21. Toribio Altzaga Anabitarte
(1861-1941)
Donostiarra. Aguztuaren 31 deritzan koxko zaleen kalean jaio zan 1861-4-16'an, urteak aurreratuz, euskal teatrugillerik bikaiñenetakoa izango zana. Euskaltzaindikoa.
Anai arteko gerra (1873-1876) bitartean mugaz bestekaldetik, Ziburu erritxoan bizi izan zan, batxiller karrera ere bertan osoturik. Antxe asi zan antzerkiak egiten: amairu urteko mutiko zala, Marzelino Soroa'ren agindupean Iriyarena komeria lenengoz eman zutenean, Altzaga'k ere parte artu zuen. Antxe idatzi zuen baita bere aurrenengo antzerkia: Aterako gera (1888); saritua, maiz antzeztua ta amabi aldiz beintzat argitara emana dugu berau. Altzaga'k geroztik 30 bat lan egin zizkigun.
Ekaitz-zaparrada ondoren Donosti'ra itzulirik, euskal joerazko antzerki-mota guztietan esku artu zuen. Santa Maria'ko eliz-saletan eta katoliku biltokietan, eurotako bazkide eragille bait zan, makiñatxu bat gau-batzar eta jolas eder, berak bere pentzutan eratuta sarri, ospatu zuen gazteen artean. Aren komeri, jostaillu ta operak euskeraz ziran beti.
Are geiago: Donostiko izkera-jardunen eskolako zuzendari izan zitzaizun bizitza guztian, eta bertako Lore-Jokuak eta «Euskal-Erria» aldizkaria ere, zati baten beintzat, bere ardura pean ibilli ziran. 1930'an erri-omenaldi eder bat izan zuen Donostia'n. Eta atzenez, urtez abailduta, bertan il zan 1941-527'an.
TEATRU-LANAK. Buru belarri euskerari emana zebilkigun, baña atsegin zuen teatrua, ta berak erakusten zien antzezlariai nola bete bear zuen bakoitzak berari zegokion papera. Idatzi lanari buruz, gorago esan dugunez, 30 bat lan antola zizkigun, itzuliak eta jatorrak. Ona A.M. Labaien'ek damakigun izen-zerrenda, komeri, zarzuela, bakar-izketa ta abar, danetatik zerbait:
1) Aterako gera (Donosti, 1888). Ekitaldi bateko komeri Donosti'an 1888'eko Lore Jokuetan sariztatua, ta Teatru Zarrean 1888-12-26'an lenengoz antzeztua.
2) Martin Tiñaku (Donostia, 1888).
3) Santo Tomas feriya (Donosti, 1894). Ekitaldi bateko antzerkia. 1892-12-30'an lenengoz aurkeztua.
4) Txanton Piperri (Leipzig, 1899). Iru ekitalditako opera. Bonabentura Zapirain'en musikarekin. Donostiako Biltoki katolikuan 1899-1-6'an lenengoz emana.
5) Anboto. Argitaratu gabe. B. Zapirain'ek jarri zion musika. Iru ekitaldi ditu. Lenengo biak Donostian 1906-7-12an antzeztu ziran, euskal jaiak zirala-ta; osorik Bilbao'ko Arriaga teatruan eman zan 1909-5-20'an.
6) Gli kornamenti. Argitara gabe. Ekitaldi bateko opera barregarria, B. Zapirain'ek erestuta.
7) Asentxi ta Kontxexi (Donosti, 1914). Neskatxentzat alkar izketa. Euskal-Erria aldizkarian dator, «A. Barra»-k izenpeturik. Ordizia'n aurkeztu zuten lendabizi, 1914.
8) Bernaiño'ren larriyak. (Donosti, 1923), Ekitaldi bateko tarte-solasa. Donostiko Teatru Printzipalean eman zuten 1915-12-21'an.
9) Oleskari barriya. Argitaratu gabe. Jardun bateko tarte solas irrikoia. Donostiko Teatru Zarrean 1915-12-21'an lenengoz emana.
10) Etxietan (Euskal-Erria, 1918). Neskatoentzat alkar izketa. Donostiako Teatru Printzipalean 1923-1-20'an lendabizi emana.
11) Txibiribiri (Donosti, 1922). Ekitaldi bateko tarte solas parregarria. Donostiako Teatru Printzipalean 1918-2-11'an egiña.
12) Ramuntxo (Auspoa, 1961). Iru ekitaldiko komeri, bakoitza launa laukitan zatituta. Rodrigo Figueroa'k egiñiko lana euskeraz atondurik. Donostiko Teatru Printzipalean antzeztu zan lenengoz, 1920-2-16'an.
13) Biozberak. «Izarra» bilduman dator. Jardunaldi bat du. Donostiko Teatru Printzipalean emana 1920-12-21'an.
14) Andre Joxepa Tronpeta. Argitara gabe oraindik. Iru ekitaldi dauzkan sorgin-komeri, ekitaldi bakoitza zortzi laukitan bananduta. Donostiko Teatru Printzipalean antzeztu zuten lenen, 1921-2-7'an.
15) Eleizatxoko Ardazlea. E. Gorostidi'ren «La hilandera de la capilla» euskeraz. Iru jarduneko drama, jardun bakoitza iru laukitan banatuta. Donostiko Teatru Printzipalean egin zan aurrenik, 1922-1-20'an.
16) Arpuxa kalean. Argitaratu gabe. Bakar izketa. Tolosa'ko teatru-zineman aurkeztu zan lenengoz, 1922-6-5'an.
17) Bost urtian (Donosti, 1929). Bi jarduneko antzerkia Donostiko Teatru Printzipalean 1922-12-21'an emana.
18) Zalaparta. Argitara gabe. Jostairudi parregarria, ekitaldi baten. Donostiko Teatru Printzipalean, 1923-12-21'an, aurrenik egiña.
19) Amantxi (Donosti, 1924). Bi jardunaldiko antzerkia Donostiko Teatru Printzipalean eman zan lenengoz, 1923-12-21'an. «Euskal Esnalea»-k ere argitara zuen, 1924, 25-33, 44-54, 73-79 ta 87-96 orrialdeetan.
20) Tantarrantan. Argitara gaberik. Iru ekitaldi ditu. Donostiko Teatru Printzipalean 1923-12-21'an aurrenik antzeztua.
21) Zanpanzar. (Tolosa, 1932, Antzerti'n). Jostirudi irrigarria, bi jardunetan. Donostiko Teatru Printzipalean 1924-3-3'an lenengoz emana.
22) Neskazar. Argitara gabe. Jostirudi irrikoia, iru ekitalditan. Donostiko Teatru Printzipalean eman zan lenengoz, 1924-12-21'an.
23) Irritsa. (Donosti, 1926). 72 orrialde. Eusko-Ikaskuntza alkarteak argitaratua. Shakespeare'ren Macbeth trajeria duzu euskeraz. Iru ekitaldi dauzka ta itzaurrea. Donostiko Teatru Printzipalean eman zan lenengo aldiz, 1924-12-21'an.
24) Burruntziya (Donosti, 1931). «Izarra» bilduman, 22'garren zenbakia. Jardun bateko antzokkia.
25) Beste auek: a) Babalora; b) Mutilzar; d) Urdallko; e) Gizon ona; f) Osaba; g) Ezer ez ta festa, M. Soroa'rena berriztuta, eta abar.
Teatru-lan guztiok, gerora ere, 1926'ra baitik bat, sarri emanak izan ziran, eta Victoria Eugenia antzokira zijoaztenak gogoz txalotu oi zituzten. T. Altzaga'ren lanak ba-dute egiazko olako zer berezia, ta berak ere, 1915'tik aurrera, ots, garai artan Udaletxeko ziñegotzi zan Abelino Barriola'k sustatuta Euskal Iztunde-Ikastola sortu ta buru jarri zutenetik, lan ikaragarria egin zuen euskal antzerkiari adore berria ezarten. Beraz, ezin dezakegu au uka: euskal teatrua, bai lanez bai ekitez, goi-gaillurreraiño iritxi zala egun aietan.
Antzerkiak ba-du guna, ba-du egimena. Baita gaur ilko ez ilko daukagun euskerari bear duen osakaia jarteko ere. Antzerki bitartez, ederto lan egin dezakegu geure mintzairaren alde. Ta egin bear dugu: teatru-lanak ugalduaz, aurrenen, eta errietan emanez, urrengo. Gisa ortan iñarrosiko dugu euskal giroa, ta euskera zabal-azi. Irakur oni dagokionez zer dioskun Biona'k (Gregorio Mujika'k): «Nere iritziz, antzerkiena, onenetako bidea da euskera zabaltzeko. Irakurtzeko gogorik ez dutenak ere, komeri bat ikustera pozik joaten dira. Irakurtzeko astirik ez dutela esaten dutenak ere, antzerkia ikustera joateko astia artzen dute. Ta irakurtzen ez dakitenak? Oiei, begietatik ezin sartu zaiete euskera: belarrietatik bai ordea» (Euskal Esnalea, 1919, 117 orr.). Beste orrenbeste esan dezakegu mezatara datoztenengatik eta bertsolariai aditzen daudenengatik ere.
IRITZIAK. Teatru-gille ontzat jo izan dute beti T. Altzaga. Sail orretan gaur ere oberena dugula dirudi; zabal dabillena da iritzi au, ta ezin dezakegu ukatu zentzuz ta pixuz betea dugunik. Altxor ederra bai aren lan osoakin egiñiko sorta!
«Orixe»-k onela: «Euskal-teatrua Altzaga'k oial-zapietatik atera digula esan diteke; oiñez ere ederki erakutsi dio, ta bide sendoan yarri; kozkortuxe ere egin dala esan genezake, ta edozein erritako teatroaren maillera laister igoko dan uste ona degu» (Bol. de Estudios Vascos, 48, 33 orr.).
«Elertizko alderdi onak dio A.M. Labaien'ek eta bere lanen drama-balioa oraingoz beintzat ebazten asi gabe, lan oekin teatru xume bezin biziari aparteko indarra eman zion, dudarik gaberikan. Tepsis'en euskal gurdia ibillian jarri zuen; tolesgabe ta aspaldikoa izango da bear bada, baiña euskal antzez ertiaren azalpen eta osotasunerako bidea zabalduz, bultzada ederra eman ere bai. Literaturazko edo edertasun aundiko lanak, zori txarrez liburutegietako ixil-zokoan geratzen diran oietakoak baiño lenago, lan bizi errikoiagoak bear ditugu, teatru-ertiaren asieran batez ere, jendeak bere giroa mamituta ikusi dezan, au da, bere esku mendean dauden agerpen, buruauste ta korapilloakin kezkatu, poz-arazi ta alaituta nabaitu dedin. Auxe da, nere ustez, Toribio Altzaga'ren teatrua; olaxe bultz-eragin dio aurrera euskal antzerkiari, baita gaur egunean beronek duen arnas aundiari ere, osertz edatuago ta asmo jaikiagoetara saka-egiñik» (Teatro Euskaro, 1965, I, 51 orr.).
Eta L. Mitxelena'k: «Toribio Altzaga'k donostiarra au ere Soroa ta Baroja bezela gipuzkoar teatruaren edertasuna jasotzea iritxi du, bere errikoi izatea kendu gabe alegia, antzerki jator zerrenda eder galantaz eta beste itzulpen batzukin (Macbeth, Ramuntcho)... Komeri atsegiñak idazteko bere aurretikoak baiño teatru-zentzun, irri-gatz eta antzez lagun bakoitza nordantzeko begi obea zeukan» (HLV, 139 orr.).
(Ikus Euskal-Erria, 1899, 504 orr., ta 1916, 261 orr.; «Orixe», Bol. de la Sociedad de E.V., 1930, 31 orr.; Auspoa, 6 ta 29 zenbakiak; G. Zapiain, Toribio Alzaga y el teatro vasco (Donosti, 1955); A.M. Labaien, Teatro Euskaro, 1965, I, 48-51 ta II, 155 orr.; L. Mitxelena, HLV, 139 orr.; L. Villasante, HLV, 39, orr.; Jesus M. Arozamena. «Donostia» Capital de San Sebastián (Donosti, 1964); Auñamendi, Diccionario, A-Amuzti, 559 ta Literatura, III, 225 orr.; Jon Bilbao. Eusko Bibliografia, I, 130 orr.).