literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura III»
Santi Onaindia

Etor, 1974

 

19.— Jose Manuel Luxanbio, «Txirrita»

(1860-1936)

 

        Bertsolari askoren aita bezela dugun ezkero, merezi du Txirrika'k aipamen goxo bat. Ernani'n, Urumea ibaiaren sakonean datzan Latze baserrian jaioa zan, 1860-8-14'an. Ementxe bizi izan zan amairu bat urterarte. Zazpi neba-arreba ziran. Geroago, Errenteri aldeko Txirrita baserrira joan zan bizi izaten famili osoa. Etxe ortatik datorkio ospetsu egin zuen izena.

        Etzan orduan nolanaiko basetxea. Aita Zabala'k onan: «Txirrita antziñako baserria da. Baserria ez ezik, antziñako jauregi zarra ere bai. Zabala ta aundia da, eta euskaldun etxe bezela, guztizko tankera jatorrekoa. Lendabizi bere egutera aldeko alderdia agertzen da. Alderdi ontan bi arkuzko ate dauzka, bata dana borobilla, bestea puntaduna. Oien gañean alde batetik besteraño, etxeari aurre guztia artzen dion balkoia, bere zurezko baranda zarrarekin. Balkoi-peko pareta guztia arrizkoa da, goikoa berriz ladrilluz ta abe zarrez egiña. Goien, tellatuaren ertzaren parean uxoentzako zuloak ageri dira. Ipar aldean, atzeko aldean, beste arkuzko atea du, ta San Markos aldean ere bestea. Barrenean berriz, ukullu zabala, jiran saeta-zulo bat edo beste duela, mandioa, ta ontan tolarea. Ederra da, batez ere, balkoitik ageri dana: inguru guztian berdez jantzitako muñoak. Aietan an ta emen baserriak. Ta atzean mendiak: Aiako Arria, Urkabe, Bianditz, Landerbaso, Aldurako gaña...» (Auspoa, 18-19, 22 orr.).

        Baserri ontan lan egin zuen Txirrita'k luzaro xamar; baiña egun batean nekazaritza utzi ta argintzan asi zan. Toki askotan ibilli zan: Donostia'n, Bilbao'n, Zaragoza'n, Frantzia'n... Eta ibilliz asko ikasten baita, makiña bat mañaz jabetu zan bizimodu berri ortan. Ortik piztu zitzaion, ain zuzen, berezkoa zuen bertso-indarra. Mutil zarra zan, eta ezkongai izate onek aukerako gaia egokitu zion par-algara ederrak ainbati eragiteko.

        1897'an ots aundiko jaiak ospatu ziran Oiartzun'en, uztaillaren 3'tik 7'ra bitartean. Bertso-saioan Pello Errota, Elizegi anaiak, Saiburu, Esteban Elola, Artzaia, Lexo, Joakin Urbieta ta Txirrita ari izan ziran; azkenik, Txirrita ta Pello Errota geratu ziran txapeldun.

        Garai artako bertsolari geienen adiskide zan. Pello Mari Otaño'rekin berriz barru-barrukoa. Onek azkenengoz Ameriketara joateko, 1898-1-26'an, Pasaiko kaian ontzia artu zuenean, an zan Txirrita ere, ta ari agur egiterakoan bota zituen bertsoak bai samurrak! Pello Errota, Gaztelu, Txintxua, Artzai Txikia, Saiburu, Erauskin, Pello Zabaleta, Prantzes-Txikia, Jose Bernardo, Telleri-Txiki, Elio ta olakoekin amaikatxo kopla ondu zizkigun.

        Gaia? Orduan, sagardotegi ugari zan Gipuzkoa'n eta Bizkaia'n, eta olakoetan abestu oi zitun, eztarria legun ta barnea dardar, bere biziko bertsoak. Arrasti, gau ta goiz osoak eman oi. Zorrotza zan bere erara. Ona gertaera bat. Bein Ondarribi'ko sagardotegi baten aurkitzen zan bere lagunakin; bare bi ikusi zituzten aurrean, bata zuria ta bestea beltza. Sagardo-erronda egin zuten apustu, zein bate lenago eldu alako lekura: bera bare beltzaren alde ta lagunak zuriaren alde. Zer egin zion Txirrita'k bare beltzari ariñago egin zezan? Ur-tantoak bota aurretik, errezago irrixtatu zedin. Onek irabazi zuen. Eta Txirrita'k laguneri: «—Baiña, ez al zenekiten bare zuria baiño motelagorik ezer ez dala?».

        Gisa ontakoa zenun Txirrita, beti aoz-aozko bertsotan, ateraldi bikaiñez bere koplak ornitzen zituna. Gomutan dugu oraindik ere 1935-1-20'an Donostiko Kursaal antzokian ospatu zan Bertsolari-Eguna. Bertsolari auek artu zuten parte: Basarri (Zarauz), Zepai (Errexil), Txirrita (Alza), Txapel (Azpeiti), Lujanbio (Alza), Abarrategi (Bizkaia), Telleri-Txiki (Errenderi), Nekazabal (Zarauz), Sarasola (Antigua, Donosti), Mintegi (Ordizia), Erauskin (Ordizia), Kortatxo (Itziar), Zabaleta Pello (Errenderi), Zabaleta Juan (Errenderi), Sorozabal (Aiete), Etxeberria (Aiete) ta Uriarte (Bermeo). Basarri'ri eman zioten lenengo saria; baiña Txirrita'ren bertsoak ere goi-goi geratu ziran.

        Urrengo urtean berdin, 1936-1-19'an, Bertsolarien eguna. «Victoria Eugenia» antzokian ospatu zan. Bertsolari auek artu zuten esku: Zepai (Errexil), Dargaitz (Otsondo), Etxeberria (Andoain), Harriet (Aldude), Uztapide (Zestua), Lujanbio (Errenderi), Mutuberria (Eltzaburu), Txapel (Azpeiti), Iriarte (Irurita) ta Txirrita (Alza). Basarri'k zuzendu zuen saioa. Txirrita'ri eman zioten lenengo saria. (Yakintza, 1936, 20'garren zenbakia).

        1936-3-22'an, Errenderi'n, omenaldi ederra egiñik, makilla eman zioten. Eta, azkenez, zaartua, Gaztelu-ene zeritzan Altza'ko baserri baten bere arreba gazteenakin bizi zala, Goizueta'ra bertsotan egiten zijoala gaixotu ta 1936-6-3'an il zan.

 

        (Ikus «Auspoa», 18-19, Txirrita, MEOE, 1.162 orr., ta Gure Bertsolariak, 311 orr.).

 

Bilaketa