literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura V»
Santi Onaindia

Etor, 1977

 

61.— Anizeto Zugasti Iriondo

(1904-....)

 

        Altza'n ludiratu zan 1904-4-17'an. Apaiza. Eliz-ikasteak Andoain'en eta Gazteiz'en egiñik, 1925'an artu zituen ordena txikiak eta 1927'an apaiztasuna. Ondoren, Lanziego'n egin zuen apaiz-laguntzale ta organu-jole; gero, San Pedro Pasai'n, Soraluze'n eta Donosti'n kapillautzan jardunik. Euskaltzaindiko urgazle. Liturgia euskeraz eratzeko izentaturik dagoen lau Probintzietako Elizbarrutiko Batzordekoa.

 

        EUSKAL IDAZLE.— Ikasle zala ta gero, beti azaldu izan zaigu euskaltzale zintzo. Gerra aurretik Donosti'ko «Argia» asterokoaren zuzendari-ordeko izan zan luzaro. Eta orrez gaiñ, «Euskal Esnalea»-n, «Aranzazu»-n, «Zeruko Argia»-n, «Egan»-en eta abar idatzi du naikoa. Beronen lenengo lanak «Euskal Esnalea»-n (1926) datoz, bertsoz eta itz lauz. Eta «Argia»-k azken urteetan zekarzkin funts-lanak, ia beti, bereak ziran.

        Ona argitara ditun lanik beiñenak:

        1) Maiatze'ko Loreak (Zarautz, 1950).

        2) Jesus'en Biotza'ren Illa (Zarautz, 1951). Itxaropena Argitaldariak. 80 orrialde. Sarreran dio: «Gogoratzen, irakurle, igazko "Maiatze'ko Loreak" liburutxoa? Aretxen senidea nauzu aurtengo "Jesus'en Biotza'ren Illa". Aita bera degu biok, aitordeko bera, zar eta berri, soñekoak ere bai. Ua ba-omen dabil Gipuzkoa'n erririk-erri, elizarik-eliza ta etxerik-etxe. Andre Maria'ren aintzarako ta kristau askoen onerako izan omen da. Ez nuke besterik nai nik neretzat asko zabaldu ta Jesus'en Biotza'ren aintzarik aundienerako izan eta kristau askoen onerako».

        3) Argi-bidea (Zarautz, 1951).

        4) Garbitokiko Animen Bederatziurrena (Zarautz; 1951).

        5) Bederatziurrenak (Pasai, 1951).

        6) Ezotzi'ko Andre Mari'ri Bederatziurrena (Zarautz, 1952).

        7) Argi-bide txikia (Zarautz, 1957). Itxaropena Argitaldaria. M. Lekuona'k «Egan»-en (1957, 3-4) onela: «Bear-bearreko zan liburu polita. Ez umetxoentzako, ez aundienerako. Bai bion arteko. Tarte ori bete bearrik gendukan gure Eliz-liburuetan. Eta betiko gure Zugasti apaizak bete digu. Eta bete ere ez nolanai. Ondo ausnartuta, ondo pentsatuta. Gaiaren aukera, ta itzaren egokiera. Betikoa azaldu zaigu gure Eliz-idazle oia. Goiz-arratsetako otoitzak, Meza Donea, "Otoitz ederrak", Aitortza, Jaunartze, Gurutzbide, Errosario Santu, Abesti-xorta Eliz-kanturik oituenekin... Eta dana, izkuntzarik ederrenean, umeen einean. Edergarriak, gañera, eta ez nolanaikoak, A. Iriondo prantziskotarrak egindakoak; koloretan baleude, iñorako lotsarik gabeak, umeentzako erarik egokienean... Orra zer dan gure Zugasti'ren azkeneko liburua. 140 orrialde; boltxikorako neurrian; papera, txuri-txuri ta xendo-xendoa». Bizkaeraz ere, Kerexeta'tar Jaime'k atonduta, argitaratua izan da: Bilbao, 1965, «Encuadernaciones Belgas» irarkolan, 118 orrialde.

        8) Amabirjiña Miraritsuari (Donostia, 1962).

        9) Itun Berria (Donostia, 1967). Izarra irarkolan. 636 orrialde. Liburu au egiteko esku artu dutenak: Orixe'k, «Jesukristo Gure Jaunaren Berri Ona» eta «Apostoluen Egiñak eta Idazkiak», Kerexeta'tar Jaime'k bizkaieraz eta Zugasti apaizak gipuzkeratuta, Gallastegi'tar Lander'en marrazkiekin.

        10) Salmudia (Donostia, 1958). Izarra irarkolan. 357 orrialde. J. Kerexeta'k bizkaieraz egiña, gipuzkeraz jarrita. A. Zugasti'k sarreran: «Salmuak euskeraz. Zertarako? Euskaldunak Jaungoikoarekin, beren izkuntzen itzegin al izateko. Elizak beti izan du oso gogoko, Salmuak lagun, otoitz egitea. Orregatik, beren bizibideak ala eskatzen dualako, Eliza osoaren izenean, otoitz egin bear duten apaiz, pralle ta mojak, beren errezuetan, naiz bakarka naiz sallean, besteak beste, Salmuak esateko ala kantatzeko agintzen die. Eta errezu ortarako liburu berezia dute, eta Salmuak dira errezu-liburu orren ardatz sendo ta mami gozo.

        »Orain, ordea, kristau guztien bizitzan otoitz-bide au sar dedin egiñalak ari ditu Elizak. Ortarako, elizkizun askotako liturjian Salmuak irakurtzeko ala kantatzeko agindu die. Eta, ain zuzen, Batikano II Kontzilioak, elizetako apaizai eskatzen die, igandeetan eta urteko jairik aundinetan, beren otoitzaldietako zati nagusienak, —bezperak batez ere—, erriarekin batean esan ala kanta ditzatela (Cons. de S. Liturgia, 100). Kristau-bizitzan ba-dira milla tankeretako gora-berak, eta oietako bakoitzari dagokion giroarentzat ba-ditu, Jaungoikoaren argibidez egindako Salmudiak, itz egokiak, gogoeta sakonak eta biotzkada xamurrak, pozaldian oju egiteko, atsekabean intziri, bearraldian eskabide; aulerian kemen eskatzeko, ezbearrean erruki, illun-orduan argi, erori-aldian itxaropen, zalantzan zuzenbide, pekatuan barkapen, grazian iraupen eta maitasun. Ori guztia euskeraz, zurea dezun izkuntzan, beste izkuntzek ez bezela, biotzean ikutu goxo egiten dizun, zure amak erakutsitako mintzairan».

        Olerki gisan, gogora dezagun emen, beiñola J. A1tzol'ek zesana: «Apal eta goxo bertso leunetan gai egokiak ikutzen ditu Zugazti apaizak» (Eusko Olerkiak, 1930, 22 orr.). «Euskal Esnalea»-n eta Argia'ren «Egutegietan» batez ere, jatorki landutako poematxoak dauzka.

 

        (Ikus S. Onaindia, MEOE, 913 orr.; Egan, 1954, 5 orr.; M. Lekuona, Egan, 1967, 3-4, 237 orr.; J. San Martin, Escritores euskéricos, 175 orr.; Auñamendi, Literatura, IV, 91 orr.).

 

Bilaketa