43. Nemesio Agapito Etxaniz Aranbarri
(1899-....)
Euskal idazle ta olerkari yaio, gain-gaiñeko baten aurrean gaude. Etxaniz'ek sortzen duen guztia xamur, arin ta atsegingarria da. Urteak dirala illea zuri duena izanik ere, gudate ondoko idazlea duzu; aurretik zerbait idatzi zuen, baiña oso gutxi. Geroztik eskeiñi dizkigu, sail asko urratuaz, bere fruturik orizka ta elduenak. Onen lanetan ez da ezer illunik, ez eta milikarik, bai ordea ernegarririk. Ontan, beiñola Rilke Praga'ko olerkari gorenak esana datorkit gogora, ots, goizegi egiten diran olerkiak ez duela kanorerik; ortarako bizi guztiko jakituria ta eztia bildu bear ei dira, ta azkenean bertso-sail txiki bat borobildu. Etxaniz'ek olan jokatu duela esan dezakegu; liburu meta aundirik ez digu osotu, baiña osotu duena jakituriz eta antzez gaiñezka duzu.
GIZONA. Azkoiti'n jaio zan 1899-12-19'an. Lenengo eskolak bere erriko Lasailletar Anaienean artu zituen, amar urteko zala latiña Balda etxean ikasirik. Bi urte igaro zituen gero Lekarotz'en, Aita kaputxinoen ikasguan ikasten. 1912'tik 24 bitartean Komillas'en ikasten du eleiz-karrera; garai aretan, bertan ziren Orixe ta beste euskaltzale porrokatu batzuk ere, maixu ta ikasle. Eta, jakiña, suak ez parkatzen, noberari ere galda itsasten bait dio.
Ikasaldietan etzan muker ibilli, txintxo ta burutsu baizik. Filosofia ikasi zuen bitartean, 1919-20, lenengotan Lizenziatu egin zan eta Maixu (Doktor) titulua atera gero gai ber-bertan; urtziztia ikasten zuela berriz, 1923-24, Teolojian Lizenziatu zitzaigun. 1924'an artu zuen apaizgoa. Aurrenik, Azkoiti'n eta Deba'n egin zigun, langille aspergaitz, arima-zaintza. Aspaldian, ale ere, Donostia'n daukagu mojatxu batzuen kapellau.
EUSKAL IDAZLE. Inguruko giroak, esan dizut, badu indarra, ta N. Etxaniz ere Komillas'en ikasle zala asi zitzaigun lantxoak mamitu ta orduko aldizkarietara bialtzen. «Euskal Esnalea»-n, «Argia»-n, «Euzkadi»-n, «El Día»-n, «Zeruko Argia»-n eta «Jaungoiko-Zale»-n datoz batez ere aren lanak. Geroztik, «Euzko-Gogoa»-n, «Egan»-en, «Zeruko Argia»-n, «Karmel»en, «Olerti»-n, «Agur»-en, «Príncipe de Viana»-n eta abar izan dugu lankide.
«Amilaitz», «Erratzu», «Artiz'tar Xabier» ta olakoak erabilli dizkigu lanak izenpetzean. Euskaltzaindiko urgazle da. Ikus argitaratu dituen lanetatik batzuk:
1) Arraldea (Donostia, 1923). Ipui zarra. Liburuxka polita. Iñaki Deunaren irarkolan. 30 orrialde. «Argia»-ren Idaztiak.
2) Olentzero (Donostia, 1926). Euskal Esnalea'n dator, XVI, 225'garen orrialdetik aurrera.
3) Azkoiti'tik Elgoibar'era. Katuin-zuloa (Donostia, 1927). Euskal Esnalea, XVII, 6 ta 34 orrialdeetan.
4) Itziar'ko Andre Maria'ren kondaira laburra ta Bederatziurrena (Zarautz, 1949). Itxaropena irarkolan.
5) Nola idatzi euskeraz? (Zarautz, 1950). Itxaropena irarkolan. 54 orrialde. Kartak, idazkiak eta abar.
6) Kanta-kantari (Bilbao, 1952). Aur-jolasak; maite-kantak; izadi-abestiak. Ordorika'renean. 80 orrialde.
7) Urrategi'ko Andre Maria'ri Bederatziurrena.
8) Egintza katolikoatzaz. Itxaropenak irarria.
9) Kristau-Ikasbidea bertsotan (Bilbao, 1952). I. Mailla. Musika ta itzak, irakasleentzat. II. Mailla. Itzak bakarrik, aurrentzat. Ikasbidea. Ordorika'renean. 47 orrialde.
10) Arantzazuko Amari poz-jarioak (Zarautz, 1954). A. Ibinagabeitia'k onan: «Erdal-errietakoak, poz-jario gogorrak izan dira: Ama Birjiña ta santu guztien ohoretan idatzi oi zituen... Gure artean ez nun poz-jariorik ezagutzen. Iñoiz txikitan San Antonio'ren omenez erderaz nere errian kantatzen zitutenak entzunik nago ala ere. Beraz Etxaniztar Nemesi olerkari aipatua asi zaigu lenengo poz-jarioka. Amilaitz'ek badu antze, badu idurimen, badu jario. Baiñan poz-jario oietan elkorregi deritzait. Arantzazuko gertari eta edestiari lotuegi dabilkigu. Asketxoago bear zukean idurimenari zabalune geiago emanaz. Gure erriari ere atsegin zaizkio irudimenaren ateraldiak, antzetsuki ta egoki antolaturik daudenean batez ere. Ala ere euskera txukun eta argia darabil eta gure erriaren atsegiñak egingo ditute poz-jario auek» (Euzko-Gogoa, 1954, V, 208 orr.).
11) Maite-kantak (Euzko-Gogoa, 1951). Amar dira guztiz.
12) Izeko aberatsa. Iru egintzadun eres-antzerki irritsua. Irulearen negarra. Iru Egintza ta antzezburua dituan zorigaitz-antzerkia (Gazteiz, 1952). Montepio irarkolan. 120 orrialde.
13) Gabriela Mistral (1889-1957). Itzulpenak: «Balada», «Eskaria» ta «Andre Irakaslearen kanta». Egan, 1957, 1-2, 90 orrialdean.
14) Itun Zarreko Kondaira. I. 7aungoikoaren Erria nola sortu zan (Paris, 1955). Fleurus'ek argitara emana. Bondallaz Jaques Abak ondua, euskeraz.
15) Euskal-Antzerkiak (Zarautz, 1958). Kuliska Sorta bilduman daude: «Gabak zekarren eguna», iru ekiñalditan, Arantzazu'ko leiaketan lenengo saria jasotakoa; «Maite ere neurriz»; «Zotzean bizia» ta «Gabon Zauria».
16) Ito edo ezkondu (Buenos Aires, 1954). Biktor Ruiz Añibarro'ren «Las Mujeres de Berrigorria», euskeraz. «Ekin» argitaldariak, 43 zenbakia.
17) CCC Akademia'ren Curso de Vascuence con discos (Donostia, 1961).
18) Kontu-kontari. Antzerkiak. (Zarautz, 1958). Antzerkien artean dator, 135 orrialdean, Prosper Marimée'ren Mateo Falcone, euskeraz. Eta «Egan»-en, 1955.
19) Lur berri-billa (Donostia, 1967). «Izarra» irarkolan. 415 orrialde. Liburu bikaiña, tarteka marteka, ark agindu ta onek otoi, astiunerik astiune egiña. Irakur egilleak sarreran dioskuna. «Gure bizitza osoan idazten du, euskal-miñez jota ibilli gera danean. Gure amesak beti alde batera jotzen zuten: euskerari LUR Berriak eskeiñi; gure izkuntzari bide berriak urratu nai izan dizkiogu. Eta ortan joan zaizkigu egunik onenak. Aldiz, gure amesak eta asmoak bete al izan ditugu; aldiz, gure lanak eztu bear zuan mugarik eta maillarik iritxi».
Liburu ontan danetatik datoz, azken urteotan burutu ditun lanak ederrenak noski, Testamentu bezela. Onela darrai: «Euskaldunok olerkietan beste errietakoen mailla ondu al izan degu. Baiña euskal antzerki ta nobela, oraindik idazle yayo baten zai daude! ta beste sail batzuetan ere, atzeratxo gaude, noski. Nere aldetik, egin ditudan lanetatik onaurkiak artu ta geroko gizaldiei eskeiñi bear nizkien nere AZKENITZ bezela. Euskal Testamentu bat bezela dijoakizue, beraz, nere liburu au. Esango ba-nizue bezela: "Ni, euskera lanean, oneraiño iritxi naiz. Zuek, ortik aurrera joka zazue bikain, gure izkuntzaren burruka irabazi arte"».
Ondoren, argitara dituen lanak izentatu ostean, onela didaz: «Oiek izan dira nene lanik nagusienak. Gero, zenbat lan-puxketa, euskal egunkari ta adizkarietan zabalduak! Eguneroko ogia irabazteko, ostera, gogoz kontrako lanetan, zenbat ordu alperrik galduak! Eta gogozko lanetarako astirik ez. Gure biziak egun gorriak ikusi ditu. Euskal-miñak, ala ere, gure nekea jasotzen eta gure illunpeak urratzen erakutsi digu. Gure erriaren burrukak eman dio, gure biziari bere argi ta lanerako akulua. Ondorengoak jasoko al dute noizbait gure lanaren frutua!»
Ez, Etxaniz'ek ez ditu orduak alperrik galdu. Euskal arloan betetu duen lana ez da urria izan, frututsua baizik. Azkoitiar jakintsu au izatez dugu urduri, baita pizkat ezkor ere, ta ortik bere esanak. Gorriak ikusi ditula? Eta zenbait euskal idazlek ez 40 urte auetan? Ez du iñoiz trabarik izan mingaiñean: biotzak sentitua beti ager-azi du ao goxoz; egia esateak, ordea, istilluak sortzen, eta berau paketsu ta pake-zale ere, agintariak eta maiz erabilli digute mundurik ara ta zirkin-zarkun. Origatik, baiña, beti ekin dio euskal lanari gogo beroz.
Saririk asko eraman du Etxaniz'ek bere idaz-lanakin. Liburu ontan datozenak ainitz sarituak izanak dira. Nobela, irratsaio, ipui, antzerki-jolas, olerki..., liburu txanbeliña nunbait. Irakurriz, barne-zirrara goxoa dakarkiguna.
Zati auek dakarzki: 1) Eleberri laburra: «Ameriketan galduak»; 2) Ipuiak, sei oso politak; 3) Irratsaio txangoak, «Txantxangorria» ta «Gazte aizeak (IV)»; 4) Irratirako ipui antolatuak, zazpi guztira; 5) Irrati antzerkia: «Izarren bidetan»; 6) Olerkiak, iru sailletan 49 guztiz; 7) Abestiak, lenengo sailla: aur-abestiak, 19 kanta; bigarren sailla: gazte-abestiak, 52 kanta.
1966'an ondu zigun idazti au. Onek darakusagunez, bada, N. Etxaniz apaiza duzu azken bolada ontan ain ozenki dabilkigun euskal kanta berriaren aita; bera asi zitzaigun, eta urteetan ekin zion, lur berri billa ta gazteen arteko euskal musikari batez ere, bide berriak urrau nairik. Sarri ikusi izan dut, planu aurrean eta arkatza atz-artzen, jo ta kanta, abesti berriak asmatzen.
OLERKARI. Ezpiritu kezkati baten jabe dugu Etxaniz. Gauzak, ingurumariko mundua, eder-jarioka ikusten dakiana. Giza-biotza ere ondo ezagutzen du. Eta A.M. Labaien'ek, azkoitiar antzerkigillearen «Bizia zotzean» aztertzerakoan diona, ber-esan dezakegu emen, au da, nolanai ere poeta ta pentsalari zorrotz dugula, ta olakoak «jarduna, bere gain artzen ba'du, atera lezaiokela txinparta ederrik entzule-ikusleen biotzak ikutzeraño». Orrela da Etxaniz poeta ta pentsalari; bizi ta giartsu da, jardun mingotsa ere goxo ta irripartsu biurtzen diguna; eta gauzak euskeraz «goitar irritsu eta errikoa esaten iñor gutxik» irabaziko diona.
«Euskal Esnalea»-n asi zan olerkitxook azaltzen. 1926'an, Andre Maria'ri agertu zigun, eta Eztu nai kabirik, 1927'an. Guda ondoan «Euzko-Gcgoa»-n, «Olerti»-n, «Príncipe de Viana»-n, «Egan»-en eta abar, konta-ezin ala ondu dizkigu, beti arin, labur ta zoragarri, Heine, Campoamor, Bilintx eta olakoen pareko. Batzaldi askotara aurkeztu izan da, baita sari ederrak eskuratu ere; beiñola J. Zaitegi'k,an Guatemala'tik, olerki-sorta konkurtsu bat iragarri zigun, eta olerkari-mordoak jo genun ara; 1955'an emana izan zan saria, eta Zaitegi'k «Euzko-Gogoa»-n: «Olerti saillean, gure batzaldian sarituak izan ziran olerkari goitarren poemak agertzen ditugu. Sari bakarra "Bizi nai" Mitxelena'tar Salbatore olerkariaren poemak eraman zun; oso-osorik irakur zenezakete orrialde oietan. Dedu-aipua Etxaniz, Onaindia eta Aurraitz'ek ukan zuten. Oien poemak ere, guziak izan ez arren, geienak beintzat, ementxe arkituko dituzute. Benetako antologi zoragarria, iñoiz gutxian euskeraz ikus ditekena» (E.G., 1955, orrilla-lotazilla, 65 orr.).
«Lur berri-billa» idaztia osatzerakoan, olerki pillo bat aukeratu zuen bertarako, lendik egiñak eta berriak ziranak noski. Berak onela: «Euskaldunok bertsotarako beti izan degu alako zaletasun apur bat. Aspaldi asiak giñan lan onetan, baiña 1950'garren urte alderarte, ez nuan ezagutzen erderazko azkenengo olerkarien lanik. Konbentu zaar bateko kapellau nengoen aldi aretan; mendi aldean eta alako "bohemia" antzeko girotan. Orduakoak izan ziran, nere ustez, sortu zaizkidan olerkirik onentxeak. Erderaz, Machado ta gerokoak irakurri berri nintzan. Juan Ramon, Alberti, Alexaindre, Gerardo Diego ta beste aien sasoikoen lanak, bertso libretan iritxi zutena erakutsi zidaten; eta orduan ekin nion BERTSO LIBREAK egiteari...
»Gerora sortu ziran "Donostia" ta beste olerki askatuak. Xorta bat olerki gure ikastoletako aurrentzat ere ondu det. Or ikusiko dituzu. Mirande zuberoarra, Aita Xalbatore Mixelena, Aita Xanti Onaindia eta Aurre-Apraiz'tar Balendin, izan nituan lenengo nere aldi aretan olerkari-lagun. Gerora gazte-sail ugaria sortu zaigu. Gure orduko "vanguardismoak" jo ta pasa dituzte gazteok. Azkenengo, gure Aresti'k jo digu txistua. Eta gure gazteok, gizarte-gaia oso artua dute beren olerkietan. Aien ondoan, gure olerki auek, aide zaarregia izango dute norbaitentzat. Gabriel Zelaia ta Blas Otero'ren arloan, oso lengoak gera. Ala ere, nik emen utzi nai det, nere alea. Euskerak aurrerago egiten ba'du, pozik artuko degu gerokoa ere» (Olerkiak, 211 orrialdean).
Labur: aide zaarreko naiz berriko, bertso lotuak naiz askatuak erabilli, Etxaniz apaizaren lumatik irten olerkiak, eta gaiñontzeko lanak antzerki, irratisaio, aur-abesti ta gazte-kanta beti zaizkigu atsegingarri. Burutsu ta emankor izan zaigu noski, berak orrela uste izan ez arren. Oraindik gordin dago, euskal arloan lan egiteko moduan. Nik, beraz, amabost bat urtean Olerti Egunetan batez ere lankide bizkor izan dudan Etxaniz'i esango nioke, Labaien'ek beiñola esaten ziona: «Plauto erromatar komerigille otsaundikoak lan ederrenak zartuta gero ondu omen zituen. Beraz, Etxaniz jauna, lore lorean (?) zaude, adinean bide ortatik jarraitzeko. Garaipen koroia laister dukezu buru zuriaren gañean». Nik uste, ala ere, euskal idazleak, adiñari jaramonik egiteke, il arte lanari ekin bear diogula.
(Ikus Andima Ibinagabeitia, Euzko Gogoa, 1952, 9-10, 21 orr.; G'tar I., Gernika, 1953, 23 alea, 122 orr.; F. de M., Gernika, 1953, 24 alea, 188 orr.; S. Onaindia, MEOE, 1017 orr.; J.M. Leizaola, Euzko Gogoa, 1956, VII, 28 orr.; M. Lekuona, Egan, 1957, 1-2, 115 orr.; L. Mitxelena, HLV, 160 orr.; N. Kortazar, Cien autores vascos, 107 orr.; J. San Martin, Escritores euskéricos, 71 orr.; A.M. Labaien, Egan, 1-5, 98 orr.; Auñamendi, Literatura, IV, 37 orr.; J. Bilbao, Eusko Bibliografia, III, 247 orr.) .