3. Pierre Ibarrart
(1838-1919)
Bego lenengo ta bein Etxepare'k bere Buruxkak liburuan koblakari ontaz diona: «Ezagun da zer koblari den; erran nahi dut hoberenetarik dela, ez baita orobat Eusual-Herrian nehor nausitzen zakonik, non ez diren Elizanburu eta Zaldubi. Gozoak dira haren bertsuak; asetzen daukute beharria; ez datxikite ele alperrik». Oso-osorik egia ezpada ere, errez ateratzen da emendik nolako balio bikaiñak ditugun sarri euskal lurralderik izkutuenean. Gure olerkari nausienak olaxe izan dira; eskola aundi gabeak bear bada, baiña berezko ixuriz buru ta biotz oparoak.
BIZITZ-ZEAZTASUNAK. Jatsu'n munduratu zan, 1838-2-13 edo 15'an, goizeko zortziretan. Ez dakigu ziur zein egunetan jaio zan: eliz-paperetan, antza, 13'an agiri da, ta erriko paperetan ordea, 15'an. Zalantza pixkat bada bere izen-abizenai buruz ere; izenari gagozkiola paperetan Pierre agiri da, baiña adiñeko adiskideak Piarres zeritzen beti: izengoitiz, Bettiri. Abizenez, deituraz naiago ba'duzu, dudamuda geiago da: Jatsu erriko jaio berrien liburuan Dibarrart dator; elizakoan eta ezkontzakoan, ostera, Ibarrart; aurretikoen il-arrietan berdin, Ibarrart.
Zer egin zuen aundia azi bitartean? Onen bizitza ongi aztertu zigun P. Lafitte'k au diosku: «Gauza guti dakigu bathaiotik eta esposatu artinoko haren goiti-beheitiez: ontsa altchatu zutela, eskolan eta katichiman ibili zela, bai: ez haatik ez noiz ez nola jalgi zitzaion koblaka artzeko dohain berezia. Ahaideak diotenaz, ttipi-ttipia zelarik oraino, etchekoek mahian baten gainerat hupatzen zuten, eta han gogoratzen zitzaizkon zirto eta atheraldiak kantatzen zituen bertsu-ichuran emanik, aditzaile guzien jostagarri! Gerochago ostatuan behar zen trebatu eta bertze bertsolariekin norbait bilhakatu: orduko famatuenak ziren Etchahun chaharra, Borddale, Athillo: Otchalde adintsu zen Ibarrartekin eta biziki laket zuten buruz-buru artzea. Hemezortzi urthetan Donapaleon kantatu zuen Eliza-besta».
Montelimar (Drôme)'n egin zituen zazpi urte soldadu. Lanarte luzeak izan zituen liburuak irakurri ta erdera ere poliki ikasteko. Abots ederra zeukan eta, iñoiz esan zioten teatru-sailla zetorkiola txit egoki, eraztuna beatzera bezela; ark orraitio irri egin zien orrela mintzatzen zitzaizkionai, «bizi modu hori harrochko eta erhochko» bait zan bere iritziz. Errira itzulirik zapatain jarri zan, 1867-11-19'an bere lengusiña Mariane Darre'kin ezkondurik. P. Lafitte'k : «Piarres-ek ez zuen baimenik galdegin kusiarekin ezkontzarakoan: ezkontza ez zen bali; ondoko urthetan ikasirik sakramendurik gabe zirela, berriz itzuli ziren biak elizarat, makur horren chuchentzerat. Garnier jaun erretorak benedikatu zituen heien agintza berriak, Marie ta Yeanne Darré zituztelarik lekuko».
Egun batean, tobera-mustra zala-ta, Baigorri'ra dei egin zioten bertsu egitera. Erretor etxeari urbil-urbila jardun zuen bertsotan. Leio ostetik begira zeuden erretor-bikarioai atsegin izan zitzaien bertsolariaren abotsa: Barnetxe zan erretor eta J.B. Etxegarai bikario. «Zer nahi den, bi aphezek galdegin zioten nahi zuenetz Baigorrin chantre sartu. Baietz, eta Jatsu alderat utzirik, Baigorrirat jin zen bere zapatain-tresnekin, eta emaztearekin».
Baigorri'n, beraz, 44 urtez xantregoa atxiki zuen. Ementxe jaio zitzaizkion iru aur ere, alaba bat eta bi seme. Ana, geroago Baiona'ra ezkondua; Frantzisko, Mokozain'darrakin Txile'ra joan eta 21 urtekin an illa; Juan Leon, Baiona'ko aduanan nausi, marranta tzar batek 25 urtekin itzalia, ta Baigorri'n eortzia. Arrezkeroz, dolu astunpean, illunik bizi izan zitzaigun Pierre. Alere, aurrera ari zan kantuz. P. Lafitte'k: «Nola utz, alabainan, hain maite zuen eliza chaharra? Eliza horrekin bat egin zen: hartan zituen errotik finkatuak bere orhoitzapen hunkigarri gehientsuak, haurren bathaio, komunione eta gaineratikoak; seme bat ere bazuen, hor, eliza horren itzalpean ehortzia». Azkenez, «bihotzeko eritasun batek ondarra inharrosirik», Baiona'ra aldatzea erabaki zuen, bere alaba ezkonduaren ondora. «Azken egunak griña iragan zituen: suhia gerlan zen lau urthe hartan. Piarres Ibarrarti etsigarri zitzaion hain luzaz bakarrik gelditzen hiru emazteen sustengu: alaba ta bi alabaso zituen bere geriza-pean. Hala iduri. Egia erran, heiek zuten maitemaiteki arthatzen eta sustatzen». 1917'eko uztailean il zitzaion, Baiona'n, bere emaztea. Eta bera ere, andik bi urtera, 1919-5-5'an, eraman zuen Jaunak, atsekabe gabeko argi-erreiñura.
KOBLARI ERNE. Illunbe omen gizonaren bizia, noizik bein kukuka bezela irri-parrak ñirñir egiñik ere. Ibarrart'ena, ziurki, orrelakoa izan zan, kantuz ta penaz iragana. Barne-giro au, ordea, oso egokia izan oi da bertsotan jarduteko. Urduri ta kezkaz josiak ditugu, geien bat, egiazko bertsolariak. Ez duenak ezin eman lezake, ta gizartean arnas berria piztu oi dutenak kezkaz zanpatuak ditugu geienik. Jatsutarrak gaztetatik zekarren ausaz bertsotarako zaletasuna. P. Lafitte'k: «Gazte-denboran bertsulari gisa abiatu zen besta, zintzarrots, toberatan. Hitza aise heldu zitzaion, pikoa aiseago, diotenaz. Ez zen ozar atrebitu hetarik: itsuskeria hastio zuen. Bainan ez uste izan horrengatik koblari idor samina zela: ez, hurbiltzekorik ere: jostakina zen, irri-gura; eta zaharrak orhoit dira haren atheraldi bakhar zonbaitez».
Bertsolarien izena, ta beren esan zorrotzak, ez dira errez aiztutzekoak. Gure erriak ez du azkar aantzi oi barrua maiz dardaraz jarri dion koblariaren gomuta. Orrez gaiñ sarri oi ditute gertaera apaiñak ere. Ona bat Ibarrart'i jazotakoa; P. Lafitte'k kontatzen digu, erriaren agotik artua: «Tobera batzuen karietara, Ibarrart ekar-arazi zuten Jatsutik Kanboko emazte bertsulari gazte baten lagun. Biek bertsutan behar zituzten "sujeten" ihakinak egin. Ibarrartek andrea bildu beharra zuen sei edo zazpigarren bertsuan. Zazpigarrena aspaldion emana zen, ba eta hamekagarrena ere, eta bertsularisak amor ez eman nahi, "komentuan sartuko dela, serora beharra dela" eta holako. Ibarrartek ez zakien nola athera atheka hortatik; bet-betan oharturik bertsularisak gerri nasaia zuela, edo norbaitek ohart-arazirik, huna non andreai kobla hau botatzen dion burutik behera:
»Komentuan sartzea zer chede saindua!
»Hoberena golkian daukazu, gaichoa!
»Hango borta hertsia da ontsa zaindua.
»Birazka han sartzeko nun duzu gogoa?
»Aldi hortan mututu omen zitzaion emaztekoa, jendea karkailaka irriz ari zelarik, ethendua!»
Txantre sartu zanez gero, etzan plazetan agertu: Barnetxe erretorrak galazi omen zion. Ala ere, «adixkideen artean, bazkaltierren alegeratzeko, ala bataio ala ezkontza egunetan, ari zen zonbait aldiz koblaka, arnoa lagun». Bere oskitegian ere atsegin zuen kantaka aritzea, zarrak eta bereak ber-esan eta abesturik.
BERTSO-LANA. Ibarrart'ek bere bertsorik gorenenak, «astiz eta asmuz, luma eskuan», etxean egiñak ditu, ez arnotegi, bigira ta aurki-leku bazterretan. P. Lafitte'k 18 kanta eman zizkigun, 899 bertso guztira, titulu auekin: «Eliza besta», «Artzaintsa mendian», «Aitak eman zerautan», «Itsua eta sastrea», «Michelengo zubia», «Mendigaineko Mariaren Baigorriko chantreari», «Libertatearen amodioa», « Eskualdunak», «Eskual-Herria eta Eskuara», «Aita zuhurra eta hirur semeak», «Udazkena», «Uso saretan hatzemana», «Aitaso baten solasak bere ilobaso chumeari», «Eskualdun soldadoak», «Ikhazkin mendian», «Negua», «Eztei ederrak Eskual-Herrian», «Orgogozo jaun-andreai 1899ko maiatzaren 30-ean».
Emeretzi urte zituen Donapaleo'n «Eliza besta» abestu zuenean. Zazpi koplakoa duzu olerki au, poliki moldatua. Eliz-jaia zan ospatzen, erriko zaindariaren eguna; eliztar guztiak daude zuri-gorritan jantzita, «bestalierrak» lerroka elizaraturik. Etxeko andreak baita bazkari ederra apailatzen ari ere. Bigarren koplak onela:
Xikiro beltz ederra bere adarrekin
Barda hil izan dugu irri ta farrekin:
Salto brikoka,
Buruaz joka
Atzo lagunekin:
Orai azpiki-saltsa badugu harekin...
Eta bigarrenak
Hau da arno gozoa, ezti ta azkarra,
Espainiatik jina, berenaz nafarra:
Basoak jorik
Ondo husturik
Dezagun ohora!
Zahagi tontor hori egun ez da sobra.
Zoragarri dugu goiz-giroa, ta are geiago egun argitzea mendi bizkarretik ikusia. Zer zorion! Amar kopla ditu «Artzaintsa mendian» deritzanak; onek azaltzen du mendi-gaiñak berekin duen poz-atsegiñaren ederra. Ona laugarrena:
Argi-hastean histu orduko artizarraren argia,
Nik ikusten dut iguzkiaren agertzen miragarria,
Bainan oraino ilhun dagozi zelhaiak eta herria;
Ohean dago ezin atzarriz hiritar gazte nagia;
Nola ezagut dezake handik hemengo neure loria?
«Libertatearen amodioa»-n, berriz, askatasuna abesten du:
Eskualdun garbi batek othe dauka deusik
Libertatea bezain gauza aberatsik.
Ez, ez, harentzat ez da deus hain baliosik
Zorion hortaz baizik ez baitu ametsik,
Hori gabe ez duke bizitze urusik.
Ez dakit, ala ere, gaur egia litzakenik bigarren aapaldiko esan au:
Munduko gaztelurik den ederrenean,
Lausengu, jan-edan on, guzien artean,
Eskualduna ez dauke han, bertzen menean,
Nahiago du izan librotasunean;
Mendian berak egin etchola batean.
Eta, jakiña, sariak ere eskuratu zituen olerki-batzaldietan. 1879'an, Donostiko Udalak eta Aldundiak elkarrekin eraturiko poesi-konkurtsora aurkeztu zuen Xinaurria eta Xoria, lapurtarrez ondutako alegia. Bederatzi kopla dira, bostekotan. Gaia Esopo'rena da, «Cicada et Formic» deritzana: Lafontain'ek La cigale et la Fourmi eta gure Samaniego'k -La cigarra y la hormiga beren izkuntzetan jarria. Lendik ere, euskeraz sarri erabillia duzu: Bizenta Mogel'ek «Txindurria eta txirriska», Iturriaga'k «Txitxarra eta txingurria» eta Goietxe'k «Ttirritta eta xinaurria». J. Manterola'k (Cancionero Vasco, 1880, 3 sailla, 106 orr.) iru izkuntzetan euskeraz, prantsesez eta gazteleraz argitaratu zigun.
Euskal jaiotan ere saria eraman zuen: 1881'an, Sara'n len saria (Ikhazkina mendian), 1884'an, Sara'n berriz ere, lenengo saria (Uso saretan hatzemana), 1893'an, Ustaritze'n, lenengo saria (Artzaintsa gazte baten bozkarioak), eta 1896'an, Kanbo'n, len saria (Aitaso baten solasak bere ilobaso chumeari).
Ezti ta doiñutsuak dira Ibarrart'en olerkiak, itz alperrikorik gabe. Ez dator gaizki, alan ere, Etxepare mirikuak dagian oar au: «Baditeke ez duten bihotzari min egiten atseginarekin edo beren argiaz lilluraturik uzten izpiritua; bainan hunkitzen gituzte gure gizontasunean, jende gehienak bide hortaz hatzemaiten dituztelarik. Irakurle hanitz baduke horrela Ibarrartek ttipietan, bierartekoetan, eta bertze hainbertze bederen adixkide».
Eder zitzaion bertso luzea: 7/6, 8/7 darabilzki geienik, zeatz landuta naiz erdiko etenez naiz azken berdin amaitzez.
(Ikus L'Avenir des Pyrénées, 1896-8-27'an; J. Manterola, Cancionero Vasco, 3 sailla, 106 orr.; Jean Etxepare, Buruxkak, 1910; J. Ithurriague, Un peuple qui chante, 64 orr.; P. Lafitte, Herria ta separata, 1948, ta Eusko Yakintza, 1948, 681 orr.; S. Onaindia, MEOE, 515 orr.; L. Villasante, HLV, 305 orr.; Col. Auñamendi, 53, Fantasia y Realidad, 1967; Auñamendi, Literatura, II, 233 orr.).