literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura VI»
Santi Onaindia

Etor, 1990

 

9.— Pierre Bordazarre, «Etxahun»

(1908-1979)

 

        «Etxahun» izenez geiago ezagun dugun au Iruri'n jaio zan 1908-5-28'an. Zuberotarra, ango pastoralgintzan ospetsu. Berak bere burua eskolatu zuen eta berezkoari lagunduz koplakari bikaiña bilakatu zitzaigun, letra ta musika zenbait abesti biribildurik.

        Santa Grazi'ko alaba batekin ezkondurik, bere sortetxe «Etxahun» baserrian eman izan zuen bizitza osoa. 1979-10-1'an il zan Paube'ko ospitalean gaitz oker batek eratsita.

        Aren eriotza iragartean Jean Haritschelhar'ek onela: «Larrazken hastapenaren egun ederretan, urzo xuriak hegaldatzerat doatzilarik Euskal Herriko mendiak iragan bearrez, kanpoak oraino berde, horailtzen hasiak direla, bet-betan, uste gabetan bezala Xiberuko txori erresiñula ixildu zauku. Euskal Herriak ezagutzen duen sasoinik ederrenean Etxahun Iruri, euskaldun guzien adixbidea, itzali da. Hor ditu bere azken egoitzarat laguntzek, begitarteak zimur, bihotzak ilun, bere familia lehenik, eta haren inguruan ahaideak eta Euskalherri guzitik jinikako adixkideak. Hor daude ere berak kantatu dituen Xiberuko bazter ederrak, egun sekulako baino hobeki edertuak, ibar eskuina eta ezkerra. Maidalena eta Bostmendieta, Unhurritze eta Orhi. Hor daude ere Xiberuko oihan eta ur xirripak, hor dago Uhaitze eta haize hegoa oihanetan, ur lasterrak erreketan soinulari bihurtu dirateke Etxahunek berak sekulan gehiago joko ez duen txulularen joiteko» (Euskera, 1979, 2, 851 orr.).

        Etxahun, Xalbador eta Mattin'en laguna zan bertsolaritzan; orrela ezagutu nuen nik. Baiña bertsolari bezela baiño ezagunago dugu Pastoral-egille bezela. Pastoralgintzan ari izan gogotsu; auetariko bederatzi utzi zizkigun.

        Barkotxeko «Etxahun» olerkari trajikoari buruz egin zuen gure Etxahun'ek bere leenengo pastorala; ez zuen onek arekin zer ikusirik, ala ere atsegin izan zitzaion poeta jagorraren bizi-zeaztasunez eta abar, lan aipagarri ori burutzea. Gero etorri ziran besteak: «Matalas» (1955), Mitikileko erretor xiberutar zuzenen zaintzaillea; «Beretxerretxe» (1956), XV'garren mendeko Larraindar sonatua; «Iruri'ko kontea» (1960), uri ontako zalduna; «Santxo Azkarra» (1965), euskaldun ororen errege; «Kanbo'ko Txikito» (1967), Euskalerriko plazetan pelotari legez oso ezaguna; «Pette Beretter», XVI'garren mendeko napartar gudaria; «Ximena» eta «Iparragirre» ditu azken ordukoak.

        Ura il ondoan idatzi zuten au ere ez datorkigu gaizki emen. Artista mitiku bat galdu dugula idatzi zuten. Zuberoa Erdi-Aroko erri bat da oraindik. «Herri horren semea genuen Etxahun —idazten dute— Euskal Herri zaharraren lekuko. Ile zuriko, gizon haundi hau, begiak itxirik eta ezpainak biurri bildurik, kantari hasten zitzaigunean, Erdi Aroko artista erdi-mitiko baten aurrean geundela iruditzen zitzaigun».

        Gaztetatik erakutsi oi da urteakin nor zer izango dan. Etxahun'i eder zitzaion mutikotik euskal kulturak ditun baserrigaiak oro: abots ederreko zanez, kantatzen ikasi zuen, txirula jotzen, eresiak antolatzen. Eta jakin ezazu zuk ere «Agur, Zuberoa», gaur bazter guztitan kantatzen dena, berea duela; baita «Goizian argi hastian», «Sorlekura itzultzia», ta abar ere.

        Euskaltzaindiko urgazle zan.

 

        (Ikus J. San Martin, Escritores euskéricos, 1968, 58 orr.; Auñamendi, IV, 147 orr.; J. Haritschelhar, Euskera, 1979-2, 851 orr.; S. Onaindia, Karmel, 1979-3, 11 orr.).

 

Bilaketa