literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura III»
Santi Onaindia

Etor, 1974

 

11.— R.M. Azkue eta Aberasturi

(1864-1951)

 

        Gogoa ematekoak dira gure mendi-buruak: Orhi, Aralar, Aizkorri, Gorbea... Laurotatik jasekoena, baiña, niretako beintzat, Gorbea dugu; beronen erpin-gaiñetik ageri bait zaizkigu Bizkai, Gipuzkoa, Naparru, Araba, Burgos eta Santander eskualdeak, zoragarri oso. Olaxe, Gorbea'ren eduko agertzen zaigu Azkue zana ere euskal literatura zelaian.

        Lekeitio, len arrantzale kabi bero ta gaur udatiarren atseden txoko lilluragarri. Ementxe, uri alai onetan jaioa dugu Resurrekzion Maria Azkue, 1864-8-25'an. Lekeitiarra zan bere aita ere, Eusebio Maria, euskal olerkari bere bizikoa; Mundaka'koa zan, ordea, bere ama Karmen, euskal lanetan semeari ainbat lagundu ziona. Nautika ikasi zuen iru urtetan, Lekeitio'n bertan; gero, bi urtez, batxiller ikasketak osotu zitun Bilbao'ko ikasgu edo Institutoan. Gaztetatik sumatu zuen eliz-deiari erantzuki, Gazteiz'en ikasi zuen Teolojia (1881-1885), ondoren Salamanka'n osaturik Idazteun, Patrologi ta Eliz-eskubidezko ikasteak, 1885-1888 bitartean. Azken urte onetan apaiztu zan eta bere jaioterrian esan zuen meza berria. Andik iru urtera, Salamanka'n bertan, Irakasle (Doctor) titulua lortu zuen Teolojian.

 

        NOR ZEN.— Eder zaigun gizaseme bat azal ta barru nolakoa dan jakin nai izaten dugu. Nolakoa ote genduan, ba, Azkue soin ta gogoz? Ondo-ondotik ezagutu zuen N. Oleaga'k onela diosku: «Andia luzez, zabala, lerdena, sendoa, mardoa, txairoa, azal margo gorrizkaduna, osasuntsua zan Azkuenik ezagutu nebanean eta beragaz autu ta artu-emonetan asi nintzanean». Eta gogo izakeraz? Oleaga'k: «Adimen argia, bizia, zolia zan berea. Edozein gai zala, laster eta sakon aztertuten eban eta gunera eltzen zan, atzenengo ondorenak atararik». Oroimen arrigarriaren jabe zan, eta naimen sendoarena. «Setatsua bai, baña ez setatia; eztabaidako gaia ganoraz ta egoki azaltzen yakonean, bekian bere burua makurtuten eta bere autu-lagunen aburura menderatzen». Baita iñoiz esan da arroa zala ere; baña Oleaga'k onela: «Norbaitzuk, bere soin andi-zerden-zabala ikusirik, arroa ete zanen susmoz egon zitekezan; baña etzan olakorik; bestela, oso apala ta leuna zan» (Euskera, 1957, 8-9 orr.).

        1897'an, Bilbao'n, Jardines kalean euskerazko eskola irasi zuen; berton zeuzkan gaiñera euskal antzoki bat eta berak sortu ta zuzentzen zuen Euskalzale (1897-98-99) asterokoaren lan tokiak. Berak eta E. Bustintzak, ementxe atera zuten baita Ibaizabal (1902-03) ere. Onez gaiñ, lan eta lan zebillen aldikada ontan, euskal-erdal, prantses Iztegian buru-belarri sartuta batez ere: 1903'an Tours'era aldatu zan ango Mame etxeak Iztegi nagusia atera zezan.

        Bere teatru-taldeari euskal zaletasuna bizkortzeko ta, eres-antzerki (zarzuela) txikiak atontzen asi zan, Sasi-eskola, Vizcaytik Bizkaira ta onakoak. Baiña armoniarik etzekialako, bere adiskideak eraginda ortan jarri zitzaigun; Bilbao'ko Kontserbatorioan ikasi zuen lenengo Jose Saintz Basabe'rekin, Paris'en, Bruselas'en eta Kolonia'n osoagoturik bere eres-ikasketak: Alemania'n idatzi zuen Daniel bere len-oratorioa, ango olerkari gazte baten itzakin. Geroztikoak ditu, esango dugunez, beste musika lanak.

        Txit langille zebilkigun Azkue euskal arloan. Nazario Oleaga'k, onela: «Langille eredu Azkue jauna! Zenbait Medalla del trabajo edo langille saritzat asmauriko deduzko ezaugarri ori, emon ete yake gure erritar zintzo onek beste lan egin eztabeen gizonai!» Eta beargintasun auxegatik, «ainbeste ta ainbeste euskera lan eder egile zan ezkero, 1918'an, Oñatiko Eusko-Ikaskuntzaren batzar nagusian, Euskalerriko lau Aldundien asmoz, Euskaltzaindia sortu zanean, Euskaltzainetariko bat bera izentau eben. Eta gero Euskaltzaindia eratu zanean, berari ezarri eutsien geroago bere eriotzararteño eroan eban Euskaltzainburugoa» (Euskera, 1957, 10-13 orr.). Euskaltzaindiaren buru zala egin zituen lanak, asko beintzat, Euskera aldirokoan datoz.

        Adiskide asko zituen or-emen. Ospe aundiko egin zitzaigun. Eta Paris'ko «Societé Linguistique» deritzaion izkuntz-alkarteak berean artu zuen; 1922-5-20'an San Petersburgo'ko Jakintza Bazkuneko egin zuten, eta 1928'an, Espaiña'ko gobernuak, Espaiña'n erabiltzen diran izkuntza guztien ordelariai sarrera eman zienean, «Real Academia de la Lengua Española» dalako Izkuntza bazkunean artu zuten.

        Ezbear larri bat izan zuen 1951-10-14'an: Erribera kaleko bere betiko lantegitik, illunabarrean, Arriaga antzoki ostetik zear etxerantza zioala, Nerbion ibaira jausi zan. Langille batek bein goan atera zuen uretatik, baiña andik illabete baiño len, urte ortako azaroaren 9'an eraman zuen Jaunak berera.

 

        AZKUE APAIZ.— Nazario Oleaga'k: «Azkue etzan, baña, ereslari ta euskalari bikaña bakarrik. Abadea bere bazan, eta abadea be, ez edonor langoa, beste gaietan bezela, gaillen ta nabarmena baño. Sinismen sendo, bizi, sakonduna; otoitzetan oneraspen andiduna, kristinauen arimen arduratsu».

        Apaiztu ta laster Bilbao'n jarri zan euskal irakasle. Ori al zan bere goi-deia? Ez ote du apaizak beste zerbait egin bear? Ez ote du edatu bear Kristo'ren Itza? Bai; ortarako ere, orraitio, askotariko bideak dauzkagu. Lanbide bezela artu zuen irakastegiak aukeran bizi izateko lain diru ekarten zion: lan egin zezakean, beraz, narerik. Lan orri lotua bizita ere, tankera berezia emango zion bere apaiztasunari: apaiz-apostolutza bezela artuko zuen euskal lana; itzez eta idatziz, eta joan-etorriz, bere erriaren biotzeraiño eramango zuen Jaunaren erreiñua.

        Jomuga ortara zuzendu zitun bere kezka ta kemenak. Euskerari ta euskal fedeari erriak eutsi zezaion, alegiñak alegin egingo zitun. Erria eskolatu nai zuen Euskalzale ta Ibaizabal asterokoen bidez; aiztuta zeuden eliz-itzaldiak eta liburuxkak —Mogel, Añibarro ta Ubilos'enak baitik bat— argitaratu zizkigun. Ainbat euskaldun ziran Bilbao'n, eta bertako elizetan, Santiago'n lenengo ta San Nikolas'en gero, euskerazko itzaldiak egin zituen aspertu barik; «an geunkan —dio Oleaga'k— gure Azkue zintzoa domekaro, San Nikolasen eleizean, goizeko bederatzietako mezan euskeraz sermogiñen». Gazteiz'ko Cooperativa del Clero aldizkarian ere, 1915'tik ara, berak asi zuen euskal atala bi meza-sermoirekin.

        Besteak beste, zuzenbide berdiña eman zioten liburu askoren argitarapenai ere. Adibidez: Jesusen Biotzaren illa (Bilbao, 1901), 210 orrialdeko liburu ederra; Lekeitioko Andra Mariari bederatziurrena, Apaiz-ostegunetarako elizkizun eta otoitzak, eta abar. Baita eliz-eresi Kristori, Andra Mariari, Josepe doatsuari... egiñak ere. Eta errietan naiz euskal jaietan eurrez aldarrikatu zitun itzaldiak: 1896-6-14'an, Markiña'n, Kuba'ko gerrea alik eta ariñen bukatu zedin, Karmengo Amari errukia eskaturik, egin ziran jai aundietan, Azkue'k parte artu zuen, eta ez gutxi; berdintsu, 1900'an ere Begoña'ko Ama koroatu zanean, zenbat joan-etorki egin zuen, musika saillean artan ere.

        Apaiza zan aurrenik, eta ezurretaraiño sartuta zeraman ein orrek bultz-eraginda osatu zitula, esan genezake, bere lan arrigarriak. Era askotaz jokatuta eman dezaizkieke aintza ta dedua jainkoari ta gizonai. Bitzuon zerbitzuan zegon aren arrata.

 

        AZKUE TA ARANA-GOIRI.— Gogaikarri zitzaion Azkue'ri aldikada baten bere biran zebillen susmoa: bera ta Arana'ren arteko ar-emanetan gandu pixkat —gorroto (?), jartzen du berak— izan ote zan. Oartua zan, eta etzitzaion laket. Lekeitiarrak berak euskal izenak zirala-ta egindako lanean dioanez, Arana-Goiri «aizkide», «gaste», «gusti», «lagi», «euzko» ta olakoak onartu ezin zitulako zan batez ere etsaitasun ori. Baña surmur ori ondar gaiñean jasoa zala erakutsi nai du, iñoiz zerbait izan ba'zuten ere, gero adiskide onak izan zirala betiko garbi utzirik. Bi errazoi dakaz ortarako.

        Bata: «1896'an argitara nuen nik —dio— liburuxka xume bat, Proyecto de Ortografía zeritzaiona, berau euskerazaleen menean ipiñirik. Itzok jartzen nitun sarreran: «Euskerazaleai: oraindiño Euskaltzaindirik antola ezin danezkero, bazkuna orren utsunea bete bezate or-emen sakabanaturik dauden euskaltzaleak. Erregu bizia dagitzuet onetarako guztioi: liburuxka au aztertu dezazutela astiro, ta bertan darabiltzatan berein puntuak ondoen derizkiozuen bezela erabaki ditzazutela. Ondoren, asmo onen egilleak, egiten dizkioten oarrak ikasi ta bakoitzak bere izenez izenpeturik bialtzen dizkioten errazoiak aztertutakoan, lan orri era berria eman edo-ta beste bat osorik berria egingo du. Baldintza auetan beste norbaitek bear bada, euskal ortografiaz liburu bat osatzea, bere gaiñ artu nai baldin ba'luke, izenpetzen duen onek poz-pozik utziko lioke oraingoz artzen duen lekua».

        Maiatzean idazten zuen au Azkue'k, eta Arana Goiri'tar Sabin'ek iraillean argitara zuen 305 orrialdeko liburutxo bat, ots, Lecciones de Ortografía del Euskera bizkaino (Bilbao, 1896). Donosti'ko Euskal-Erria'k, Aita Arana'k eta A. Kanpion'ek orduan zerabilzkiten idazkerak aztertu ondoren, Azkue'k edatu-berri zuen Proyectoa orraztuten zuen: r (r, rr), j (Azkue, ds), x (Azkue, s), tx (Azkue, ts), jakin (iakin, yakin) ta olakoak, batez ere. Azkue'ren aldean zorrotza agertzen zaigu Arana-Goiri Fonetika ta Ortografi arauetan. Askoz aurrerago zebilkigun ibilli ere abandoarra, itzen ots, sorkun, etorki ta azterren gaiai buruz. Edestia dugu ziñaldari.

        Bestea: Arana, 1897'an, Bizkaiko Aldundirako autesgai jarri zuten bere lagunak; zabalkunderako, alare, etzuten toki egokirik. Azkue'k ordea, esan dugunez, Jardines kalean zeukan bere lantegi berezia, naiko zabala, ta zati bat eskatu zioten antxe, iru bat asterako. Utzi zien Azkue'k bear zuten lekua. Arana diputadu irten zan. Egun batean, esker onez edo, Arana'k diotsa Azkue'ri: «Zer dogu, Azkue jauna?, zelan doa Iztegia?» «Andik laster —dio Azkue'k pozarren— berak lortu zuen ez dakit nik ze obari nik Institutoan neukan euskal irakastegirako».

        Urteak geroago, bi itzaldi eman zitun Azkue'k, Aldundiko Kultura-Batzordearen erreguz, gure erri-musika gaitzat zuela. Onela zioan Azkue'k: «Beste ari bateko itzaldiak egitera ekanduta gaudenok nekez utzi oi dugu, itzaldiaren bigarren asmo bezela edo, erakaspen (moraleja)'ren bat atera gabe. Gaurkoa galdera ontatik erneko da: nori zor diogu itzaldiok ospatzeko erea, eta zuok, aldun prestu ta adiskide maiteok, emen ikusi al izateko zoria?, eta beste garako batzuk Madrid'erako aldapa igotzea? Itz batean: nori zor zaio, Jainkoaren urrengo, euskal Pizkundea bere agermen atsegingarri guztietan? Funtsean, oroz gaiñetik, Arana-Goiri'tar Sabin'i. Gora dezagun duinkiro aren gomuta. Eta, egin-bearrak eskatzen digunaren kontzientzirik baldin ba'dugu, ezpeitez joan bost urte Pizkunde onen eragille beiñena izan zan Abertzale aundiari giz-iduri bat jaso-azi gabe» (Acerca del Santoral Vasco, 36 orr.).

        Bi gizaseme aurrez aurre, alkarri lotsa erakutsi naiez. Itzokin eta era ontako eskabidea egiñaz, Azkue'k, aspaldi batetik muiñean zekarren arantz-izpia zusterkatu nai zuen, dudarik gabe.

 

        AZKUE, EUSKALARI.— Irutan banatu genezake Azkue zanaren lan eskerga: a) Euskalari; b) musikalari, eta d) idazle ta gai-biltzaille.

        Euskalari ta gramatikalari bezela lan izugarria burutu zuen. Zail egingo zaigu euskaldunoi aren goi-maillako lanari merezi duen garrantzia ezartea. Bera lakoxe gizona, goien-goienekoa izan bear ortarako. Ta etzaigu au zeregin erreza. Ona alare gogo oneko zerbait, sail auek beintzat aipaturik.

        1) Euskal Izkindea —Gramática Euskara— (Bilbao, 1891). 401 orrialde. Bizkaiko Aldundiak bere pentzutan argitaldu zuen, oso ederki. Euskeraz ta erderaz dago, abe bitan. Gaztetako lana du, beraz okerrak izan bear. Lengoratu nai zuen bere euskera, aditzean batez ere, urteak irauliz aski puskatua iruditzen zitzaion eta. Gaur ere, 82 urte geroago, ez ote gabiltz ori berori egin nairik? Gure euskerak ditun izkelgi-berezitasunak, anpulu baten eragiñez irabiatzen diran barazki antzera, nastu ta oretu zitezkeala uste zuen nunbait, eta olako izkelgi bateratu bat osatzeko asmoz idatzia dugu bere gramatika. Izkuntzalari batek edo bestek, irri egin zioten; E. Dodgson'ek, esaterako, au jaurti zion: «Ori ez da vascuence, ascuence baiño». Arrezkero, atzerritarren linguistika liburuak, A. Hovelacque'rena, adibidez, irakurri zitun, eta txukunkeriak albora utzirik, erriarengana jo zuen euskera jator billa. Esanak esan, alare, Azkue'ren len-gramatika ederki biribildua da, guztiontzat bitxi jakingarriz betea. Naiz, aiz, da, gara, zara, zarie ta dira ordez, beste aditz-forma jator auek darabilzki: nai, ai, dai, gaiz, zaiz, zaize, daiz. Eta auetatik datoztenetan dagi aldaketa ori, beste formetan etzuen ezer aldatu. Azkue'k beti idazten du, bai Izkindean bai Morfologian, iatzu, iatzue (tzu ta tsu); daust eta ez deust.

        2) Método práctico para aprender el vascuence bizkaino y guipuzkoano (Bilbao, 1896), eta urte berean, geigarri bezela, Clave de temas.

        3) Proyecto de Ortografía (Bilbao, 1896).

        4) El Euskera o el Baskuenze en 120 lecciones (Bilbao, 1897). 147 orrialde zenbakiturik, eta beste 56 ainbarik. Euskeraz ta erderaz. Ajedrez arauak dakaz atzenean.

        5) Manual de Conversación (Bilbao, 1901).

        6) Diccionario vasco-español-francés (Tours, 1905-1906). Bi ale; lenengoak 561 orrialde eta 487 bigarrenak. Lan ederederra; gaztetan egiña. Azkue'k, 39 urte zitula argitaratu zuen.

        Amabost urteko lana, berberak dioskunez; berak bakarrik burutua, eskerga ta obeto egin-egiña. Aurretik ere Larramendi'k, Novia de Salzedo'k, Aizkibel'ek eta, ba-zituzten iztegiak; baiña Azkue'k berri-berria eratu nai izan zigun, errotik kukutzeraiño berria. Ortarako, euskera jori, jator ta alagala erriak bait darabil, uraxegana jo zuen aspertu gabe; bestetik, euskal literatura zarra irakurri zuen, ainbat bitxi eder jasoaz bertatik. Gisa onetan, aunitz esaera, itz, toki ta norki arretaz bildu ta irauliekin beterik daukagu bere Iztegia. Aurrekoak egin zuten bezela, Azkue'k etzuen ezer bere buruz asmatu, erritik eta liburu zarretatik jaso baizik. Erraldoi lana gizon batentzat, baiña Azkue'k gizonki aurrera eraman zigun. Iñoiz etzuela zeren bat ondo ulertu? Ba-litekena da. Itz bi edo iru omen dira olakoak, arnari ta aron, adibidez; itz biok gaur frutu ta ara-ona dabillena adierazteko darabilzkigu. Martin Retana'ri esker, berriz argitaratua izan da Iztegi eder au (Bilbao, 1969).

        7) Prontuario fácil para el estudio de la lengua vasca popular (Bilbao, 1917). Garmendia ta Lagunen irarkolan. 160 orrialde. Iru zati dauzka: lenengokak 33 ikaskizun dakazki, ta bigarrenak beste 33 izkirimiri ta gertaliski. Gipuzkoako Diputazioari eskeintzean, gure izkelgien batasun miñak jota, onela dasa: «Gure euskera zar oni, aintzinako izkera guztiai bezela, umetsua izateak beronen bizitzea erruz erkintzen dio. Bakarra izan balitz, Araba ta Bizkai ta Naparroako uri ta urixka askotan etzan ilko. Bakarrra balitz, euskaldun geienok ezkenduke adiskide artean erderara jo bear izango. Ezin bakartu dezakegu, batu bai».

        8) Diccionario de bolsillo vasco-español y español-vasco (Bilbao, 1918). Liburutxo antzean argitaratua. Aurreratxoago atera zan Aita Bera ta Isaak Lopez Mendizabal'en erdel-euskel ta euskel erdel Iztegia (Tolosa, 1916), ta Azkue mindu egin zan, aiek bere lanez baliatu zirala uste zuelako; baiña J. Garate'k zer ontaz: «Etzegoan ain ongi Azkue zana, zionean Bera ta Lopez Mendizabal'ek egindako iztegi txiki polita, plagio edo lapurketa zala. Gutxik onestuko zuten iritzi mingor ori eta asko erabilli ditunak daki ongi ori. Au esateko ordua zan eta pozik esaten det. Ori bera gertatzen zaio Farinelli-ri, antzeko gauzak arpegira botatzen dizkiola Garcia Mercadal'i Espainia'ko ibiltarieri buruz. Eztire onen lanak plagio, nere iritziz, eta gañera laguntza andia ematen digute ikasle txiki ta andieri» (Gernika, 1952, 5 orr.).

        9) Morfología Vasca (Bilbao, 1923). 930 orrialde. «Euskera» aldirokoak ere azaldu zuen 1923-24-25'garren urteetan. «Liburu eder-ederra —N. Oleaga'k zionez—; euskera sakon-sakon ikasteko ta berbetean erabilli oi doguzan utsak eta oker esanak zuzentzeko, ikaspiderik onena eta egokiena». Bi zati dauzka: lenengo, atzizkiak (sufijoak) aztertzen dizkigu sustraiz ta astiro, 382 orrialdetan; bigarren, gramatika maillak edo esaldi zatiak sailkatzen ditu, izenak, izen-ordeak, izen-lagunak, aditz-ondoak, lokarriak, eta, atzenez, Bizkaiko aditza ainbat erakusbidez jantzita, argi ta garbi adierazten emanik. Iñork beronen laburpen bat osotu nai ba'lu, Pedro Puxana'k Bizkai-aditzaz (Euskal Aditza bizkaieraz-Flexiones del Verbo vasco vizcaino, Bilbao, 1970) egin duen bezela, ementxe dauka gai-arrobi agoreziña.

        10) Neologismos formados a imitación de otras lenguas (Bilbao, 1929). 30 orrialde. Au ta beste lan txikiak, geien bat, «Euskera»-n atera zitun lendabizi ta gero separata lez banazean. Onetaz beste lan bat ere osotu zuen euskeraz (Euskera, 1928, 128 orr.).

        11) Acerca del Santoral vasco (Bilbao, 1933). 41 orrialde. Gero ikusiko dugunez, badu garrantzirik lan onek. Arana'ren Deun Ixendegia ikertu ostean, bere iritzia damakigu. Izenetan Arana'k 960 baldin ba'dakazki, doixtarrak eta prantsesak bezela egingo luke; 100 bat aukeratu.

        12) Gipuzkera osotua (Bermeo, 1935). 184 orrialde. Bere Morfología osotzeko egin zuen lana, elburu bati begira beti: euskalkien batasuna; lendik ere ortarako egin zitun Prontuario ta Argi Galdua. Gipuzkoar izkelgia artu nai zuen eredutzat; ez gero gaur egunean itz edo idazten dan gipuzkera, osotua ta apaindua baizik. Nola osotu ta apaindu? Bizkaiko, Lapurdiko, Zuberoko ta Naparruko izkerak dituzten edertasun eta obekuntza bereziak gipuzkoar izkelgiari ezarriaz. Ortan saiatu zitzaigun Azkue.

        13) El Vascuence y varias lenguas cultas. Estudio comparativo (Bilbao, 1949). Bizkaiko Aldundikoak atera zioten. Lan jakingarria.

        Beraz, ederto dio N. Oleaga'k: «Azkue jaunari aipamenik andiena ezarri eutsana euskalaritza izan zan zalantza bage. Azkue euskalari bardinbakoa izan zan, lanez eta balioz; ezta errikiderik ez eta atzerritarrik Azkue'k bestean euskera ikasketari lotua izan danik eta bere euskal lanen goragokorik» (Euskera, 1957, 11 orr.).

        Garbiazale genuen Azkue zana. Ala ere, ez dugu aren lana geure iritzien neurriz epaitu bear. L. Mitxelena'k onela: «Azkue'ren xedeak eztira bear bada gureak eta xede orien arabera bear dugu juzgatu, ez geure xedeen neurrira. Aren ustez, erriak du bere azken itza, ez apaizak, eliz-gizonak izan arren euskal-idazlerik geienak. Etzegoen orratik erritik baztertua, bere burua ere, Tovar'ek bein erakutsi zuen bezala, erritzat zeukan, herritzat eta are populutzat. Eta erri zan ezkero, eskubidea zeukalakoan zegoen erriak erabilliak zuzentzeko, apaintzeko eta ainbestetan soiltzeko». Jokabide au oso zuzena danik ezin uka dezakegu. Eta darrai: «Garbi-giroa ere bere garaikoa zuen, ez berea». Egia ote? Garbi-giro ori edatu baiño len idatzi zuen ark bere «Euskal Izkindea».

 

        AZKUE, MUSIKALARI.— Eder zuen Azkue'k euskal musika, ta gazterik asi zan berau ikasi, landu ta sakabanaturik zegoena biltzen. Zeinbat kanta zar bilduma arkolatu zitun; ez, lan au, nagusiena ezpada ere, ez da txiki-estekoa. Euskal eresi zarrak txortatzea besterik egin ezpa-lu ere, ondo irabazia zuen betiko izena. Ona, urtez urte sailkatuta, aren musika lanik beteenak:

        1) Euskerazko Eresiak. Lenengo sailla: lau euskal musikazko ingurrazti (kuadernu): euskal abestiak, jatorrak eta errikoiak, Azkue'k berak doiñukatuta.

        2) Eleizarako Eresiak. Sei ingurrazti, eliz musikazko. Itzak euskeraz, latiñez eta erderaz ere bai; doiñuak, berriz, jatorrak, gregorianuak eta errikoiak. Bi sail auetako lanak, lendik ere —«Euskalzale»-n eta antzerki txikietan— argitara emanak dituzu.

        3) Beste ingurrazti batzuk: a) Jesusen Biotzari bi letani, b) Begoña'ko Andra Mariari zortzi oiua; d) Errosarioa euskeraz, argitalpen bi, bata orkestaz lagunduta; e) Andra Mariari oiuak; f) Done Josepe'ri bederatziurrena, berriz Elosu'k (Durango, 1918) euskeraz ta erderaz azaldua: erdel itzak Lizarra'ko seme Arteaga'tar Jose Joakin karmeldarrarenak dira; g) Jesusen Biotzari oiuak. Lan guztiok 1899'rako egiñak zitun; Azkue'ren izena euskal mugaz andik ere nabaria zan, eta Felipe Pedrell, katalan musikalari bikaiñak, zorionak ematen zizkion 1898-5-11'an zuendu zion kartan.

        4) Ordukoak ditu baita: a) Recordare bat; b) Katalin eta Nostalgia zortzikoak; d) Ahusky erromantza; e) Seaska utsa, Selgas'en letraz egiña; f) Teresa Deunaren goi-bizitzaz Asperenak, euskeraz ta erderaz; koroa ta lau ahapaldi iru abotsetara; Aita Jose Domingo markiñar musikalariak dionez, itz eta musika ederto alkarturik, «lan samurra oso, goi-argiz egiña»; g) Te Deum, iru abotsetara, eta h) Apaiz-eguenetarako Ereserkia.

        5) Eres-antzerki edo zarzuela auek: a) Vizcaytik Bizkaiara; b) Sasi-eskola; d) Aitaren bildur; e) Gainzabale'ko eiztaria; f) Eguzkia nora, euskeraz; eta a) Colonia inglesa, ta b) Pasa de Chimbos, erderaz ta euskeraz.

        6) Iru oratorio: Daniel, Lamindano ta Andra Urraka. Auek baiña ez dute oraindio argirik ikusi. Armonia ikasi ondoren antolatuak dira. Ta Daniel deritzaiona, Azkue'k berak aitortzen digunez, Kolonia'n antzeztu zuten.

        7) Ortzuri (Bilbao, 1909-1910). 59 orrialde ditu, euskeraz ta erderaz. Iru ataletan eratua. Opera onen zati bat, ots, Itxasora, Bilbao'n aurkeztu zuten 1911-6-13'an. Jesus Guridi'k zuzendu zuen orkesta. Azkue bera Lur santuetara erromes joana zan. La Gaceta del Norte'k biaramonean esaten zuen: «Gai asko datoz Ortzuri'ren musikan, antzez-lagunai dagozkienak batzuk, eta sentipenak, gogo-egoerak eta gertakariak adierazten dituztenak, beste batzuk. Ba-dira errikoiak ere, ta auen artean gogorazi dezagun arrantzalearen doiñua. Gai otaz Azkue'k ereslan interesgarria osatu du, eta barnean duen berritasunak zurtuta bezela utzi ditu entzuleak. Melodi ta doiñuak, ia denak, belaska ta tristuraz beteak dira; baiña Azkue jaunak, bere lanean, itzalgarriro erabilli ditu, beren ixuririk galdu gabe, lili-ponpox eta eres-ikoti artean troxaturik. Adigarri zan, batez ere, abesbatzen musika bete ta dardargillea: oso txalotuak izan ziran».

        8) Urlo (Bilbao, 1911-1912). 348 orrialde dauzka partitureak. Zubiria'ko kondeari eskeiñi zion. Musika ta letra —euskeraz, gazteleraz ta doitxeraz— bereak ditu. Bilbao'ko Dositeo etxeak Leipzig'en atera zuen.

        Opera onek naigabe latzak ekarri zizkion Azkue'ri. Lan onen inguruan zati-erazi zitun ametsak ustel geratu zitzaizkion. Bi naiz irutan antzeztuko zalakoan zegoen. Barzelona'ko orkesta ekarri zuen, Lamote de Grignon zuzendari zala; bertoko Euskeria orfeoiak abestuko zitun taldeai zegozkienak. 1914-5-29'an antzeztu zan. Baiña zabalkunde urriagatik edo, jenderik etzan joan gutxi baiño. Abeslariak ere, batzuk gaixorik eta beste batzuk arin xamar gertatuak, etziran bear aiñako maillara iritxi. Operak berak ere ba-zuen bere mataza biurria: ogei ezaugarri-zerrenda (leit-motiv) sartu zitun; ekitaldi bakoitzeko gaiak etzuten batasunik edo doiñu-lerro jarraikorik. Biaramonean Euzkadi'k zioan: «Naspil leiza batean bezela durundu dagi orkestak. Nun dago melodi-lerroa? Geure kautan esan dugu: au ezta bein bakarrik entzutekoa. Berriz ere entzun bearko». Gaur bear bada ez litzakigu orren naspilla irudituko. Azkue, dana dala, antzokirako gizon trebe bat aurkitu etzulako edo Wagner'i urbillegitik jarraitu ziolako, porrot eginda gelditu zitzaigun. Eta agur egin zien betiko opera lanai.

        9) Cancionero vasco popular (Barzelona, 1918, urterik gabe). 12 aletan. Lan izugarri bikaiña; onexek emango zion besterik egin ezpalu ere betiko izena. Jakin zazu beronen edesti pitin bat.

        Euskalerriko lau Aldundiak, Araba, Bizkai, Gipuzkoa ta Naparroa'koak konkurtso batera dei egin zuten 1912'an: sarituak izango ziran erri-kanta ta doiñuz osoturiko bi sorta oberenak; batak 5.000 peseta artuko zitun, eta 1.500 besteak. Urte beteko epea eman zan. Bi sorta agertu ziran batzaldira: Vox Populi, Azkue jaunarena, ta Gure Abendaren Ereserkiak, Aita Donostia'rena; lenengoak, 1.689 aire aozko ta 121 jo-gailluzko zituan; bigarrenak, 499 aozko melodi ta 24 jo-gailluzko. Azkue'k jaso zuen len-saria ta Aita Donosti'k bigarrena.

        Musikalari biok ditugu txalogarri. Lan eskerga oni bere betea emateko, Euskalerri osoa arakatu zuten. Eta, ain zuten ere, euskal seme errime biok lan ori garai artan osotu ezpazuten, gaur bear bada maskaldua edo-ta galdua genduan gure erri-kantuzko meatz-obi aberatsa. Itzak eta musikea bera ere, iñoiz, ikuturen batzuk eginda geratu zirala? Ezta arritzekoa. Denok bai dakigu nolako aldea dagon eskualde batetik bestera naiz letretan naiz musikan, eta biltzailleak naitaez sorta berezi bat egiterakoan eskua sartu bear, iñausketak naiz beteketak egiteko. Erriaren biotzera jetxi ziran bi biltzaille sekulako auek, eta andik atera zituzten beren milla ta geiago abestiak. Araka bion euskal kantutegiak eta ikusi nolako arduraz osotuak dauden. Bai ederki etorri dala Martin Retena'k azken urteotan eskaiñi digun argitalpena (Bilbao, 1968).

        10) Musika itzaldiak. Iru auek beintzat ixillik laga eziñekoak dira: a) Música popular bascongada (Bilbao, 1901); b) Música popular vasca ta La Música popular vasca y la griega (Bilbao, 1919). Euskal Kultura Batzordeak argitaratuta, biak batera; eta gero Cancionero Popular Vasco dalakoan ere badatoz, 5'gn. orrialdetik aurrera; d) La tradición en nuestra música popular religiosa; 1928'an Gazteiz'en ospatu zan Eliz-musika Batzarrean, zemendiaren 11'an, egin zuen itzaldia (Crónica del Congreso de Música Sagrada, Gazteiz, 1930, 281 orr.).

        Aitor dezagun garbi: musika-zale izugarria gendun Azkue. Urteetan aren idazkari izan zan Nazario Oleaga'k dio: «Esan nei, Azkue'ren irudia zeatz eta osoan agertu dedin, bere eresi zaletasunak bere bizi guztian iraun ebala, larogetakaz urteak ebazala be, beste lanen atsedenez, sarri lan gelan eukan piano aurrean jezarrita, joten eta abestuten iñarduan eta» (Euskera, 1957, 11 orr.).

 

        AZKUE, IDAZLE TA BITXI-BILTZAILLE.— Azkue'k gogoz jorratu zuen beste lan-sail bat falta zaigu oraindik. Idazle dugu, dudarik gabe; argitara zitun gertirudi, antzerki, itzaldi ta erlijio-gaiak aipatu digutu; baiña, ba-ditu oiez gaiñ sei-zazpi liburu ere berak bere buruz sortu ta argira ekarriak.

        Eta biltzaille dugu Azkue. Gure errian, zenbat ipui ta jazoera, esakera ta atsotitz, ume-kanta ta erri-olerki, oitura ta siniskeri izan dan, eta dan gaur ere. Eta Azkue'k Euskalerriaren Yakintza izeneko lau liburuetan jaso zizkigun bitxi oiek.

        1) Txirristadak (Bilbao, 1898). 274 orrialde. «Euskalzale»-n argitaratu zitun irakurkizun barregarriak; lenengo pilloak 23 txirristada ta bigarrenak 18. Arin, errez, piper-miñez beteak.

        2) Bein da betiko (Bilbao, 1890) 128 orrialde. Bizkaierazko elezarra. Au ere «Euskalzale»-n argitaratu zuen lendabizi.

        3) Ainbat lan eder «Euskalzale» (1897-98-99) eta «Ibaizabal» (1902-03) asterokoetan. «Txirrist», «Euskalzale», «Eketa» ta olako ezizenak erabilli zitun sarritan.

        4) Jesusen Biotzaren Illa (Bilbao, 1901). 210 orrialde. Biotz Donearen inguruko gogarte ederrez ornitua. Bizkai'ko euskeraz.

        5) Ardi galdua (Bilbao, 1918). 166 orrialde. Gipuzkeraz egindako nobela. 13 eskutitz dira gertirudi osoaren mataza poliki ariltzen dutenak.

        6) Itzaldiak (Donosti, 1923). 1920'garren urteko jorraillaren 5'an, Txomin Agirre'ren omenez egindakoa, ots, Agire, beretergoan deritzaiona; naikoa lenago, Jaungoikua eta Foruak.

        7) Laminak Euskalerrian (Bilbao, 1927). 29 orrialde.

        8) Euskera aldirokoa, 1919'tik aurrera, Azkue'ren babes eta ardura goxopean ainbat lan eder azaldu dizkiguna.

        9) Euskalerriaren Yakintza (Madrid, 1935, 42-45-47). Lau ale aundi: 1'go., Oitura ta Sineskeriak, 472 orrialde; 2'gn. Ipuin ta Irakurgaiak, 479 orr.; 3'gn., Atsotitzak, Esakerak, Aurren izkuntza, Ago-korapiloak, Goitizenak, Igarkizunak, 411 orr.; 4'gn., Erri-otoitzak eta Erri-olerkiak: a) Aldartezkoak; b) Dantzakoak; d) Edaleenak; e) Elizarakoak; f) Eskelarienak; g) Ezteietakoak; h) Gertaridunak; i) Illetak; j) Ipuiñak. Ostagikindea, Erriaren sendakintza, Aurren yolasak, 456 orrialde.

        Lan eder au osotzen bere ama izan zuen lankiderik aundiena. Itzaurrean onela dio, lan oso au Mari Karmen Aberasturi, bere amari eskeiñiaz: «Bai lau liburu onen orrialdeetan ta bai Iztegiarenetan bi mila bidar gitxienez, gai bata ta bestearen ondoan, iru izkiratxo onek irakurri dagikez: B-m. Bizkaia-Mundaka darakuse. Zortzi-amar gai ez, beste mila ta bederatzireun ta larogei ta amarrak, ama, berorren ezpanetatik neure belarrietara jatsiak dira». Beraz, ama-semeon lanak ditugu Iztegia ta Euskalerriaren Yakintza, batez ere. A. Arrue'k: «Idatzi al du iñork sekulan gure errian Azkue'ren Euskalerriaren Yakintza izeneko lau liburuekin neurtu litekenik?»

        10) Ipuiñak (Bilbao, 1968). 248 orrialde. Azkue'k, gaztetan bereziki, ipuin, izkirimiri ta irakurkizun labur ugari osotu zitun; auek «Euskalzale»-n eta «Ibaizabal»-en datoz, oparotsu.

        Nik gertatu nuen ipuin-liburu ontan datozanak «Euskalzale»-tik artuak dira guztiak. Eta gaur ere, orduan niñoana bera diot:

        «Azkue'k ementxe ustu euskuzan bere literatura bitxirik ederrenak. Geroago be, ondo dakigunez, makiña bat gauza eder osotu ebazan, baiña aldizkari onetan, asteroko onetan irauli eban bere arima artista, eder-zalea; gozo ta bigun irauli be. Dala irakurgaietan, dala ipuin edo izkirimirietan, emen besteko erreztasunik, ugaritasunik ez euskun gerora sekula be erakutsi».

        11) Grankanton arrantzaleak. Azkue'ren lenen euskal lana, 1888'an Bilbao'ko Institutoan euskal irakasle izatea lortu nai izan zuenean maipurukoai aurkeztutakoa. Lekeitio'ko ipui bat du oiñarri.

        12) Ortzuri. Nobela. «Ez dakit noztik egiña dauan —diosku A. Akesolo'k—. Euskeraz eta erderaz, bietara eginda daukana, bai. Eta erderazko ori argitaraturik dauko, Bergara'ko dominikoen aldizkari baten —«El Santisimo Rosario»-n noski—, oker ezpanago. Antxe bertan atera eban «Argi Galdua»-ren erderazko itzulpena bere, Bilbao'ko abade batek egiña».

        13) Latsibi. Irakurgaia. «Ardi Galdua»-ren ondoren idatzi zuen. Onela A. Akesolo'k: «Berak Bizkai'ko euskeraz egin, eta gerotxoago Gerard zanak giputz-euskeraz jarri eutson. Mezenasen bat noz agertuko, argitaratzeko dirurik nok emongo begira egon zan gero bere bizi guztian, eta ez zan agertu Mezenasik. Neuri itxi eustan bein, irakurteko, egun batzuetarako. Ari luzea dauko. Gerta-lekua: Bilbo ta Maruri-Mungia bitartean. Politika gaiezkoa».

        14) Kristo'ren Antz-bidea. Azken aldian osotzen zegon lana. «Kempis poliglota» atera nai zuten nunbaiten, euskeraz ere bai, ta Azkue'gana jo zuten itzulpena egin zezan. A. Akesolo'k: «Bein baño sarriagotan ikusi neban lan au egiten, latiñezko ta euskerazko Kempis bat (Pi Abarena au) aurrean zituela». Gipuzkera osotuan eginda dago.

 

        IRITZI TA OMENALDI.— Azkue, azkenik, konta ezin alako lan au dala-ta, beti dugu aomen aundikoa. Bere lanaren aurrean, mendi eskerga baten oiñean lez, zur ta lur gelditu oi gara, ta ari buruzko gure iritziak beti dira arrimenari dagozkioenak. Orixe'k, esaterako, Iztegiagatik: «Amabost urteko lan arrigarria, euskera onaren iturria». Baita au ere: «Euskeraz ari geranok Azkue jaunari zor diogu geienik, eta Euskerak ere bai... Ark atera gaixoa bere zarpilletatik eta soiñeko apaiñez jantzirik utzi».

        Izan ditu omenaldiak ere, naiz-ta merezi duen aiñakorik ez. Il eta laster egin zitzaion bat, 1952'gneko abenduaren 10'an, 11'an eta 15'an, Bilbao'ko Ateneo'an: F. Krutwig, J. Gorostiaga, A. Donosti ta Jose Domingo karmeldarrak itz egin zuten. 1953-1-4'an, ordea, San Bizente parrokiko aretoan, Antonio Tovar'ek, Salamanka'ko Unibersidadeko buru zanak itz egin zuen, Azkue zanaren iker-lana goraturik.

        1956-57'an ere berdintsu, Azkue'ren omenezko jaiak. Lotazillaren 30'an asi ziran: goizean Santiago Apostol ikastetxean euskerazko meza ta itzaldia. Nazario Oleaga'ren itzaldia; Bilbao'ko Koral Alkarteak abestu zitun Azkue berak doiñutu zitun eresi batzuk; gero, «Illeta», Escudero bera zuzendari zala, 250 kantari bizkaitar eta gipuzkoar inguruk eta Bilbao'ko orkestak parte arturik. Urtarrillaren 2'an, Luistarren aretoan, apaizak izan zuten batzarraldia, Bilbao'ko gotzaia maipuruko zala; auek itz egin zuten: Gregorio Maidagan, Juan Gurutz Ibargutxi, Jose Maria Olaizola eta Andres Mañarikua jaunak. Erregen egunean izan zan bigarren jaialdia, Coliseo Albia'n: Antonio Arrue'ren itzaldia, Euskaltzaindiko euskal ikasle ta teatrugilleak eta Olaeta'ren dantzariak egiñiko agerraldiak eta B. Enbeita'ren bertsoak. Goratzarre bikaiña.

 

        (Ikus Euskera, 1919-1922, 19 orr., 1954, 29 orr., ta 1957, 5-54 orr.; La obra de don Resurrección María Azkue, Bilbao, 1952; Gernika. 1952, 4-21 orr.; S. Onaindia, MEOE, 1954, 315 orr.; Egan, 1957, 1-2, 72 orr.; I. Omaetxebarria, «Euskera», 1959, 27, orr.; L. Mitxelena, HLV, 142 orr.; L. Villasante, HLV, 372 orr.; L. Akesolo, BAP, 1965, 35 orr.; K. Etxenagusia, Euskal idazleen Lorategia, 192 orr.; M. Zarate, Bizkaiko Euskal Idazleak, 138 orr.; S. Onaindia, Ipuiñak, Bilbao, 1968, 7-12 orr.; Auñamendi, Diccionario Enciclopédico vasco, III, 1974 363 orr.; Zeruko Argia, 1964, dagonillak 9, 4 orr.; Jon Bilbao, Eusko Bibliographia, I, 409 orr.).

 

Bilaketa