literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura IV»
Santi Onaindia

Etor, 1975

 

11.— Jean Barbier

(1875-1931)

 

        «Barbier'tar Jon, Bidasoz andiko euzkeldun jatorra zan. Senpere'ko txaunburuba zalarik, idazti ta idazkai politak argitaldu euzan euskeraz. Lan gustijetan Euzkadi ta euzkerea-gana ko maitasuna agertuten eban» (Euzkerea, 1931, 751 orr.). Arrobi bikaiña izan zuen bere erria edozer gaitarako, eta orri begira, ots, etxeari, il-erriari, elizari, naiz izkuntzari, ontan bait dago euzko gogoa osorik, jalgi ta bildu zuen aren lanak bere osotasuna, itz lauz eta bertsoz noski.

 

        BIZI-ZEAZTASUNA.— Baxenabarra, ametsez ta istilluz, koblariz ta irrintziñez diztiratua, izan zan J. Barbier'en sort-ogea; au da: Donibane Garazi'n munduratu zan 1875-7-9'an. Bere supazter zokoan azi ta aunditu zan bere ingurumari esan eta egin oi zutena jaso-azirik: euskera gozoa, euskal erriaren elezar eta alegiak, itz zaar eta esakizunak... Zer ez? Ainbat liburu osotuko zituen gero gaztetan bildutako gai oiekin. Eliz-joera erakutsi zuen umetatik, eta antxe, bere errian zeuzkan bi apez —Bidart eta Bekas—, jakitun eta euskaltzaleak, ortan lenengo unetatik lagunduko ziotenak.

        Azparne'n eta Larresoro'n bukaturik bere lenengo ta bigarren maillako ikasketak, Baiona'ko Apaiz-ikasguan osotu zituen gaiñerakoak. «Ikastegietako erakaspenetan buru eta beharri sartua zen, beti ikasle hoberenen lerrorat nahiz eta helduz», dio P. Lafitte'k. 1898'an apeztu zan, eta apezpiku jaunak Tolosa'ra bialdu zuen an Teoloji-maillak artu zitzan; eta bi urte an ikasten egin ondoren, «Doktor» itzuli zan. 1900'an Larresoro'ko irakasle izendatua izan zan, lau urtez ortan jardunik. Bere irakaskintzako lanetatik kanpo, ba-zituen beste bi zaletasun ere: euskera ta musika; Hiriart-Urruti'rekin ikasten zuen euskera, ta Hiriart-Makola'rekin musika; «Ganitx» ez-izenarekin agertu zizkigun orduko idazlanak, eta musikan eder zitzaion San Gregorio'ren eres-tankera, garai artan eta geroago ere Elizan ain tinko sartu ta kokatua: eliz-musika au ta beste kantak alik eta egoki gozoen gerta ta abestu al izateko, gazte-taldeak zeuzkan ederki irakatsita. Euskal kutsuzko kantak, erri-abestiak atsegin zituen, eta or-emen berak bildutako asko argitaldu ere egin zizkigun. Edu ontako lanetan «Nehor» izen-ordea erabilten zizun. Ainitz dituzu «Gure Herria»-n 1921'tik 1926'ra bitartean Nehor eta Dufau'k emanda datozten euskal kanta lanak. Kristobal Dufau osagillea zan, Senperen'n jaioa (1888) ta emeretzi urtean «euskal usaia alde guztietatik darion» ortan egon ostean, 34 urtekin Baiona'n illa (1922).

        Ondoren, P. Lafitte'k diosku: «Nahiz haurrekilakoa ontsa baino hobeki zeramakan, artoski eta maiteki, ez zen eskolemaile muxitzekoa. 1905-ean Baiona'ko katedralerat bikario deitua izan zen. Hiri hortan laster ohartu ziren otoitzeko gizona zela eta arimez osoki hartua; apez laño eta mintza-errexa egiten zuten, jende xeheari eta beharduneri emana. Bizkitartean, jakitate handikoa baitzen eta irakurtzeari jarraikia, jaun-anderek ere estimatzen zuten. Orotaz griñatua, nehun ez zagoken, lan eta obra zer nahitara jo egiten zuela, zahar ala berri, asko buruko min gora-behera. Horien guzien gainerat aintzina bazagon kazetalari, olerkari eta euskalzale. Zortzi urte iraun zion ezin sinetsizko bizi-modu horrek» (Gure Almanaka, 1976, 13 orr.).

        Senpere'ko erretor izendatu zuten 1913'an. Emen egonak ziran ere apez on eta jakintsuak: Belsagi, Larregi, Menta ta Sanzinena baitik bat. Barbier etzan gutxiago izango noski: makiña bat lan eder burutuko zigun itzez eta egitez. Izlari bezela ba-zekien entzuleak nola bere arira ekarri: ango kristauak, Jainko zuzen onak etzitula lar izutzen-eta, biotza ustu oi zuen sarri kristau nagi, fardel, axola gabeak berari ematen zioten naigabea eliztarrai aditzen emanez. Kantu esparruan, ordea, amaikatxo abesti bikain ikasi ta oiuzkatu zuten senpertarrak. Guenez, beti agertzen oi arimen arduratsu; ba-zekien eliztarrak bidetxior seguruz Jainkoarengana zuzentzen; bera zijoan artzain bezela aurretik, eta ardiak errez zijoazkion atzetik; bera zan, bai, otoitzaren, buru-ukapenaren eta lanaren eredu bizkor. Orrela ainbat gazteri erakutsi zion bidea, apaiz-karrera besarka zezan ere; baita ainbat neskatxa barrutegiko bizi-modu ixillera zuzendu ere.

        P. Lafitte'k berriz: «Barbier jauna, errotik apeza zen, eta uste dugu zinez, ez zituela euskara eta euskal ohidurak hain artoski ikertuko eta sustatuko, ez balitzaio iduritu eskualdungoa bere eliza lanetarik bat zela, fedearen eta herriaren sustengu. Zorigaitzez ez zen zahartu. Ez omen zuen orenik ez jateko, ez lo egiteko. Buruko min saminen eztitzeko beti erremedio sanjan ari zen, osagarria fundituz. Eta horrela, behar baino goizago itzali zitzaikun 56 urtetan, 1931-ko urriaren 31-n. Haren ehortzetan mundu bat bildu zen Euskaldun idazle handienetarik baten agurtzeko» (Loc. cit., 16 orr.).

 

        EUSKAL LANAK.— Amazortzi urtez egin zigun erretoretza Senpere'n, eta euskeraren alde berton osotu zuena etzan gauza murritza izan. Gaiñera, bere etxean, apaizak eta jakitunak biltzen zirala-ta, «zenbat eztenkada, zenbat bultzakada ez ote ditu artu gure izkuntza maitagarriak?», dio J. Artetxe'k. Beraz, eragille bizkor ere ba-zan. Gaztetan «ez zen euskaldungoa ahanzten dutenetarik. Jadanik ari zen euskal kantu eta ipuin biltzen, euskaraz bertsu berri ontzen, sariketa zenbaitetan parte hartzen eta izkiriatu zuen Baionan Antxitxar buruko buhamien ixtorioa».

        Euskaltzale sutsua zalako, beiñola Sara'n Atxular'en inguru bezela, bere baranoan pillatzen ziran orduko jakintsu asko, eta 1921'an bere etxean sortua dugu «Gure Herria» illerokoa, bikaiña noski: makiña bat ixilleko lan aipagarri, sakon eta iraunkor, egiña dugu gure izkuntzaren onerako; makiña bat, bai, kanta, antzerki, bertsu, ipuin ta lan zaar ber-argitaratuak aurkitzen dira aldizkingi onen osto artean. J. Barbier'en lan guztiak banan-banan ezin aitaturik, ona emen beiñenak beintzat:

        1) Itxasoko arrantzaleak (Baiona, 1897); Sara'ko euskal jaietan saritu ziotena. J.B. Elizanburu omenezko festetan, 1898'an, Senpere'n saritu zioten Irrintzina bat mendian (Baiona, 1898), bederatzi ahapaldiko olerkia; Endaia'n, Urruña'n eta Sara'n jasotako sariak. 1906'eko azillean, Buenos Aires'ko «Euskaria» alkarteak antola zuen olerki-batzaldian J. Barbier'en Gure Amatxo amairu ahapaldiko poema ederrak eraman zuen ereiñotz-burestuna.

        2) Nere kantuak (Baiona, 1910). 12 poema autatu dira, geienak aurreko urteetan saria jaso zutenak.

        3) Gerla handiko kantuak (Baiona, 1920). Foltzer'enean.

        4) Ama Birjiña Lurden (Baiona, 1920). Lasserre irarkolan. 267 orrialde. Itz lauz ta bertsoz. 81 lan dituzu, Pruvost apezaren Les Merveilles de Massabieille frantses liburutik aterata, geien bat, gai oetzaz: Egiele (1), Irutasun (1), Eguberri (5), Erregen (1), Iltzeratze (8), Berbizte (1), Sakramentu (6), Jesusen Biotza (9), Kristo Errege (2), Andre Mari (23), Aingeru jagoleak (1), Mikel Saindu (1), Familia Saindu (1), Omia Saindu (1), San Petiri (1), Juana Arko-ko (4), Frantzi alde (3), Gerlan hilak (3), Penitentzia (3), Aurtzaro ta gaztaro (4), Fede-egintza (1), Arrats-otoitza (1), Augustin Sainduaren otoitza (1). Senpere'ko elizan kantatzeko egin zituen, baiña oetatik asko beste eliza batzuk ere artu zituzten. Euskal itzai Boyer, K. Bordes, Brun, Le Mintier, Decker eta olakoen musika jarri zien askotan; J. Barbier'ek, ordea, gregorianu doiñuan asmatutakoak ere askotxo ditu.

        5) Euskal teatruok ere aren eskutik jalgiak dira: a) Sorginak (G.H., 1922, 62 orr.); bi zatitako antzerki au «Pizkunde antzerki Sallak» atera zuen berriz, M. Lekuona'k gipuzkeraz ipiñita (Donosti, 1931); izugarri ta mamuen aurkakoa; b) Zubietako Debrua (G.H., 1922, 613 orr.); iru ekitaldiko komeria, aztikeriak astinduz; d) Kauserak eta kruxpetak (G.H., 1924), jostaillua; e) Gauden euskaldun (G.H. 1926); arrotz gaizki esaleen kontra; f) Haurrik ez! (G.H., 1931), komeria; g) Xilintxa sorgina (G.H., 1924), lapur-gezurtien aurka; eta i) Ezkila xarmatua (G.H., 1922). Jostari ta par-eragilleak dituzu denok.

        6) Supazter xokoan (Baiona, 1924). A. Foltzer'enean. 187 orrialde, Poema bat, 25 ipuin eta 5 komeri dagoz xorta eder onetan. Goethe doixtarrak esan zuenez, nork bere barrena azaltzea baldin ba'da olerkia, bilduma ontan Barbier'ek bete-betean argitaratzen digu berea: supazterrean, bere errian, ikasi ta dardarazi zuena, uraxe damaigu emen.

        7) Piarres (Baiona, 1926). Leen zatia. S. Sordse'enean. 248 orrialde.

        8) Piarres (Baiona, 1929). Bigarren zatia. S. Sordse'enean. 272 orrialde. Nobela baiño geiago, idili bat, maite-eresi bat dala esango digu P. Lafitte jaunak. Bi aurren goraberak dituzu euskal lauki barruan, argazki baten lez bizi-bizi margoztuta. Lenengo aleak euskaldunak, au da, senpertarrak edesten dizkigu bake-garaian, lau aroetako nekazaritza, soro ta etxeko lanak, urteko jai ta igandetako jolasak, pilota, musa, eiza, elizkizunak eta gaiñerakoak. Bigarren zatian, euskaldunak gerran, euskaldun soldadu ta gedariak, gudara joan, amaitu ta etxera biurtu arterako guztia. Bukaera: illetak eta ezkontza bat.

        9) Ixtorio mixterio (Baiona, 1929). Courrier irarkolan. 82 errialde. Erri-ipuiñak, euskeraz ta erderaz.

        10) Légendes de Pays Basque d'áprès la tradition (Paris, 1931). Frantsesez eta euskeraz. Delagrave irarkolan. P. Tillac-en apaingarriekin. 160 orrialde. Lan onek iru zati ditu: a) Laminak; b) Jesukristo ta San Pedroren ar-emanak; d) Amets-ipuiñak. Aurreneko bi zatiak leendik ere Ixtorio-mixterio titulupean argitaratuak izan ziran. Argitalpen au guztiz txalotua izan zala zertan esanik ez dago, Paris'ko «Le Figaro» ta «La Croix» eurak ere tarteko izanik.

        11) Antxitxarburuka buhamiak (Baiona, 1971). P. Lafitte'k argitaratua, «1895-ean idatzi zuena eta J. B. Barbier haren ilobak neuretzat kopiatua, haren kantika bilduma batekin».

        Ba-zuen nunbait kantika ingurrazti bat, 81 euskal lanez ornitua. Nun ote da gaur?

        Frantsesez etzun askorik idatzi, baiña aipagarri dira auek a) Les Bohémiens d'Antchitcharburu (Eskualdun ona, 19041905); b) Saint-Sauveur d'Irati (Gure Herria, 1921); d) La mort de la paysanne (G.H., 1921); e) La tragique partie de pelote (G.H., 1923); f) Axular et les sorciers (G.H., 1925); g) Trois légendes sur Axular (G. H., 1925), eta i) L'abbé Charles Bécas, curé de Bidart (G.H., 1926). Lanak izenpetzean «Ganix», «Nehor», «Haurmaite» ta «M.A.B.» erabilli zituen.

 

        OLERKARI.— Olerkia, besteak beste, norbere barren-osiña —gogorakizun eta biotz-zauskada— ustutzea duzu. Norbere barrua agert-erazi. Eta gainera, norbere barru-bizitza orren agerketa bedi, otoi, euskal neurkera ari artean ezur-mamitua. Ezta nunbait egiteko erreza. «Nire iritziz —diosku J. Artetxe'k garaztarrari buruz— biotzkada ugaldetzak korapillotu egiten du olerkia, bere indarren almenez. Akats au zenbait idazleren akats. Edertasuna ikusi ta nabaitzeko doaia. Gogoa ezin baretu. Biotzbegiak irtetzeko zorian. Eta zori txarrez biotz-gogoaren taupada oiek neurtzeko, itz neurtu estutsuetan ipintzeko doairik ez». Senpertarra, orraitio, bere buru-sorpenak eta biotz-zirrarak itz negurritu goxoz jazteko gai izan zitzaigun.

        Goizale dabilkigu maiz olerkaria, erlantxa iduri. Ezker-eskubi daukanarekin azturik ere bai, ez gutxitan. Nork arrapa aren ortzi-urbilleko izpiak? Baiña benetako olerkari danari etzaio eder bizi-izatetik orren urruti ibiltea. Gogotan du irakurlea ere. Ontan eredu dugu J. Barbier.

        Ona berriz ere J. Artetxe'ren ustea. «Erriari eskeiñiak —dio— dirudite bere olerki guziak. Erri eresi, oitura, doñua daukate. Beeragotu egiten da beti bere olerkietan. Zeñek ez du onetan eskartuko olerkari baten buru eskainirik goragarrienetakua. Goi mailla erpiñenetara igo al alakoa nabaitu nork bere olerkia eta ala eta guztiz erriaren berdinkaitasunean edestu. Gotargia eretxi. Erriaren esan, oitura, egipen, naietara jexten zaigu gure olerkaria. Nere iritzi txiroan ez det erabakiko, gai ez naizelako, zein ote egidun. Erria beren edestietara goratu nai dutenen aiena, edo erriaren esakeretara, oituretara eraxten diranena. Gai sakona benetan. Baño gure mintzo zaarrak, ez ote ditu bear era guztietako idaztiak?» (Yakintza, 1933, 330 orr.).

        J. Barbier, idazle aundi ezezik, olerkari bikain ere izan zitzaigun. Mugaz bestaldeko euskal poesi tirain —korronta?— aspaldikoari jarraituz, gogai ta barre-leiaz, buru ta biotzez ondo tinkotuak, eundaka olerki utzi zizkigun. Egituraz bikain kateatuak daude aren lan guziak. Neurri ezberdiñak darabiltza, baiña 7/6, zortziko txikia nunbait, artu oi zuen geien bat. Uts gutxi egiten ark, silabak neurtzerakoan; atzena; berriz, aberatsa ta betea du, alderdi aietako poeta klasikoen bideari ekinez. Olermen joria erakusten dizu onako lanetan: «Irrintzina», «Amatxo», «Supazter xokoan», «Meza bat bortuan», «Galerna»...

 

        IRITZIAK.— Joxe Artetxe'k, beiñola Donosti'ko «Yakintza» aldizkarian J. Barbier'tzaz idatzi zuen lan giar sotillean, onan: «Idazle aurrenetakoena gure Barbier. Ormaetxea'tar Nikola "Orixe"-kin ari nintzan gai onetzaz itz egiten oraindik denpora asko ez dala. Euskerak duen idazle aurrenetakoena "Orixe", Grezi eta Erroma'ko elertietan bere gogoa sakontzen oitutakoa; berarekin gai oek aztertzia atsegiña izaten da beretan. Zer derizkiotzu Barbier idazleatzaz?, galdetu nion, eta ara or bere erantzuna. —"Niretzat —esan zidan— Barbier jauna eusko idazleetan aurrenetakoena da. Deritzait, Barbier'ek bere elerti gaiak antolatzian, bizi zan txokotik pixka bat aldegiñ, eta gai oek Euskalerri oro bildu izan baziran, Barbier bera izango gendula, gure Erriak biar zuen idazlaria, euskerak biar zuen elertilaria"» (Loc. cit.).

        Senpere'ko arrobian ari izana dugu J. Barbier, ango gauzak bildu ta elerti-zapi berotan troxatzen. Antxe ez ote zegoen gero Euskalerri osoa? Nire uste apalez, bai. Millak mende asko joanak dira, abiada bizian, baita anitz errialde betikoz suntsitu ere, suntsituak dira. Arrigarri iruditu arren, Euskalerria zutik daukagu oindio, bere izkuntza, oitura, lege, doiñu, erlijio, au da, bere nortasuna osotzen duen gogo, arnas zarrakin. Eusko gogoa, berriz, bere doai ta apaindura orokin, naiz emen naiz an, nunnai ta beti berdintsua dugu. Erranen ote dut?: euskalduna euskeraz mintzatzen dan artean bein danik.

        P. Lafitte'k: «Barbier apezak lan gogoangarria utzi digu: ipuin sail galanta, beste bat elezarrez egiña, aintziñako kantuzko xorta bat, 81 kuadernu berak osatua, abestiak, Mariaren illabete bat, antzerkiak eta "Piarres" batez ere. Ale bitako nobela onek euskal bizi bete-betera garamazki: lana, otoitza, jolasak, siniskeriak, oiturak, guzti au gertatzen da, ta atzenez Piarres Goaña'kin ezkontzen zaigu. Barneko mataza edo triki-maillua, aitor dezagun, makalxea dugu: Daskonagerre'ren nobelak beste ba-du egazkadarik; baiña Barbier aren gaiñetik dago argiztapenez, berezkotasunez eta askotasunez. Egia garraxiz dago orrialde batzuetan, adibidez, gure lurrean nola dakiten ilten erakusten digunean. Eleberri onek eztu, jakina, Txomin Agirre'ren lanak (Kresala ta Garoa-k) bezainbeste —ezpaitira ein berdiñekoak—, baiña Anabitarte'nari eta A. Lhande'ren "Yolanda" gipuzkoarrari ta J.B. Elizanburu'ren "Piarres Adame" berari ere irabaziko die». (Le Basque et la litt., 71 orr.). Axular bera ere barruan dugularik, lapurditar zarrak baiño gorago jarri bear dala, dio beste nunbaiten. Barbier'ek, izan ere, idaztankera bere-berea du: bizi, sarkor, zolia.

        Eusko-pizkundearen izpiak oro birloratzen zuten «Euzkerea»-k ere onela, senpertarraren eriotzea deitoratuaz: «Bijotza tamalez beteten yaku idazle maite orren erijotzaren mingotsagaz». Eta aren iru liburu «Ama Birjina Lurden», «Supazter xokoan» eta «Piarres» aztertu ostean, azkenengoari buruz au dio: «Benetan diñogu, ordu atsegingarrijak ixan yakuzala, idazle jator onen idazti mamintsubak irakurteko biar ixan doguzan ordubak» (Loc. cit.).

 

        GORATZARREZ.— Igaz (1975-12-21) garaztar idazle ta olerkari ospetsu onen eun urte-betetzea zala-ta, Euskaltzaindia Donibane Garazi'n bildu zan, jende mordoak lagunduta. Goizean amar t'erdietan, A. Xabier Diharze'k eman zuen meza nausia, itzaldiarekin, beste bederatzi meza-emaille ezker-eskubi zeuzkala. Ondoren, Euskaltzaindiaren batzarra, erriko Etxean; Euskaltzainburuaren agur ostean, J.B. Etxarren-Lohigorri idazlea mintzatu zan Bee-Nafarroa'ko leengo ta oraingo euskal idazle 60'ren baten berri emanaz.

        Lafitte euskaltzaiña mintzatu zitzaigun gero J. Barbier'en bizia ta euskal lanak aztertu ta goraipatuz. Bertako auzapeza frantsesez mintzatu zan, baita Haritxelahar jauna ere. Gure ikurriña ere an zegoen bizi-bizi atarian eta biltokian, biotz-zuzpergarri nunbait: bearrezko bait dugu ori ere. Bazkari ona azkenez, janariz, edariz ta Xalbador'en bertsoz ederki arkolatua. Zutik «Gernika'ko Arbola» abestuz amaitu genun eguna.

 

        (Ikus L. Apestegi, Gure Herria, 1926, 110 orr., ta 609 orr.; P. Lafitte, M. le chanoine Gratien Adéma (1823-1907), M. l'abbé Jean Barbier (1875-1931) (Baiona, 1933), eta Gure Almanaka, 1976, 13 orr.; Zarralde, Euzkadi, 1929-10-31; Oxobi, Gure Herria, 1921, 121 orr., ta 1931, 481 orr.; RIEV, 1908, 125 orr.; Larreko, Eskualduna, 1926-11-6; Argia, 1926'eko epaillean; Euzkerea, 1931, 751 orr.; Joxe Artetxe, Yakintza, 1933, 125 orr.; W. Giese, RIEV, 1931, XXII, 523 orr.; R. Gallop, Times Literary Supplement, 1931, 264 orr.; S. Onaindia, MEOE, 1.100 or.n; Auñamendi, Literatura, II, 440 orr.; J. Bilbao, Eusko Bibliographia, I, 452 orr.; Irastortza, Zeruko Argia, 1976, 669 zenbakia, 23 orr.).

 

Bilaketa