literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura V»
Santi Onaindia

Etor, 1977

 

12.— Gabirel Manterola Urigoitia

(1880-1977)

 

        Langille zail, nekegaitz ta euskaltzale trebe. Apaiz ona, ta apaizgoari dagozkion eginkizunai gaztetatik lotua. Kristoren itza ta Jaungoikoaren erreiñua, lumaz ta mingaiñez —aitortegian atan ere— zabaldu ta arimetan biz-azten alegiñak alegin egiñikoa. Gaur berton, 86 urte bizkar gain daramazkin arren, ortan ari izana. Euskaltzale eredugarria, euskeraren onerako batzar guztietara jo oi zuen beti, bere agiriz ta solasez batzarkideak poztu, azkar-azi ta indarra eman naiean.

 

        BIZITZ-ZEAZTASUNAK.— Gizaseme jakitun —Urraburu, adibidez— eta erlijio-landan batez ere, seme-alaba askoren erri emakorra duzu Zeanuri. Ementxe jaio zan Marterola apaiza 1890-3-17'an, Arregia kalean; urrengo egunean bateatu zuen Uribe'tar Jose Antonio apaiz laguntzailleak. Gurasoak: Florentino Manterola Gortazar, Zeanuri'koa, ta Nikolasa Urigoitia Eizaga, Gaztelu-Elexabeitia'koa. Aitita-amanak: aitaren aldekoak, Tiburtzio ta Frantziska, zeanuristarrak, eta amaren aldekoak, Fruktuoso, Otxandio'koa, ta Estefana, Galdakano'koa.

        Umetan bere errian azi ta ikasia dugu, guraso Jainko-zale ta langilleen gerizpe goxoan. Gaztetan baita, Galdakano'n bere osabeagaz bizi zala, goi-deiak bultzatua, Erruperto Aranategi apaizarekin ikasi zituen latin iru urteak, iru urte auek batera, Gazteiz'ko Apaiztegian sartu aurretik, azterketa batean ontzat emanaz. 1905'tik 1913'ra, iru urte Pilosopi ta bost Teoloji ikasi, ta urte berean apaiztasuna artzeko naitaez bear zuen adiñari zain egon ondoren, 1914'an egin zan jaupari, Prudenzio Melo Gazteiz'ko gotzai zalarik.

        Apaizgoa artu besterik ez, eta 1914'garrenaren amairantza Eibar'era izendatu zuten, eta ementxe bizi izan zan apaiz-laguntzaille ta moja kapillau, arima arloan buru-belarri sartua, eta euskal idazlaritzan lanik asko egiñez, 1936'rarte, ots, anai arteko burruka sartu zitzaigun arte. Urte auetan Inglaterra'ra jo zuen ume-talde batekin, Bizkai'ko agintariek aurtxo aiek zaindu zezan aukeratuta. An egona duzu ondoren 1948'rarte. Urte orretan Euskalerrira biurtu, ta Zeanuri'n daukazu arrezkero, gaur arte, abade-laguntzaille ta idazteari atxikia. Euskaltzain urgazle, ohorezko.

 

        EUSKAL IDAZLE.— Ugaria duzu Manterola, oparotsua benetan, anitz gai ikutu ta aztertu dizkiguna, naiz eliz-kutsukoak naiz gizarteari dagozkionak. Eibar'era aldatu ta laster, 1916'an, asi zan idazten, eta etzaion geroz erdoitu bere luma azkarra, ezta auldu ere «Agur»-en emandako artikuluetatik ikasi dezakegunez.

        Zornotza'n sartu-berri zan apaiz-alkarteak ateratzen zuen «Jaungoiko-Zale»-n agertzen zaizkigu bere lenengo lanak. Zenbaki bakoitzean bi naiz iru bat lan eman oi zizkigun. «Gama», «Mitarga», «Urigoitia», «Gabirel», «G.» zerabilzkin lanak firmatzean. Illoroko zan «Jaungoiko-zale» asteroko biurtu zan «Ekin» izenakin; emen ere iru lan ematen zituen Manterola'k zenbaki bakoitzean: olaxe 1936'rarte. Baita idatzi izan du «Euzkadi»-n, «Zeruko Argia»-n, «Yakintza»-n, «Argia»-n, «Karmel»-en, «Olerti»-n, «Redención» eta «Agur»-en. Guzti ontaz gaiñera, Kristau Ikasbide ta Liturji-arazoak ere etzion neke gutxi ekarri.

        Emen argitara eman dizkigun libururik beiñenak :

        1) «Jaungoiko-Zale» bazkunaren urteroko elizkizunean egiñiko itzaldia (Zornotza, 1920).

        2) Goi-izpiak (Zornotza, 1921). «Jaungoiko-Zale» irarkolan. 113 orrialde. 42 neurtitz. Egilleak onela: «Giza-biotzak yoranez beragandu gura dituan Egia ta Zorunak, ludi onetako gauzetan susterrik eztauke; eguzkiaren izpi beroen antzera goitiko igaliak dira; norberegandu gura dituanak ba, nai ta naiz ez adimen biotzak goirantz yaso bear. Auxe dala-ta, gai onetzaz urte bi oneitan egin dituan itz-neurtu geyenak, aizkidetasunak bultzatuta, egilleak idaztitxo onetan esitu dituanean, GOI-IZPIAK izentzat ezartea otu yako». Baita jakingarri duzu Oxobi'k zesan au ere: «Goi-izpiak bezalako liburu batek erakatsiko dakote bizkaitar eta gipuzkoar umeeri eskuara, Euskalzainburuen mintzaldi eta idazki guziek baiño lasterrago. Eta bertzalde, eskuararekin batean, haur horiek hartuko dute gogo bihotzetan barna irakatsi kistarra» (Gure Herria, 1922, 51 orr.). Eta Jesus'en Biotzaren Deya'k: «Jaungoikoa ta euskera benetan maite dituztenentzat guztiz egoki ta atsegingarriak dira Goi-izpiak. Izkera garbi ta leunezko lorez apaindurik eskeintzen zaizkigun neurtitz auek entzumena atsegiñduaz biotza berotu, ta burua goi-argiz beterik uzten dute» (1923, 350 orr.).

        3) Lenengo Euskal Egunetako itzaldia (Bilbao, 1922). Durango'ko Udaletxean emanikoa duzu. Euzko-Argitaldariak atera zuen.

        4) Porziunkula Nekazka (Zornotza, 1924). Ozerin Jauregik egiña, euskeraz.

        5) Santuen Bizitza laburrak (Bilbao, 1925). Euzko-Argitaldaria'ren irarkolan.

        6) Ipuintxoak (Zornotza, 1929). «Jaungoiko-Zale»-ren irarkolan. Kristobal von Schmid (1768-1854) doixtarraren ipui-sail bat euskeraz. 1934'an berriz argitaldu ziran.

        7) Agirre euskeltzale (Yakintza, 1934, agorril-urrilla, 323 orr.). Txomin Agirre'ren goratzarrez idatzia.

        8) Goi-izparrak (Zornotza, ez dakar urterik). «Jaungoiko-Zale»-ren irarkolan.

        9) Yesu-Kristoren Nekaldia. Bilbao'ko Coliseo, Albia antzokian antzeztu ziran Kristo'ren Nekaldiari buruzko 40 irudi.

        10) Gabonetako Antzerki Yaunkoya. Berrogei Gabon-irudi, euskeraztuta. Bilbao'ko Coliseo Albia'n antzeztu ziran auek ere.

        11) Gotzai-idazkiak. Guda aurretik Mateo Muxika gotzaiñaren idazki guztiak Manterola'k bakarrik bizkaieraz jarri zizkigun, baita geroago Morcillo'ren lenengoa ere.

        12) Irugarrengoen Irakaslea. Bizkaieraz ipiñi zuen au ere, urte askotan.

        13) Itzulpenak. Geroztik, bai inglesetik bai prantsesetik gaztelerara ere itzuli ta osotu ditu liburu batzuk. Ona:

        a) L'enseignement de la Moral chretien: La enseñanza de la Moral cristiana (Bilbao, 1952), J. Leclercq'ena; b) La vie du Christ dans son Eglise: La vida de Cristo en su Iglesia. Leclercq'ena au ere. Lau argitalpen izan ditu: 1950, 1952, 1961 ta 1964; d) Christianismes et christianisme: Cristianismos y cristianismo (Bilbao, 1952), Gustabo Thils'ena; e) L'homme nouveau: El hombre nuevo (Bilbao, 1953), Lovaina'ko «Etudes Pastorales»-etik; f) Doctrina espiritual de Don Marmión (Bilbao, 1953), Thibaut'ena; j) The physical fenomena of mistycism: Fenómenos físicos del misticismo (Bilbao, 1953), Herbert Thurston'ena; ta abar.

        Argitaratu gabe dauzka auek: Kristau-Ikasbidea ta Yesu-Kristoren Alatzak (mirariak); eta azken urteotan egiñiko itzulpen au: Maria'ren Lejiñoaren aintzat emandako Esku-idatzia (The Official Handbock of the Legion of Mary). Inglaterra'n zegoela Shakespeare'n izkeraz ere zerbait biribiltzen saiatu zan, liburuxka auek berak osotuak ditu beintzat: «On Truth», «Common Sense Truths», «On Peace and War»; etzuen argitaratzeko astirik izan, eta euskerara biurtzeko asmotan zegoen.

        Gure Gama'k badu beste zerbait ere gogotan eukitekoa, zertzelada egokia noski: 1914'an, Jesus'en Biotzaren irudia, etxeetako ateburuetan ipintekoa, bakoitza errealean saltzen zituztela, ta ondoren, «Jaungoiko-Zale»-k urte askotan ormarako argitaldu zuen Egutegian ainbat lan egin zuela.

        OLERKARI.— Kopla meta aundia du Manterola'k or-emengo aldizkarietan azalduta, «Jaungoiko-Zale»-n, «Ekin»-en, «Zeruko Argia»-n, «Karmel»-en, «Olerti»-n... Nik, 1966-11-18'an, liburu ontarako bere lanen zeaztasun batzuk eskatu nizkionean, onela jardetsi zidan: olerkiak egitea beretzat asazkaldi bakarrik izan omen dirala, iñoiz ere ortan ari izateko asmu aundi gabe. «Ille onen 25'garrenean —ziostan— betetan dira 52 urte lenengo bertsoak egin nituala. Ilbarri dan nire adizkide kutun Ibargutxi (G.B.) jaunaren eguna zan. Eta ez dakit zelan "zorionak" emotea bertsotan urten eustan. Nire aitaita bertsolaria zan, eta aren "axeak" bultzata nonbait. Bera (Ibargutxi) aurkitu nebanean, esan eustan: "Zuk bertsoak be aterako zeunkez?" —"Uste dot bayetz"».

        Orduntxe asi zan olerkigiñen. Lenengoa zein? Gentza, Jauna!, «Jaungoiko-Zale»-n 1918-1-1'an argitara emana. Ondoren, zoipean dagoan saguarena jazo zitzaion: bein lotsea galduz gero, ta irtenaldi geiago ta ausartagoak, alegia. Aurrerantzean geratu barik ondu zizkigun Gama'k poesi lantxoak, errez ta goxo, kistar mamiñez aseak. Berak onan: «Gero asazkaldi ari yarraituaz 200'tik gora argitaldu ziran "Jaungoiko-Zale" ta "Zeruko Argia" aldizkingi ta asterokoetan. Oneitatik "J.Z."-en 1925'tik 1931'ra, 34; aurreko sei urteetakoa ez dakit, "J.Z."-en zati bat baño ez daukat eta. "Ekin"-en 1932'tik 1936'ra, 50; England,'en nengoala, 50'tik gora dira idatzi nituanak, argitaldu bako-ak. Beste batzuk "Vida Vasca"-n eta abar» (1969'an egin zidan eskutitzean).

        Sakon ariñak dituzu Manterola'ren olerki-lanak, joskera ta neurkera bikaiñez biribilduak.

        Bukatzeko, bego emen Mikel Zarate'n iritzia. «Euskal idazle ona da Manterola —dio—. Baiña, garbikeri giroan bizi izan da-ta, ba-ditu garbikeri batzuk bere idazlanetan, gaztetan egindakoetan, batez bere» (Bizkai'ko Euskal Idazleak, 238 orr.). Ala ere, neretzat beintzat, atsegiñago nunbait, Manterola'ren garbi idaztea gaurko askotxoren mordoillo-idaztea baiño.

        Zeanuri'n il zan 1977-7-6'an. Urrengo egunean illetak erriko Andra Mari elizan, arratsaldeko 7,30'etan. Jose Maria Uriarte Gotzai jaunak mezea ta itzaldia, ainbat eliz-gizonek lagunduta.

        Erri osoak betetzen zuen eliza. An ziran Euskalerriko euskal idazle punterengo ta abar ere, Euskaltzaindikoak buru zirala.

 

        (Ikus Oxobi, Gure Herria, 1922, 49 orr.; S. Onaindia, MEOE, 1954, 652 orr.; Gabin Garriga, Bol. Amer. E.V., 1951, 144 orr.; N. Kortazar, Cien Autores vascos, 1966, 138 orr.; J. San Martin, Escritores euskéricos, 1968, 127 orr.; M. Zarate, Bizkai'ko euskal idazleak, 1970, 238 orr.; Auñamendi, Literatura, III, 539 orr.; S. Onaindia, Kardaberaz Aitari Omenaldia, 1971, 126 orr.).

 

Bilaketa