literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura V»
Santi Onaindia

Etor, 1977

 

11.— Toribio Etxebarria Ibarbia

(1887-1958)

 

        Euskal idazle jator onetzaz, au diosku J. San Martin'ek: «Munduak ain urri emon dittuan gizonetariko bat da (Toribio), lurreko nekiak gaindu dittuana. Arbolia letz, gizona be, bere frututik ezautzen da onduen. Ibiltarixa, bai ideaz ta bai egintzaz, bere asmurik onenak eskeiñiaz pasau da mundutik. Iñoiz on egiñaren paguari begiratu barik, naiz ta azkenerako bere burua erbestietan ziar urriñetako lur otzetan eratxitzera kondenauta» (Ibiltarixak, Aurretiko agirian, 5 orr.).

 

        BIZI OSTOAK.— Eibar'en jaio zan Etxebarria 1887-4-27'an, Txirio kalean. Etzan iñungo esko1a nausitan ibilli; baiña argia zetorren umetatik, eta bere buruz ikasia zuen zekian guztia. Damaskino-lanean ari izan zitzaigun gaztetan; baiña laster, 26 urte zituela, Eibar'ko Udaletxeko sekretaritzan sartu zan. Ordurako jakintzaz ere kezkatzen asia genduen, baita langille arazoetan sartua ere gogai ta ideiaz sozialista zan. Eibar'ko sindikatu, koperatiba ta beste alkarte guztiak interesgarri zitzaizkion gaztetatik. Bera izan zan, «Alfa», langilleen koperatiba sortu ta aurrera eramatean, zuzpertzaille berezi ta amabost urtean bertako zuzendari. Geroago, Errepublika garaian, Campsa'ren ordezkari izan zan iru urtean Gobernuak berak izentatuta, eta azkenez bertako zuzendari.

        Guda denboran erbesteratu bearrean aurkitu zar. Aurrenik Frantzia'n ibilli zitzaigun alderrai; gero Londres'en, Mexiko'n, Irlanda'n eta Karakas'en. An zein emen, beti izan zuen sendikoen berotasuna. Zertik bizi ere ba-zekinan noski, ta umetatik zekarren griñari askatasuna emanik —umetatik bait zan liburuzalea—, idazteari ekin zion setaz ta jarraiki. Nik ez nuen aurpegiz ezagutzen, baina eskutitzez bai: alkarri karta naikoa egiñak gara, «Olerti»-n bere lanak azaltzen nizkionean batez ere.

        Edozein idazleren poza? Sortu ditun semeak —lanak— argitaraturik ikustea nunbait. T. Etxebarria erbestean egin zitzaigun idazle, ta lenengotan etzuen izango girorik bere sorpenak argitara emateko; baiña gerora izan zuen. Eta onek bai emango ziola egiazko poza! «Ibiltarixanak» (Zarautz, 1967) argitaldu ziotenean, poz-eztitan idatzi zidan Karakas'tik, liburua bera opalben onekin andik igorriaz: «Aita Onaindia'ri, bedorren irakurlari urrin baten galduak, Etxebarria». Urruti baten galduta ikusten zuen bere burua.

        Andik laster, «Nunc dimittis» abestuaz, Karakas'en bertan il zan 1968-4-18'an. J. San Martin'ek, amaitzeko: «Munduak ain urri ematen dituan gizonetariko onek damutubearrezko gauza gutxi izango zuan bere barrean, ta bai kontzientzia nunnai zabal eta lasai agertzekoa. Erlijio problemak bizi guztian kezkatu zuan gizon onek ez dakigu azken itzik jaso al izan duan, baiña zerurik bada an izango da iñor izatekotan» (Euskera, 1968, 284 orr.).

 

        EUSKAL IDAZLE.— Euskaltzaindiko laguntzaille. Euskeraz ta erderaz idatzi zizun. «Arratetiko bat» erabilli zuen izen-ordez. Gerratik iges, Bordele'n zegoela asi zan idazten, eta ondoren asp—rtzeka astindu zuen bere idazkortz arin sakona. «Euzko-Gogoa», «Euskera», «Egan», «Olerti», «Zeruko Argia» ta «Eibar» aldizkarietan atera ziran aren lanik geienak, bertsoz eta itz-lauz. Aurretik «El Socialista»-n ere idatzi zizun. Ona argitaratu zitun liburu batzuk:

        1) Flexiones verbales de Eibar (Bilbao, 1963-64). «Euskera»-n dator lan au, VIII-IX, 53-130 orrialdeetan, bere emazteak lagunduta egiña. Amar bat milla itz dauzka, esakeraz, istoriz ta gaiñerakoz ederturik.

        2) Lexicón del euskera dialectal de Eibar (Bilbao, 196566). Arrate'tikuen izketia. «Euskera»-n dator, X-XI, 1-658 orrialde. Bere emazteak lagunduta osotu zuen antza liburu eder au. Iztegi antzera, amar bat milla itz dauzka Eibar aldeko izkelgian erabiltzen diranak, bertako esakera, istori txiki, folklore ta olakoz josia.

        3) Metafísica a Urcola (Mexiko, 1966). Liburu sakona au ere, munduaren izateari buruz bere iritziak azalduaz.

        4) La experiencia socialista en España, vista desde mi pueblo (Mexiko, 1966). Jakingarria.

        5) El Hijo del Hombre (Mexiko, 1966). Kristoren bizitza gaurko kristautasuna begipe duelarik.

        6) Del Trabajo, la Sabiduría y la Oración (Mexiko, 1967). Saio bikaiña iru gai ortaz. Erderazko lanok Mexiko'ko «Impresiones Modernas, S.A.»-k argitara zitun.

        7) Ibiltarixanak. Arrate'tikuen izketango alegiñak (Zarautz, 1967). 495 orrialde. J. San Martin'en itzaurreakin. Auxe duzu Toribio'ren idaztirik ederrena, ia guztia bertsoz egiña. Bost zati ditu. Bi lenbizikoetan, beiñola Eibar'ko Erriko Etxean bere lagunakaz izan zituen izketak gaitzat arturik, jakingarri diran gauza guztietaz osotzen ditu olerkiak, gramatikari lar begiratu gabe, bere erriko euskeran, munduaren asieratik Eibar eta eibartarrak gizatu ziranezko guztia aizaturik. Irugarren eta laugarrenean, irudimenari naiko bekoki ta aukera emanaz, bere ibilteak —ortik «ibiltarixa»—, ateraldiak, gertatuak, autu-mautu, ele-mele ta olakoak damazkigu bertso biribil neurkera askotakoetan. Bostgarren zatia itz-lauz daukazu ta Biblia'ko itzulpenak, eta Naparroa'ko Margarita erregiñaren ipuiñak ere euskeraz. Lan guztiok atsegiñez irakurten dira; ala ere J. San Martin'ek onela: «Azken urteko bertsua, esate baterako, IV'garren liburukuak, askoz obeto eiñak dare. Egiñaz, ikusten da, asko obetu ebala bere bertsogintzia. Lastimia egilliak berak lelengotik azkenera, barrien-barriz, orraztu biar eza. Obetuagetuta geldittuko ziran» (Loc. cit., 13 orr.). Eibar'ko izkeraz idazten du beti. Ilburukoan, «Ibiltarixanak» liburuaren irabaziak Eibar'ko gaixoetxerako utzi zituen.

        8) Ondakiñak (Argitara gabe). Egilleak azken orduan egiñiko ondar-bilduma. Au ere ezta urria izango.

        9) Viaje al país de los recuerdos (Argitara gaberik). Bi ale. Bere gaztaroko jazokun eta oar-ikasizko bizikizunak. Auetxek dituzu aundi-maundika T. Etxebarria'ren idatziak.

 

        IRITZIAK.— Anitzek goratu dute T. Etxebarria'ren lana, beronen errikide J. San Martin'ek, ezta arritzekoa, batez ere. Onez gaiñ, biren aburuak beude emen.

        P. Lafitte'k onela: «Toribio Echebarria ez da gero nornahi Eskoletan guti ibilirikan ere, hainitz irakurtzearen bortxaz, laster bildu zuen jakitate: kargu ederrak eman ziozkaten bai koperatifetan, bai herriko etxean, eta gostu hartu zuen izkiriatzen erdaraz eta euskaraz. Erdaraz filosofia eta zozialismoa aipatzen zituen. Sort-herriko eskuararen hiztegia eta aditza ere bi liburu handitan ezagutarazi ditu, ez du hain aspaldi. Oraiko obra hau harrigarrienetarik dela erranez ez gira espantu hutsetan ari. Jendeak hunkitzen dituzten gai guzietara hedatzen da, ala bizi, ala sendimendu; ala jakitate, ala sineste, ala zuzen, ala lur, ala heriotze.

        »Ez ditake erran nehoren filosofiari arras emana dela, haren zozialismoa ere nehunerekoa da: alta haren erlisionea, nahiz Biblez hazia, ez dakigu nungo elizetakoa ditaken: bainan ezin uka baduela kar, eta dena bihotz dela. Eskuaraz ez dugu bein ere irakurri luma batetarik jalgirikako hoinbertze bertsu bizi eta gogoetagarri. Ez izanik ere Heine filosofiarekin hanbat adox, daukat erakusten duela bederen eskuarak jasan dezakela elhe perttoli batzuez bertzerik. Hori ere zerbait bada» (Herria, 1968).

        Eta M. Zarate'k: «Azkue Eusebio ta Arrese Beitiaren antzera, erri-olerkari bat dogu Toribio. Eta Euskalerria ta euskaldunak (Eibar eta eibartarrak, batez bere) ezagutzeko bere bizikoak dira aren liburuak. Euskera aldetik bere, Azkue ta Arrese Beitiaren girokoa dirudi. Erri-erriko euskera darabil (Eibarkoa), erritarkeri ta guzti; eta itzez, aditzez ta esakeraz oso aberatsa da. Eibarko euskera "mordoilloaren" kontra berba egiten dabenak ixiltzeko erakutsi ederra» (Bizkaiko euskal idazleak, 196 orr.).

        Eta nik, odolez Markiña aldekoa naizen ezkero, au diot: Bizkai'ko euskal literaturan nausi dugun Prai Bartolome'k, Altube'k esan zigunez, «goitik asi ta beeraiño», eibartarren aditz era erabilli zuela bere liburu mamintsuetan. Gaiñera, T. Etxebarria bera ere, Aginaga aldekoa genduan, jatorriz.

 

        (Ikus J. San Martin: Ibiltarixanak, itzaurrea; Euskera, 1963-1964, 53 orr., ta 1968, XIII, 283 orr.; BAP, 1968, 3 ta 4, 455 orr.; Zeruko Argia, 1968-5-5'an; Escritores euskéricos, 73 orr.; P. Lafitte, Herria, 1968; ta Bulletin du Musée Basque, 1967, 38 zenb., 179 orr.; M. Zarate, Bizkaiko euskal idazleak, 193 orr.; Karlos Santamaria, El Diario Vasco, 1968-4-28'an, Donostia; Auñamendi, Literatura, III, 475 orr.).

 

Bilaketa