2. Joanes Elizalde «Zerbitzari»
(1883-1961)
A. Irigarai'k, euskal idazle bipil au itzali zanean, au idatzi zuen: «Euskalzale beroa zen eta bai pilotaria ere. Bera eta Oxobi (Otsobi) izan dire 30 urte horietan, iparraldeko gure anaien arteko euskal eragille eta sustatzaile goren, sutsuen eta jarraikienak... Gizon ona errotik, bihotz handikoa, apez zuzena beti. LARREKO, MANEZAUNDI eta halako batzuk bezala, nekazari zaarren gandik zuen ikasi eta aberastu bere euskara garbia, eta Akademia obeagorik etzaukan. Gerezietako bere hil-mezan, txoriak multxoka bildu omen ziren kantari eliz-ingurura, Labeguerie sendakinak kondatu zidanez. Euskalherriak seme kartsu bat galdu du eta uzten duen ziloa ezta aise beteko. Bere arreba, aaide eta urbilekoeri gure doluminik bizienak» (Egan, 1961, urtarrilla-bagilla, 110 orr.).
Azkain'en jaio zan 1883'an. Bere errian eta Larresoro'n ikasi zituen lenengo izkiak. Eta gero gerokoak. Baiona'ko Ikastetxe nagusian ikasle aurkitzen zala asi zan idazten, Hiriart Urruti'k bizkor-azota. Eliz-ikasketak bukatu zituenean, Uztaritze'ra bialdu zuten apaiz lagun, gero Liginaga'n eta Mendiondo'n egon zan urteetan erretore. Azkenez Gerezieta'ko erretore: emen il zan 1961'garren urteko maiatzean.
Gizaseme osoa, alde eder askoduna. Bere 78 urtetan makiña bat lan egiña, arimazaiñean eta euskal barrutian; idazle, antzerkigille, olerkari, berri-emaille, maixu, ardura guztiotan aritua noski. Maite zuen Euskalerria, ta beronek ditun lege, oitura, kanta, bertso, atsotitz, esan zaar, eliz-griña, ta beste zer guztiekin, maite izan ere. Eta guztiok aintzat arturik, itzez ta idazkortzez, lan eder-ederra burutu zigun.
Arima-zaintzan bere apostoladutza ez zan edozelakoa izan; izlari trebea, esan errez eta ugarikoa. Itzal aundia zion erriari; txeratsu zan mundu guztiarekin, eta beti zegoen gertu edozeiñi laguntzeko. Poliki dio aren adiskide miña zan Labegerie'k: «Eta Zerbitzari hor zegon, denen erdian, gehienetan ixillik, galerna altxatzerat zoalarik, ditxo batez jabaltzen zuela, edo botoila bat harturik, edari xorta batez sua eztitzen zuela. Zer etxeko-jauna! Zer adixkidea!»
1921'tik «Eskualzaleen Biltzarre»-ko idazkari edo sekretario izan zan; lan aundia burutu zuen kargu onetan. 1930'an, euskaltzain izendatu zuten, eta emen ere, langille agertu zan. Apaizok ba-ditugu geure akats edo griñak: Elizalde jaizale zala diosku A. Irigarai'k: «Bestazalea zen biziki eta gure adiskide gaizoak bazakien bai mezperak laburtzen euskal besta edo pilota partida baten bixtan».
EUSKAL IDAZLE. Esan dugunez, gaztetatik asi zan idazten. Eta ain zuzen ere, egoki zaigu jitez dakargun aier, lera ta apetari gazterik lasa ematea: zar-aroan ezta iñor idazle egiten. Asko idatzi zuen euskeraz, eta idazlari aundi bezela agertu zan beti, «eskuara ederra, aberatsa eta errezaren jabe». Artikulu asko, pilloka ditu «Eskualduna» ta «Eskualdun Ona» astekarietan; «Eskualduna»-n zetorren Zer eta Zer sailla, beti ere izpar jakingarriz ornitua, berak osotua zan. «Gure Herria»-n eta «Herria»-n ere ainbat idazlan dauzkazu Elizalde'ren lumatik irtenak; lenengoan datozen ipuin, elezar, irakurgai ta abarrak, zenbat diren gaitz da jakitea; bigarrenean, ostera, berak betetzen zituen noizpeinka lau orrialderaiño. «Irakurtzekoak ziren aur sarituen buruzko haren artikulo luzeak, errika ematen euskal-etsaminen zeekeriak, eta hiri bakotxeko historio ta kontu. Gutienik 40 edo 50 herri pasatzen zituen bahetik, aldiz bitxi eta aldiz sakon aski, eskuara gaizoa putzutik atera naiez».
«Joanes Elizalde», «Zerbitzari» ta «Bilharia» erabilli zizkigun bere lanak firmatzerakoan.
Ona aren lanik beiñenak:
1) Kantari berria (Baiona, 1920). A. Foltzer'en irarkolan. 30 orrialde.
2) Ama Maria Pasionekoa (Baiona, 1930). «La Presse» irarkolan. 101 orrialde.
3) Erreboteko jokoa. Zoin diren gehienetan orai onhartuak diren legeak. Dassance jaunarekin batera egiñiko lana.
4) Euskal Egutegia 1933 (Baiona, 1932). Ormarako egutegia.
5) Euskaltzain sarrerarako itzaldia (Euskera, 1931, XII, 77 orr.).
6) Atsotitz, zuhur-itz eta erran-zahar (Baiona, 1936). «La Presse» irarkolan. 32 orrialde. Aurretik «Gure Herria»-n argitara emanak. 1.025 dira guztiz.
7) Ichtorio Saindua. Testament Zaharra. Jesu-Christo. Eliza (Lille, 1943). 118 orrialde.
8) Eskual-herriko hegaztinak eta choriak. «Gure Herria»-n datoz, 1923, 1924, 1925, 1926'an, amabost lan.
9) Eskual Herriko landareak. «Gure Herria»-n dauzkazu, 1931, 1932, 1933, 1934, 1935'an amairu artikulu gai onetzaz.
10) Bahnar deithu Salbaiak (Baiona, 1936). Courrier irarkolan. 197 orrialde. Aita P. Dourisboure bezkoiztarrak egiña, J. Elizalde'k euskeraratua. Aita Piarre Dourisboure, 1849'eko azaroan joan zan Euskal-Erritik Kotxintxina'ra mixiolari, 24 urte zituelarik. Annam eta Laos tartean dauden mendietako Bahnar basatiekin egin zuen mixio-lana; lan orien edestia da, Aita bezkoiztarrak berak idatzita, J. Elizalde'k «eskuara ederrean moldatua», Zerbitzari'k frantsestik euskerara biurtua. «Eta zer eskuaran! Bixkoxa bezen goxoa, arno xaharra bezen gustokoa». «Eskualduna»-k agertarazi zuen lendabizi.
11) San Frantses liburua ere berea du.
12) Baita Bi gogorrak, Oltzaberrian, Mikolas eta Gaxuxa teatru lan motzak ere.
13) Olerkiak. Ba-ditu, or-emen sakabanatuta, poesi polit batzuk: oietatik iru sartu nituen nik Milla euskal olerki bilduman. «Bizi dadin eskuara» deritzan olerkiaren azken ahapaldiak ondo azaltzen digu aren euskaltzaletasuna. Ona:
«Eskuara hain da eder, hain da maitagarri,
non behar baitiogu laguntza ekarri.
Bizi dadin maitea orai eta gero,
berma gaiten hortarat Eskualdunak oro».
1961'an, il eta laster, omenaldia egin zioten Gerezieta'n, eta oroitarri bat ipiñi idazpuru onekin: «Jean Elissalde Gerezieta'ko jaun erretor zenaren orhoitzapenetan 1883-1961. "Zerbitzari" maitea, zaude Garralda'ko Amarekin».
(Ikus Azterzale, Euskal Esnalea, 1930, 163 orr.; G. Lacombe, Euskera, 1931, 77 orr.; S. Onaindia, MEOE, 1.111 orr.; M. Labeguerie, Gure Herria, 1961, 120 orr.; Apat-Etxabarne, Egan, 1961, urtarrilla-bagilla, 110 orr.; A.M. Labayen, Teatro Euskaro, II, 166 orr.; Auñamendi, Literatura, III, 385 orr.; Jon Bilbao, Eusko-Bibliographia, III, 118 orr.).