54. Sebastian Salaberria
(1915-....)
Idazleak gaia bear izaten du. Salaberria'k, berriz, berak bizi izanetik naiko gai digu eleberri jakingarria osatzeko, «Neronek tiratu nizkin»-a osatzeko noski. Merezi duelako, zuzen bekit beratzaz zerbait luzatzea.
Oiartzun'en munduratu zan 1915-12-26'an, gabeko amabietan, Elbitxuri izeneko baserrian. Zortziren bat ilabeteko zala, Errenderi'ko «Sagasti» baserrira aldatu zan sendia. «La Fandería» pentsu-fabrika ezagun duzu, eta emendik eskubi aldera, Astigarraga'ko bentara bidean dago Sagasti.
Gaur morroi ta biar maizter ibilli bearra izan zuten Salaberria familikoak. Sebastian bein, Donosti'ko gas-fabrikan egokitu zan. Bertso-griña ere antxe sortu zitzaion, berak amazazpi urte zituala, Basarri txapeldun gelditu zanean Kursaal'en ospatu zan bertsolarien jaialdian batez ere.
Atsegin zaizkion jaiak, Iruña'ko San Fermiñak baitik bat. Berak onela: «1936-garren urteko uztaillaren 6-an, atera giñan Ayetetik nere lagun Pedro ta ni bizikletan, arratsaldeko lauetan, Pamplona-ko San Fermin festetara». Amarretan lez iritxi ziran Iruña'ra, eta ostaturik eza, tiroak, zezenak... Eta azkenez, «baratxuri aundi bana artu ta aek lepotik zintzilik zituztela, Donosti-ra berriz ere bizikletan. Andik amar bat egunera Espaiña'ko gerraren asikeran, zalaparta ugari Donostia ta inguruetan».
Gorriak ikus zituzten agorraren amabian. Lanari lotua zebillela, ura zan «ango ixkamilla eta jendearen zoramena! Danak, koltxoiak eta arrapatzen zituzten etxeko tresnak arturik, arrantzaleen baporetan sartu eta al zan guztia bazijoan Bilbao aldera». Berak Donostia'n jarraitu zuen oindio, baiña soldadu joan bearra izan zuen eta beste gazte askorekin Iruña'ra joan zan eta an, parra ta beldur, instruzioa ikasi zigun aurrena ta gero frentera, Araba ta Bizkaiko mugan dagoen Legutiano'ra. «Villarreal aldeko mendietara dio eraman ginduzten, eta, mendialde aietan genbiltzala, tokatu zan Aste Santua ere. Oroitzen naiz Ostiral Santu egunez nola gure agintariak esan ziguten egun artan fusilla bera begira ibiltzeko. Ala ibilli giñan egun guztian, eta ez genduan tiro bat bakarrik ere iñun entzun».
Oso tristea iruditu zitzaion Sebastian'i guda nazkagarri ura. «Auxon dio izango ukek munduan izan leiken gauzik tristeena, sekulan ezer izan ez degun anaiak alkarri tiroka batak bestea iltzea!» Andik Otxandio'ra ta Urkiola'ra. Eta Gorbea Txiki'ra, eta Gorbea-Aundi'ra, Dima, Igorre... Piñadi baten lerkiz zauritua Gazteiz'ko eritegira daramate, eta Iruña'ra, luzaroan gaixorik egiñaz. Bitartean jausi zan Bilbao... Zer guztiok edesten dizkigu berak «Neronek tirako nizkin» liburuan. Berez bezela dijoakio luma, berak ikusi, sentidu ta bizi izanak kontatuz.
Liburua argitaratu baino leen, 1964'an, bere bizitzako gertaera ta zeaztasunekin osaturiko idatzi bat aurkeztu zuen Donostia'ko «Agora» eleberri-sariketan eta berak jaso zigun urte artako «Gipuzkoa» nobela-argia.
L. Mitxelena'k liburu au goratuz onela: «Itz bitan esana dago non datzan Neronek tiratu nizkin-en gozoa eta indarra. Gure artean eunka eta millaka ditugun erriko gizon apal orietako bat mintzatzen zaigu Sebastian Salaberria'ren aoz, gizon argia, ez ikasiegia eta ez ezjakiña. Orrexek kontatzen dizkigu, argi eta bizi, bere bizitzako gertaerak eta gora beherak, Oiartzun'go jaiotetxetik asi eta azken gerrateko ezbearrak eta naigabeak burutu arte. Irakurgai erraza eta atsegiña au, iñon errazik eta atsegiñik baldin bada, eta batez ere bizia dariona. Eleberriak lekuko izan bear duela diotenak badira, besterik baino lehenago. Dena dela, lekukoak ere bear dira, gutxienez, eta nekez arkituko dugu onelako lekukotasun eta testigutza zintzoagorik» (Egan, 1966, 1-6, 173 orr.).
(Ikus J. San Martin, Escritores euskéricos, 154 orr.; L. Mitxelena, Egan, 1964, 1-6, 173 orr.; A. Zabala, Auspoa, 1964, 38 zenbakia; Auñamendi, Literatura, IV, 285 orr.).