literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura III»
Santi Onaindia

Etor, 1974

 

5.— Serafin Baroxa eta Zornotza

(1840-1912)

 

        Euskal idazle jatorra. Baroxatarrak, Araba'ko Peñazerrada ondoan dagon Baroxa basaurian dute belun-etxea. Rafael Martinez Baroxa Haro'n jaio zan 1770'an, eta Karlos IV'garrenaren garaian atera zuen etorki-agiria Gipuzkoa'n bizi izateko. Pio Baroxa Oiartzun'en munduratu zan 1808'an, eta onen seme Serafin Baroxa Donostia'n, 1840'an. Eta Serafin'en semea zan azkenez Pio Baroxa ta Nessi, osagille ta nobelagille ospetsua, 1872-12-28'garren urtean Donosti'n jaio zana.

        Minetako injeneru ikasi zuen. Bere meatz-epaiketa lanak Riotinto'n asi zitun; meatz-zulo ageri gero, ingeles alkarte batek guna ta mamia atera zien. Geroragoan, Huelva'ko miña obien ardura ere izan zuen. Eta, atzenik, Bera urian il zan 1912-7-16'an.

        Sorterritik urrun samar ibili zan arren, biotz-mamian beti zekarren ondo itsatsita euskaltzaletasunaren lera, eta nun-nai bizi, asko idatzi zizun euskeraz ta erderaz. Erderaz, adibidez, ainbat ipui ta irakurgai orduko izparkarietan: Gazi-gezak —erderaz ta euskeraz—, Mis ocho alojados, A los Auxiliares de Bilbao, Marcha de San Sebastián eta abar.

 

        EUSKAL LANAK.—

1) Gaci-guezac (Donostia, 1875). 62 orrialde.

        2) Manterola'ren Cancionero Vasco-n datozen olerkiak (Donostia, 1977). Ai, au dolorea! ederki biribildua duzu baitik bat, lau aapaldikoa. Mariano Zuazabar'ek —injeneru au ere— ipiñi zion musika. Olerki ta musikari buruz au dio J. Manterola'k: «Biok Gipuzkoako seme, ta biok ondore ederrez landuten dute, origatik euren ogibideko ikasketa-lanak bazter utzi gaberian, batak olerkia ta besteak musikea. Baroxa'ren olerkia jator bikaiña da egiaz; gaiez naiz ebaki bereziz alemandar balada bat dirudi; musikeak, bere igiera (ritmu) ta amai doiñutsuz, berebat arabiar kantua ematen du» (Cancionero Vasco, 1877, II, 19 orr.).

        3) Almanaque bilingüe para el año 1879 (Donostia, 1878).

        4) Pudente (Donostia, 1878), J.A. Santesteban'en musikaz. Lenengo opera edo euskal drama eresitua. Ekintza Riotinto'n gertatzen da, erromatarren garaian.

        5) Santo Tomaseco feriya (Donosti, 1878). Berdin: Nury (Irun), Hernaniri, Guetariarrai, Asto-contuac, San Marcosi, Cecen suscoa.

        6) Il ritorno di Don Stefano, zarzuela, ta Mis ocho alojados, erderaz.

        7) Iruña'ko Revista Euskara-n idazten du.

        8) Hirni, ama alabac (Iruña, 1882). Isturiz'en irarkolan. Bi ekitalditako drama, bertsoz; itz lauz erderazko itzulpena. 31 orrialde.

        9) «Euskal-Erria»-n, 1880-1912'ra, olerki auek firmatzen ditu: I) Asto-kontuak (1880); Madalenen arrazoia (1880); Arrats izugarria! 1813'garren urteko abostuaren azkenengo gabari (1880); Sarjento zar dan bat zegoan (1880); Zezen-suzkoa (1881); Metamorfosis (1881), Manuel de la Revilla'ren «Metamorfosis» olerkia euskeraz jarrita; Jaungoikoari (1881), Ahriman'en «A Dios» olerkia euskeraz; Donostiari (1883); Ez dago gaizki esana (1882); Puigcerdari (1882); Erriko seme donostiarra (1882), amalauko saritua; Akelarren larunbata (1883); Azeria eta akerra (1883); Il da maisuba! (1884); Juan Jose Santisteban musikalari il-berriaren oroimenez (1884); Bagera...! (1885), Donostiako martxaren letra; Oroit bat Kalderon Aundiari (1912), Calderon de la Barca'ren «Cuenta un sabio que un día» amarduna euskeraz, eta Ai, au dolorea! (1912), lau seiko, bere olerkietatik ederrena bear bada.

        10) Berak zuen Santisteban'en Luchi opera izkiz ornitu; berdin egin zuen 13 ekitaldi ditun Amairu damacho zarzuelarekin ere, berak jarri zion euskerazko letrea.

        11) Serafin Baroxa'k zuzendu zitun «El Urumea» (Donosti, 1879) ta «Bai, jauna, bai» (Iruña, 1883) izparringiak. Poliki idazten du euskeraz. Umore onekoa zan bere idatzietatik atera dezakegunez. Bein, adibidez, ordu betetik gorako itzaldia egin zuen, A izkia zala-ta. Onela margozten digu Arrats izugarria! deritzanean, 1813'eko dagonillaren gauean ingles, prantses eta abarrek Donosti erre ta suntsitzean egin zutena:

 

                «Gizon ordi taldeak askai likitsan

                etxerik etxe dabiltz leian iñoren

                        diru irritsan,

                onraren zale, burniz pasatu ondoren

                arpegi eman duen aita, semea

                        edo gizona

                        iltzen dagona,

                sentiturik batean agoni epea

                ta ansi triste larri bat deitzen diona».

 

        Onelaxe, latz eta bizi dagi orduko lotsa ta ilkintzaren lauki erdiragarria, bederatzi ahapaldi luzetan. Irakur bukaerako au ere:

 

                «Asaba zar gureak joanak mundutik,

                Numanzitar errutsu aien modura

                        bizia emanik,

                igo ziñaten zuzen zeru altura!

                Jaunak bere saria dizute ematen

                        ordu ezkero;

                        bai, errauts bero,

                martireak bezela igo ziñaten

                sugar Donostikotik pasa ta gero!»

 

        (Ikus Euskal-Erria, 1912 ta 1913; J. Manterola, Cancionero Vasco, 1877, II, 17 orr. ta 1880, 248 ta 320 orr.; J. Urkixo, RIEV, 1912, 569 orr.; S. Mujika, Geografía P.V.N. Guipúzcoa, 724 orr.; Jose Iriart, Euskalerriaren Alde, II, 749 orr.; S. Onaindia, MEOE, 363 orr.; N.A.G., Eusko-Gogoa, 1956, 98 orr.; H.V.B., BAP, 1961, 99 orr.; A.M. Labaien, Teatro Euskaro, II alea, 162 orr.; Auñamendi, Literatura, II, 174 orr.; Jon Bilbao, Eusko Bibliografia, I, 460 orr.).

 

Bilaketa