literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura I»
Santi Onaindia

Etor, 1972

 

10.— Frantzisko Xabier Maria Munibe eta Idiakez

Peñaflorida'ko Kondea

(1723-1785)

 

        Azkoiti'n jaio zan gizon argi au, 1723'an; aziera ona izan zuen umetatik, Espaiña'n eta Frantzia'n osoturik ikaste nagusiak. Bere erriko alkate izan zan, baita Espaiña'ko korteetan Foru-alduna ere. Egun aietan —eta noiz ez?— arriskuan zeuden Gipuzkoako foruak eta auek giputz-erriari ematen zizkioten eskubide ta legeera alde ausart baizen setati jokatu zuen Munibe'k, batez ere Madrid'eko Batzar-etxean.

        Ernai ta zolia zanez, edozertaz arduratu zitzaigun: bizitzarako jakite, elerti, arte-gai, nekazaritza, industri ta gaiñerako zer guztietzaz. Antsi ta kezkura bat zuen ark ere, larri min antzera: Euskalerria kulturaz jantzia ikusi nai zuen. Bere erria zan, eta aldatz-gora egiten zitzaion berau atzera ikustea. Ortarako, euskal erria eskolatzeko, laguntzailleak billatu bear. Eta bere errian, Azkoiti'n zeuzkan ezin obeak. Orduko oitura zanez, sarri eratzen zitun bigira, mintzaketa ta gau-batzarrak; zaldun ikasiak eta eliz-gizonak deitu oi zitun gisa ortako bilkuretara.

        Itz, asmo ta erabaki, ona baten sartu ta mamintzen asi zan euren artean Euskalerriaren egiazko adiskideen Alkarte bat. Eta or «Sociedad Bascongada de los Amigos del País» deritzan alkartea. Iru azkoitiar ziran beronen arnasa ta gurpil: Munibe, Altuna ta Egia. Etziran geroztik alperrikakoak gizaseme jator oien batzar eta lanak. Akademi bat sortu zuten bertatik, eta gaur edestia zuten mintza-gai, biar musika, etzi pisika ta etzidamu matematikak. Orrelaxe, azterketak-eta egiteko bear zituzten tresna bereziak erosirik, zientzi-ikastetxe eder bat eraiki zuten epe laburraren buruan; orrelaxe, baita, Europa'ko zientzi-aurrerakuntza guztietaz baliaturik, Euskalerriari, ekonomi aldetik bereziki, bultzada ikaragarria emango zien. Ortik erne zan geroxeago, Kondearen kemenez, Bergara'ko Mintegi ospetsua. Kimika ta metalurji-gaiak ementxe erakutsi ziran Espaiña osoan lenengoz.

        Gizon jakitun erri-zale auen lana etzan lendabizi ondo ikusia izan. Aita Jose F. Isla'k (1703-1781), irri-mirrika alegia, «Azkoitiko Zalduntxoak» deitu zien, eta M. Menéndez y Pelayo'k (1856-1912) geroago, siñiste-ausle edo heterodoxuen artean sartu zitun. Baiña, J. Urkixo'k argi ta garbi utzi zuenez, Europa'ko jakite-aurrerapenez jabeturik ere, etziran iñundik garai artako filosofuen gogai ta pentsakera okerrez kutsutu. Larramendi'k, antza, zaldun gogo-landu auek zitun gogotan jazoera au edesten digunean: bein mezatan zeudela, meza laguntzailleak zeregin bat betetzen joan bearra izan zuen; an zegoen zaldunetariko bat urreratu zan meza erasteko asmuz, baiña ezin zion erantzun meza ematen ziarduanari. Ba-dator sakristaua, ta kinka onetan gauza ikusiaz, diotsa: «Munduko berriketa guziak ba-dakizkizu, eta Meza laguntzen ez?» (Corografía, 1882, 27 orr.).

        Esanak esan, Alkarte aurreralari onen len-aroa (1764-1785) arnas aundikoa izan zan. Munibe'k etzuen iñoiz utzi bere sorterria. Ta azkenik bertan il zan, 1785-1-13'an.

 

BERE EUSKAL LANAK.— Naiz-ta, euskal adiskideen alkargokoen elburu beiñena euskera arloa ez izan, Euskalerriari zegokion beste milla gauza baizik, zalduntxoak alere etzuten utsean euki gure izkuntza arazoa. Oni begira ere ba-dituzte beren saioak. Aurren-aurrenik, Alkarte orren irasleak berak idatzi zizkigun: 1) Opera bi, izki ta musika, bata prantsesetik itzulia ta bestea jatorra, euskal-gaiez egiña; eta, 2) Gabon-sariak.

        Bere lanik ospetsuenak au du izenburu: El Borracho burlado (Bergara, 1764). Azkoiti'n bertan antzeztu zan, itxura danez, lenengotan; eta gero, 1764'an, Bergara'n, Murua sendiaren jauregian, San Martin Agirre donetu zuteneko jaiak zirala-ta. Felix M. Samaniego Yurreamendi, arabar ipuilaria, Pedro Balentin Mugartegi markiñarra, egillea bera ta beste zalduntxo batzuk ziran antzelari, komediante. Kondeak irakatsi zien besteai nola bete bear zuen bakoitzak bere papera.

        Kantuak eta olako zati batzuk euskeraz dauzka, euskera bizi ernegarrian; erderaz gaiñeratikoa. Munibe'ren len-asmoa, alere, euskera utsez egitea zan. Zergatik aldatu ote zan iritzian?

        Berberak dio sarreran: «Nire lenengo asmoa opera guzti au euskeraz ematea zan; baiña gero oztopo jarri zaidan zein euskalgitan egin. Azkoiti'koan ba'nengian, etzitzaien eder izango, Prantzia'ko mugalderaiñoko guztiai, Goi-erriko euskerari dioten nazkagatik; eta Tolosa, Ernani, Donosti ta inguruko izkera ba'nerabillen, irrigarri utziko nitun antzelariak, zailla izango bait-zan guztiak ari ondo erantzutea. Auxegaitik, ba, kantatua jarri nuen euskeraz, ta antzetua erderaz».

        Txit erreza da opera au oretzen duen gaia; egilleak asmatua, noski, itzaurrean aitortzen digunez. Erri-giro bikaiña du gunean. Antzezlariak ere erritik jasoak, garai artako kutsuz naasiak: «Txanton Garrote», «Maritxu», «Martintxu Zapaterua», «Diego Zaldun baten etxezaiña» ta beste. Oar ongi: irri-opera au dugu arabar Barrutia'renaren ondoren, euskal literaturako bigarren teatru lana. Pastoralak eta kendu ezkero, jakiña.

        Edozein alderditik begiratuta, aundi dugu Peñaflorida kondea. Ona ari ateza ta aren egitsariak biltzen ditun olerki bat; J. de Y.'k dionez, Paulo Astarloa durengarrarena —zalduna au ere— omen da. Izakur:

        «Nola gerrari pozez/ neban besarkatu/ zortziko polit bigun/ zeustana bialdu/ eta gerozti soñu/ martiz bat auturik/kanta ta kanta nago/ zisne biurturik.

        »Ain gozo, ain ezti da/ ain andikitu da ze/ ezin aita izan leike/ atxloratuz beste./ Au dogu euskaldunok/ seme ta guraso,/ onek deusku euskera/ auspastuba jaso.

        »Atxloratu eder au/ menderen mendian/ eztedilla aiarzatu/ guztien onian./ Eldu zakidaz maite/ gutar zarianak/, erregu egin daigun/ entzun gaizan Jaunak.

        »Atx eder orretarako/ egi zabaletan/ zabilzan gazteeria/ aga-arri onetan/ baturik alkarregaz/ eska egizubee/ zerubak degizula/ aita on au gorde.

        »Lelengo euskal gozo/ zortziko eztietan/ zenbat seme geunkazan/ itxas-gizonetan/ ixpillu baten legez/ eutzun erakutsi/ martiz bide martitza/ zengian ikasi.

        »Gau ta egun lanian/ otzune bagarik/ zuben onian dago/ beria azturik;/ semetzatu ondu zan/ ta nola aita on/ gaur deutzu erakusten/ gidatzat Crillon.

        »Jarrai zakioz gizon/ gerrari oneri/ guztiok eraldi au/ aztu baga iñori,/ euki daiguzan nosbat/ ainbat Crillon gugan/ zenbat zaldun doguzan/ irurak bategan.

        »Agur, enaz geiago;/ agindu nagizu;/ beti zeuria beti/ nazana bakizu./ Durango'n gerrariyan/ illen seigarrena/ urte lauretan ogei/ bigarren doguna».

        Nor dugu Astarloa'k olerki ontan aipatzen duen Crillon? Crillon dukea, noski, prantses-espaiñar guda-ontzidiaz inglesak zeukaten Mahon uria, 1782'an, artu zuena. Munibe arri biurturik gelditu omen zan aren adorea ikusirik, eta gero, errege-agintariak eta erriak berak egin zioten arrera boizti ots aundikoa jakiñaz.

        Oar oraindik. Errez somatzen da olezki ontan alako kezka bat, Alkarte aren kezka dudarik gabe. Astarloa'k Atxloratu itzultzen du Peñaflorida. Ta martitz (marcial), mende (siglo), aizartu (marchitar), egi (dehesa), aga-arria (pasto), eraldia (época), irurak-bat (sociedad), gerrayen illa (marzo), ta abaz darabizki, euskera garbian idatzi nairik. Eta kezka zerabillen Alkarteko adiskideak, eta 1781'ko iraillean Bibao'n euki zuten batzarrak iztegi bat egiteko erabakia artu zunean, «arduraz ibilli ziteztela» —agindu zuen— antolatuko zan iztegian euskail itz utsa etzanik ez sartzeko.

 

GABON-SARIAK.— Izen osoa: Gavon-sariac edo aurtengo gavonetan Ascoytico eleiza nagusian cantutuco diran Gavon-cantac edo otsaldiac (Azkoiti, 1762). 36 orrialde. Miserikordiako Luisa'k izenpetzen du; lan au egiteko lagundu diote, doiñuetarako Martin Beltz batek eta musikarako Melor eta Lauzentzi Dantxaria maixuak. Bilbao'ko Misericordia'ko Ama Birjiña Bakartadekoari eskeiñita dago. (Ikus Euskalerria, VIII, 406). Azkoiti'ko Miserikordia etxean argitaratu zan liburuxka au. Iru zati ditu artzai opereta antzeko onek, bakoitzak bi edo iru kanta ditularik. Izkera errez jorian egiñak daude: Bergili'ren laugarren egloga dakarkigute gogora.

        Nor ote dugu, ordea, liburu onen egillea? Aita Arana'k dio, bere ustez, Azkoiti'ko Miserikordian bizi zan emakume batek egiñak dirala, ots, Miserikordia'ko Luisak. Litekena da, XV'garren gizaldian eta aurretik ere bai, emakume bertsolari bikaiñak ba-genuzen Euskalerrian, era gerora ere, bertsolari-erostari aietakoak XIX'garren azkeneraiño ezagutu izan dira gurean.

        Jose Manteroldren ustez, ordea, Miserikordia'ko Luisa ori Peñaflorida kondearen izen-ordea besterik ezta. M. Lekuona'k, bestalde, A. Larramendi'ren eskua dakusa kantutegi ontan. Nik ere, Milla euskal Olerki eder idaztean, edo antolatzean, nere aletxoa jarri nuen kanta aueri buruz; Maria Luisa lekaimea egin nuen abesti oien egille, Azkoiti'ko Erruki-Etxean monja zegoena nunbait. Gaur ez daukat esku artean datu oiek jaso nitun idatzia, baiña auxe daitort leialki: nik jarriak ez dirala, nunbait bilduak baizik. Orduko serorai ere padar, lekaime, monja deitzen zien (Ikus Larramendi, Corografía, 115 orr., eta A. Seberino Agirrebeitia, Nuestra Señora de Andicona en Berriz, 123 orrialde).

        Pizkaka, baiña, agertuz dijoaz gauzak. Ikusiko dugunez, J.I. Telletxea'k, 1966'an, Gernika'ko Gabon kanta bat ager-azi zigun, Sebastian A. Gandara'k M. Larramendi'ri bialdutakoa; onek ere, bere aldetik, beste kanta sorta bat igorra zion, eskutitz batekin. Aita Larramendi'k eskutitz ortan dio norenak diran Gabon-sari oien letra ta musika. «Irakurri ditut Gabon kantak —diotsa Gandara'ri—... Ordaiña bialtzen dizut Azkoitian aurten kantatu diranak, musika kilikorra batean, Peñaflorida'ko Kondeak egin dituenak, eta berak musikan paratu dituenak» (BAP, 1966, 2, 162 orr.).

        Beraz, amazortzigarren mendean oitura zanez, 1762'an, Azkoiti'n irarri ta kantatu ziran Gabon-sariak ba-dakigu nor duten egille: Munibe'ko Xabier M. jauna, Euskalerriko Adiskideen Alkartea sortu zuena.

 

        (Ikus, Peñaflorida, RIEV, 1907, 382 orr. eta 1930, 317 orr.; J. Urkixo, RIEV, 1925, 551 orr. eta 1926, 565 orr.; J. Vinson, Essai Bibl. Basque, 98; S. Onaindia, MEOE, 243 ta 251 orr.; M. Lekuona, «Egan», 1956, 31 orr.; L. Mitxelena, HLV, 105 orr.; L. Villasante, HLV, 121 orr.; J. Iriarte, BAP, 1966, 191 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 264).

 

Bilaketa