23. Jose Basterretxea, «Oskillaso»
(1911-....)
Askoren artean, ona emen euskal idazle urduri bat. Luma ondoren darabillenak, gizaseme geraka ta urduriak izan omen dira, ia beti. Eta auen bizitz-zeaztasunak jakitea txit interesgarri izan oi zaigu. Esan onen sendogarritzat, ona nik azken-maiatzaren lenengoetan egin nion eskutitzari erantzunik, Basterretxea'k aitortzen didana, jakingarria noski.
«Madrillen jaio nintzan diost 1911ko abenduan 9garrenean. Handik sei illabete Gernikara eroan ninduen. Gernikako agustinoetan estudiatu neban bachilleratoa. Gero Madrillen "licenciado en Ciencias Exactas" egin nintzan. Movimiento hasi zanean Madril'eko Euzko Ikasle Batza'ko lehendakaria nintzan ta Agirrek "Delegado del Gobierno de Euzkadi en Madrid". izendatu ninduan. 1937garren urtean Frantzitik eta itsasotik zehar Bilbora joan nintzan gudari izateko asmoz, baina ezin, asmia arrapatu neban ta. Itsasoz, gasolinazko ontzi txiki baten, Carrasco Formigueira ta bere alaba biekaz, itsasoko kapitan baten eta mariñel baten laguntzagaz, Donibane Loitzunera. Handik Parisera. Paris'en Avenue Marceau'ko lokaletan lan egin neban. Gero, nere lana beharrezkoa ezala ta Barzelonara joan nintzan. Han "miliciano" sartu nintzan. Cataluña'ko frentea jausi zanean prisioneru arrapatu ninduten beste 150.000 "miliciano"kaz ta amabost egun pasata, danok libre itxi ginduzen».
Etzan lo egotekoa eta nun-nai idoro kultur-lanari ekingo. «Paris'eko universidadean asko ikasi neban aitortzen du, baina eneban atara titulurik. Gerra ostean egin neban lan, RADAR'en. Iruñan, José Agerre kartzelan sartu ebenean, bere familiak deituta, puestoa galdu ez eien, Inglesezko irakasle sartu nintzan Institutoan.
Gero PNN izan nintzan zazpi urte Leridan, eta gero oposizionak egin ta katedratico izan nintzan».
1957'garren urtean ezkondu zan eta seme bat eta alaba bat dauzka. Azken urteotan irakasle da Naparroa'ko Ikasgu Nagusian eta Iruña'ko Príncipe de Viana Institutoan. Euskaltzaindikoa.
EUSKAL IDAZLE. Naiko idatzi du Madril-gernikar idazle onek. Beti zorrotz eta bitxi. Etzaio falta umore ona ere: idazle onak bear duena. «Egan»-en eta «Euskera»-n argitaratu ditu batez ere bere lanak. Ona bere libururik beiñenak:
1) Kurloiak (Herri txoriak). Mutiko kaletarrak Bizkaian. (Zarautz, 1962, 220 orr.). «Oskillaso» darabil izen-ordetzat. Eta Oskillasok berak egiñiko irudi asko ta politez jantzita dago liburua.
Bego emen euskeraren batasunaz dioana, itzaurrean batez ere. «Orai direla idazten du hogei ta hamar bat urthe hasi giñean euskaldunok batasunaren bilha, eta egin dugun aurrerapenaz konturatzen geranean arras laburra iduritzen zaigu denbora hori. Lapiko batzuekin azalduko dizut hau, irakurle. Hasieran zazpi lapiko geunzkan: Lapiko bakhar bat behar genuala ta bat hautatu eta beste lapikoetatik hartutako tanta batzu bota genizkion. Hunela sortu zan lehenbiziko batasun-euskalgia. Gero Peruk, Pernandok eta Manexek dastatu behar zuten eltze huntan gordetan zana. Huna zer erran zuten: Peruk: "Etxat gustetan lapiko hau" erran zuan, "neuria gustetan yat askozaz gehiago, baña tira, beharrezkoa dogu batasuna, eta iruntsi egin beharko dogu". Pernandok: "Gusto bikaiña du. Ba al dago munduan eltze hoberik?" esan zuan. Manexek berriz: "Eztut iresten ahal" erran zuan, "etzait laket".
»Anitz liburu egin ziran lapiko bakharrarekin. Ikus dezagun orai nola egin ziran, zelako abegia egin zioten irakurleek, eta zer gertatu zan gero. Buruhauste asko eman zizkioten Peruri liburu hauiek eta bizkaiera hutsezko liburuak orai ere, bethe bezela, idatzi ta irakurtearren, saiatu egin zan gipuzkera osotuaz idazten eta irakurten. Manexek etzituan ulertzen liburu hauek, baña Pernandorentzat errezak eta pozgarriak ziran. Etzan gelditu Manex lan gabe eta opor egiten. Huna zer egin zuan gero batasunaren alde. Lapiko handi bat hartu, Lapurdi eta Benafarroako eltzeak osorik hustu lapiko handi huntan, eta Zuberoko lapikoaren erdia bere, barnera bota zion. Eragin ondo, eta bigarren batasun-euskalgia jaio zan hunela: napa-lapurdiera. Artean galtzapen handi bat izan du euskarak. Zazpigarren lapikoa hautsi egin da, eta galdu barruan zuan guztia! Lehenbiziko zazpi lapikoen ordez, lau soilik dauzkagu orai. Manexek egin zuana arras egoki iruditu zitzaiola ta hartu lapiko handi handi bat Manexena baño bi bider handiagoa eta han sartu du lapiko haien barruko guztia liburutto hunen egileak. Eragin ondo eta hemen ematen dizu dasta dezazun».
2) El vasco de hoy. Metodoa erderaz.
3) Ipuiñak, argitaratuta: 1) «Mikel eta erdeldunak»; 2) «Nylonezko euritakoa»; 3) «Zerura joan eta atzera etorri»; 4) «Hizkuntzalari handi bat»; 5) «Jostailuak, umeak eta gurasoak»; 6) «Upel bete amontillado» E. Allan Poe'na (inglesetik euskeratuta). Guztiok «Egan»-en datoz.
4) Akatsbako gizonaren heriotza (Egan, 1967).
5) Estudios de entonación vasca según el habla de Guernica («Fontes»-en).
6) Mark Twain'en Erregaia ta eskekoa, bizkaieraz eta gipuzkeraz, inglesetik itzulia.
7) Charles Dickens'en David Copperfield, bizkaieraz, itzulia.
8) Euskerazko bi nobela, argitaratu barik.
9) El libro Negro del Euskara. (Bilbo, 1984). 360 orrialde. Bere libururik garrantzitsuena.
Zer asmo darabillen liburuak idaztean: «Euskara txarraren kontrako ahaleginak egitea eta bizkaierea literaturan sartzea».
(Ikus L. Mitxelena, Egan, 1962, 4-6, 304 orr.; L.A. Bol. Am. Pais, 1963, 109 orr.; L. Villasante, Aranzazu, 1963, 62 orr.; J. San Martin, Escritores euskéricos, 54 orr.; K. Etxenagusia, Euskal Idazleak bizkaieraz, 227 orr.).