7. Sebero Migel Altube ta Lertxundi
(1879-1963)
Ona gizaseme jatorra, musikalari, idazle ta izkuntzalari. Kezka onek artua ibilli zitzaigun bizitza barna: «Euskera ez dedilla il, euskera biziari eutsi, euskera bizia indartu: au da gure leenbiziko egitekoa. Zeregin aundi onen ondoan beste guztiak txiki gelditzen dira... Gidari seguru bat, ao betezko maisu osoa, irizpide zuur zuzenen emale, orra zer degun Altube jauna. Ildo bat urratu eta zabaldu digu. Iztegi saillean iñork ez bezela erakutsi du euskerari dagokon bidea» (L. Villasante, Euskera, 1963-64, 293 orr.).
BIZI-XEETASUNAK. Arrasate (Mondragoi)'n lurreratu zan Altube, 1879-11-8'an, goizeko amaiketan; egun berean, arratsaldean, bateatu zuen Buenabentura Nikolas Boneta'k, bertako eleizako artzipresteak. Gurasoak: Alejandro ta Klara, biak Arrasate'koak. Aitaren aldetiko aita-amak: Juan Bautista Altube, Arrasate'koa, ta Martzelina Agirre, jatorriz Bergara'koa. Amaren aldekoak: Jose Antonio Lertxundi, Orio'koa, ta Josefa Bedia, Bilbao'koa. Beste lau anai-arreba euki zituen Altube'k: Benigno, 1878-2-13'an jaioa; Jesusa, 1882-4-8'an munduratua; Ilario, 1885-9-24'an sortua, ta Erramon, 1894-8-31'an jaioa. Benigno bertan ezkondu zan, 1900-6-20'an, Regina Azkoaga Abarrategi'rekin.
Bere sorterrian osatu zituen Altube'k zeuzkan ikaskintzak, 1895'tik 1902'garren urteraiño. Zer egin zuen gerokoan? Nunbait ikasi zigun beste zertxobait ere, baiña oso gutxi. Euskaltzaindia irazan eta gerotxoago, batzordeak antola ta ardurak ere banandu zituztenean, ele-alkarte orretako diru-zain izendatu zuten Seber, 1920-4-26'an (Euskera, 1920, 18 orr.). Baiña orduko 1902'tik 1918'raiño, lendabizi Gernika'n Eresbatza eratu ta gero bertako Abes-batza zuzendu zuen; orrez gaiñera, 1915'garren urtea ezkero, Gernika'n bertan «Alkartasuna» zeritzaion su-izkillu-oletako buru izan zitzaigun. Europa'ko len gerratean Euskalerriko arma-olarik geienak irabazi politak izan zituzten, bai ta Gernika'ko onek ere; baiña gero bertatiko batean erre egin zan au.
Urkiola'n ezkondu zan Altube, 1918-4-11'an, Gregoria Gangoiti Aberasturi'gaz. Etzuten seme-alabarik izan.
Ikastetxe nagusietan ikasia izan ez arren, «bere adimenari zor zion azkurria billatzen etzan batere ajolakabe edo zabarra izan», A. Villasante'k dioskunez. Linguistikari emana zetorren, ortan ari ziran prantsesen liburuak irakurri ta ikasiz batez ere, aien «erakutsi ta argibideak xurgatu naiez». Joan gizaldietako gramatikalari zarren uste ta iritziak albora utzi ta erbesteko linguistika molde berri oiek aztertu zituen, bere idatzietatik atera dezakegunez, aien jakintza ta legeak gure euskerari ezarteko alegiñak egiten saiatuaz. Euskera aztertu ta ezagutzen iñor gutxi bezela alegindu zan. «Euskera bizia nai zuen batez ere, euskaldun jatorren ezpaiñetan loratzen dan bezela. Euskera bizi onen doaiak eta berezitasunak, nolakotasunak, joerak eta legeak sustraitik eta sakon» aztertu zizkigun.
Eta ementxe daukagu doi-doietan Altube'ren nortasuna; egiteko onetan igatu zituen bere bizitzako egun guztiak, euskerari buruz ziarduten bere garaiko aldizkari askotan euskeraz ta erderaz idatzi ta ainbat liburu ere argitara emamk.
Txomin Agirre'k il zanean utzi zuen utsunea betetzeko, Altube izendatu zuten euskaltzain oso, 1920-6-22'an. Sarrerako itzaldia egin aurretik, Euskaltzaindiak Iruñan 1920-7-23'an ospatu zuen batzarrera eraman zigun «Erderatiko itzak, itz barrijak eta aintxiña-itzak» zeritzan txostena (Euskera, 1920, II zenbakia, 44 orr.); itzaldia, berriz, urte orretan bertan, ots, sarrerakoa, Bilbao'n euki zuen lotazillaren 28'an. Gaia: «Izkuntz-Jakintzia ta euskeriaren bizitzia» (Loc. cit. 3-49 orr.). Gure izkuntzaren bizi-ariaz onela dio: «Euskaltzaliok, euskerea maite dogula diñogunok, euskereari dagokon gauzeetatik gorengotzat, beiñentzat, nagosijentzat, beronen bizitzia euki bear dogu. Beronen edestija, beronen zaartasuna, beronen edertasuna, beroneri buruzko geure eretxi-meretxijak eta enparau guztija, eztira ezer ere; bazterrera jaurti bear ditugu, euskeriaren bizitzia bera, laguntasun eske, oiuka, deika, erostaka ikusten dogunean. Eta eztabilkigu, gaur, orrela, geure izkera maite au? Aundijak dira, bai, gaur gure izkera maite onen bizitza gaixotu au osatzeko jarkiten diran eragozpenak. Euskaldunok geure bijotzetan asmetan dogun beraganako suzko maitetasun aundijaren berotasun oso-osoa bear dau, ez ilteko, Europa'ko izkera zaarrena dogun geure euskera maite onek» (Euskera, 1921, I zenbakia, 3-49 orr.). Azkue'k erantzun zion Euskaltzaindira ongi etorria.
Altube'k maite zuen Gernika, bere bigarren sorterria; gizaki on, alai ta langille porrokatu zan aldetik, itzal goxoa edatu oi zuen nunnai. 1922'garren urtean, iraillaren 10'tik 17'ra, Eusko-Ikaskuntzak Gernika urian Batzar nagusia eratu zuenean, an zan arrasatearra ere izlari, etxeko Irastorza, Elorza, Apraiz, Urkixo, Azkue, Etxegarai eta kanpoko Meyer-Lübke, Uhlenbeck, Urtel, Menéndez Pidal, Navarro Tomás, Gavel eta beste batzuen artean. Iraillaren 12'an, asteartez, arratsaldean itzaldi oso jakingarria egin zuen atzerritar izkuntzak, itz berrian sortzean, nola lagundu bear zien euskerari argi ta garbi adieraziaz (RIEV, 1922, 633 orr.).
Altube'k berriro diot, maite zuen Gernika, ta baita Gernika'k Altube ere. Ortik bada ezta miresgarri: 1933'garren urtean bertako alkate izentatu zuten autarkiz. Gerra ostean Frantzia'ra jo bear izan zuen, eta Pabe'n bizitu zan luzaroan. Gero, berriz ere Gernika'ra biurtu ta berton izan zuen legezko egoitza. Nik, il aurreko urtean, udagoieneko eguerdi baten, eztei-bazkari bat zala-ta, Arrien'en ostatuan agurtu nuen azkenengoz; bere emaztearekin zegoen bazkaritan; presaka bezela agurtu nuen, baña ala ere euskera auziari ekin genion. Biotzean borborka daramagunari ezin errez eutsi.
Gernika'n bertan, 1963-8-27'an, ainbat maite zuen Jainkoaren pentzutan utzi zuen bere arima sotilla.
EUSKAL LANA. Guztiok barruan izan oi dogun griña bati, zaletasun bati jarraituz bizi gara. Linguistika zale genduan, aitortu dugunez, Altube, ta leia onek bultzata burutu zizkigun ainbat lan eder. Idatz-izkerak, geiegi urrundu gabe, erriak ezpaiñetan darabillenari eutsi bear diola-ta, ortaz osatu zituen bere lanik geienak. Ona oietariko sail eder bat.
1) El compás del Zortziko (Euskalerriaren Alde, 1916, VI, 56 orr.).
2) De sintaxis euskérica (Euskal Esnalea, 1919). Baita liburu bezela ere. Zenbaki auetan dator: 51, 74, 99, 119, 140, 159, 177, 195, 218 ta 250.
3) Erderatiko itzak... (Euskera, 1920, II zenbakia, 44 orr.).
4) Izkuntz-jakintzia ta euskeriaren bizitzia (Euskera, 192021, 3-49 orr.). Lan luze ta mardula. Euskaltzaindian sarrerako lana, 1921-12-28'an Bilbao'n irakurritakoa.
5) Batasunera bidean (Euskera, 1928, 67 orr.).
6) Ba ala bai? (Euskera, 1922, 63 orr.).
7) Euskerearen joskera dala-ta (Euskal Esnalea, 1920, 21-22).
8) De fonética vasca (RIEV, 1923, XIV, 517 orr.).
9) Euskal itz barrijak (III Congreso de Estudios Vascos, 1923, 78-93 orr.). Esan dugunez, Eusko Ikaskuntzak Gernika'n (1922) eraturiko Batzarrean irakurri zuen itzaldia, itz berriak eraltzeko erdereak zertara lagun egin bear digunari buruz. Euskal iztegiaren auzia ere ementxe azaldu zuen argi ta zeatz.
10) Erderismos (Euskera, 1929), ta liburu bezela (Bermeo, 1930) Gaubeka'ren irarkolan. 315 orrialde. Gerora ere bi aldiz argitaratua: La Gran Enciclopedia Vasca'k, IX, 241'garren orrialdean (Bilbao, 1974), eta Bilbao'n berriz ere (1975), A. Villasante'ren itzaurreakin, «Indautxu» etxe argitaldariak aterata; 315 orrialde. Euskeratzaz egiñiko lanetatik ederrenetariko bat; euskal idazlerik jatorrenak ementxe ikasi dute izkera bizi, arin ta joskera bikaiña erabiltzen.
11) La vida del euskera (Euskera, 1933, 299-397 orr.). Linguistika orokorraren oiñarriak dituzu euskerari ezarrita. Euzko-Argitaldariak ere (Bilbao, 1934) egin zuen beste argitalpen bat.
12) El acento vasco en la prosa y en el verso (Euskera, 1932). Eta liburuxka bezela Gaubeka'ren irarkolan (Bermeo, 1934). 329 orrialde.
13) Observaciones al tratado de «Morfología Vasca» de Azkue (Euskera, 1934, 5-231 orr. ta Bermeo, 1934, Gaubeka, 231 orr.).
14) Más sobre la vida del euskera. Barriro euskerearen bizitzari buruz (Euskera, 1936, 1-192 orr.).
15) Fonética y etimología euskéricas (Eusko Jakintza, 1947, 48-50).
16) Notas sobre el Santoral Vasco o «Deun Ixendegi euzkotarra» de Arara Goiri'tar Sabin (Bilbao, 1933), eta Euskera, 1933, 153-196 orr.).
17) La unificación del euskera literario (Eusko Jakintza, 1949, 111, 181-204 orr.).
18) Erderakadarik txarrenak (Eusko-Gogoa, 1950, I, 13 arr. ta abar) Bost lan.
19) Acentuación española y francesa de los apellidos y topónimos vascos (Gernika, 1951, 52 orr.).
20) Laztantxu eta Betargi (Baiona, 1957). Alderdi'n dator.
21) La fonction de la douleur (Pau, 1954). Oiñazeaz idatzi sakona; erbestean idatzia.
22) Euskaltzaindiari (Euskera, 1959).
23) Literatur-Euskera (Euskera, 1956, 3 orr.).
24) Ipuin politak. Or-emen argitara zituen, umetxoentzat batez ere. Ona Euskal Esnalea-n datozen batzuk: «Ama!», «Betargitxu» (1912, II 243 orr.); «Txander zintzo» (1917, VII, 42 orr.); eta «Euzkadi» aldizkarian: «Urre-gorrizko irakurgaiak» (1913, X, 157 orr.). Eta olaxe beste batzuk.
«A. Lertxundi» erabilli zuen izengoiti bezela.
Euskal idazle jatorra genduan. Ona zatitxo au Azkue jauna il zanean ondua: «Azkue jaunak, jakiña degu, Bilbo izan zuan, urterik geienetan, langintza-erri; baika Lekeitio jaioterri, gaztaro-erri, baika geroetan atseden-erri ere. Bilbo'tik Lekeitiorako joan-etorrietan, Gernika'n sarri ta sarri bixitatzen ninduan; eta nik ere bixita oik ordaintzen nizkion, pozik, Bilbo'ra joaten nintzanetan; eta au, Euskaltzaindia sortu baiño len, bere etxean. Bein baten, etxe onetantxe, beti bezela, mintzai-jakintzaz, euskal-jakintzaz ari giñalarik, atera zuan pillakatuta zeuzkan liburu ugarietatik bat, eta eskuratu zidan, auxe esanaz: "Liburu onetxek kendu zizkidan, lenbizikoz, mintzai-jakintza gauzetan begiak illuntzen zizkidaten lausoak. Irakur zazu zuk ere lenbizi auxe, eta gero gerokoak". Liburu ura, ondo gogoan det zein zan: A. Hovelacque'ren "Linguistique" deritzaiona. Azkue-ren autorkuntza orrek, nere ustez, inportantzi aundiko zer auxe eragertzen digu» (Gernika, 1952, 20 orr.).
IRITZI-AITORTZA. «Euskera» aldizkariak: «Beti eskatu zien euskeralogoai munduko linguistarik onenak eta aien metodak ezagutu eta estudiatu bear dirala eta batez ere La Vida del Euskera liburuan garbizalekeriaren akatsak begien bistan jarri zizkigun eta literaturaren forma bide zabalago eta naturalagoetara eraman nai izan zuen, linguistika zientziaren ezagutzeak ortara baitarama edozein» (1962, 353 orr.).
L. Villasante'k: «Gizaki aldetik gure Altube jauna nolakoa zan adierazteko, nik eztet aurkitzen berak iñoiz eibartar bati entzun zion itz ura baiño egokiagorik: gizon benetalarixa (formala). Alakoxea zan izan ere. Zuzena, arteza, zintzoa. Kristautasunean erro sakonak egiña, naiz sinismen naiz oituretan Eliza Amari sendo atxikia» (Euskera, 1963-64, 295 orr.).
M. Zarate'k: «Or izentau doguzan idazlan orreik zein baiño zein ederragoak dira gai aldetik eta, naiz ta Altuberen denporatik ona aurrerapide andiak egin Linguistika arloan, bear bearrezkoak dira euskera lanetan diarduenentzako, bizkaitarrentzako, batez bere. Euskalerri osoko euskaldunai begiratuta, zorrotzegia, estuegia da Altube, joskera arazoetan» (Bizkai'ko Euskal Idazleak, 178 orr.).
Neretzat ba-dute garrantzirik Altube'k, bai euskeraz, bai erderaz burutu zizkigun lanak. Txit txalogarri ditugu, gaiñera, Azkue, Intza, Mokoroa, Altube ta taiu ontako gizonak, gure alorrean egiteko ain ederra osotu dutenak: begi-luze ta belarri-eme, erriarengana makurtu ta onen ezpanetatik jalgita jasotako esaera zarren bildumak biribildu dituztenak, noski bai noski. Antziñako iturri gardenetik zurgatu ditube ainbat esakun-esaldi bitxi ta jator, gure asaben sukaldeko laratzak bakarrik ezagutzen dituztenak, euskal aiton-amonak itzetik ortzera jalkitakoak, joskera giarrak, ipuin zar-sundaz beterikoak.
Olakorik ba-du Altube'k, erriaren agotik ikasi ta jasoak, eta liburu zar austuetan irakurri ta txeraz aukeratuak. «Erderismos» idaztia adibidez, ederrenik ederrena dugu euskal idazleok euskal joskera jatorrez jabetzeko. Orrela baldin ba-dagigu, izkera aberats, bizi ta giarrenetan ariko gara. Alderantziz jokatzerakoan, euskal girotik urrutiratuak giñake.
(Ikus Euskera, 1962, 363 orr.; A. Irigarai, Egan, 1963, 1-3, 118 orr.; N. Altzola, Egan, 1963, 4-6, 194 orr.; L. Villasante, Euskera, 1963, 293 orr.; Orixe, Euzko-Gogoa, 1954, V, 42 orr.; M. Arriandiaga, Euzkerea, 1930, I, 285 orr. ta 1935, III, 432 ta 488 orr.; K. Bouda, Eusko Jakintza, 1950, IV, 81 orr.; Basilio Guerra, Aranzazu, 1934, XIV, 96 orr.; S. Martin, Escritores euskéricos, 21 orr.; Auñamendi, Literatura, III, 425 orr. ta Diccionario, A. Amuzti, 534 orr.; Jon Bilbao, Bibliografia, I, 124 orr.).