literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura VI»
Santi Onaindia

Etor, 1990

 

25.— Eusebio Erkiaga Alastra

(1912-....)

 

        E. Erkiaga'k, 1959'an, «Txomin Agirre» nobela-saria jaso zuenean, abenduaren 3'an egin-egiñean, jaia egin zioten Bilbo'n saria emateko alegia. Eta garai artan A. Fernando Mendizabal prantziskotarrak bere itzaldian onela: «Eusebio Erkiagak euskerazko gogoa dauka, euskerazko bizitza, euskerazko anima. Euskalduna dugu ezur eta mami. Eta orren lur gozotan azitzen zan landareak, mardula eman bear naitaez frutua» (Euskera, 1960, 422 orr.).

        Lekeitio'n jaio zan Erkiaga, 1912-9-4'an. «Txikitan —dio berak— eskola aurreko urteetan, lekaime izaniko emakume baten etxean, etxetik urre-urre, ikasi nituen letrak, eta itzak gaztelaniaz irakurtzen, baiña an euskeraz berba egiten zuten, bai irakaslemeak, bai umetxuak. "Luisa monjia" zeritzon emakume ari erriak».

        Arik lasterrean, erriko estadu-eskola zan eta amalau urterarte antxe jarraitu zigun, batean maisu alperra eta geroago gizon zaarregia gertaturik. Amar-amabi urte bitartean elizako tiple nagusia ere izan zitzaigun, eta musika-taldean klarinete jotzaille. Eta ezpatadantzari txiki, 1923 iraillerarte. Ordun, errian bertan, Mertzedetako fraileen ikastegira zan, zekiana zerbait mardoagotu guran. Orraitio, merkatalgo gaiak ikasten asi zan, «libre» maillan, eta Bilbo'n urtero azterketak egin. Azken ikastaroa uri aundi orretan burutu ta «perito merkantil» (salerosle maisu) titulu-jabe lotu zitzaigun.

        Ekonomi-kinka larria; ba-zan lanik-eza bazterretan. 1936'gn. Bizkai Bankuan sartzea lortu zuen. Eta ortxe iruntsi izan ditu lanari lotua 42 urte. Gerra aldian bere zeregiña arbuiatu gabe euskal lanari ere ekin zion: 1937'gko. Urte berri egunetik «Eguna» zeritzan euskal egunerokoa atera zuen Eusko Jaurlaritzak eta izparringi ori aurrera bultzatu zutenak, auek izan ziran: Abeletxe, A. Zubikarai, Luzear, Luki Artetxe, E. Erkiaga eta Joxe Mari Arizmendiarrieta. Urte orretako bagillaren l6'raiñoko bizia izan zuen egunkari arek. Lan bikaiña osatu zuten zuzendari, idazle ta gaiñerakoak: izparkari auxe zan, ain zuzen, guk guda-oiñean geien irakurtzen genuena.

        1943'an ezkondu zan Erkiaga, Begoñ'n, Jose Mari Arizmendiarrieta apaizaren aurrean, bilbotar Mertxe Telleriaz. Lau seme-alaben guraso dira, iru neskatilla ta mutil bat. Orain gure Erkiaga, aitita bilakatua, etxeko abaro gozoa txastatzen daukagu. Baiña ez lanetik aldendua. Beti izan da langille aspergaitz. 1951'an E K. Kruwig'ek sortu «Urkixo'tar Jul Elkargoa»-ren Filologi Sailleko zadorlari izan zan; 1952-60 bitartean, euskal irakasle akademi batzuetan, eta azken auetan Euskaltzaindian bertan. Bestalde, Bizkai Bankuko mutiko bankariei amazazpi urtez zenbait ikasgai edo asignatura irakatsi die Erkiaga'k, 1958-1975 bitartean. Banku onetan bertan, urteetan atera ta zuzendu zuen berak, Kalifornia ta Nevada'ko euskal artzaiñai Bizkai Bankuak bialtzen zien izpar-orri mardula.

 

        EUSKAL IDAZLE.— 1952'an Euskaltzaindiak bere magalean artu zuen urgazle bezela eta 1963'an euskaltzain oso bezela. Ez merezi gabe, ainbat euskal lan egiñak bait zituen ordurako. Gaztetatik saiatu zan zekien bizkaiera sakontzen eta gipuzkera ta napar-lapurdiera ere ikasten. Eta gero, «Euskalerri guztian barraiatuko ziran Erkiaga'ren euskal gogo-deiak. Iñun txapelketarik bazan, antxe genduan Erkiaga euskal-txapela eramaten edo lenengoekin burrukan», dio A. Mendizabal'ek.

        Ezta lurrin merkea, ezta pelagu ere, egi utsa baizik. Ikus bere idazti-zerrenda oparoa:

        1) Lora gorriak, lirika lana; 1936'an, Eusebio Maria Azkue'ren omenez Lekeitio'n egin zan VII'garren Eusko Olerti jaian deduzko aipamena euki zuena.

        2) Nekazariarena; olerkia; 1950'an, bigarren saria jaso zuen Donostia'ko «Educación y Descanso»-k atonduriko literatura sariketan.

        3) Siñisgogorra, teatru lana; 1952'an aurren saria jaso zuen Donostia'ko antzerki-sariketan. Konkurtso onetan bertan irabazi zigun gaiñera bigarren sari bat «Azkue'ren heriotza» zeritzaion poesiaren bidez.

        4) Aspaldiko Maigret; 1955, G. Simenon'en nobela, euskeraz, Euskaltzaindikak eraturiko eleberri-batzaldian irugarren saria eraman zuena.

        5) 1956'an, Sara'ko olerki-sariketan, Axular Handiari Ohore izeneko kantuarekin leen-saria eskuratu zuen.

        6) 1957'an, Bilbo'ko ABAO'rako Usoa ta Alos opera-izkiagatik aipamena izan zuen.

        7) Kanpaien atsekabez, 1959, Bedoña'ko sariketan leen-saria eraman zuen antzerkia, sarritan antzeztua (Euskera, 1960).

        8) Arranegi (Zarautz, Kuliska Sorta, 1958, 17-20 zenbakian, 197 orr.). Lekeitio da eleberri onen gertaleku. Onan egilleak: «Ene jaioterri kutuna, iñoiz neurtitzez goretsi izan arren, noizbait itz lauz ere, ederresteko zorra neban gogotan artua. Ipuin edo eleberri onen gertaleku, Lekeitio ta bere mugak dira; toki-izenak bai egiazkoak dira, baiñan jazokunak eta lagunak asmaurikoak. Ildako batzuen izenak aitatzen dira, batzuk goragarriak diralako oso, ta besteak, gomutan izan ditugulako».

        9) Araibar Zalduna (Zarautz, 1962, Kuliska Sorta, 50 zenbakia, 171 orr.). 1958'ko Txomin Agirre Nobela Saria irabazi zuena. L. Mitxelena'k onela: «Arranegi'n artu zituen muga estu xamarrak zearo zabaldu ditu, erri koxkorretik iri andira joan denean. Ederki tajuturikako gizakiak ugaritu ditu, batera ta bestera itxuraldatuaz, eta lasai, arnas-estuka indarketa ibilli gabe, mugiarazten ditu aukeratu duen antzeztoki zabalean. Eta mintzatzen diranean, nolako mintzo malgu-aberatsez mintzatzen zaizkigun! Teatrora jo zuenean bazekien nora zijoan Erkiaga'k».

        10) Batetik bestera. Galdu gordeko ibillerak (Zarautz, 1962, Kuliska Sorta, 51 zenbakia, 204 orr.). 1961'ko Tx. Agirre Nobela-Saria irabazi zuena. Errenderiar kritikalari zorrotzak, etzaigula nolanai asi, aizearekin burrukan ari dena bezala, ongi jakiñaren gaiñean baizik, aitortu ondoren, onela didaz, Erkiaga'ren izkeraz eta jardun-tankeraz: «Esanak daude sarritan esan bear direnak oro. Nork eztizkio aitortuko agerian daramazkien doai nabarmenak? Iztun ederra da beti, joria eta aberatsa, eta beste guztiaz gaiñetik jatorra. Jatortasun ori, noski, ain egoki darabillen jatorrizko Bizkai'ko euskalkiari zor dio, izkuntza zabalago ta osoago baten oiñarri sendoa baizik ezpada ere» (Egan, 1962, 4-6, 303 orr.).

        Ernea da noski gaiak aukeratzen eta izkuntzari guna ateratzen.

        Lanak firmatzerakoan sarri erabilli du «Endaitz» izenordea.

 

        OLERKARI.— Eleberria ezezik neurtitza ere eztu gutxi erabilli lekeitiar idazle bizkorrak. Nik maiz xamar adierazi dut Donosti gero Lekeitio dugula gure errietan edertasunez beteena, dala neguan dala udan. Eta emen ernea dugu Erkiaga, eta dudarik gabe, asko esan nai du artista batentzat inguruko giroak. Sarri norbere barrua bezin eder arrobi da tokia. Bakoitzak du gero ederra jasoteko modu berezia, onek onela, arek arela; baita badira, eta ez gutxi, eder-arrobi aurrean lo daudenak. Olerkia dugu ederra adierazteko biderik egokiena, eta Erkiaga gazterik asi zitzaigun olerkitxoak ederrez blei eginda eskeintzen.

        Ez digu poesi-libururik eman. Ez dakit zergatik. Baiña olerki-batzaldietan sari asko eskuratu dizkigu. Eta or daude, orrez gaiñeaa, aren sorketa bikaiñak «Gernika», «Egan», «Anaitasuna», «Euzko-Gogoa», «Olerti», «Jakintza», «Eusko Olerkiak», «Euzkerea», «Ekin», «Agur», «Euzkadi», «Eguna»... aldizkarietan. Merezi lukete bildu ta txorta egiñez argitaratzea. Berau da gaur Bizkaia'n dugun olerkaririk onena.

        Goza itzazu «Bethi gose» deritzan olerkiaren aapaldiok:

 

                Goizero izar hori agertzen denean

                soina dut katigu, geldi, lo artean;

                Iguzkik galdurra orduan harroen,

                ta ni, sogiteke, arazoen barnen...

 

                Zerumin bizi bat. Iaungoiko gosea,

                gizonak barnean dadukan lezea;

                alperrik bilhatu laket eta atsegin,

                lehia min horren asetzea, ezin...

 

                Begiok idortuz, esker-nigarretan

                zeruko zituak niretzat aletan;

                egunez ni sorgor bizitz zidorretan,

                ta Zu, Iaun, gauean bihotz-laphurretan.

 

        Beste iru aapaldi ditu apain-apain biribilduak (Gernika, 1951, 17 zenbakian). Iritziak azaltzean bakoitzak du bere gustua, ederra ikusi, jaso ta sortzekoa. Eta sarri gertatu oi dana, zera duzu: oni atsegin zaiona ari atsegin ez izatea. Erkiaga'ren poesi-lanak, alan ere, edonori atsegiña dakarzkienak dituzu.

        Zer asko dauzka argitaratzeko prest eta gertu, eta oien artean aspaldi osatu zuen Platon'en «Parmenides», lapurdieraz.

 

        (Ikus S. Onaindia, MEOE, 707 orr.; L. Mitxelena, Egan, 1958, 102 orr. eta 1962, 87 orr.; Apat-Etxeparne, Egan, 1959, 184 orr.; E Mendizabal, Euskera, 1980, V, 42 orr.; M. Zarate, Bizkaiko Euskal Idazleak, 1970, 258 orr.; San Martin, Escritores Euskéricos, 80 orr.; Auñamendi, Literatura, IV, 212 orr.; J. Bilbao, Bibliografía, 111, 161 orr.; A. Onaindia, Euskal Elertia, 213 orr.; Enrike Zabala, Euskal Literatura, 217 orr.; K. Etxenagusia, Euskal Idazleak Bizkaian, 1980, 204 orr.; J.M. Torrealdai, Euskal Idazleak, gaur, 450 orr.).

 

Bilaketa