9. Aita Sebastian Mendiburu
(1708-1782)
Aita Villasante'k idazten du: «A. Kardaberatz gipuzkoar bat dugu Bizkaira begira, ola esan al bada; bere apostolutzarik geiena beiñik bein Loiolatik sarkalderuntz zuzentzen zala dirudi. Aren beste senide ta adinkide au, gipuzkoar bat dugu Naparrura begira. Onen jaioterria Oiartzun bera ere beti euki izan dugu, izkeraz, napar garaikotzat; eta A. Mendiburu ia bizitza guztian Iruña'n bizitu zan ezkero, errez ulertu dezakegu zein izan bear zuen aren mixio-lanen eta nekeen barruti maiteena. Aren liburuak, beraz, napar kutsu ezaguna ixuri bear».
BIZITZA. Oiartzuarra dugu, an bait zan sortu 1708-9-2'an. Adimen argi ta zima onekoa agertu zitzaigun umetatik, eta amazazpi urte zitula, 1725'an, Jesus'en Lagundian sartu zan. Eliz-ikasketak amaitu zitunean, Iruña'ra bialdu zuten nagusiak, eta ementxe Filosofia irakatsi zuen sei urtez, eta gero Teolojia beste iru urtez; eta gramatika. Baiña mixio-deia zuen bere baitan pilpilka, ta barne-su orri ezin eutsirik, ogeitamar urte gutxienez eman zituen Kristo'ren itza aldarrikatzen.
Epe luze orretan amaika itzaldi eder entzunak ziran, ziur asko, an inguruko erritxoak. Neguan ezin ba'zuen, udan, oporaldietan zebillen erriz erri, Napar garai aldekoetan batez ere. Aomen aundiko izlaria genduan A. Mendiburu; ta ez ango euskaldun errietan bakarrik, Iruña'n bertan ere bai, garai artan Iruña'n euskaldun askotxo ziran eta. Ander Lizartza'k onela: «Iruñan, San Zernin deitzen dioten elizan, solasaldiak euskeraz egiten zitun Garizuma'ko iganderik geienetan, euskaldun utsak ziran morroi ta neskameendako. Baiñan, Mendiburu'ren izketa garbi ta suarra entzuteagatik bertze aunitz ta aunitz, euskeraz mintzatzen ezpa-zekiten ere, aditzeko ainbat ba-zekitenak, aren predikutara joaten ziren» (Bigarren Euskal-egunetako Itzaldiak).
Ondo zekian umetatik ere euskeraz; baña obeto ikasi zuen bere eliz-egikizunetarako, eta guztioi maixu egiazkoa izan zitzaigun. Kikero euskalduna esaten zioten, eta ba-zan izan ere zerbait eta geiago, naiz elizetan mintzatzean, naiz euskal liburuak tajutzean. Bietarako, euskera sakon eder apaiñaren jabe zan. Gai sakonak errez ta lau azaldu oi zitun; eta, jakiña, jendea parrastan zijoan ari entzuten. Izlari trebe ez-ezik, bizikera latz eta santuan ere, Kardaberatz'en kideko, eredugarri dugu.
Kristok irakatsia erein ez bakarrik, Aren Biotz santuazko jaiera zabaldu ta Alkarte bereziak eratu ta indar-azten ere berebiziko garra ta azkua erakutsi zitun beti ta beti. Ontan, esan dugunez, etzion gutxi lagundu A. Kardaberatz'ek. Azkeneko bi gizaldiotan Euskalerriak Jesus'en Biotzari izan dion eraspen beroa, Aita biok zabaldu ta oiñarritua dugu, ezpairik gabe.
Noiz ez? Ta odei beltzak moltzotuaz zijoazten jesuiten aurka. Agiri-agiriko errazoi gabe, borboitar erregeak, Espaiña'n, Portugal'en, Frantzia'n eta Sizilia'n, erabalki latza artu zuten beren erreiñuetatik jesuitak botatzea, ta olan egin zuen Espaiña'ko errege Karlos III'garrenak, 1767'an. Korzega ugartera jo zuten lenengo euskaldun jesuitak, beste askorekin; geroago Bolonia ta Ferrara eskualdetara zabaldu ziran. 59 urte zituen gure Mendiburu'k erbesteratu zutenean. Eta, 15 urtetan atzerriaren samiña iruntsi ondoren, Bolonia'n il zan 1782-7-14'an.
Gorputzez kaizu onekoa ta lerdena zan A. Mendiburu. Oiartzun'en ikusi dezakegu aren giz-irudi ederra, Errapel Pikabea oiartzuar argiak eginda. 1922'garren urtean ospatu ziran aundikiro, giz-irudia agertzea zala-ta egiñiko erri-jaiak.
BERE EUSKAL LANAK. Mendiburu'k, iztun bakarrik etzalako, itzaldietan erabillitako gaiak, apain eta gozo, liburuetan utzi zizkigun. Aren idaztirik ezagunenak
1) Yesusen Compañiaco A. Sebastian Mendiburuc euscaraz eracusten duen Jesusen Bihotzaren Devocioa (Donostia, 1747), Bartolome Riesgo Montero'ren irarkolan. 387 orrialde. Lau liburutan banaturik dago. Ementxe dator Larramendi'k Loiola'tik igorri zion gutuna ere. Auxe da A. Mendiburu'ren libururik ederrena, «idaztankeraz eta euskalkiz», diosku Orixe'k. Jesus'en Biotz donearen eraspena ta kristau-egiak zaintsu ta diztikor azaltzen ditu. Ta merezi zuen bezela, lau argitaraldi beintzat ikusi izan ditu: bigarrena Iruña'n, 1751'an; 393 orrialde; Loiola'ko Iñaki deunaren eta Prantzisko Xabier'en bederatzi-urrenak dakaz azkenean: irugarrena Tolosa'n, 1882'n «Jesusen lagundi bereko Aita euskaldun batek, animen onerako, arretaz ikustatu eta utsegiñak kendurik, obetu ta geitu duena». Laugarrena, berriz, Gregorio Arrue'k gipuzkerara biurtu ta argitara eman (Tolosa, 1883) zuena da. Dodgson'ek, azkenik, agerrazi zuen Mendiburu'k bertan darabilzkin milla ta berreun adizkerazko aurkibideakin.
2) Yesusen Amore-nequeei dagozten cembait Otoitz-gai (Iruña, 1759-1760). Bi irartaldi egin ziran, itxura danez, bata amaika liburuxkatan eta iru liburu nagusitan bestea. «Ikaskizunez eta azkuz beteagoa» dala dio Orixe'k. Tituluak dionez, 88 gogarte dira bertan luze ta edadura aundiz azaltzen dizkigun gaiak. Gaiok, bereak ala itzuliak ote?, itandu oi da. Ez dakit zergatik. A. Mendiburu'k ba-zuen, ba, urte askoz gai sakonetan irakasle izan zan ezkeroz, ori ta geiago burutzeko lain jakituri. Nun idatzi zuen? Azken orrazketak beiñik bein Iruña'tik kanpo; Loiola'n bear bada. P. Orkaiztegi zanari esker, berriz ere (Tolosa, 1904-1905) argitaratua izan zan, iru aletan, Eusebio Lopez-en etxean.
3) Euscaldun onaren viciera, mezaren entzun-vide labur erreza, errosarioco amarrecoen asiera eta cembait bederatz-urrun (Iruña, 1762), liburugille Josep Rada'ren etxean. 236 orrialde. Bigarrenez ere Iruña'n argitaldu zan, 1765'an.
Aita Zabala'k bere Noticia dalakoan dakarrenez, Jesusen Biotzaren kofradikoen araudia ere A. Mendiburu'k osatua da. Aita Ander Lizartza kaputxiñoak dioskunez, Kristau Ikasbidea-
ren azalpen bat ere idatzi zuen, iru aletan; baiña etzan argitaratu, bear bada A. Kardaberatz'i jarri zizkioten beaztopo berberak aurkitu zitulako. Ba-ditu oraindik urteko igande ta jai guztietarako Irakurgaiak, bi liburutan, oraindio argitara gabe daudenak, damurik. Eta olerki batzuk.
IRITZIAK. «Lan klasikua ta ederki egiña diño Sorrarain'ek. Izkelgiz gipuzkera da, egillea bizi zan Naparruko izkera errikoiaren kutsu ta urrin pixkarekin». Eta F. Michel'ek: «Gipuzkeraz dago, bete-beterik idatzita; ba-ditu kanta batzuk ere, bertso errez berezkoetan».
Orixe'k: «Euskal-idazlerik oberena au uste dute zenbaitek eta Kikero euskalduna izena ipiñi diote. Axular'en ondo ondoan beintzat tokia merezi du. Euskera garbiagoa du Oiartzuarrak Urdazubiarrak baiño; ez orde ugariagoa». Eta geroago, Kikeron euskalduna Mendiburu'ri esatea geiegi zala-ta, onela idazten du: «Luis Eleizalde zanari eskerrak, Mendiburu'ri gora aundia ematen ikasi genun eta, uste genezaken, oraindik, erderakeriak ukan arren, ez zala Axular bezain erdalzale edo erdaldun. Pitagoras'ek beste aldera erakutsi digu. Kikeron'en izen aundia Axular'i utzi bearra dauka Mendiburu'k, apalago gelditzen baita. Zeren eta ezen orietan, Axular baiño urriago diteke; baiñan itzurrenean asko kentzen dio Urdazubitarrak».
Mintzo «jori, bakun eta ederra» duela aitortzen digu P. Lafitte'k. L. Mitxelena'k, ordea: «Mendiburu da zalantza gabe izkera txairo ta apain izkuntza erabilli dutenetariko bat. Doai bat ukatu zioten: kemena. Barne-mamiz bere idaz-lanak nolanaiko otoitz liburu askiegi dute, irakurlearen sentipenetara joten bait du larregi ta era bereko».
Eta J. Etxaide'k: «Mendiburu'k, sermolaritzari ez-ezik, euskeraz idazteari ere ekin zion eta bildurrik gabe esan dezakegu, Mendiburu, bere aldiko euskal idazlerik garaiena izan zela Bidaso'z onuzkotan beintzat... Mendiburu'ren prosa ulerterreza ta leguna da, eta bere euskerak etorri ta aberastasuna dario nun-naitik. Joskera, bere aldiari gagozkiola iñork baiño jatorragoa darabil, nire ustez, eta galdegarriak ere oso nekez erabiltzen ditu galde-esakunetatik lekore. Ontan, aurrera aundia eman zion Mendiburu'k euskera idatziari, eta erri-euskerarekin lokartu-bidean jarri zun».
L. Villasante'k, azkenez: «Aita Mendiburu'k ez darabil, noizpeinka ezik, Larramendi'ren itz berririk; baiña ezta gaztelerazko edo latiñezko beste itzik ere. Ba-daki euskal itz jator-jatorrak aukeratzen, eta lasa ari da eurekin».
Iritzi auetatik atera dezakegunez, euskal idazlari bikaiña dugu Mendiburu, bere garairako batez ere. Mundua aurrera doakigu; ez teknikaz bakar-bakarrik, baita erti-arloan gustu ta ao-xuriz ere. Ordukoentzat eder zana, gaur etzaigu orren eder, aldaketa ta eboluzioaren erruz. Ondorengo egunetan ez ote dute gero, gugatik, berdin samar esango?
Gaiak saiets utzi ta euskerari soilki gagozkiola, au zan aren asmoa: zenbait izlari zebiltzan orduan beren sermoiak gaztelaniazko ta latiñezko itzez iguingarriro zanpatzen... Oieri erakutsi nai zien Mendiburu'k. Nola? Eliz-gai danetan itz eskukoi ta jakiñenak, garbi ta txukunenak erabilliaz. Euskera edozertarako ere gai ta gauza dala aditzen emanik, noski baiño noskiago. Ortik zion Orixe'k: «Euskeraren garbitzen orainotsu ez da Mendiburu'k adina alegin duenik».
(Ikus J. Vinson, Essai Bibl. Basque, 76, 90, 97; Sorrarain, Catálogo..., 271 orr.; L. Eleizalde, RIEV, 1907, I, 67, 210 ta 464 orr.; P. Lafitte, Loretegia, 70 orr.; S. Onaindia, MEOE, 241 orr.; Orixe ta Oiartzabal, «Euskera», 1958, 19 orr.; J. Etxaide, Amasei..., 133 orr.; L. Mitxelena, HLV, 101 orr.; L. Villasante, HLV, 148 orr.; K. Etxenagusia, Euskal idazleen Lorategia, 57 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 258 orr.).