45. Jaime Kerexeta Gallastegi
(1918-....)
Elorriotar au umeak ere ezagun dute, bere idazlanengatik. Liburu asko ditu prosaz eta bertsoz; eta liburuak agertu-ala gorosmenik gurenenak eskaiñi izan diote andik naiz emendik. Urte batzuk dirala, bi poesi-idazti atera zitun Kerexeta'k, idazkera goxo ta errikoiz gairik atsegiñenak erabilliz, eta askuek txaloka artu zuten dalako liburua. Beste zenbaiten artean ona Aita Villasante'k dioskuna: «Artu dut diotsa egilleari zure liburuzka txairoa ta bai gozoz irakurri ere. Opilla bezin gozo ta gustogarri aurkitu dut... Danak dira errazak, ariñak eta gustora irakurteko modukoak» (Aranzazu, 1959, 3-16).
GIZONA. 1918-7-31'an jaio zan Kerexeta, Eliz-buru etxean. Arratia'ko Gaztelu-Elexabeitia'n asi zuen abade karrera, guda aurretxoan; guda amaitzean, berriz, Komillas (Santander)'ko Ikasgura aldatu zan ikasketak jarraitzeko. Burgos'en diardu gero «Schola Cantorum» abes-taldearen zuzendari, eta Sevilla'n organu-jotzaille. 1945'ko urtarrillean Tuy-Vigo (Pontevedra)'ra doa ango katedraleko barne-ogipeko izan zedin. Ementxe izan zan, gaiñera, apaizgaitegian musika erakusle eta organu-jotzaille, eta ementxe amaitu zituen bere eliz-ikasketak ere, 1947-6-13'an meza berria emanik.
An zeuzkan karguak utzi ta Urkiola'n egin zigun organu-jotzea 1952'tik 1956'ra bi tartean. Ondoren Elorrio'ko San Agustin'en daukagu 1956'tik 1960'ra, eta Yurreta'n 1960'tik 1961'ra apaiz-laguntzaille; arrezkero, Elorrio'n bizi da, leenengo «Funcor» ikastetxean irakasle ta gero olako lotura gabe. Euskaltzaindiko urgazle, eta Liturgi-liburuak euskeraz jarteko Batzordekoa. Pianua erakusteko titulua Bilbo'ko Konserbatorioan atera zuen.
EUSKAL IDAZLE. Idazle oso ugaria. Zenbait eguneroko ta aldizkaritan idatzi digu: «Euzko-Gogoa», «Eguna», «Jesus'en Biotzaren Deia», «Egan», «Olerti», «Anaitasuna», BAP, Buenos Aires'ko «Boletín del Instituto Americano de Estudios Vascos», «Agur», «Zer», eta abar. Naiko izenorde erabilli dizkigu, geien baiña «Arantzibia». Liburu asko dauzka argitara emanak. «Orbelak» eta «Bitargi», olerki-saillak gero aipatzeko utzirik, ona itz-lauzkoak:
1) Jesukristo Gure Jaunaren Barri Ona. Lau Ebanjelioetatik itzez-itz atera ta laurak alkartuta (Donostia, 1960). Lanari buruz egilleak onan: «Alegin guztiak egin dodaz euskeraz jartean, albait uler terrezena izan dadin... Darabildazan itz batzuei buruz, barriz, ez diñot guztiak len sortuak izan ziranik (beste izkuntzetan bere bardin jazoten da); baiña gure arteko idazlerik geienak onartu ta erabilli dabezan eskero, neuk bere ba-darabildaz». Mako barruetan itz errezagoak ere jarten dizkigu.
2) Apostoluen Egiñak (Donostia, 1961, 137 orr.).
3) Eguneroko Meza. Aita Onaindia'rekin batean (Bilbao, 1963, 859 orr.). «Missale Romanum» euskeraz. Txaloka artua izan zan Bizkaian batez ere. Nolako utsunea bete zuen urteetan! Bost milla ale atera genitun eta urte gutxiren buruan etzan garaurik ere bazterretan. L. Mitxelena'k onan: «Txalogarria da benetan guztiontzat asmo au, baita bizkaitar ez geran euskaldunontzat ere. Kristau-liturgia liburu onen bitartez geiagoren irispidean jarri delako, bizkai'ko euskalki ederra landuaz bidenabar. Eta langilleen izenak aipatze utsak aski adierazten du, noski, lana nolako arduraz eta tajuz burutan atera duten» (Egan, 1963, 4-5, 244 orr.).
4) Gogarteak (Bilbo, 1963). Aita K. Basabe'ren «San Iñazio'ren Ejertzizuetako Gogarteak», atonduta.
5) Didajé; Amabi Apoztoluen Irakaspenak (Bilbo, 1965).
6) Apostoluen Egiñak eta Idazkiak (Bilbo, 1965, 281 orr.). 1961'gn. urtean «Apostoluen Egiñak» eta emen bir-argitaratzen dana, bat-bera duzu.
7) Alkartasun Barriko Itzak eta Gaiak (Bilbo, 1965).
8) Argi-bide Txikia. Anizeto Zugasti'rena bizkaieraz (Bilbo, 1965). Neskato-mutikoentzat eliz-liburua. 116 orr.
9) Jesukristo Gure Jaunaren Barri Ona. Lau Ebanjelioak, gipuzkeraz (1967).
10) Jesukristo'ren Barri Ona. Lau Ebanjelioak, bizkeraz (Bilbo, 1966).
1) Itun Berria, gipuzkeraz, Orixe-Kerexeta, Zugasti (Donostia, 1967, 2 gn. argitalpena, 1974).
12) Salmudia. Zugasti apaizarekin batera (Donostia, 1968). 367 orrialde. Gipuzkeraz. «Kristau-bizitzan ba-dira dio A. Zugasti'k milla tankeretako goraberak, eta oietako bakoitzari dagokion giroarentzat ba-ditu, Jaungoikoaren argibidez egindako Salmudiak, itz egokiak, gogoeta sakonak eta biotzkada xamurrak: pozaldietan oju egiteko, atsekabean intziri, bearraldean eskabide; aulerian kemen eskatzeko, ezbearrean erruki, illun-orduan argi, erori-aldian itxaropen, zalantzan zuzenbide, pekatuan barkapen, grazian iraupen eta maitasun».
13) Umeen Biblia, bizkaieraz (Bilbo, 1969). Umeen Biblia, gipuzkeraz, Kerexeta-Zugasti (Donostia, 1969, eta bigarrenez, 1974).
14) Gure Salbaziñoko Egintza (1972).
15) Alkartasun Barria. Lau Ebanjelioak (Bilbo, 1972).
16) Jesukristo'ren Barri Ona. Lau Ebanjelioak, euskeraz eta erderaz. (1972; bigarrenez, 1973'an).
17) Ebanjelio Alkartuak (1973).
18) Eliz-Guraso Apostolikuak (l975). 1976'an «Agirre-Saria» jazo zuen Baiona'n, liburu augatik.
19) Euskal-Biblia (Bilbo, 1976). Bizkaieraz, 800 orrialde.
20) Mezako Irakurgaiak Euskal Biblian (1976).
21) Astegunetako Meza-otoitzak eta gainko-erriaren otoitza (1977).
22) Diccionario euskérico (1977).
23) Diccionario Onomástico y Herá1dico vasco. Bost ale (1970-71-72 eta 74).
24) Iparragirre'ren Bizitza (1978).
25) Gernika'ko beste Arbola (1979). Itzulpena.
OLERKARI. Neurtitzez ere iru liburu azaldu ditu Kerexeta'k, eta ez iñolaz eguratsa besterik iñarrosi nairik egiñak. Ona:
1) Orbelak (Zarautz, 1958, 79 orr.). Aurre-itzak M. Lekuona'renak dakazki. «"Kerexeta tar Jagoba", "Arantzibia" dio Lekuona'k, olerkari-olerkaria degu. Gazte. Orrekin, esana dago nolako olerkiak egingo dituan. Gaur dan egunean Lirikan oitzen diran bezelakoak, Nolakoak itz bitan esateko? ez bait da errez, gaur dan eguneko Lirika zertan dagon esatea. Lirika oro bezela, gaurkoa ere poesi barrukoia dala esatea, ez da ezer esatea. Lirika oro da ola. Labur dala esatea, zerbait geiago da; bañan azaleko zerbait besterik ez da ori. Bañan, izan, bai, ala da. Gaurko lirikak etzaitu luzez aspertuko, ez dizu itzez eta itz-jarioz burua zoratuko. Gaurko lirika-poesi bat, ez da lore-zelai; lore bakar baizik eskurako. Lore bitxi; lore aukeratu. Bañan lore bakar. Edota sorta txiki». Olaxen dira Kerexeta'ren olerkiak, izaditik jasotako lore bitxiak, biotz-zelaian bildutako zauskada xamurrak.
2) Bitargi (Donostia, 1960, 11 orr.). Aurreko liburuan saratu gaiak darabiltza emen ere, eskuarki: Jainkoa, gizona, izadia, maitasuna... Ederki dio:
«Maitasunari
gaztaroan
abestu ezik,
noizko utzi?»
3) Orbelak, Bitargi, Udazken (Bilbo, 1980, 215 orr.). Euskeraz eta erderaz. Azken urteotako olerki-sorta duzu «Udazken», beste biak lengoak. «Orbelak» 33 olerki dakazki: 1) Izadikoak, 8; 2) Maitezkoak, 9; 3) Biozkadak, 16; «Bitargi»-k, 47. Eta «Udazken»-ek, 11. Ondoren jarten du XVI-XVII'garren mendeko bizkaierazko maitasun-olerki bat. Eta azkenez, iritziak, M. Lekuona, L. Mitxelena, A. Luis Villasante, Altube'tar Seber, Paris'ko «Euzko-Deya», Aurre-Apraiz, Zeleta eta A. Ibinagabeitia'k emandakoak noski.
(Ikus S. Onaindia, MEOE, 736 orr.; San Martin, Escritores euskéricos, 150 orr.; L. Mitxelena, Egan, 1960, 1-2, 110 orr.; idem, 1960, 3-6, 234 orr.; idem, 1961, 1-3, 149 orr.; idem, 1963, 4-6, 244 orr.; J. Beistegi, Euzko-Gogoa, 1959, 107 orr.; N. Kortazar, Cien autores vascos, 122 orr., eta Herria, 704-705 zenbakian; M. Zarate, Bizkaiko Euskal Idazleak, 269 orr.; Auñamendi, Literatura, IV, 304 orr.; J. Bilbao, Bibliografia, IV, 521 orr.; Celia L. Sainz, Quién es quién en Vizcaya, Bilbao, 1975, 389 orr.; S. Onaindia, Euskal Elertia, Euba, 1978, 215 orr.; K. Etxenagusia, Euskal Idazleak bizkaieraz, 1980, 225 orr.).