literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura IV»
Santi Onaindia

Etor, 1975

 

34.— Paulo Zamarripa Uraga

(1877-1950)

 

        «Langille nekegabea izan zan-eta, txiri-txiri, lan asko egin eban Zamarripak —diosku M. Zarate'k—. Egia da izan, euskeraz egindako lanak ez dira mamintsuak. Gai aldetik eta umore aldetik bere urri samarrak... Eta euskera aldetik? Onetan dogu maisu goragarria».

        Laredo'n jaio zaigun bearrik ere 1877'garren urtean. Baiña bere gurasoak, Bernardino ta Teresa, sondikarrak ziran jatorriz, eta ona aldatu ziran Paulo umetxo zala. Umore onekoa genduan Zamarripa, eta gaitasun au Laredo'k eta Sondika'k emana du; berak onela: «Barreka jayotetik yatordala uste dot onako barre egiteko daukodan berezko erreztasun zorioneko au». Eta ondoren: «Neu Sondikaraturik, zeuganatu ninduenetik gorakoa ete dodan nago barre egiten dodala jakiñik barre egitea». Geroago, Bermeo'n egon zan arima-zai, ta itxas-ertzeko erri aldarte oneko onegandik ere ikasi zuen zerbait. Berak: «Barre egiteko erreztasun au berezkoa dodala, ta arrañak uretan ibiltea lez bear daula nire gogo barrekor onek, beronen senean egoteko, barre artean ibiltea, emen, Bermeo izeneko beste arrain-erri maitegarri onetan, ikasi dot» (Kili-kili, 5 orr.).

        Lenbiziko ikasketaz bere sorterrian eta Durango'n jabetu zan, ondoren elizgizon izan nairik, Gazteiz'era aldatu ta emengo apaiz-Ikastegian osotu zituen abade izateko bear zituen ikasketak, Jakintza, Teolojia ta gaiñerakoak. Ordena txikiak eta diakonadua 1905'an artu zitun Kadena ta Eleta'ren esku ezartzez; 1906'garreneko garizuman apaiztu zan. 1907'tik Almike'n egin zuen aurrenik arima-zaintza, gero Otxaran'en, Gatika'n, Bermeo'n eta Sondika'n. Sondika'n, Txorierriaren biotzean, il zan 1950-8-17'an.

 

        EUSKAL IDAZLE.— Euskaltzale gartsua zan. Egoki zekin bestetik bere erriko euskera txukuna. Filosofi-gaiak aztertzen asi baiño len ekin zion idazkortz-lanari. Azkue'k Bilbao'n ateratzen zuen «Euskalzale»-n agertzen dira bere lanak, 1897'an asita, izkirimiriak lenengo ta gero gerokoak; ipui ta ziri-bertsoak eder zitzaizkion.

        Bertsoak, bai, maite zituen, eta ikasle zala asita makinatxo bat osotu zuen, sari ederrak ere —1903'an, Donapaleu'n; 1904'an, Ordizia'n eta Ustaritze'n; 1905'an, Bergara'n eta Baigorri'n; 1906'an, Donostia'n, eta abar— eskuraturik. «Euskalzale»-n, «Ibaizabal»-en, RIEV-en, «Jaungoiko-Zale»-n «Euskal Esnalea»-n, eta beste aldizkingi batzuetan idatzi zuen, eguno aspertu gabe. Azken urteetan batez ere, 1935 ingurutik, Gaceta del Norte'k zeukan euskal atalean idazten zuen jarraikiro.

        Idazle bezela, oparotsua noski. Ona argitara zizkigun liburuetatik sail bat:

        1) El Bascuenze facilitado. Gramática Bizkaina (Bilbao, 1909). Astui'ren irarkolan. Zazpi bider argitaratua. 312 orrialde.

        2) Manual del Vascófilo (Bilbao, 1913). M. Zarate'k: «Bana-banako liburu eder irakurgarria; berebizikoa, euskerearen joskera, esakerak, erderakadak, ortografia ta abar ezagutzeko».

        3) Vocabulario vasco-castellano y castellano-vasco (Bilbao, 1913). Ezta iztegi luzea, baiña egoki egiña bai. 1957'an (Bilbao, Verdes) egin zan laugarren argitalpena. 164 orrialde.

        4) Zaparradak eta (Bilbao, 1926). E. Verdes'en irarkolan. Lendik ere eguneroko ta aldinkarietan argitara emaniko lanak, ipui, jazokun eta parre eragille diranak. Euskaltzaleen atsegiñerako. 187 orrialde.

        5) Gora begira (Bilbao, 1927). Emeterio Verdes'en irarkolan. 114 orrialde. 36 olerki dituzu, goi-usañekoak. la geienak gaztetan egiñak eta sarituak. «Olerki edo pertsuak —dio P. Ithurralde'k— ez dira segur nola nahikoak... Halere aitortuko dugu nahiago ditugula Zamarriparen irri-solasak: aise, ez othe aisegi, heldu zitzaizkon pertsuak, elhea zariola; Oxobi edo Orixen tinkirik ez dute, are gutiago Iratzeder edo Jauregui-ren hegalik... Bainan erakusten dute zonbateraino zen herri-zale, eliza-zale eta eukual-zale suhar» (Gure Herria, 1950, 292 orr.).

        6) Kristauaren Dotriñea (Bilbao, 1926). Aita Astete'ren erderazkoa euskeraz ipiñita. Baita leenago ere (1907), Ugalde ta Lagunen moldategian. 94 orr.

        7) Conjugaciones guipuzcoanas (Bilbao, 1929).

        8) Anayak gara (Bermeo, 1929). Gaubeka'ren irarkolan. Bermeo amabost urtedun neskatilla batek egindako idantzezki politez apainduta dago. Dotriñako umeentzat egiñiko ipuia duzu. Gaia erreza ta samurra: «mutiko bi, jayotzetik alkarrenganako senidetasunik eztabelarik, anayak ixatera elduten dira, bataren aita bestiaren amagaz ezkonduten dalako. Eta andik aurrera anayak lez alkarren maite dira» (Euzkerea, 1929, 252 orr.).

        9) Kili-kili (Bermeo, 1930). Gaubeka'ren irarkolan. 155 orrialde. Bigarren liburu barre-zalea duzu, Bermeo'n egoala egiña. 51 ipuin dakaz, batzuk bertsotan daudenak. Arin, errikoi ta tolesgabeak dira guztiak.

        10) Firi-firi (Bermeo, 1935). Gaubeka'ren irarkolan. 219 orrialde. Irugarren liburu barre-zalea, ipuin eta naste. «Lana egin daigun/ txiri-txiri/, ta agertu daigun/ firi-firi» du ikurburu bezela. 1932'garreneko zemenditik 1935'ra bitartean osotuak dira, asko lendik ere «Ekin»-en eta, argitaratuak. Orduko, ots, Errepublika aldiko gizon eta gauna askotxo darabilzki darda gaiñean; ala ere, berak ez du iñor mindu nai. Onela idazten du berbaurretxuan: «Ondasun andia da umore ona, Jainkoaren adizkidetasunaz baterakoa danean. Olangoxe umore ona, Jainkoaren adizkidetasunezkoa, euki gura neunke neuk beti. Jainkoak Berak gura izan dagiala neuk eta zeuk, irakurle maite orrek, beti beti olangoxea eukitea. Ta itxi daigula Berak, biar zelango bidetik ibilliko direan eztakigula, gaur, geure ustez, bide okerretik dabiltzan lagun urkoen gauzen alderdi barregarria ikusiaz ta erakutsiaz, barretxu bat edo beste egiten ta eragiten. Euroi, bide okerretik, geure eritxian, dabiltzanoi, ez beste edozein bidazti bide okerrekori..., ezta Jainkoaren Beraren gauzen aurka dabiltzala euron aboz diñoela, agiri-agirian bide okerretik dabiltzanoi be... gorrotorik bape ezteutsegula. Jainkoak Berak gura dau olantxe ta... Barreagaz, ez bearrean atzetik ez aurretik, ez deitela sortu neugan ez zeugan eurokanako gorrotorik, irakurla maitea» (5 orr.).

        Emen daukazu Zamarripa'ren lana. Beronek adierazten dizunez, euskal kezkaz bizia duzu. Iltzear zekusan euskera, biotzez maite zuen izkuntza, ta eliz-ardurak uzten zizkion une gaztetan ortan ari oi zan, euskera ikasi, idatzi ta erakusten. Lan txalogarria noski!

 

        IRITZIAK.— Atsegin zitzaion dudarik gabe erriari agotik zerion izkera, Asua'koa ta Bermeo'koa batez ere. Bere idaztietan orixe erabilli zigun geien bat. Azkue'ri, bere iztegi nagusia osatzen zebillelarik, Onaindia'k eta Zamarripa'k —orrela diosku Iztegiaren itzaurrean, XIgarren orrialdean— lagundu zioten Txorierri aldetik. Gero, erri oietako esakun eta irtenaldi ta itz txanbeliñez, gaiñez eragiteraiño mukurutu zizkigun bere iru idatzi parreragilleak bereziki.

        Iñoiz esan dute Zamarripa'ren irri-solasak ez dutela pipermin esatekorik. Ba leiteke. Baiña ezagutzen zuen bere erriaren gogo alai, umoretsua; ipui, itz-gozo, erasi, izkirimiri, ateraldi ta txantxa-josketak maite ditu, ta olakoakin poztu ta euskalzaletu nai zituen bere erritarrak. Gatzik etzuela? Aren lanak, ordea, irakurriak ziran.

        M. Zarate'k euskera aldetik oratzen dio. «Zamarripak darabillen euskera jatorra, garbia ta erreza da... Idazle zaarren eta erriaren iturritik edan dau ura. Eta, jakiña, orrexegaitik da ain jatorra bere euskerea. Alkar-izketak, esakerak eta abar ondo josten ditu. Zenbat aberastasun euskera aldetik! Txibizkeriak txibizkeri, Zamarripa langoak gitxi, nai badozu euskera ikasi» (Bizkai'ko Euskal Idazleak, 171 orr.).

        L. Villasante'k: «Zamarripa'ren euskera beti duzu jatorra ta konfiantza osokoa, errian eta idazle zaarretan oiñarritua» (HLV, 396 orr.).

        K. Etxenagusia'k: «Euskaltzale sutsua ta langillea. Euskera jator-jatorra dau, Bizkaiko Txorierri aldekoaren ispillu garbia; ganera, argia, bizia, edozeiñek ulertzekoa».

        A. Irigarai'k, Zamarripa'ren olerkiz, onela: «Zamarripa'ren olerkiak danak dituzu onak, ingura-mingura gabe; batzuk, Gatika, Geldirik, Aupa laztantxu, Euskaldun gudariak eta Aiko antojagarrie!, adibidez, gaiñ-gaiñekoak dira; Geldirik deritzaiona batez ere; Aupa laztantxu!, titulukoak, berriz, euskereak izkelgi guztietan dauzkan aur-iztegi aberats-aberatsaren zati zati eder bat ematen digu» (RIEV, 1928, 167 orr.).

        Lanak izenpetzeko, Euskalzale-n beintzat, «Artatxori» erabilli zuen.

 

        (Ikus A. Irigarai, RIEV, 1928, 167 orr. ta 1935, 600 orr.; Aztertzale, Euskal Esnalea, 1930, 179 orr.; P. Ithurralde, Gure Herria, 195o, 291 orr. ; S. Onaindia, MEOE, 630 orr. ; L. Villasante, HLV, 395 orr. ; N. Ormaetxea, RIEV, 1927, 202 orr.; K. Etxenagusia, Euskal Idazleen Lorategia, 243 orr.; M. Zarate, Bizkai'ko euskal Idazleak, 169 orr.; Auñamendi, Literatura, III, 303 orr.; Euzkerea, 1930, 252 orr.).

 

Bilaketa