literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura V»
Santi Onaindia

Etor, 1977

 

17.— Benito Larrakoetxea Agirrezabala

(1894—...)

 

        Gizaseme azkar onek ez dakigu noraiño sartzen dituen bere euskal sustrai luze sakonak. Maite izan ditu, eta ditu gaur ere, Euskalerriko zeru-lur-itxasoak. Ain dituzu ederrak! Maite du euskal izaera. Eta maite du batez ere, gure izkuntza, eusko gogoa gatzatzen duen euskera. Eta bere bizitzaldirik geiena kanpo-lurraldeetan arrotz emanagatik, atxikitasunik aundienarekin landu du amaren bularrean edoski zuen mintzaera.

 

        GIZON.— Aita Larrakoetxea'tar Bedita, laterandar lekaidea; Aita Ipolito Larrakoetxea, «Legoaldi»-ren anaia, Zeanuri'n jaio zan 1894-6-24'an. «Nire guraso Pantzeska Andoni Larrakoetxea Gallaga ta Yosebe Agirrezabala Etxezarraga'k Zeanuri'ko Undurraga edo Urandurraga auzoan, Altxagutxi etxe bakarrean» ekarri zuen mundura. Zazpi neba-arreba izan ziran. Undurraga'n bertan asi ta osotu zituen lenengo maillako ikasketak. Gero, Laterandar Araudun Lekaide izateko asmoz, Naparroa'ko Altzasu'ra joan zan 1907'an, an latera ta giza-ikasketak buruturik. Bi urte ondoren, Oñati'ra aldatu zan, emen azter-urtea biribildurik, iru zin edo botuak egiteko; berton osatu zitun baita mezatarako bear zituen ikasketak, eta azkenez Gazteiz'en abadetu zan 1917-12-21'an.

        Urrengo urtean Gazteiz'en egin zuen gudaritza, baita Zenbakizti-ikasketak sakondu ere, karmeldarren komentuan bizi zalarik; ondoren Oñati'n erakutsi zitun Latera, Eladera, Zenbakiztia ta beste gai batzuk. Bitartean Irakasle agiria ere lortu zuen, Iruña'ko Irakasle-Irakastegian azterketak jasanik. Ondoren baita izan genduan Oñati'ko Udal-irakastegiao Zuzendari ta Rodrigo Mercado de Zuazola izeneko Iraskuntzako Gau-irakastegiko maixu, 1936'garren urterarte izan ere. Irakaskintzan, beraz, buru-belarri sartua ibilli zitzaigun gaztetako urterik ederrenetan.

        Zoritxarreko gudea zala-ta, 1937'an, Bilbao'tik Ingelandatra joan zitzaigun ume-talde bat, eta auekin batera, eliz-agintariak bialduta, 16 apaiz, umetxoen gogo-arduradun izateko; auetatik bat Aita Bedita izan zan. Urte betean bezela Isle of Wight'en egon zan aur oiekin, eta gero ia beste urte betean Southampton'en. 1939'garren urteko iraillean, Ingelanda'tik Ameriketarako bidea artu zuen, bere nagusien eskabidez; lenengo amazortzi illabeteak Uruguai'ko Melo urian igaro zitun, belguntza lanetan; 1941'an, ostera, Argentina'ko Salta urian daukagu Laterandarrak an daukaten irakastetxean. Ementxe erakutsi zuen lendabizi, gero bertako parrokian gogo-lanetan jardunik; ondoren, urte askoz, 1970'rarte, «Belgrano» dalako irakastegian maixu izan zitzaigun. Zer irakasten zuen? Ingelandera, Zenbakiztia, Pisia ta abar. 1972'an, Ameriketari agur eginda, Euskalerrira, bere sorterrira itzuli zitzaigun, eta emen dugu arrezkeroz.

 

        EUSKAL IDAZLE.— Eztu gutxi idatzi Aita Bedita'k. Euskaldun zintzoak, eliz-gizonak batez ere, egin oi duten bezela, berezko senari jarraituz, amasei urterako, erriak bere-bere dituan doaiez ta guk euskaldun guztiok geure geure dugun izkuntzaren ederraz konturatzen asi zitzaigun. Euskerazko lantxoak ere, bere anai Ipolito'kin batera osatu oi zituen, bein Donostia'ko «Euskal Esnalea»-ra ta bein Bilbao'ko egunkariren batera bialdurik. 1926-12-5'an itzaldi bat irakurri zuen Donostia'n, au da, «Gorbeie'ko gaztagintzea», gero «Euskal Esnalea»-ren Itzaldiak (1928) zeritzanean argitara emana. Azkue'tar Dunixi'k eskatuta, «Granja Modelo Fraisoro»-n irakasle izandako Garcia Peña'ren «Patología Vegetal» liburu mardula euskeraztu zuen 1930 urtean edo or orren baten. «Euskaltzaleak» zeritzaion bazkunak, 1929'an, Kirikiño Saria sortu zuen; seigarren urtekoa A. Bedita'k irabazi zigun, 1935'garrenean; lau lan argitaratu zituen Euzkadi-n jarraian eta aietatik batek eraman zuen saria. Beste bein Iruña'n eratu zan sariketa bat, baiña napartarrentzat; A. Larrakoetxea'k ere igorri zuen lantxo bat, eta napartar zan ala ez itandu ziotenean, zera erantzun zien: etzala Naparroa'n jaioa, baña bere amaren aldetik napar-jatorrizko zala, ta beste barik saria eskuratu zuen.

        1954'an biurtu zan, lenengoz, Ameriketatik ona. Pozez gaiñezka erbestaldi luze ondorean. Gure euskera, orraitio, kinka ta larritasunik gorrienean zegoela ikusiaz, erabaki sendoa artu zuen bere alde al zuentxoa egiteko. Orrela sortu zitzaion, gexoaldi batean batez ere, Shakespeare euskeratzeko asmoa. Utsaren urrengokoa, bear bada? Lan ikaragarria zan, eta gogo biurria bear ortarako; baiña ba-zuen olako zerbait Aita Bedita'k, eta edonor izutzekoa zan arazo eskerga orren aurrean etzan bat ere kikildu. Onela idatzi zidan beiñola: «Asmo ori, asmo utsean gelditzeka, bete egin neban: ekin eta ekin, Shakespeare'ren antzerki guzti-guztiak gure euskerara aldatu arte. Orain astea ba'litz, ez neunkake aorretarako adorerik, baña orduan orain baño gazteago nintzan eta adoretu nintzan; lenen antzerki gitxi batzuk euskeraratzeko asmoz, gerora guzti-guztiak euskeraratu bear nebazala, ta aor asmoa osoan beterik».

        Auetarik iru «Euzko-Gogoa»-k argitaratu zizkion. Beste bat, «Binixa'ko Saleroslea» deritzaiona, Paris'ko norgeiagoketa baten sariztatu zioten. «Mirende Aipharsorho'tar Yon zana izan zan maiko beste batzuen artean, eta ak Ibinagabeitia'tar Andima zanari idatzi eutsanez, ain bikain eginda ei egoan euskeratze-lana-ta, lenengo saria berari emon-bearrean aurkitu ei ziran maikoak». Onek, gero ta gogotsuago lanari ekiteko adorea eman zion, noski. Paris'en iragarri zan nor-geiagoketa atzerrietako izkuntzetatik euskeraz jarritako lanentzako zenduen.

        Ona A. Larrakoetxea'k osotu dituen lanak:

        1) «Euskal Esnalea»-n datozen (1926-28) ipui ta alegiak.

        2) Gorbeie'ko gaztagintzea (Donostia, 1828). Itzaldiak liburuan dator.

        3) Garcia Peña'ren «Patología vegetal» euskeraz. Itzulpen au, antza, galdu egin zitzaion azken gudatean.

        4) Agirrezabala'tar Toma talogintzan txapeldun (Euzkadi, 1934).

        5) Shakespeare'ren Macbeth (Macbeth) (Euzko-Gagoa, 1957).

        6) Shakespeare'ren Lear Errege (King Lehar) (Euzko-Gogoa, 1958).

        7) Shakespeare'ren Ekatxa (Tempest) (Euzko-Gogoa, 1959).

        8) Shakespeare'ren Komediak-A (Gazteiz, 1974). Gazteiz'ko Gráficas «Eset» irarkolan. 322 orrialde. 8 komedi.

        9) Komediak-B (Gazteiz, 1974). Apaiz-ikastegi'ko Eset irarkolan. 271 orrialde. 6 komedi: 1) «Binixa'ko Salerosla»; 2) «Zeuk zelan nai» 3) «Basatia ezita»; 4) «Ondo dator azken onik dauan oro»; 5) «Amabigarren gaua: Naiz, zeuk zer gura»; eta 6) «Negu-ipuin».

        10) Odol-antzerkiak-A (Gazteiz, 1976). Eset irarkolan. 358 orrialde. 7 antzerki: 1) «Erromi ta Yuletxu»; 2) «Lear errege»; 3) «Otel, Binixa'ko mairua»; 4) «Atenai'ko Timon»; 5) «Macbeth»; 6) «Hamlet, Danemarka'ko erregeseme»; eta 7) «Toril eta Kerside».

        Lan auen atari legez, onela diosku itzultzailleak: «Yaietako soñeko lirain, dotore, txairo, orratzetik arako, arroz, ez astegunetako zirtzil... ta erdietenez, yazten dauz Shakespeare'k bere bulko, biotzaldi ta irudi zoragarri-arrigarriak ingelanderaz. Au onan dala, egoki ete zan ba, aren olango lanak euskera baldar-traketsez emotea? Sentzundunek eleuskidan olangomik parkatuko... Olan bada, euskera yatorrez, al izan dodanik lirainen, dotoreen, txairoen eta txunkunenez euskeraztu dot Shakespeare, irakurriago ta zoragarriago, atsegingarriago egiten yakun Shakespeare».

        11) Odol antzerkiak-B (Gazteiz, 1976). Eset irarkolan. 293 orrialde. 6 odol antzerki : 1) «Kinbelin»; 2) «Yuli Kaisar»; 3) «Andoni ta Kelopatere»; 4) «Koriolan»; 5) «Tita Andornika»; eta 6) «Perikel Tiro'ko errege».

        12) Dramak (Gazteiz, 1977). Eset irarkolan. 10 antzerki. 462 orrialde.

        Bostok liburu mardul-mardulak. Ingelandar antzerkigille ospetsuaren lan guztiok, antzerki-saillekoak bederen, 37 bat dituzu. Au da A. Bedita'k euskera bizirik «iraunazoteko asmoz» egin digun lana. Lan ikaragarria, eta ederki baiño ederkiago burutua. Zitu ederra gure antzerki alorrean.

        Shakespeare'ren anzerkiak, teatru lanak, ondo dakizunez, gogai eta idurikizunez asetuak daude osoro; izkeraz, ordea, eder-sen dizdiratsuz landuak. Antzerkirik geienak bertsotan daude, bertso errez, labur, ariñez egiñak. Neurria, etena ta azkena txit arduraz zaintzen ditu. Millaka esaera jator erriaren agotik jasoak darabilzki, eta idurikizun biurri-biurriak. Ba-du oraindik beste doai bat ere: Shakespeare'k gaurkotasunez, edo obeki, betikotasunez jazten ditu bere lanak. Nola? Illun ez zaigu egundo ere ageri. Eukeni D'Ors'ek onela: «Shakespeare'ren alaitasuna, izadiak berak duena duzu... Zer dio sortutakoa kaden, illun naiz izugarri izan? Pozik dago sortzaillea. Abesari atxikitzen. Eta aren kantuz kutsuturik, gu ere kanta-kantari gabiltza. Doai au ertilari batek ere ez du izan Shakespeare'k bezin gaillen».

        Eta lan gotor auxe duzu A. Larrakoetxea'k euskeraz ipiñi diguna. «Ondo etorririk sutsuena damotso gure literaturak —idatzi nuen nik aren lenengo idaztiari itzaurrea egiterakoan—. Bearrezkoa zan, eta, ona gaur guztiok opa gendoana egi biribil biurtuta. Ez ete pozgarri ta illarrainbide? Euskeratzailleak —nok jakin?— zenbat oztopo eratsi, zenbat andarri irauli ta zenbat lo-aldi galdu ete dauz lan aundi au amaira eroateko! Baiña ba-dira oraindik gurean be, nekeak neke, egiteko gaitzak aurrera aterateko lain diranak. Orretaikoa dogu Aita Larrakoetxea. Itzulpen onek, ziur asko, guk asmau ezin bestean aberastuko dau euskal elertiaren zelaia. Atsegingarri da, izan be, Shakespeare euskeraz irakurtea; ta gaortik orrela egin daikegu» (12 orrialdean).

 

        NOLAKO IDAZLE?— Trebe ta emea noski. Ondo dakizki euskerak dituen barren-entzera ta korapilloak. Izango zituen nunbait bere buruko miñak Shakespeare itzultzean, baiña bere trebetasunari esker, lerdenki azpiratu zizkigun aurrez-aurre izan zituen eragozpenak oro. Euskera ederrez datozkigu antzerki guztiak. Iztegi ugaria du, esaera apaiñak, euskerak bere-berea duen joskera. Akatsik? Arrati'ko izkeran —lar lekukoan— egiña dala bear bada, euskalki guztietako itzik eta esaerarik asko dauzkan arren.

 

        (Ikus Yakintza, 1936, 21, 176 orr.; K. Etxenagusia, Euskal Idazleen Lorategia, Derio, 1965, 66 orr.; A.M. Labaien, Teatro euskaro, II, 172 orr.; J. San Martin, Escritores euskéricos, 112 orr.; S. Onaindia, Kardaberaz Aitari Omenaldia, 130 orr. ta Komediak-A, itzaurrean; Auñamendi, Literatura, III, 560 orr.).

 

Bilaketa