literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura IV»
Santi Onaindia

Etor, 1975

 

16.— Juan Abelino Barriola Aizpurua

(1885-1944)

 

        «Luze-lerden, itxura aundikoa zan Barriola —diosku aurtzarotik ezagutu zuen Jose Artetxe idazleak—; surpekoa moztua, izakeraz bizi, izen oneko, ta nabarmena gaiñera bere-berea zuen keiñu batekin, Abelino'ren pertsona ta nor-izana berak eratu zizkigun antzerkietan daukagu oso-osorik... Ongi ezagutzen zuen Donostia'ko alderdi zarra —antxe bait zan sortu—, eta bertako jendearen bizi-moldea. Arrantzaleen zer asko zekizkin, eta antzerkira aldatzen zituen gatz eta piperrez gaiñezka... Ba-zuen musikarako zaletasuna ere, bioliña jotzeko, kritikak egiteko ta abar. Andre Mari eleizako elizkizunetan asko lagundu zion Jose Olaizola'ri, Zori gaiztoko eguna zarzuela bien artean antolaturik, eta abar».

        Donostia'n ludiratu zan Barriola 1885-11-10'an. Emen egin zituen bere aur-ikasteak ere, eta gaiñerakoak. Ementxe ikasi zuen lan egiñez bizi izaten, ementxe baita gizon zintzoa izaten: ogibidez, oski-denda entzute aundikoa zeukan —gaur ere bai aren seme-alabak— Garibai kalean. Emendik ezagutu zuen Donosti, andikiz ta beartsuz betea, aien eta auen arima, otelez eta taberna-zuloz kuin-kuin. Baiña au baiño zerbait geiago nai zuen. «Barriola'k —dio J.M. Arozamena'k—, bere anai Paulo'ren antzera, politikazko barne-giro sendo indartsuaren jabe zanak, Donostia'ren diztira azpitik donostiarraren xurtasuna ta ganora zeudela, ezagutu zuen. Ta bere burua antzerkirako gaitsu ikusirik, Teatrura jo zuen oitura txarrak zigor-azteko, erti-jauretxe bat eraikitzeko, mintzoera lerdenezkoa noski, euskaldun guztientzat eredugarri izan zedin» (Donostia, capital de San Sebastián).

        Garai artan oitzen zan bizimodu neurritsua zeraman geienik: goizean goizetik jaiki, meza entzun, zerbait idatzi ta denda-lanera; arratsaldean, berdin. Neurrizko bizitza ortatik izan oi zuen oindio lagunakin solasaldiak eukitzeko, antzerki bipillak idazteko, ari ta oni mesedeak egiteko, orduko teatrugille —Toribio Altzaga, B. Iraola...— ospetsuekin, donostiar jendeari pozaldiak eta kultura ematearren, lanak aukeratu ta aurrera eramateko beta ere. Zerbat onako lan artu zituen bere gain!

        Orrela, izen aundiko egin zitzaigun donostiarren artean. Eta, jakiña, Erri etxeko arazoak, uritar guztien onerakoak alegia, alik eta zeatz arduratsuen eraman al izateko gizon azkar, langille ta begikoa zala-ta, ziñegotzi edo kontsejala autu zuten. Abelino ta Paul, bi anaiak, luzaro eraman zuten Donosti'ko Udaletxeko zeregiña. Eta, bi anaion aolku ta esanez, egintza bi burutu zituen Udalak, donostiarrak iñoiz bear bezela eskertu ez dituenak: Artikutza'tik ura ekartea ta Euskal izkera ta jardun-akademia sortzea. Barriola bi anaiak izan ziran Artikutza lurrak erosi ta bertako ura Donostiara ekarteko bear ziran bideak erreztu ta uriratzea lortu zutenak, eta Lukas Zulaika ta Abelino Barriola izan ziran, biok Udaletxeko ziñegotzi, aitatu dugun Euskal Akademia lanean jarri zutenak: onek artu zuen geroztik bere gaiñ euskal teatruaren etorpide ta garatzea.

        1936'gneko gerra astean, Frantzirantza iges egin zuen bere sendiarekin, Bearne aldean zortzi bat urte egiñik. Paube'n il zan, 1944-4-19'an.

 

        ANTZERKIGILLE.— Anitz eratara on egin dezakegu munduan. Barriola onari emana zan, eta onean ikusi opa zuen bere erri osoa ere. Bere garaiko beste iñork baiño obeki ezagutzen omen zuen donostiar jendea, eta berak bere antzerkietan sartzen ditun antzezlagun guztiak kale-kalekoak eta bizi-biziak omen. Auek eskolatu ta ondu nai zituen, gaur berealdiko par-estandak sortuaz, biar ordea sentimentuzko itz garratzez begiak malkoz ezkaturik.

        Ona aren antzerki-lan batzuk:

        1) Meza Berriya (Donostia, 1909). Ekitaldi bateko antzerkia. 1908'an Eibar'ko euskal jaietan saritua. Donostia'n, «Teatro Printzipal»-ean eman zan lenengoz. Bizkaieraz ere Bilbao'ko «Euzkeltzale-Bazkuna»-k jarri zuen. Egituraz ta barnemuiñez, gaurkotasun aunditan burutua. Kritika txalogarria egin zioten garaiko egunerokoak.

        2) Aldiz, aldiz! (Donostia, 1911). Baroja'renean. 1910'an Azkoiti'n ospaturiko Lore-Jokuetan sariztatua. Ekitaldi bateko jostirudia.

        3) Zulo madarikatuak (Donostia, 1911). Ekitaldi bitako antzerkia 1911'an Bilbao'ko «Euzko-Gastedija»-k iriki zuen antzerki-txapelketan lenengo saria jaso ta Donosti'ko «Teatro Printzipal»-ean 1912-4-14'an lendabizikoz antzeztua.

        4) Zori gaiztoko eguna (Donostia, 1911). Zarzuela, ekitaldi baten. Jose Olaizola'k jarri zion musika. 1909-9-18'tik aurrera Ernani'n ospatu ziran euskal jaietan, 20'an, ango Udaletxean Jose Olaizola'ren «Gugeleza'ren euritakoa» ta A. Barriola'ren «Zori gaiztoko eguna» eman zituzten lenengo aldiz. Gerora ere maiz eman zuten zarzuela au.

        5) Lagun txar bat (Donostia). J. Baroja'renean. Iru ekitalditako drama. 1912'gn. urteko Lore-Jokuetan, Donosti'n, saria irabazi zuena, ta 1916-4-6'an, «Teatro Printzipal»'ean lendabizikoz antzeztua.

        6) Gai dagonaren indarra (Antzerti, 1934). Ekitaldi batekoa. 1915-6-5'an, Donosti'ko «Teatro Printzipal»-ean lenengoz emana.

        7) Maitasunak (Argitaratu gabe). Iru ekitalditako antzerkia. 1923-1-20'an, Donosti'ko «Teatro Printzipal»-ean lenengoz aurkeztua.

        8) Bakar-izketak: Brokoliyo ta Zozoarro.

        9) Goi-argi (Donostia, 1935). J. Baroja'renean. 52 orrialde. «Antzerti»-k onela: «Goi-argi au azkeneko udaberrian Donostia ta Bilbao'n antzeztu zuten. Eta bai egunkari, ta bai ikusleak, ongi etorri ta arrera beroa egin zioten. Goi-argi drama osoa da: elkarrizketa eroso, errez eta ariñez josia dago. Euskal esaera ta gogai sakon asko ditu. "Tesis"-dun antzerkia degu. Zillegigoa, katolikotasuna aldeztu nai duala asieratik ezagun zaio. Ta azkenerako malkoak isuri arazten dituana» (1935, azalean). Beste toki baten ere berdintsu: «Goi-Argi antzerki ederra da, benetan, ongi tajutua, elkarrizketa biziz josia ta biotz ikugarria. Oso trebe ta egoki antzeztua izan zan (Victoria Eugenia antzokian, San Jose egunez) Beorlegi, Egileor, Barriola (Mirentxu ta Imanol), Bikendi, Ugartetxea ta gaiñerakoangatik. Txalo jotze luzeak entzun zituzten antzezlari ta egilleak».

        Teatru-lan auetatik «Lagun txar bat» eta «Gai dagonaren indarra» dira Barriola'ri aomenik zabal-garaiena eman ziotenak. Izanere, «Lagun txar bat»-ekin garai artako euskal antzerkigilleen buruan jarri zan, eta korkurtsuetatik kanpo utzi zuten, irutan lenengo saria jarraian eskuratu zuelako. «Lagun txar bat» Bilbao'n, Bergara'n eta abar antzeztu zan; «Gai dagonaren indarra», berdintsu, 1915-12-21'an, Santo Tomas egunean, Donosti'n eman zuenean batez ere sekulako txaloak eta onezko kritikak artu zituen.

        Abelino Barriola ta Toribio Altzaga ondo ezagutu zitun J.M. Arozamena'k, zer oni buruz, onela dio: «Toribio ta Abelino, donostiar aundi bi, kemenez, leraz beteak, par-eragin eta pentsa-erazteko arazo jatorrari lotuak. Euskal Teatroa zor diegu. Noiz kitatuko ote du Donosti'k bi gizaseme oi ez bezelako auekin duen zorra?»

 

        (Ikus J. Artetxe, Camino y horizonte, Iruña, 1960, 143 orr.; J.M. Arozamena, Donostia, capital de San Sebastián, «Auñamendi» sailla, 35 zenbakian; A. Labaien, Teatro eúskaro, I, 55 orr. ta II, 45 ta 162 orr.; Auñamendi, Literatura, III, 255 orr.; Jon Bilbao, Eusko Bibliographia, I, 465 orr.; Euskal-Erria, 1914, LXXI, 409 orr.).

 

Bilaketa