literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura VI»
Santi Onaindia

Etor, 1990

 

31.— Estanislao Urruzola eta Bitoria, «Uxola»

(1909-....)

 

        Gizaseme griñatsu ta ziri-mara; abertzale aundi ta euskal idazle aspergaitz, teatru-zelaian batez ere. Eusko Jaurlaritza'ko Kultura Saillak (1983) ateratako «Antzerti» aldizkarian berak mugatzen digu bere bizitza urduri ta langillea. Ortik artuak dira emengo ontan doazan zeaztasunik geienak.

        Urruzola —«Uxola»— 1909-11-13'an jaio zan, Tolosa'n. Komertzio ikaskekak egin zituen bertan Eskolapioetan, eta 15 urte zituala, etxekoak diruz urri zebiltzala-ta, lanean asi idazkola baten. Baita laister asi zan atzilo giroaz jabetzen ere: bein Baztan'dik Zudaire'ra bitarteko mendietatik zebillela, muga ondoko zaiñak oratu ta ainbat galdera egin zizkioten; Bilbo'ko «Excelsior» egunkariak ere zarata pizkat atera zuen gertakizun haretaz.

        Gazterik egin zan (1929) jelkide eta Errepublika garaian abertzale lanari ekin zion gartsuki. Guda sortu zanean (1936), Illarrazu'n gertatu zan gudari eta, Tolosa naparrak artu zutenean, Loiola'ko Gudarozte Etxera joan zan, Beizama, Mendizorrotz-Oriamendi, Ernio, Elgoibar'ko San Migel Gañean eta... ibillirik. Gero, Elgeta, Basalgo, Legutiano ta beste zenbait menditan zorroztu zituen ortz eta atzamarrak... Elosu, Nafarrete, Igorre, Artxanda, San Roke eta Laredo... Emen erori zan etsaien eskuetan, «Itxarkundia»-ko bere lagunekin.

        Ondoren, arat-onat, gorriak ikusi zituen giltzaperik giltzape eta zigor-zelairik zigor-zelai, Miranda-n, Bilbao'ko Eskolapioetan, Larrinaga-n, Puerto de Santa Maria-n, Madrid'eko Yeserias'en eta Valladolid'eko espetxe probintzialean. 1946'an Huarte-Arakil'erako bidean lotu, Tolosa'n makillatu ta Donostia'ko Ondarreta baitegian sartu zuten. Azkenez, bizitzen ere ez ziotela uzten-eta, atzerrira joanik (1947), an erre zituen amabi urte, Brusela'en eta abar, ixilpeko sindikalgintzan lan egiñik eta Nazio-arteko Kristau-sindikalisten Batzarrean (1966) euskaldun sindikalisten ordezkari izanik. Aberriratu zanean, berriz atzilotu zuten laister (1968) Ernani'n, sei illabeteko itzalpe-zigorra ezarririk. Geroztik ere sarritan izan ditu polizikoen «ikertaldiak».

 

        EUSKAL IDAZLE.— Uxola'k, aberri-barrutian ez-ezik, euskal literaturan ere bere lan bikaiña osatu du. Guda aurretik asi zan idazten «Euzkadi»-n eta «Argia»-n. Tirots artean zebillela, Bilbo'ko «Eguna»-ra igorri oi zituen izpar eta lanak. Gerra ondoren, eta atzerri zearkako egunetan batez ere, ainbat lan agertu zituen «Euzko-Gogoa»-n eta «Egan»-en. Geroz, «Zeruko Argia»-n, «Goiz-Argi»-n, «Olerti»-n, «Agur»-en eta abar idatzi digu. Berdin «Lan-Deya», «Gudari», «El Diario Vasco», «Redención», «La Voz» eta olakoetan. Luma emankorra bene-benetan. Ezin dezakegu uka, bertso, ipui, eleberri ta antzerki, «oparo erne» dira Uxola'ren lan-saillak.

        Bizitoki zeatz gabe, luzaroan, andik ona billita ere, idazteari ekin zion. Ikasbide ederra guztiontzat. Garai artan euskeratu zizkigun Georges Simenon belgarraren «Le dependu Saint Pholis» (Lieja'ko urkatua), Edgar Wallace'ren «Iron-Greep» (Burni-atzapar), Andreiev'en ipuiak, Andersen'enak eta Dickens'enak. Eta beste batzuk.

        Baiña teatrua izan du gogokoen. Eta lan izugarria egin digu orretan. Berak eskintzen digu orain arte (1977) osatu dituen antzerki-lanen zerrenda, 49 lan noski. Batzuk, geienak, berak bere kasa sortuak dira; beste batzuk, euskeratuak.

        Jatorrak: «Lengusu amerikanoa», «Gurutz ori nere bizkarrean», «Biotz zekenak», «Pernando Amezketarra», «Biok... Jeolimo, alajaña» (antzeztua), «Eskalearen Eguberria», «Neronek galdu nuen nere alaba», «Indarraren legea» (antzeztua), «Larreborda» (antzeztua), «Eskergaiztokoa», «Askatasun garratza» (antzeztua), «Buzokiko bost ziran» (antzeztua), «Ezkontzeko deia» (antzeztua), «Sor Gurutze» (antzeztua), «Espetxeratua 2.000» (antzeztua), «Odol urdiñekoak» (antzeztua), «Eskolari piper» (antzeztua), «Iñakitxo'ren altxorra» (antzeztua), «Itzulera» (antzeztua), «Billaua bainan billauagoa» (antzeztua), «Barkapena», «Iñauterietan», «Gorrotoaren emaitza», «Untzabe'ko kimu-berriak», «Kontuz Dalila'ren», «Begi ta biotz gabeko aragi multzoa», «Yolanda», «On egiteagatik irakasle» (antzeztua), «Lapur eta maltzur» (antzeztua), «Lau lore erregin batentzat» (antzeztua), «Ikastolaren aurrean pastel bat», «Marrubiak», «Aitor'en altxorra», «Ekintza: Polonia» (1), «Mamuxka» (2), «Euskal mendien ezkontza», «Perretxiku batzaldia», «Beltza, oa askatasunean», «Andragai bat Arregi baserriko», «Salkindaria».

        Euskeratuak: «Andra Txintxarri», «Zaldiko-maldiko biurria», «Illik dagoen Amal'i», «Zaldilaria», «Pigmalion», «Tipuliñen arrapaketa», «Mimintz'en ikasketak», «Lixuontzia», «Legegizon baten estuasunak».

        Zerk eragin ote zion Uxola'ri antzerkiak idazteko? Berak onela: «Asieran eleberrigintzari ekin ba'nion ere, antzerkiagana itzuli nintzan gero. Eleberriak argitaratzea baiño antzerkiak antzokietan agertzea errezago dala ba-dakigu, eta gure izkuntzarentzat ongarriago ere bai». Ortara, berriz, zerk? «Ene abertzaletasuna —dio— izan da neretzat ezten eragillerik zorrotzena. Abertzaletasuna nigan nabaitu nuenean asi nintzan euskeraz idazten, izkuntzarik gabe ez bai da erririk». Auxe berau esaten zigun Orixe'k ere. Beraz, badakigu.

        Saririk? 1956'an. urtera arte lakaripeko lanean ari omen zan, baiña urte orretan «Año Jubilar» iragarri zuten Arantzazu'n, eta ango sariketan leen-saria berak eraman zuen «Zotaletxeko Artzaiarekin». Olerkari ugari ere bai dugu-ta, bigarren saria jaso zuen 1964'an Donostia'ko Euskal Jaietan. Geroztik, ipuiak eta aur-antzerkiak, bereak noski, sarituak izan ziran Zarautz'en, Errenderi'n, Bilbo'n...

        Polizi-nobela bi ere ba-dauzka: 1) Xixorien gertaera, sariketa baten aipamen berezia lortu zuena, eta 2) Pelotariak, Oesteko nobela. Oraindik ere ez dago geldi: bera da Euskerazaintza'ren idazkari.

 

        (Ikus J. San Martin, Escritores euskéricos, 1968, 165 orr., eta Apéndice, 1969, 39 orr.; Auñamendi, Literatura, IV, 166 orr.; J. Bilbao, Bibliografia, VIII, 118 orr.).

 

Bilaketa