2. Pedro Antonio Añibarro
(1748-1830)
Idazle bakoitzaren mende inguru ta giroa, nolakoa izan zitzaigun jakitea bidezko da beti ere. Pitin bat barren-azi ezkeroz, guztiok dugu len eta orain, inguru ta giro ortan zer ikasi berezi ta bedegarra. Aita Añibarro'ren egun aietan ere, urrutiegi joan gaberikan, arnas apartekoa zuen aize batek putz zegian euskal ibarrean. Gorago ere esana utzi dugu: eliz-gizonak baita zerbaitez eskolatu nai ziran erri-gizon guztiak ere erderaz jazten genduan geure gogoa, ots, erdel liburuak, erdel irakasleak, erdel ereduz azi ta eziak izan gara. Ta ortik, alperrik ukatuko dugu, idazleok ezin erantzi naizta ere erdel kutsu orren sunda bakana. Ta auxe dugu, ain zuzen, Larramendi'k eta larramenditarrak astindu ta usterle nekarazle antzo jaurti nai zutena; garai artako idazle ta predikaririk geienak, kezka orrek eraginda zebiltzanik ezin dugu ukatu.
Orixegatik errazoia du A. Villasante'k onela daragoionean: «Erdal kutsu ori dala-ta, etzaie beti gure idazle zarroi merezi duten estimua gorde izan. Erdal joskera edo tajua dutela, erderakada asko sartzen dituztela, erdal kutsua alde orotatik dariotela, eta eztakit nik zeinbat akats egotzi zaizkien. Eztut nik esango akats oetatik anitz egizkoak eztiranik, baiña guztiarekin ere idazleok ezin esan alako mesede egin diote euskerari, eta badegu eurengandik zer-ikasirik asko. Euskeraren una ta uriña edoski ta beretu nai dunarentzat, ezin utziak dira».
Euskal idazle-talde ederra sortu zan Larramendi'ren giro goxoak esnatuta. Ordukoak dituzu, iñolaz ese: Mendiburu, Kardaberatz, Ubillos, Añibarro, Mogeldarrak, Prai Bartolome, Astarloa, Gerriko, Zabala, Asteasu'ko Agirre, Jose Krutz Etxeberria, Iztueta ta besteak. Zailla zan gizaldi artako loa iñarraustea, izugarria zan-eta euskaldun askok beren izkuntzaz zuten ardurarik eza. Baiña ausart kementsu zan andoaindarra, eta gainditu eziñak ziruditen eragozpenak poliki azpiratu zituzten berak eta bere jarraitzailleak. Oetakoa dugu Aita Añibarro, Larramendi'ri ao betez «euskaldun guztien Maisu» deitzen ziona.
BIZI-XEETASUNAK. Arratiarra dugu Añibarro, 1748-12-5'an Aseatza (Billaro) bizkaitar erri liraiñean jaioa. Gurasoak: aita, Antonio Zeanurikoa; ama, Maria Antonia, bilbotarra. 1754-11-26'an artu zuen sendatza sakramentua. 1764-8-22'an praille sartu zan, Bilbao'ko San Frantzisko komentuan, itxura danez. Emen osotu zitun eliz-ikaskizunak; azkenengoak bear bada Arantzazu'n. 1772-12-19'an mezako egin zan, eta urrengo urtean asita, Arantzazu'n bertan, Liburu santuetarako gert-arauak azaldu bide zituen. Emen ezagutu zuen Aita Ubillos. Ondoren, Aita frantziskotarrak Burgos'eko Frias erritxoan daukaten lekaretxeko nagusi izan zan.
Berrogeta bi urteko zala 1790'an Zarautz'eko Mixiolari Kolejiorako eskatu zuen, eta ementxe, «bakartadeko bizitza ixilla, latza, beartsua, lanari lotua» egin zigun 40 urtetan. Prantziskotarrak, izan ere, ementxe daukate, ondartza egalean, antziñako komentu bat, mixiolari mintegi jorra. Orixe'k onela: «Zarautz'en badugu komentu bat Euskalerria'ren eta euskeraren alde lan poliki egin diguna. Añibarro bizkaitarra, arratiarra izanik, beste euskalkiak ikasten ere alegina egin zuen». Aita Ubillos etzan Zarautz'en iñoiz bizi izan, baiña Añibarrok lan sendoa egin zuenik ezin ukatu, komentu barruan eta komentutik atera. Zeinbat idatzi zizkigun! Iztegi eder bat oien artean, eta ortarako bere mixio-lanetan or-emen billatzen zitun itz egoki ta esaera politak, iztegi berberaren sarreran dioanez, komentuko egonaldietan eiotu oi zitun gero, iztegia oso ta beteagoa egin nairik.
1794'an Frantzia ta Espaiña arteko gudu zalaparta piztu zitzaigun, baita prantsesak egun gutxiren buruan Gipuzkoa osoaz jabetu ere. Zarautz'eko komentuan, beste erri askotan legez, «lapurtu ala lapurtu, eta elizan irudi ta aitortegiak erre ondoren, eliza bera ardandegi ta bildegitzat» artu omen zuten. Aita Añibarro ta beste bi praille, katibu, Baiona'ra eraman zituzten. Laster, ala ere, pakezkoak egin eta berriz itzuli ziran beren komentuetara. 1808'tik 1814'ra izkimizki berriak Frantzia'rekin, ots, Espaiña'ko Askatasun gudua. Naste ta burrukaldi oietan ere gorriak ikusi bear izan zituzten komentuetako prailleak; baiña, zori onez, 1814'gnko maiatzean, guda amaitu ta berriro bildu ziran Zarautz'en, sei urtez sakabanatuta ibilli ziran frantziskotar prailleak. 1830'n il zan A. Añibarro.
IDAZLANAK. Amasei-amazazpi libururaiño utzi zizkigun A. Añibarro'k idatzita; batzuk argitaltzeke, beste batzuk argitara emanik; batzuk euskeraz, beste batzuk erderaz; erderazkoak, auek euskera darabilte gai, aiek ez. Emen dauzkazu, jarraian, batzuk eta bestetzuk.
a) Euskerazkoak:
1) Cristau-Doctriña, ceñetan eracusten baitire gure Fede Sanduco gauzarik bearrenac, aita Astetec erderaz, eta orai Nafarroaco euscaran izarrac adirazten duena erantsiric (Iruña, urterik gabe); Josep Rada'ren etxean.
2) Escu liburua, eta berean eguneango cristiñau-cereguiñac (Tolosa, 1802); Fr. La Lama'ren irarkolan. 152 bat orrialde. Auxe dugu Añibarro'ren lanik ezagunena ta erriak beti maite izan duena. Egillea bizi zalarik iru aldiz argitaratu zan, eta gerora sarri ere sarri. Azkue'k 102 aldiz aipatzen du Añibarro, Esku liburua batez ere. XIX'garren mende azkeneruntz, gaiñera, meza-lliburu txiki bat agertu zan, titulu onekin: «Añibarrok eta Mogelek Bizkaiko euskeraz egiñiko Meza-entzukera bi» (Bilbao, 1898).
3) Misioco canta santuac (Donosti, 1803). Kanta sorta da, idazpuruak dionez.
4) Lora Sorta espirituala, ta propositu santuac vicitza barri bat eguiteco Aita Palacios misionariac Misiño ondoan emoten cituanac (Tolosa, 1803); La Lama'ren etxean. 196 orrialde. Oñati'ko semea zan A. Frantzisko Antonio Palacios (1727-1804), Zarautz'eko mixiolariak erderaz idatzi zuen Ramillete Espiritual'a dugu A. Añibarro'k euskeraz ipiñi ta geigarri askoz orniduta, argitara ziguna. Azkue'k berriz argitarau zuen liburutxo au, «Euskalzale»-ren moldagintzan (Bilbao, 1897). Bizkaieraz dago, ta Orixe'k eta Altube'k, Esku liburua baiño motelagotzat daukate.
5) Gurutze santuaren, Aita Gure ta Ave Marien ganeco Eracusaldiac (Durango, 1897). Erakusaldiok, Añibarro'k Misionari Euscalduna izenpurupean argitaratzeko utzi zigun mixio-itzaldizko bi ale aundien lenengoetan datoz.
6) Gueroco Guero, bizkaieraz. Axular'en bigarren argitaralditik ekin zion orpoz orpo. Lan au, bukatuta utzi zuen arren, ezta osorik argitara eman egundo ere. RIEV aldizkariak 1923'an asita atera zitun apur batzuk. Intxauspe'k 1864'an bezela, onek ere, gordin xamar zerizkion zatiak moztu egin zituen.
7) Misionari euscalduna, cristiñau dotriña ta Sermoiac Bizcaierrietan iracasten. Bi liburu aundi, eskuz idatzita. L. Villasante'k dio: «Añibarrok berak Mixioetan predikatzen zituan Dotriña eta Sermoiak daude obra onetan, txukun, txit ordenaturik eta orrazturik, moldera emateko lain».
8) Nequea arinduric. Jesus eta Mariaren nekeai dagozkien amabost gogaketa. Argitaratu gabe.
9) Lau Evangelioac batera alcarturic. Lamy'ren alkar-jote edo konkordia, bizkaieraz ipiñita. Ez da iñoiz argitaratu.
10) Artzai-Adibideac. Frantzisko Valero, Toledo'ko artzobispoaren Artzai-gutuna euskeraz. Ona zergatik itzultzen duen: «fededun geienak dauken itsutasuna, jakineza ta ezaguera gitxia» ikaragarria zalako, eta karta au jakituri aundiz osoturik dagolako. Bizkaieraz.
11) San Iñacio Loyolacoaren Gogo-jardunac. Zarautz'eko kronikak diñonez, euskerara itzulia. Ba-ditu oraindik beste lan batzuk ere.
b) Erderazkoak:
12) Voces bascongadas diferenciales de Bizcaya, Guipúzcoa y Navarra... para uso y alivio de Párrocos y Predicadores bascongadas. A. Villasante'k: «Erdera-euskera gisako iztegi baten erara tajutua; 461 orrialde ditu guztian. Azkue jaunak berea egiterakoan, iztegi au arakatu ta aztertu zuan, eta maiz aipatu ere egiten du; ms-Zar jartzen duan guztietan, alegia. Eztegu, uste, ala ere, urre guztiak ustuko zizkionik. Balio aundienekotzat jotzen degu A. Añibarroren lan au. Larramendi'k itz asmatu asko dakarzkin bitartean, Añibarroren itzak jatorrak dira beti, erritik jasoak».
13) Gramática Bascongada. Esku idatzia. Loiola'n dago gaur. Aditza aztertzen du bereziki, bizkaieraz, gipuzkeraz eta naparreraz. Gaiñera f letraren aldekoa agertzen zaigu; kendu egin bear zala esaten zigun Mogel'en aurka, alegia. Ezagun zitun orduko Harriet'en Gramatika ta Mogel'en Peru Abarka, biogandik jasotako itzak bait dakarzki.
14) Manuscritos del R.P. Añibarro. Catálogo de voces bascongadas.
15) Noticia de la M. Corazón de María, escrita por su confesor Fr. Pedro de Añibarro. Esku-idatzia. A. Añibarro, emendik dakigunez, arima zuzendari nekegaitza izan zitzaigun.
16) Libro de Becerro o Noticias del Colegio de Zarauz. Komentu artako jazo-izparrik jakingarrienez ornidurik.
17) Obras Misceláneas. Euskeraz ta erderaz zatitxoak, «oar jakingarri, sermoi-gai, irakurtza askoren iragarpenak», ipuitxo ta jazoerak.
Asko argitara gabe, damuz! Zer zala-ta? Sasoi artan Euskalerriak gorri-beltzik ikusi zigun, arnas-artze estua eramanez. Geroago dizdiz egin zuen gaur bizi-xamar dakusgun ekonomi sena. Orrez gaiñ, A. Añibarro ilda gero, 1835'an, praille guztiak bota zituzten beren komentuetatik. Giro txarra, beraz, liburuak argitaratzeko.
Gaur ere makiña bat esku-idatzi bada arrasa-bazterretan, Mekenas edo esku maitekor baten zain. Euskaldunok, orraitio, liburuak ateratzeko baiño gurago dugu dirua jan-edan eta jolas-jokuetarako. Zantzu gaiztoa!
IDAZTANKERA. Añibarrok merezi du irakurtzea. Arrobi eder dira beronen lanak; euskera susterrez ezi nai duen euskal idazlariarentzat badu urre-pitxirik aditz-joku, itz-era, esakun eta iztegian. Joskeran apika izango ditu akatsak, gure aurretiko idazleak ortan zabar bait-zebiltzan. «Gaiñerakoan A. Villasante'k aitortzen ezta dudarik, txit estimagarri ta aintzat artzekoak dira beraren lanegiñak».
Eta joskeratzazkoak dira ari egozten zaizkion oker batzuk. Zeintzuk, baiña? Aipa ditzagun iru. Bat ez dakit okerra dan, «etorri ez naiz», «ez naiz etorri» esan bearrean, esatea; adibidez: «garbitasunik gordeko eztogu». Beste bat, itz antzeko edo sinonimu lartxo alkarren ondoren metatzen ditula; adibidez: «orain ez dot astirik, eperik, lekurik». Eta irugarrena, kristau gaiak alderdi illunetik begiratuta azaltzen dizkigula, «pekatua», «eriotza», «illobiko arrak», gaurko beintzat, geiegitan aipaturik noski. Ebanjeliotik «jaso ditekean kristautasun jatorraren begitarte eder-zoragarri ori gure begietaratzen eztaki». Baiña emen ere, au aitor bear: bakoitza bere mendeko seme. Ez al zuen orixe eskatzen Euskalerriak?
Zelangura ere, eredu bipilla dugu euskal idazleok Billaro'ko seme argi au. «Bere akats ta guzti dio L. Villasante'k A. Añibarro eztegu nolanaiko idazle txepela. Euskera sustrai-sustraitik menderaturik zeukan. Ordurarte landugabeko baratzean lan egitea, bere bizitzako eginbear aunditzat artu zuan. Ba-zekian euskal literaturaren asiera zaillean aurkitzen zala, ta ekin zun gogotik bide urratzen. Gogoangarri zaigu, beraz, ta eskerron-oroitzapena ondo irabazirik dauka».
Irakur, azkenez, arratiarraren idaztankeraz konturatu gaitezen, aren Lora Sorta liburutik zati pitin bat. Soin-loaren antzera, otoitzekoa ere bearrezko zaigula adierazi nairik, onela dio «Bestela jazoko yatzue, oi dabena, bear daben loa artu baga, bear egiten ifinten danari. Ifinten bada irakurten, itxiten yakoz begiak. Asten bada josten, jausten yako burua almoadatxoen ganean, oeko aburdiko ganean legez. Zergaitik alan? Loaren faltea daukelako. Bai, amaika buru-jauste emongo dozue Jesusen serbizioan; nagi epel alperrak urtengo dozue ta laprast egingo dozue bere lege santuaren bidean, artuten ezpa-dozue bear dan atsegina orazinoan. Gura dozue bada egon irazarririk? Ardura guztiak azturik, gelditu nosik bein, ta egotaldi bat egizue orazinoko loan; ta onelan, Jaungoikoaren bitartez, egongo zara irazarriak bere lan santuetan» (Lora-Sorta, Bilbao, 1897, 79 orrialde).
IRITZIAK. Mogel'ek, bere Konfesiño Ona'ri ipiñi zion itzaurrean, onela: «Bizkai barru-barruko semea da bera, ta bere euskera garbi ta ederrak ezagutu erango dau nunnai ikasi leiteala ondo berba egiten, burua zerbait nekatu gura bada. Alperren soloak beti egongo dira bedar txarrez beteak».
Orixe'k etzitun gogoko A. Anibarro'k bere Lora-Sorta liburuxkan dakarzkin erderakadak. «Esku-liburua du dio idaztankeraz baliotsuenik; euskera ere garbia, landua, ugaria. Euskal eliz-liburuetan bai politentsuna, txiki samarra dena. Lora Sorta aldiz, ez dirudi batena; erdalkeriz josorik dago».
Eta Mikel Zarate'k onela didaz: «Mogel'egaz batera, gorengo maillako euskal idazlea dogu Añibarro. Mogel da zimendua; Añibarro, zimendu orretan orma lodi ta sendoa egiteko arri, are ta karea».
(Ikus F. Michel, Le Pays Basque, 497 ta. 516 orr.; J. Vinson, Essai Bibl. Basque, 151-153 ta 577 orr.; Soloeta, RIEV, 1910, 592 orr.; Euzko-Gogoa, 1956, I, 60 orr.; Euskal Esnalea, 1927, 251 orr.; G. Garriga, Inst. B. Vasca, 1951, II, 57 ta 1953, 122 orr.; L. Mitxelena, HLV, 111 orr.; L. Villasante, HLV, 210 orr.; P. Goyena, Ensayo, VI, 25 orr.; K. Etxenagusia, Lorategia, 95 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 295 orr.; M. Zarate, Bizkaiko... 57 orr.).