literaturaren zubitegia

976 idazle / 4.666 idazlan
7.228 esteka / 5.621 kritika / 1.828 aipamen / 5.231 efemeride

  A B C D E F G H I J K L M N O P R S T U V W X Z  

Jean Martin Hiribarren

«Euskal literatura II»
Santi Onaindia

Etor, 1973

 

14.— J. Martin Hiribarren

(1810-1866)

 

        «Eskaldunak» poemaren egillea. Naiz-ta Orixe'k bere «Euskal Literatura'ren atze edo edesti laburra» deritzaionean ez aipatu, ots eta aitormen aundikoa dugu gure ele ederrean. Poema ori, bada, ez da nolanaikoa. Izkuntzalarien artean, alere, argitara gabe utzi zigun Iztegiagatik garrantzi geiago duela, esan bearra dugu.

        Azkain'en jaio zan, Etxeberria deritzan etxean, 1810-5-8'an. Juana Dutari bere amaren aldetik, Baztan ibarreko Azpilkueta'n datzan Dutari odoleko sendi leiñargitik zetorkigun. Gogora baita: sortetxe ontakoak ziran lenago, XVI'garren gizaldian, Martin Azpilkueta lege-gizon ospetsua ta Maria Azpilkueta, Frantzisko Xabier deunaren ama ere.

        Eliz-ikaskuntzak bukatu ta 1833-6-1'an apaiztu zanean, Urruña'ra bialdu zuten arimazai; baiña urrengo urtean Bardotze'ra aldatu ta emengo elizan jarduna dugu bere artzai-arazoan 31 urte luzetan, au da, 1834'tik 1866'rarte. Urte onetan, ostera, Baiona'ko eliz nagusian ohorezko kalonje egin zuten; eta emen zegoelarik, goiz batean, Sagrarioa ixterakoan atz-gunta bat zauritu ta tetano-gaitzez il zan, 1866-11-26'an, 56 urtekin.

 

IDAZLANAK.— Gai askotazkoa da idatzi zuena, baiña itz-neurtutan aria dugu batez ere. Orixegatik, A. Chaho'k bere eskutitzetan «olerkari maite» —cher poéte— deitzen zion. Eta Goietxe'k, «Eskaldunak» argitara eman zuenean: «Olerkaria erditu zaigu». Auekin izan zitun istillu batzuk Hiribarren'ek; baita J. Duvoisin'ekin ere euskal ortografian ordurarte zerabillen c zala ta ez zala.

        Azkaindarra, izan ere, olerkari zan. Erakusgairik? Or:

        1) Escaldunac. Iberia, Cantabria, Eskal-herriac; Eskal-herri bakhotcha eta hari darraicona (Baiona, 1855). 238 orrialde. Lenengo barne-orri bezela «Messager de Bayonne» dalakoan (1853-12-6'an, eta 1854'garreneko otsaillaren 16'an, apirillaren 13'an, maiatzaren 11'an eta bagillaren 27'an) argitaratu zitun, eta gero ale batean zati danak batera. Auñamendi'k (1970) atera du bigarrenez, Literatura (II) saillean, geigarri bezela, separatak ere egiñik.

        Lan zail azkarria da, mamiz ta azalez maisuki egiña. Kantutegi onek 5.505 inguru bertso dauzka guztira. Euskaldunai 18 ahapalditan bi itz esan ondoren, Iberia, Kantabria ta Euskalerria kantatzen ditu lenbiziko iru ataletan; laugarrenean euskal erri bakotxa kantatzen du: Nafarroa Behea, Nafarroa goikoa, Xuberoa, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Lapurdi, eta auetako erreka ta ibaiak: Ihuri, Laran, Urhandi, Uhertsi, Bidasoa; eta Uri bereziak: Azkain, Kanbo; eta merkatudun erriak: 35'raiño eta beretako seme ospetsuak; eta, azkenez, euskaldun gizonak, mutikoak, neskatxak, kargudunak, apezak, mirikuak, eskribak, agotak; pelota jokuak, zezenak, eta beste.

        Poema au txit jakingarri dugunik ezin uka. Geure euskal gogoa damakigu, eder ta soil, bertso ugari bipilletan. Ba-du ezagutza, jakite ta sena; ba-du erreztasuna ere gauzak txairo adierazteko. Izate zokoan galgal zebilkion dudarik gabe gaia, ta igartzeke zerion luma puntatik barre-arima dirdaikor aratza. Iñoiz egotzi izan zaio, akats bezela, goxotasunik eza bertsoak ontzean, eta erabat lar zuhurra dela barne-arnasari ataka irikitzerakoan. Ba liteke; baiña jakin zazute au ere: gure koplariak lotsor xamarrak izan zitzaizkigun, beti ere, lirika gaiñezkaldiak erakusten.

        2) Montebideoco berriac. Ut omnes lucrifacerent: Guciac salbatu nahi, Eguia, khiratsa bahi (Baiona, 1853). 43 orrialde. Poema auek ere lendabizikoz «Le Messager de Bayonne»-n argitaratu ziran, 1853'gneko maiatzaren 12, 17, 19, 21, 24, 28 ta 31'an.

        3) Escaraz eguia... (Baiona, 1858). 159 orrialde. Erlijio ta fedearen aldeko apologetika txikia duzu: Jainkoa ta Aren gugazko axola, Aregan eta Kristo'gan gure siñestea, Eliza ta Aita Santua, munduko erlijioak, eta abar.

        Irarkolara gabe utzi zituen beste lan asko; ta gaur ere, zoritxarrez, ixil-zulo daude. Auek bai bederen: «Grammaire» bat, «Proverbes» batzuk, «Histoire de l'Empire» bat, «Vie de la Vierge», sermoe batzuk, «Fétes de Pampelune», olerki mordoak; eta, batez ere, bere Iztegia —«Dictionaire Basque-Français»—. L.L. Bonaparte printzearen paper artean ba-da poema luze bat, «Napoleon lehena», gaur Bizkaiko Aldundegiko liburutegian dagoena; azkaindarrena au ere.

        Argitara gabeko lan otatik Iztegiari batez ere ezin dezaiokegu erantzi bere jakingarritasuna. Larramendi'ren itzak maiz samar darabilzki; beste batzuk bere kasketetik jalki-azten ditu: baiña geienez zentzunezko bidetik dabilkiguna da. Eta ondorengo iztegi-egilleak —Azkue eta P. Lhande nagusiki— aren lanaz baliatu zitzaizkigun.

 

        (Ikus P. Lhande, Dictionaire Basque-Français (Paris, 1926). XIX, eta «Gure Herria», 1925, 489 orr.; P. Lafitte, Le Basque, 51 orr.; S. Onaindia, MEOE, 492 orr.; L. Mitxelena, HLV, 130 orr.; L. Villasante, HLV, 161 orr.; J.M. Leizaola, La Crónica en la poesía popular vasca, Ekin, 1961, 28 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 633 orr.).

 

Bilaketa