literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura I»
Santi Onaindia

Etor, 1972

 

5.— Aita Agustin Kardaberatz

(1703-1770)

 

        Gizaseme gotorra dugu A. Kardaberatz, nortasun aundikoa, euskaldunok asko zor dioguna. «Gauza jakiña da -dio M. Lekuona'k- jesuita ernaniar ura, bere baitan mistiko aundi izan zana; Euskalerriko jendeentzat sermolari bikaiña izan zana; idazle aberats ta bero sutsua izan zana». Giro bizi sorberri baten zegoen murgildua, ta berak ere, barnean zeraman suari erantzunik, zerbait aurrera atera nai. Zer? Larramendi'k erderaz egin zuena, berak euskeraz burutuko zuen. Or aren gaillentasuna, gaurko pentsakerarako batez ere. Kardaberatz'ek bere gramatika du, ta bere apolojia.

 

BERE BIZITZ-SORTA.— Ernani'n jaio zan 1703-12-28'an. «Eleizako Erakusle San Agustin gloriosoak dio, aur jaio berriak negar egin oi dula, malkozko ibar onetan igaro bearko dituzten atsekabeen igarle izaten dirala; baña Kardaberaz aurrak etzuen negarrik egin, adierazitzeko noski, etzetorrela mundura zorigaitzerako; baizik bere ta bere erriaren zorionerako» (Auspoa, 37, 14 orr.).

        Donosti'ko jesuitetan len-ikasikizunak egiñik, Iruña'n Filosofia ta Valladolid'en lege-gaiak ikasi zitun azkenik. 1721'an jesuita sartzen da, berriz Palenzia'n jakintza ta Valladolid'en teolojia ikasirik. Ogetasei urtekin mezakotu zan, eta beingoan Bilbao'n Jesuiten ikastetxean gramatika erakusten asi zitzaigun.

        Bizkai'ko uriburuan zegola aren ospe-eguzkia dizdizka asi zan; ementxe egin zuen, San Anton'go elizan, 1733-6-11'an, Jesusen Biotzez Espaiña'n lenbizi egindako itzaldia. Saio bikaiñak zegizkin izlari bezela: oso txalotuak ziran bere iganderoko itzaldiak eta or-emen eman oi zitun mixioak. Gero, urte betean Oñati'n bizi izan zan, ango Ikastetxe nagusian teoloji morala irakasten; 1736'tik aurrera, berriz, Loiola'n daukagu: emendik aldarrikatuko zuen Kristoren fedea, Euskalerri osoan nunbait. Etzuen geldi egoterik, eta ainbat on ekarri zion gure erriari.

        Jainko-zale gartsu zan aldetik, Euskalerria, bere erri maitea, itxas-orratza iparrera lez, Jainkoagana begira nai zuen osorik. Eta erriz erri Kristoren erreiñua azaltzen «asi zanetik —diosku A. Kardaberaz'en Berri Laburrak deritzan idaztiak—, jendetza talde andiak jarraitzen zioten, eta eleizetan kabitu eziñik, zelai edo plaza zabaletan bere itzaldiak egin bear izaten zituen. Bera ikustea naikoa zan, pekatuen damu ta penitentzira jendeak mugitzeko; bada padezitzen zituan eritasunak eta zeramakien penitentzizko bizitza zala bide, azal eta ezur-uts biurtua zegoen».

        Kultura eman nai zion erriari, Jainkozko kultura batez ere, Kristoren mezua ta mandatua bazterrak zear zabaldu bear duen egiazko mixiolariak, berak barruan duena erriari ere itsatsi nairik, beti billatu bear duen kultura. Gaiñera, barruko gatz eta giar ori, kultura ori, euskeraz emango zion ark euskeraz mintzatzen zan euskaldun erriari. Asmo orri lotua ta asmo orrek sutua ibilli zitzaigun urduri; elburu orrek bultz-eraginda idatzi zitun berein liburu, gipuzkeraz ta bizkaieraz; jatorrak eta itzuliak, erlijiozkoak eta euskerari buruzkoak. Ba-zituen ontan berebiziko iru lagun: A. Agustin Basterretxea, A. Larramendi ta A. Mendiburu. Nola alkar pizterazten duten barne-lera berdiñez suturik dabiltzan adiskideak!

        Adi oni ere, berau baita A. Kardaberatz'en kezkarik larrienetarikoa. Garai artan, dakigunez, eta baita, urrengo gizaldietan ere, eliz-gizonak ziran geien ikasten zutenak; beren eskola ta ikastetxeak zituzten, eta erri xeak baiño zerbait goragoko ikasketak egiteko era. Ikasketa oiek, alere, osorik erderaz —latiñez, prantsesez eta gazteleraz— egiten zituzten; au da: gaztetatik, berezko euskal-izaerari agur eginda, erdel gogoaz jabetzen ziran, zoritxar aundiz. Gaurko egunean ere, naiz-ta zeozer gutxiago, berdin gertatzen da. Kalte izugarria guztiontzat. Indarrez bezela erdel kulturaz jazten gera, ta gero, idaztean esaterako, ez degu euskeraz pentsatzen, ez gera euskeraz mintzatzen, erdel itz, esaera ta joskeraz baizik. Euskal idazleak, ba, jator ta gozo idatzi nai badu, gogapen eta esan-nai guztiak ere nola euskal izaeraz adierazi jakin bear du naitaez, ta, idaztean, benetako adorez ortan saiatu. Ezinbesteko bidea dugu au, euskal idazle jator izateko.

        1767'an Karlos III'garren erregeak Jesusen Lagundia Espaiña'tik jaurtitzea erabaki zuen, eta arrezkero, iru urtez, or ibilli zitzaigun A. Kardaberaz alderrai; ta, azkenez, erbesteratua, Bolonia (Italia) ondoan, Castel San Giovanni'n il zan, 1770-10-18'n, A. Mendiburu, A. Mortara ta beste batzuen antzean, bere Euskalerri maitera begira. Beronen gorpua, erri artako eliz nagusian apaizentzat zeukaten obian ipiñi zuten, geroago, 1794'an, eliz bertako Frantzisko Xabier donearen kapillara aldaturik. Azkenez, 1908-5-2'an, Loiola'ra ekarri zuten.

 

EUSKAL LANAK.— Amabost-amasei liburu idatzi zitun euskeraz, 1744'tik 1767'ra bitartean; auetatik batzuk, bera bizi zalarik, argia ikusi zuten; beste batzuk A. Arana'k eraman zizkion irakorlara. Onez gainera, batzuk sarri argitaratuak izan dira; ona oen zerrenda ez-oso bat:

        1) Cristauaren vicitza edo orretarako vide erraza bere amabi pausoaquin (Iruña, 1744). 238 orrialde. Esku-liburua deritza. Eta Iruña'ko seme Aita Jeronimo Dutari jesulagunak 1710'an erderaz argitaratu zuen Vida christiana dugu, euskeraz emana. Oso egokia. Bigarrenez ere Iruña'n bertan, 1790'an argitaratu zan, eta, geroago, bi aldiz beintzat, Tolosa'n, 1850'n eta 1854'an.

        2) Christauaren doctrina (Donostia, 1706?). Astete'ren dotriña euskeraz. 82 orrialde. Gipuzkeraz; badu beste bat bizkaieraz ere.

        3) Eusqueraren Berri Onac: eta ondo eskribitzeko ondo irakurtzeko ta ondo itzegiteko erreglak, kura jaun eta eskola maisu zelosoai (Iruña, 1761). 63 orrialde.

        4) Aita S. Ignacio Loyolacoaren Egercicioac, beren consideracio ta afectoaquin (Iruña, 1761). 347 orrialde. Gerora ere, amar bider bederen, Iruña'n eta, Tolosa'n argitara ekarria. Lau liburu diran zatiok iñoiz bat eta, iñoiz bestea, banaka argitaratu izan dira.

        5) Ondo iltcen icasteco eta ondo iltcen laguntceco egerciciac (Iruña, 1762). 102 orrialde. Bigarrenez ere Iruña'n (1765) atera zan, eta, gero Tolosa'an, Lama ta Mendizabal'en etxean, beste iru bider bai beintzat, 1787, 1816 eta 1851'an.

        6) Yesus, Maria ta Joseren devocioa (Iruña, 1763). Beste lau bider ere, Iruña'n eta Tolosa'n argitara emana. 233 orrialde gutxi gorabera. Badu bizkaieraz ere liburu onen laburpen bat: Jesus, Maria ta Joseren deboziñoko liburuchotic aterarico devoziño batzuc (Iruña, 1764), Antonio Castilla'ren etxean.

        7)  Senar emazte santuac. Nekazari ezkondu ta beste guziak lurrean zeruko bizitza egiteko ispillu eder biziak: San Isidro Atxurlaria ta bere emazte Santa Mariaren Bizitza, birtuteak eta, milagroak (Iruña, 1766). 141 orrialde. Bigarrenez Tolosa'ko Eusebio Lopez'enean (1885) argitaldu zan. Valmediano'ko markesa andre Maria Mikaela Idiakez, Xabier ta Loiola'ko txit argiari eskeiñita dago.

        8) Mezaco sacrificio ta Comunio sagraduaren gañeco dotriña ta beste devocioen egercicioac (Tolosa, bigarrenez 1782). 240 orrialde. Gero ere, lau aldiz beiñik-bein, argitara atera zuten, Tolosa'ko La Lama alargunaren moldiztegian, J.B. Agirre'ren liburutik arturiko gauza batzukaz geituta.

        9) Escu liburua, ceinetan arquitzen dira cristau onaren eguneroco egercicioac (Tolosa, 1826). 238 orrialde gutxi gorabera. Gerora ere, 18 aldiz beintzat, argira ekarria, Tolosa'ko Mendizabal, Lopez, Gurrutxaga ta Mugerza'ren moldiztegietan. Gipuzkeraz daude argitalpen guztiok; baiña bizkaieraz ene egin zan argitaratze bat, titulu onekin: Escu Liburua, zeñetan dagozan meza, confesiño eta comuniñoco, goiseco eta gañeco, eta beste deboziño ascoren ejerzizioac (Tolosa, 1889). 368 orrialde, izki aunditan.

        10) Bada beste liburu bat ere, antzekoa, urteak aurrerago azaldua: Cristaubaren eguneroco ejercicio edo Aingura... geien bat Aita Agustin Cardaveraz-ec animen oneraco ipiñiac (Tolosa, 1714).

        11) Ama Veneragarri Josefa sacramentu guciz santuarena ceritzanaren vicitza eta virtuteac (Tolosa, 1882). 254 orrialde. Aita Arana'k argitara emana. Ama agurgarri au Azkoiti'ko Brijidetako konbentuan bizi ta 1721'garren urtean ildakoa zan.

        12) Loyolaco aita San Inazio-ren bederatzi-urrena (Azpeitia, 1885). P. Martinez'en irarkolan. 18 orrialde.

        13) Azpeitico erri chitez noblearen gloria paregabeac edo Aita San Igñacioren bizitza laburra (Tolosa, 1901). Liburu au lenagotik argitaltzeko, Iruña'ko Auzitegiak eragozpen batzuk jarri zituen; Karlos III'garrenaren ministru zan konde Aranda'k ontzat artu zituen eragozpen oiek. Gazteleraz izan ezik, ezin zitekean ezer argitaratu, berari esan gabe. Ori zala-ta, ainbat liburu egon ziran azaldu eziñik.

        14) Liburu ederra (Baiona, 1856). 282 orrialde. Aita San Ignacioaren Efiercicioac dira Duvoisin'ek Lapurdiko euskerara itzuliak, baiña II'garren eta IV'garren zatiak bakarrik.

        Ba-ditu oraindik beste argitalpen batzuk, izengabe egiñak eta.

        Aipagarri dira, orrez gaiñ, bere deboziozko liburuetan datozten olerkitxo labur bezain txairoak ere (Ikus S. Onaindia, MEOE, 241 orr.).

 

«EUSKERAREN BERRI ONAK».— Aparteko aipua merezi du liburu onek. Beste lanak, geienak beintzat, jainkozkoak ditu, auxe bakar-bakarrik gramatikaz ta erretorikaz egiña. Bederatzi zatik osatzen du, ta ortografiari dagokionean eztu h'rik onartzen. «Ken ortik! —dio—. Gure Euskera suabe eztizkoarentzat ez da soñu ori». Morfologiari begiratuz, ordea, ez du aipatu ere egiten bait zatiñoa, ezta Larramendi'k ere; bai, ordea, Mendiburu'k. Baita ba-dugu erretorika ere, ta euskeraren apolojia. Euskera beste edozein izkuntza bezain gai dugu edozein jakintza-gai erabiltzeko eta adierazteko, «baita gairik meien eta zaillenak ere». Zarra ere baita, ez baiña norbaitzuek esan oi duten aiña. «Txantxetan esan oi da —dio—, edo euskaldunak esan oi dute, Jaungoikoak Paradisuan Adan gure Aitari euskeraz, "Adan, non zera?" esan ziola, euskera Jainkoaren gauza bezala, arako ta edozein lekutarako diña bazan, Jainkoak ola nai izan balu. Baña gauza ziertoa da, Jaungoikoaren izketa Paradisuan, ta gero ere, Hebreoz izandu zala...».

        Ori ta guzti ere, ontan Axular, Etxeberri ta antzekoai jarraituz, euskera guztiz garbia dala dio, ta arritzekoa derizkio nola ez ditun langille geiago, euskal idazle geiago, bera landu ta edertu dezaten. Larramendi irakurtzeko diotse eliz-gizon eta maixuai, egunero mingaiñean darabilten euskera eder jaikiagoa izan dedin. Zertarako gogo du argi ta garbi iraun dezan? Adi bere itzak: «Gure pobretxuon askoren animak salbatzeko, euskerak burua jasotzea Jainkoak nai du». Jainkoaren itzala du euskerak, beste izkuntza guztiak lez, eta Ark nai du bizi dedin. Baiña gure laguntza pitiña ere gura du, ta Ark nai izanagatik, guk laguntzen ezpadiogu, gere zabarkeriz ilko zaigu. Ernaniarrak: «Gure baserrietan jende prestuak dirauten artean, euskerak iraungo du. Esan oi dena: oiei lepoa ebaki edo bizia kendu gabe, euskera ezin utzi edo kendu diteke». Zer esango ote luke gaur?

        Liburu estimagarria, benetan. Ortik, askotan ikusi izan du argia. Dodgson euskalariak atera zuen bigarrenez (Tolosa, 1896), eta gero Azkue'k Euskalzale (Bilbao, 1897) aldizkarian, eta laugarrenez. A. Zabala'k Auspoa (Zarautz, 1964) bilduman, «Aita Agustin Cardaberaz Jaincoaren zerbitzari andiaren Berri Laburrak, apaiz batec eusqueraz jarriac» (Durango, 1908) Florentino Elosu'ren etxean, lenengoz irarri zana, itzaurre bezela dakarrelarik.

 

IRITZIAK.— Ogeitamar urtez erririk erri mintzatu ta liburu-mordoxka idatzi ditunak ba-du bere garrantzia, ta merezi du gure itzala dudarik gabe. Baiña nornairi ere akatsak billatzen ibilli oi gera, ta norbaitzuentzat Kardaberatz'en idazkerak ere ba-ditu bereak. «Aren euskera —diosku F. Michel'ek— ez da oso garbia, egia da, baiña esaera eder askoz gainezka daukagu; idazkera lerdena baitu, aren lanak merezi dute irakurtzea, Kristauaren Bizitza'k batez ere. Auxe duzu bere okerrik nabarmenena, erdal-itz askotxo sartzen ditulakoa».

        Eta L. Mitxelena'k: «Ez da idazle diztikor, ez txukun, baiña bai bizia ta ugaria, eta beti izan ditu irakurle asko».

        P. Lafitte'k, ordea: «Hil zen saindu bat bezela, goxo goxoa eta geroztik Dohatsuen lerroan ezarri du Eliza Ama Sainduak. Eskualtzale suhar Dohatsuak zerutik geriza eta begira dezagula, hain ontsa zerabilkan eskuara». Eta M. Lekuona'k: «Gauza bat aitortu bear degu, Aita Kardaberatz'en liburuai etzaiela orain arte, gure artean bear bezelako ixtimaziorik ekarri, erabiltzen duen lexikoan erdal-itz askotxo sartzen ditualako nunbait. Bañan, egia esan, ori gora-beera, Aita ernaniarraren prosa oparoari, mami ta ixuri ederra aitortu bearra daukagu: mami bioztun, eta ixuri leun. Ez bait luke gaizki emango gure A. Agustin'en edozein liburuk, euskerazko beste libururik ederrenen artean».

        Arrotu utsune auek gora-bera, ots, erderakada geiegi sartu ta idazkera ere ain jatorra euki ez arren, euskera aberatsa ta joria du A. Kardaberatz'ek. Bi maitasun zitun bere baitan: Jainkoa ta Euskalerria. Eta bete zuen bere jomuga. Jainkoa aldarrikatu zuen bizi-bizi; Euskalerria ta Euskera jasotzeko, berriz, ainbat liburu agertazi zizkigun. Biak Jainkoa ta Euskalerria, txibistin gozoz lotuak, goretsi nai izan zituen bere lurrean.

        Aren izkera ez da mordoillo, ez garbiegi, bai bien arteko. Buruan zekarrena egoki ta argi ulertzen emateko erdal-itzen bearra ba'zuen, etzitzaion ahalkizun ari oratzea. Larramendi'rekin lankide genduan, baiña ez uneoro ta noranai itsu-itsuan ari jarraikika. Bere nortasuna iñoiz ere utzi gabe.

 

        (Ikus Julián Fonseca, Vida del P. Cardaveraz, Madrid, 1862; F. Michel, Le Pays Basque, 503 orr.; J. Urkixo, RIEV, II, 1908, 313 orr.; J. Vinson, Essai Bibl. Basque, 64, 74, 91-96, 103, 107, 131, 212, 562, 600; P. Lafitte, Loretegia, 82 orr.; Pérez Goyena, Ensayo Bibl. Nav., III, 520 orr.; L. Mitxelena, HLV, 100 orr.; L. Villasante, HLV, 141 orr.; K. Etxenagusia, Euskal idazleen Lorategia, 51 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 242 orr.; S. Onaindia, MEOE, 240 orr. ta KARMEL, 2-1971, 79 orr.; M. Lekuona, Zeruko Argia, 1971, uztaillak, 18; Kardaberaz Aitari Omenaldia (Zarautz, 1972).

 

Bilaketa