literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura V»
Santi Onaindia

Etor, 1977

 

10.— Pierre Lafitte Ithurralde

(1901-....)

 

        Oian trinkoan ibilliz ez da gaitza tantai eder baten aurrean otoz-otoan aurkitzea. Berdintsu, ausaz, euskal literaturan ere. P. Lafitte jauna, bederen, olaxe danik ezin ukatu; ariz-ariz lan egiñik tantai galant biurtua duzu aspaldi danik. Bere bizialdi guztian jarduna da euskal kezkak artua, nekez ta alaz bizi izana. Euskalerriak asko zor dio P. Lafitte'ri, literatura zelaian bereziki; gaztetatik gaur arte, egundo ere gogobetatu gabe, gure elearen balioaz oarturik, lan izugarria burutu digu. Eta onek eluke itz utsetan galdu bear.

 

        BIZITZ-OSTOAK.— Luhosoa'n sortu zan P. Lafitte, 1901-5-21'an. Len ikasketak, 1908-1912, Iterrotz'en osotu zizkigun, gero Beloke'ko ikastetxean, 1912-1919, batxiller eta gaiñerakoak egiñik. Baiona'ko Seminario aundian ikasi zituen eliz-karrerako goi-eskolak, 1924-7-13'an apaizgoa arturik. Gero ere oraindik, bi urtetan, Tolosa'ko instituto Katolikuan eta Letra-Ikasguan egin zituen ikasgaiak sakondu ta tinkotzen.

        Orduan berean, ots, 1926'an, Ustaritze'ko Seminario Txikiko irakasle izendatua izan zan; eta arrezkero guztian ortxe jarraitzen du, bere etengabeko lanaren erraiñuak nainoiz ta noranai dizditsu bialdurik. 1928'an Letretan lizenziatu zan; ementxe dagoela idatzi ditu konta ezin ala artikulu; ementxe zegoela sortu zuen «Aintzina» illerokoa, 1934-urrilletik 1937iraillera agertu zana; 1940'an, apiriletik abuztura, gerran ibilli zan, Injenieruen 7'gn. gorputzean; ementxe sortu zuen, 1944'an, «Herria» asterokoa, 1967'raiño zuzendu ere egin zuena; 23 urteko lan bikain. Ementxe zegoela autatu zuten, 1953'an, euskaltzain oso; ementxe zegoela baita Baiona'ko Eleiz Nagusiko kalonje deduzko izendatu zuten 1961'an. Eta, guenez, ementxe daukagu gaur ere, liburu zar eta berriz, bertsopaper zar eta berriz inguraturik, lanari, euskal lanari gogo zoli ta biziz ekinaz.

        Eragille ere izan da. Ezta errez zenbatzea egiñak ditun mintzaldi mordoa; eta eguneroko, asteroko ta agerkarietan azaldu dizkigun lanak, argitaratu dituen liburuak, idatzi ditun liburuak... Bizitza osoa euskera ta euskaldunaren zerbitzuan.

 

        IDAZLE.— Euskeraz eta frantsesez idatzi du. Ona lan oietatik batzuk.

        a) Euskeraz:

        1) Egiazko argia. Azken gerlako gertakari bat (Baiona, 1927). «Gure Herria»-n dator, VII, 104, 302 ta 494 orrialdeetan; baita «Antzerti»-n ere, 1933, 14 ta 15 zenbakian, Tolosa, Lopez-Mendizabal'enean. Lau ekitalditako antzerkia.

        2) Julien Héguy apheza (Baiona, 1930). «La Presse» irarkolan. 12 orrialde. Baita «Gure Herria»-k ere, 1930, X, 312 orrialdean.

        3) Eskualdunen Loretegia. XVI garren mendetik hunateko liburuetarik bildua. Lehen zatia (1645-1800). (Baiona, 1931). Lassere'k argitara emana. 133 orrialde. Lendik «Gure Herria»-n ere, 1929-1930-1931 urteetan azaldua. Aspaldikoa da, noski, gure artean euskal liburu zaharrak berriz argitaratzea; baiña nork erosi? Ori zan P. Lafitte'ren kezka, gaurdan bezelaxe. Ortik otu zitzaion idazle ta liburu zahar oitatik irakurgai sail bat aukeratzea. «Zahar ala berri —dio—, eskuarazko irakurgai andana bat —eskuratu halikatu guziak— bururen-buru iraganik, gehieneti zatiño bat edo bertze hartu dazkotegu, on zirela agertzeko iduritu zaikunean. Hemen dituzu zati horiek bildurik. Gutiz gehienak ederrez hautatu ditugu, bertzeak bitxi ala idazlari famatu baten antze berezia erakusterat emaiten dutelakotz... Irakurgaiak urteka ezarri ditugu, zaharrak lehen, irakurleak ikus dezan eskuara mailka goiti ari mendez mende. Zati bakotxari eratxiki zaizko asko argitasun, idazlarien bizitzea laburzki emaiten dutenak eta behar orduan hitz adigaitzak adierazten» (Irakurleari, 5 orr.).

        4) Elizako liburu ttipia (Baiona, 1931). S. Durruti'rena, Lafitte'k zuzendu, geitu ta argitaratua.

        5) Euzkadi. Bixtan da Espainian. P. Lafitte'rena diñoenez.

        6) Koblakarien legea (Baiona, 1935). «Gure Herria»-k aterata. 16 orrialde. «Bi hitzez erran ditake —dio— koblakari bati baitezpadako zaizkola jeinua eta jakitatea. Jeinu, jiteak emaiten du, berriz Jainkoaren ganik heldu da Jakitatea, part jitetik, parte ikastetik. Azken pundu hau baizik ez dugu hemen hunkituko: nehori ez dezakegu guk dohain berezirik eman; bainan xoilki zonbait xehetasun, zonbait konseilu xume, sortzetikako dohainen azkartzeko, laguntzeko eta ahalik hobekiena baliarazteko» (1 orr.). Sailtxo auek arrotzen ditu: 1) Geia; 2) Mugak; 3) Pertsua; 4) Kobla; 5) Mintzairea; 6) Edergailuak, eta 7) Azken Hitza. Intz-tanta pitiñak, beti eder.

        7) Euskal-Herriaren alde. Euskal-herri-zaleen chedeak baitezpadako chehetasun batzuez laburzki argituak (Baiona, 1937). 41-6 orrialde. «La Presse» irarkolan.

        8) Kantuz (Baiona, 1939). «Le Livre» irarkolan. 208 orrialde. Kanta sail ederra, «Aintzina»-k argitara emana.

        9) Jesu-Kristoren Bizitzea edo Ebanjelio ttipia (Baiona, 1939). Ch. Paillart. 80 orrialde. Bigarren ager-aldia ere Baiona'n egin zuen «La Presse» etxe argitaldariak. 134 orrialde.

        10) Hazila edo Hilen ilabethea (Baiona, 1943). «La Presse» irarkolan. 69 orrialde. Liburuxka au irakurtzen duenari esker ona erakusten dio egilleak, esanik: «Irakurtzaileri hitz emaiten diotet meza sainduan, bizi naizeno, hetaz eta hien hilez orhoituko naizela; geroxago, zerutik ere egin-ahala lagunduko ditut, Jainkoak nahi bad'u segurik» (Aintzin-solasa, 3 orr.).

        11) Herriaren aldeko kantuak (Donibane-Lohitzune, 1935). 4 orr.

        12) Murtuts eta Bertze. Artho churitzeko zonbait ichtoria chahar (Baiona, 1945). «La Presse» irarkolan. 55 orrialde. «Aintzina» bilduma.

        13) Mende huntako Euskaldun idazleen pentsa-bideak (Baiona, 1974). «Gure Herria» aldizkaritik. «Cordeliers» irarkolan. 23 orrialde. 1973-3-21'an, Donostia'n eman zuen itzaldia.

        14) Idek eta zabal gogo-bihotzak (Baiona, 1974). 72 orrialde.

        15) Bernardo Gazteluzar olerkaria (1629-1701). Ikus «Gure Herria», 1974, 9, 69 ta 161 orrialdeetan.

        Onezaz gainera, «Gure Herria»-n, «Herria»-n, «Euskera»-n eta abar datozen ainbesteraiñoko lanak: «Nola egin den Aldude», «Eskualzaleak Alduden», «Atlantika-Pirene'etako sinheste zaharrak», «Eskuara Kanbon», «Gonzalve edo ostatu betea», «Eguberri-aroa Eskualdunen ohiduretan», «G. Lacombe», «Rene Lafon zenaz zonbait hitz», eta besteak.

        Gogora baita antzerki auek ere: «Orratza», «Sarea», «San Frantses», «Chalbaten merchika-ondoak», «Eguberri», «Maritxu», «Merkatuan», «Amerikanoa», «Mirikuan», «Elargia», «Oyharzunak», «Hil-biziaren ordenua» eta «Auspoa» bilduman datorren «Manex Etchamendy (1873-1960)», 1972, 244 orr.

 

        2) Prantsesez:

        1) Les études basques à travers les siècles (Baiona, 1932). 1932-1-7'an Euskal Museuan emandako itzaldia. «La Presse» irarkolan. 16 orrialde. Ikus «Gure Herria» ere, 1932, XII, 139 orrialdean.

        2) M. le chanoine Gratien Adéma (1828-1907). M. l'abbé Jean Barbier (1875-1931). Baiona, 1933. «La Presse» irrakolan. 47 orrialde, 1933-3-2'an, Baiona'ko Apaizikastegi nagusian emandako itzaldia.

        3) Euskal-Herriaren alde (Por le Pays Basque). Court commentaire du programme eskualerriste à 1'usage des militants (Baiona, 1933). «La Presse» irarkolan. 43-V orrialde.

        4) Le basque et la littérature d'expression basque en Labourd, Basse-Navarra et Soule (Baiona, 1942). «Le Livre»-k. 91 orrialde. Itzaldia. «Aintzina» bilduma.

        5) Grammaire Basque (Navarro-Labourdin Littéráire). Baiona, 1944. «Le Livre» liburutegiak. Bordele'ko Delmas'en irrakolan. 489 orialde. Lau zati ditu gramatika eder onek: 1) Len-asi-masiak: izkiak, euskeraren etorkia ta edapena, esaldien erakuntza; 2) Esaldian aditz ez diran gaiak: mugitzak, nolazko itzak, adierazgarri-maillak, itz aldakaitzak; 3) Aditza: aditza erabat, nor ez diran erak, nor-erak; 4) Joskera: ar-emaneko joskera, aditz-esaeren jeskera, irudiak. Egitan idatzi zuen L. Mitxelena'k: «Bada iritzi bat arras zabaldua dagoena Euskal-errian eta Euskal-erritik kanpora. Iritzi orren arabera, Lafitte euskaltzain jaunaren Gramatika da arki ziteken euskal-gramatikarik osoena eta, erabat esateko, onena. Gogoz aldatu dut iritzi ori onera, neroni ere bat bait-nator orrekin... Bestetan ere liburu onezaz mintzatu bearko dut eta aski izan bekit oraingoz esan dudanaz" (Egan, 1963, 1-3, 144 orr.). Bigarren argitalpena 1962'an izan zuen.

        6) Georges Lacombe 1879-1947 (Baiona, 1949). «Courrier» irarkolan. 11 orrialde. Ikus baita «Herria»-n ere, 1949, ingurrazti bezela. Euskaltzaindian sartu zaneko itzaldia duzu.

        7) Autour de la Bible traduite en basque por le père R. Olabide (Baiona, 1959). «Herria»-en argitalpenak, «Cordeliers» irarkolan. 24 orrialde.

        8) Les courantes de pensé dans la littérature basque contemporaine (Baiona, 1969).

        9) Dictionaire basque-français et français-basque, par le R.P. Lhande, S.J. de l'Académie basque, avec la collaboration de M. l'abbé P. Lafitte et M. l'abbé Aranart, professeurs au Petit-Séminaire d'Ustaritz. P. Lhande'ren Iztegiaren II'garren ale au, 1932'an orrela iragarria izanagatik, ezta oraindik azaldu.

        10) Lexique français-Basque (Baiona, 1954). 568 orrialde. «Herria»-k argitaratuta. André Tournier'ekin batera burutu zuen lana.

        11) Poémes basques de Salvat Monho. 1749-1821 (Baiona, 1972). «Ikas» argitaldariak. 200 orr. 51 poema dauzka, itzuli ta ourrez ornituta. Ander Okaña'ren irudiak.

        Aipagarri dira oindio «Gure Herria»-n eman dizkigun lan auek ere: «Sabin Arana Goiri, sa vie, son oeuvre, son influence» (1966), «Un inédit d'Arnaud d'Oyhénart: L'Art poétique basque» (1967), «Copiage bio-bibliographique autour du poéte Jean d'Etcheverry» (1968), «Salvat Monho, poéte basque 1749-1821» (1970), «La Littérature basque dans l'ambiance d'Ustaritz» (1964). Baita «L'Etat actuel des études basques», Sorbona'n egin zuen itzaldia ere.

 

        OLERKARI.— Ez dugu sarri liburuetan irakurri, ez itzaldietan entzun, P. Lafitte olerkari danik; eta ain zuzen, gaztetatik ortan aritua da. Berariz utzi dut atzenerako luhosotarraren doai au. Ba-du idaztiño bat ere olerkiz ornitua: Ithurralden Kantuak (Baiona, 1932). «La Presse»-en irarkolan «Lasserre» eta «Le Livre» liburutegiak argitara emana. 62 orrialde. 25 olerki guztiz.

        Kantu liburu ederra, Iturralde'k bere atsegin eta atsekabeak laiñoki abesten dizkiguna. Berak diosku garbal Iturralde nor dan eta zer dan liburua. Iturralde gizon gazte bat da, ogei ta amaika urtekoa, «itsaso axala bezain aldakorra —dio—. Itsasoa egun jabal, bihar hasarre; egun irriz iguzki ederrari, bihar ekaitz nahasiari ilun eta hits. Nere laguna berdin: orai dena irri eta bitxikeria, sarri dena otoitz eta liburu, gero begi-ñiñia bezain minbera eta nigarti; batean kongragazioneko neskatxa bezain herabe, bertzean ozarraren-ozarrez buhamia ahantz-arazten. Bainan, dela atsegin ala atsegabe, uri ala aterri, beti kantuz gure gizona; iduri eta kantu horrek bozkarioa luzatzen zion, eta ordu txarretako kiretsa eztitzen. Bera bezalakoa da egun eskaintzen daukun liburu xumea: dena kantu; eta kobla batzuetatik bertzetara nolako aldakuntza! Segur ez dute iduri iturburu beretik sortuak direla, nahiz guziek erakusten duten egiazko eskualzale baten nahikari suharra» (Ithurralde beti kantuz, 3 orr.). Mami ta iduri, ederto landurik dagoz guztiak.

        «Gure Herria», «Aintzina», «Herria», «Eusko Jakintza», «Euzko-Gogoa», «Ikuska», «Antzerti», «Axular», «Gernika», BAP, «Euskera», eta abarretan idatzi izan du.

 

        (Ikus Lauaxeta, Euzkadi, 1931-11-20; Yakintza, 1933, 79 orr.; Pedro Garmendia, RIEV, 1933, 321 orr., ta 1936, 600 orr.; S. Onaindia, 1954, 1130 orr.; Gure Herria, 1952, 315 orr.; L. Mitxelena, Egan, 1963, 1-3, 144 orr. ; N.A.G., Egan, 1963, 4-6, 233 orr.; San Martin, Egan, 1963, 1-3, 145 orr., eta Escritores euskéricos, 111 orr.; A.M. Labaien, Teatro Euskaro, 172 orr.; Auñamendi, Literatura, IV, 56 orr.; J. Bilbao, Eusko Bibliografia, IV, 56, orr.).

 

 

 

Bilaketa