literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura III»
Santi Onaindia

Etor, 1974

 

Luis Eleizalde Breñosa

(1873-1923)

 

        Eleizalde'tar Koldobika Bergara'n jaio zan 1873-6-9'an. Lenengo ta bigarren ikaskintzak bere errian osotu zitun; batxiller ikasten ere berton asi zan, gero, 1891'tik 1894'ra Zaragoza'n amaiturik; goi-ikasteak Zaragoza'n eta Madrid'en egin zizkigun, Lizenziadu titulua lorturik. 1905'an, Gazteiz'ko Ikastetxe nagusian matematika-irakastegia iritxi zuen norgeiagoka larrian. Bizkai'ko Diputazioak, baiña, bertoko ikaskintzaren arduradun jarri zuen andik lasterxe, ta Bilbao'ra etorri bearra izan zuen bizi izaten. Pozik etorri zan Bilbao'ra, batez ere, berak esan zuenez, «emendik jalgitzen zan euskal bizitzazko eragin sendoagatik».

        Euskal arlo guztitaz kezkatsu, ementxe bizi izan zan langille, eriotzararte bizi ere. Orduko euskaltzale danakin zuen aremana. Urte luzeetan berak zuzendu zuen Arana-Goiri'k sorturiko «Euzkadi» aldizkari mamitsua. 1907'an asi zan RIEV-en ere idazten. Politika iritzietan, gaztetan karlatarra ba'zan ere, gero abertzale porrokatu egin zan, euskal erriari zion maite-sua aurrera eramateko batez ere. Euskaltzain izentatu zuen Oñati'ko batzarrean, 1918-9-5'an, Azkue, Kanpion eta Urkixo'rekin batera, guztien abotsez. Idatzain egin zuten. Ondoren etorri ziran gaiñerakoak.

        Bilbao'n il zan 1923-7-24'an, eta bere gorpuari Bermeo'n lurra eman zioten.

 

        BERE EUSKAL LANA.— Ainitz urtetan izan zan «Euzkadi» aldizkariaren artezkari; ainbat iritxi-emate, arte-kontu ta zer bikain askoz gaiñera, lan asko atera zituen bertan, beti sakon eta maixuki. Axe izen ordea erabilten zigun sarri. Ona erderaz ta euskeraz azaldu zuenetik sailtxo bat:

        a) Erderaz: 1) Apuntes para una teoría de las figuras circulares (Madrid, 1904); 2) Notas acerca del léxico y de las flexiones simples del P. Mendiburu en su obra «Otoitz gayak» (RIEV, 1907); 3) Raza, lengua y nación vascas (Bilbao, 1911); 4) Morfología de la conjugación vasca sintética (Bilbao, 1913); 5) Países y razas (Bilbao, 1914); 6) Landibar, cuadros novelescos del País Vasci (Gazteiz, 1918), 378 orr.; 7) La lucha por el idioma propio (Bilbao, 1919); 8) Cuatro Conferencias (Bilbao, 226 orr.); 9) Metodología para la restauración del Euzkera (Bilbao, 1919); 10) El problema de la Enseñanza en el País Vasco (Bilbao, 1919), «Primer Congreso de Estudios Vascos» deritzan liburuan datoz bi lanak; 11) Listas alfabéticas de voces toponímicas vascas (RIEV-en daude 1922'tik aurrera); 12) De la Conjugación sintética (Euzkadi, 1914, 2 orrialdetik aurrera). Onez gaiñera, euskerari buruzko lan ugari azaldu zitun «Euzkadi»-n, » Jel»-en, «Riev»-en, «Euskal Esnalea»-n eta abar.

        b) Euskeraz:

1) Walter Scott'en Halidon Hill — Halidon Murua (Bilbao, 1912), «Euzkadi» aldizkarian.

        2) «Esku-Egundiya»-n datorren Ortze-gayak (Irun, 1910) lana.

        3) Kisto'ren Antz-bidea. Kempis euskeraz. «Euzkadi»-n (1913) datoz zati batzuk; geiegi darabil bear bada aditz sintetikua, bestelan ondo itzilita dago.

        4) «Euzkadi» aldizkarian azaldu zitun olerki batzuk (MEOE, 797 orr.).

        5) Zaldi baltza (Euzkadi, 1914, 317 orr.).

        6) Gurutze Deunaren Bidea (Bilbao, 1917), Porto Mauricio'tar Lonarta Deunak idatzi ebanaren lez. Bizkaieraz. «Jaungoiko-Zale»-ren idaztia, Grijelmo-Alargun eta semien irarkolan argitaratua. Jesus'en Biotzaren Deya'k onela: «Euzkera garbi ta argiaz idatzita, biotz barru-barruraiño sartzeko otoitz-gai ederrak daukaz» (1917, 127 orr.).

        Indar aundia izan dute gure literaturan Eleizalde'k osotu zizkigun lanak. Berebiziko garrantzia ezarri zion aditz gogor, sentetikuari; geiegi bear bada. Gaur gutxi baiño ez ditugu orrela jokatzen, aintziñako euskal idazleak nasaiago jardun zuten arren. Aditz trinkoa larregi erabilteak bere makurrak ditu, itxura danez; olerkian ala ere, asko laguntzen du aditz orrek, au da, dakust —ikusten dut—, dager —agertzen da—, naror —erortzen naiz— ta antzekoak. Baiña ontan ere apurka jokatu bearra dugu, gogaikarri egin ez gaitezen. Eleizalde'k uste zuen aditz guztiak dutela joko sintetikua, bokalean edo j'rekin asiak ba'dira beintzat: artu'tik, adibidez, dart —artzen dut—, erori'tik naror —erortzen naiz— dagi berak.

        Itz bitan, gizon jakintsua genduan Eleizalde'tar Koldobika. Berau il zanean, J. Urkixo'k onela idatzi zuen: «Bere eriotzaz, Eusko-Ikaskuntza'k euslaririk onenetariko bat galtzen du, Euskalerriak gizaseme buru argi bat, eta prestutasunez orbangabea, eta guk langille bizkor ta adiskide on bat» (RIEV, 1923, 697 orrialde).

        Eusko-toponimi-saillean buru-belarri sarturik zebillen azken urteetan. Baiña Balbe txarraren berdingilloak pitzatu zion lepoa, ustekabean noski.

 

        (Ikus J. Urkixo, RIEV, XIV, 695 orr.; Euskal Esnalea, 1923, 139 orr.; Euskera, 1919-1920, 24 orr.; Euzkadi, egunerokoa, Bilbao, 1934-6-16; S. Onaindia, MEOE, 797 orr.; G. Garriga, Bol. Amer. E.V., 1960, 65 orr.; L. Villasante, HLV, 325 orr.; Auñamendi, Literatura, II, 280 orr.).

 

Bilaketa