literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura III»
Santi Onaindia

Etor, 1974

 

8.— Pedro Migel Urruzuno Salegi

(1844-1923)

 

        Euskaltzale kementsu onen eriotz ostean, au zioan Jesus'en Biotzaren Deya'k: «Gure Pedro Mikel jaun agurgarria ta on-ona il zaigu. Jainkoak ala nai, ta bizitza onen betebearrak ondo bete ondoren, joan zaigu: danok uste degun bezela, ludi zirzil onetik, amairik ez daukan aberri gozoaruntz. Elgoibartarra zan bera, ta bere jaioterriaren maitalle bikaña. Ia larogei urte bete zituan, berrogei ta amar baño geiago apaiztasunean, gogo-lanketan, alde guzi ta bazterretan onbidea erakusten ekin zituan. A ze sari ederra artu dun dagoneko! A zein gogozki laztandu dun bere Jainkoak alako apaiz agurgarri ta ongille au! Elgoibar'ko elizburu edo parrokua izan zan aspaldian, baño zartu zanean, Mendaro'ko mojatxuen ardura zeukala, bizi zan».

 

        BIZITZAKO ZERNOLAK.— Elgoibar'en jaio tan Urruzuno 1844-4-29'an, Arrabal kaleko 110'garren zenbakian. Bi gurasoak ere bertakoak ziran: Juan Bautista, errementaria, ta Manuela. Berdin aitaren aldeko aiton-amonak ere, Migel Urruzuno ta Lorentza Kruzelegi, biak elgoibartarrak; amaren aldetik, ordea, aitona, Frantzisko Salegi, Astigarribia'koa, ta amona, Josefa Antonia Mugertza, Elgoibar'koa. Pedro M. gaztetan nunbait Lesaka'n bizi izan tan, «bere ipui batzuk Naparroako erri ori dute gerta-tokitzat».

        1870'an apaiztu zan, eta aurrenik Elgoibar'ko eritegian daukagu gaxoak zaintzen, gero bertako eliz aundian arimen argitzaille; azkenez, Kilimon erreka ertzean Mendaro'ko Garagartza'n izan zuen zar eta gazteen ardura, «mutil eta neskatxen aingeru izanik». Iriondo'tar Toribio'k Urruzuno'ren eztei egunean (1920-10-2'an) onela:

 

                Ume-umetatikan

                zure biotz dana

                Jainkoaki zendukan

                oparo emana:

                Elgoibar ta Lesaka'n

                ezagun ziñana,

                apaiz egiñik igo

                ziñan Jesus'gana.

 

        Berarekin artu-emana izan zuen elizgizon batek dio: «Apaiz asko joaten giñan beragana mesede eskatzera, ta sekula etzigun ukatzen. Musikan ere bazuan bere apiziotxoa. Eliz-kantak, gabon-agurrak eta beren bertsoetako laguntasuna, berak egiten zituan. Mojatxoak asko maite zituan; baita auek ere bera. Auzoerrietako organistak ere, askotan joaten ziran Urruzunogana, idazkien billa beren musikai jartzeko. Guziak lagun zituan. Etzegoan arentzat ez aberats eta ez pobrerik. Guziak berdiñak. Ta euskaltzale bezela, sartzen zan bere etxetxoan, da iskribitzen asten zan. Zenbat bertso ta zenbat ipui idatzi ote zuan! Makiña bat parre egiñak gera aren lanekin. Ta dana euskeraz. Gutxi izango dira Don Pedro Migel ainbat lan gure euskeraren alde egindakoak».

        Garagartza'n Agustiñetan egon zan kapellau. Eta ementxe zegoela osotu zitun batez ere bere ipuirik eta neurtitzik ederrenak. Bego esanik au ere: «Euskaldunen artean ez da oraindik sortu Urruzuno apaiz jaunak, bañon ipui geiago asmatu ta argitaratu dunik». Norentzat idazten zitun? Jakintsuentzat ez, ain zuzen; baiña bere erritarrentzat. Iruña'n atera zan Urruzuno'ren ipui liburuaren argitaratzailleak onela dio aitzinsolasean: «Euskalzale, izkuntz garbi uts berri-zale bakarrik ba zera, garbi esango dizut, ez natorrela zuregana. Akats asko, itz ezezagun gutxi neregan arkituko dituzu-ta. Zuk, euskera ikasle aurreratua zeranak, jakintsuen izkuntza leun, txukun ta landua bear dezu. Ni ez naiz malla ortara iristen. Nere aitak txukundu ninduan bezelaxe nator. Ez diate pitxi sail billatu ta landurik ezarri. Erreka bazterrean jaio, ta erreka inguruan dabiltzan nekazari, arotz, argin, ermentari, ijito ta beste ez ikasi guzien izkuntz samur, errezez jantzia nator. Oiek errez ezagutuko naute beraz, ta beren kidekoeri bezela abegi ona egingo al diate... Beste nere egikizuna da, euskaldun guzien artean irakurtzeko zaletasuna piztea. Ortarako gauz errez ta atsegiñak bear dira oraindik. Gauza zail ta landuaz aspertu ta nazkatu egiten baitira euskaldun geienak. Lotsagarria bada ere, egia ezin ukatu!» Egoki derizkiogu, izan ere, Urruzuno lakoxe idazleak ezagunazi nai izatea. Euskaldunok, beraz, zerbait zor diegu gisa ontako gizaseme gurenai.

 

        EUSKAL IDAZLE.— Aitortu dugu gorago: beste iñor ez dugula izan euskal alorrean Urruzuno'k aiña ipui —bertsoz ta itz-lauz— mamitu duenik. Indar berezia omen zuen ipuiak asmatzeko, ta garai artako aldizkariak aren ipui ta olerkitxoz beterik dagoz: «Euskal-Erria», «Euskalzale», «Ibaizabal», «Euskal-Esnalea», «Baserritarra», «Jesus'en Biotzaren Deya», «Zeruko Argia», «Argia», ta abar. «Urruzuno», «P. M.», «Urzale» ta olakoak ziran bere, lanen azpian jartzen zitun izen-abizenak. Ona lan oietako batzuk:

        1) Meza Santua zer dan (Durango, 1915), Florentino Elosu'ren pentzura aterea. Martin Cochem'ek alemanez jarri ta beste izkuntza batzuetara ere itzulitako liburua, Urruzuno'k euskerara biurtu zuen.

        2) Anima ondo damutua eternidadeko gauzak konsideratzen. «Zeruko argiya edo Ondo pentsatu!» berriya (Tolosa, 1921). Aita Baudranek atera zuena Urruzuno'k euskeraz.

        3) Gramatika parda ta Pilosopia (Euskal Esnalea, 1921).

        4) Urruzuno'tar P.M.'en Ipuiak (Iruña, 1930). Neketako Ama Birjiñaren irarkolan. 147 orrialde. 49 ipui.

        5) Euskalerritik zerura ta beste ipui batzuk (Auspoa liburutegiak, 1961). 144 orrialde. 14 ipui.

        6) Iru ziri (ipui ta bertso) (Auspoa, 1965). 144 orrialde. 21 ipui. Jose Mari Etxaniz Urruzuno, gure apaiz idazlearen illobaren itzaurrea dakar, ipuilariaren bizitzari buruz mojatxoak, apaizak, sakristauak, baserritarrak, argiñak, ijitoak diotena azalduaz.

        7) Ur-zale baten ipuiak (Auspoa, 1965). 129 orrialde. 19 ipui. «Ur-zale batek» izenpetu zitun lanok «Euskal-Erria» aldizkarian datoz, 1890 urteaz lendik. Au irakur dezakezu itzaurrean: «Urruzuno'ren asi-berri garaiko lanak dira, eta bai onenetakoak ere, gure ustetan. Eta ipui auek liburu onen erdi bat aña osatzen duten ezkero, izengoiti orretaz baliatu gera ipui sorta oni izena emateko».

        8) Eliz-kantak (Iruña, 1904). 70 orrialde. Iruña'ko Eliz-Boletin'ak (1,905, 127 orr.) dioanez, liburuxka ontako kantarik geienak, Pedro M. Urruzuno'renak dira. Ikus A. Pérez Goiena, Ensayo... IX, 511 orrialdean.

        Urruzuno'ren lanak, izkera errikoian eta euskal umore bizi-bizian eginda daudelako, merezi lukete argitara ekartzea.

 

        IRITZIAK.— Entzun lenen Jesus'en Biotzaren Deya'ri: «Euskera ederki zerabillen nai zuenean. Baita noiz edo noiz errez itz egin ere danoi zesana adierazi nai zienean!... Pedro Mikel jaun ona zan, apaiz onenetarikoa, euskaldun bikaña, ta euskal idazle argi oso ta mamitsua».

        Antonio Arrue'k: «Urruzuno'k bere lan-egiñetan erabiltzen zituan izkuntza ta idaztankera errikoi jatorrak ziran... Gaiñontzean, eta Euskal-umoreari buruz, esan genezake oker aundirik gabe, Euskalerriak idazle gutxi izan ditula, oso gutxi ere, Urruzuno'k bezala umore berezi ori beren lan-egiñetan irauli dutenak: Mogel «Peru Abarka»-n, Domingo Agirre «Garoa»-n, Bustintza ta... beste bat edo bi, geienaz».

        G. Mujika'k: «Euskera errez, leguna du; mami atsegin, gai labur, bixi ta alaiak guziak». Berriz ere: «Bere ipui, gertaera-esate, egi-antzeko gezurrezko asmaketa, ijito-kantu, senar emazteen alkarrizketa, ta... ta gañerakoak ez dira errez aztutzekoak» (Euskal Esnalea, 1930, ilbeltza, 21 orr.).

        Aita L. Villasante'k: «Orrela dira Urruzuno'ren idatziak. Euskera errez errikoiak oso, askotan gai arrunt eta parre-eragilleak zutointzat arturik. Ots aundikoak egin zaizkigu ijitoeri buruz osotu zizkigunak. Baiña aldizkarietan zabaldutako lan aundi ortan, ba-dira erlijiozko lanak ere; esan dezakegu, beraz, ark nai zuena iritxi zuela, au da, erriak irakurria izatea. Eta au lortu zuen ark batez ere, erriaren izkuntzan eta menean zeuden eta atsegin zitzaizkion gauzak ziralako».

        K. Etxenagusia'k: «Izlari ona ez baiña, sermoi-idazle bikaiña ei zan. Idazle lez, Ipuin-asmatzaille joria, ugaria: orduko euskal aldizkaririk geienetan argitaratu zituzan ipuiñok, "Auspoa Liburutegiak" batu ta eskeiñi deuskuz barriro (nn. 5, 47, 51). Erriarentzat egiten eban, eta orregaitik bere euskera ta joskera oso errikoi, bizi, argi ta aberatsak dira».

        A. Irigarai'k: «Bidasotar izkelgiko esaerak eta itzak darabilzki Urruzuno'k, Lesaka'n bizi izan zan garaia oroituz bear bada».

 

        (Ikus J. Biotzaren Deya, 1923, 156 orr.; Euskal Esnalea, 1923, 114 orr.; A. Irigarai, RIEV, 1931, 642 orr.; Urruzuno'tar P.M.'en Ipuiak, Iruña, 1930; S. Onaindia, MEOE, 418 orr.; L. Villasante, HLV, 323 orr.; Egan, 1957, 178 orr.; L. Mitxelena, HLV, 155 orr.; Auspoa, 5, 47 ta 51 zenbakiak; K. Etxenagusia, Euskal idazleen Lorategia, 158 orr.; Auñamendi, Literatura, II, 283 orr.).

 

Bilaketa