaten gera. Naigaberen baten berria eramatean, itzetan zur. Baita soñaren igikunetan ere. Begiak lauso ta arpegia illun azaldu bear dira olakoetan. Abots dardakorra, biguna ta igikorra» (Egan, 1956, 5-6, 100 orr.).
Euskaltzaindikoa dugu.
ANTZERKI-IDAZLE. Daukan soro-arloa arretaz zaindu ta landurik iztun erneak ateratzeko, milla eratako ekiñaldiak egin bear izan ditu esko1an dauzkan gazteakin. Ba-daki berak jarduna dala irakaslerik onena berezko ditugun oker-akatsak menderatu ta izkuntza txairo erabilten ikasteko.
Alkar-izketa, berriz, jardunik bikainena esale argi, txukun eta bizia izateko. Ortarako ederki datoz antzerkitxoak. Eta M.D. Agirre'k teatru labur politak osotu ditu. Ona bere lan batzuk
1) Aukeraren maukera, azkenean okerra (Donostia, 1949). Bakar-izketa, Azpeiti'ko batzaldian sariztatua. «Egan»-en (1950) dator.
2) Bear-berria (Donostia, 1956). «Egan»-en (1956, 5-6, 99 orr.), au ere.
3) Amal. R. Tagore'na, antzerki biurtua. 1962-1963'an Iztunde Eskolak Donostia'n agertua.
4) Txalupak jaberik ez. A. Casona'ren «La Barca sin Pescador», 1963'tik Iztunde Eskolakoak eta beste batzuk maiz antzeztua.
5) Iturri-legor. Gartzia Lorka-'ren «Yerma» euskeraz, an-emen antzeztua.
Lan guztiotan idazle ikasi ta txukuna agertzen zaigu Agirre andrea. Bai, beronen lana, idazle ta irakasle bezela, oso txalogarria dugu. Iba-lan'ek, 1958'n, onela: «Zernolako lan eta nekea artu bear dan orrelako antzezkizun bat antolatzeko ez du jendeak ezagutzen. Berrogei lagun bizpairu illabetean bildu, ikasi arazi egunero leiatuaz. Zuzendariok bere gain artzen dituzten buru-auste ta kardabak ez ditugu bear aña onirizten. Eta eskergaiztokoak izan ez gaitezen, bijoaizkie emendik Donosti'ko Iztunde ta Deklamazio eskolakoai gure goresmen, diosal, oles eta txaloak. Batik bat irakasle ta buru duten Maria D. Agirre, andre agurgarriari» (Teatro Euskaro, II, 148, orr.).
(Ikus A.M. Labaien, Teatro Euskaro, I, 84 orr., ta II, 155 orr.; J. San Martin, Escritores euskéricos, 17 orr.; Auñamendi, Literatura, IV, 88 orr.; Jon Bilbao, Eusko Bibliografia, I, 57 orr.).