literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura III»
Santi Onaindia

Etor, 1974

 

1.— Grazian Adema, «Zaldubi»

(1828-1907)

 

        Au naiz ura zein-nolakoa dan jakitea, nork ez ote du eder? Adema'z onatx zer dioskun Orixe'k: «1907'garrenean aldegina dugu mundu ontatik euskaldun begi-begiko au. Ezinutzia da naski poetaetan, eta Lafontaine euskalduna izendatua; baino edozein aritarako ere biguina duzu: irakasteko, beroarazteko, irri eginarazteko. Lau zatitara ditezke aren poesiak: Katiximako kantak; alegiak; beste gisako poesi batzuk... badakit idatzi zuela gainera itz-neurketaz edo bertsoetaz, eliz-himnoen neurriarekin euskal neurtitzena bekaldetzen zuela. Berak agitz yaioki egoki zuen Asklepiade-neurtitza gure izkuntzara. Ikus Yesusen azken-afaria» (Euskal Esnalea 1927, 214 orr.).

 

        BIZI-ZEAZTASUNAK.— Lapurdi'ko Senpere errixka txanbeliñean munduratu zitzaigun Adema, 1828-4-14'an. Arrotz-deitura zeraman bere aitak, Leen-Agintaldia jaustean, Goi-Garona'tik Lapurdi'ko errixka ortara bait zan etorri. Bere amagandik ikasi zuen euskera. Larresoro'n osatu zituen lendabiziko ikasketak, eta Baiona'ko apaiz-ikastetxe nagusian gaiñerakoak. Elizanburu olerkaria izan zuen ikaskide Larresoro'n, eta onekin egin oi zitun bertso-saioak jolasaldietan batez ere; saio auetatik jalgitakoa omen du Boltijurrak deritzan abesti ospetsua, eztenkada zulagarriak alkarri emanik. Elizanburu'k utzi zuen ikastetxea azkenik, Adema'k ordea Baiona'n bukatu zitun bere ikastaldi nausiak, euskal musari agur egin gaberikan bukatu ere: 1851'an, an egiña du Martin eta Katalin.

        Apaiztasuna 1853-12-17'an artu zuen. Artez Larresoro'ko Ikastetxe txikira bialdu zuten maixu. Emen urte bete eginda, Hazparren'go bikario izendatua izan zan 1854'an: alai ta langille, ainbat mesede egin zion errixka oni. 1858'an batez ere sukar-ustela (tifusa) agertu zan Azparren'en, famili batzutan iru ta lau ere galdu zituztelarik: Zaldubi'k, ezen beldur gabe, lan izugarria burutu zuen izurrite artan. Jendeari poza ekartzeko, pilota partidak eratzen omen zituen; eta gaitz-aldi artan il zan Gaskoina pelotariak iltzeko ari-artan aurkitzen zala, ospatu zan jokuaren gorabera guztiak zeazki eraman omen zituen. Dana dala, erriari biotzez lagundu ziolako, izen aundiko biurtu zitzaigun.

        Lacroix apezpikuak, 1860-5-26'an, Baigorri'ko erretore izendatu zuen. Eta an ere, eguneroko lanari lotua, zein elizan zein apaiz-etxean, bere egitekoa zeatz betatu zuen. Lumaz ere ez zegoen geldi. Antxe ezagutu zuen Otxalde bertsularia, ta onekin batera osotu zuen 1867'an Xuriko kantu abrea, ezeukian bizi ta bein bakarrik ongi janagatik il zan zakur gaxoaren kondaira kupigarria. 1872'an Atarratze'ko apaiz-buru aukeratu zuten, eta onela idazten digu P. Lafitte'k: «Zuberotarren artean —enda alai, gozo ta kartsua—, Zaldubi oso pozik aurkitzen zan: lenengotan, bear bada, ango izke1giaren musika tartaiñak naasi ta lardaskatu zion lapurtar joskeraren aunditasun belaskara oitutako belarria; baiña gutxi iraungo zuen onek, eta atsegingarri biurtu zitzaion ango erretxiñol izkeran moldaturiko euskal pentsamentuak aditzea».

        Baiona'ko ohore-kalonje egin zuten 1875'an, eta azkenez, tituluzkoa 1890-7-10'tik ara, katedralean. Len ospe aundiko zana gero ta errikotasun indartsuagoa ardietsiaz zioan. Euskaltzale amorratu zanez, ementxe asi zan, asti geiago bait zuen, bere euskerazko lanik ederrenak antolatzen. ere. Ta onek, aren entzute-izpiak mugaz onantza ere bialtzen zitun, eta, ain zuzen ere, 1892'an, Azpeitia'n ospatu ziran euskal jaietan omenaldi ederra eskeiñi zitzaion.

        Egin-nai zarra dugu euskera idatziaren batasun estuago bat lortzea. Ortan zebiltzan, gaur bezela, zerbait ziran euskal idazleak. 1901-7-16'an batzar bat eratu zan Endaia'n; gaia: 1) Euskal ortografiaren batasuna, ta b) Euskal Akademia sortzeko xedea. Azkue'k eta beste euskaltzale batzuk, Vinson'ek, Dodgson'ek, Charencey'k, Abartiage'k eta bestek eratua zalako, uts egin zuten. Baiña ospatu zan batzarra eta «Euskal Elerti Bazkuna» —Federación Literaria Vasca— Féderation Littéraire Basque zeritzaiona irasi ere bai. Alkarte onen buru Adema jarri zuten. Onela: Lendakari: Adema; lendakari-ordeak: Kanpion, Arana; idazkari: Guilbeau; diru-zai: Hiriart; aolkulariak: Azkue, Gerra, Arbelbide, Broussain. Bigarren batzarra Ondarrabi'n ospatu zuten 1902'an, euskal ortografiaren batasuna irixteko asmoz batez ere; baiña geroago Euskaltzaindiak beretzat artu zuen idazkera, Arana-Goiri'k batzar artara aurkeztua, batzuen mukerkeria zala bide, etzuten orduan ontzat eman. Lendakariaren erruz, dirudienez, Broussain'ek Azkue'ri zuzenduriko idazki baten irakurtzen dugunez, ez bait zuen jakin gauzak goxo ta gizalegez eramaten. Olerkari goxo izanik ere, trebetasunak uts-egin onako eztabaida bidea egokitzeko. Adema'k, alare, aspalditik zekarren nunbait euskal akademi bat sortu naia, ta onetan txalogarri dugu; 1894-4-1'an onela idazten zion Azkue'ri : «Nik, berrogei eta hamar urthe huntan egin kanta eta neurthiz hoberenak laster argitaratuko ditut Jainko onak bizi eta osagarri ematen badarot. Gisa bat edo bertze holako asko lan banuke oraino egiteko: bainan aspaldixkoan adinak eta osasun eskasak nagokate bethi gibela. Hil baino lehen, eta On Abadia jauna hil baino lehen nahi nuke Akademia edo jakintsueri eskuara bat baginagoka Frantziako eta Espainiako Eskualherri guzientzat. Damurik hainbertze Eskualduneri, Fedea, odola ta bihotza flakatzen, hozten eta arrozten ari zaizkote. Zer lastima! » (Euskera, 1957, 335 orr.).

        Ondarrabi'n beste bilkura bat egitekotan ziran; baiña molokot egin zuen. Noren erruz? Ez dakigu. Aranakeriz il zala esatea, errexa dugu. Bi alderdietako joan-etorri, eskutitz eta goraberak zeatz aztatu ezkeroz, aranatarrak aiña erru izan zuten besteak ere. Dana dala, Arana Goiri ilda gero ere, amabost urte igaro ziran Euskaltzaindia sortu orduko. Arana'k demokrazi bidetik eraman izan zitun batzarra ta idazkera arazoa; besteak, mugaz andikoak bereziki, gurago zuten goitik beera egiñikako batasuna. Eta temazko auzietan gu euskaldunok, mutillak gara! Bi alderdietakoak boikot egin zioten euskal idazkera batuaren aukerari. Broussain'ek onela idatzi zion Azkue'ri, 1902-2-6'an: «Ni itz berean nago beti. Bermeo'ko eta Bilbo'ko tarr-dun guztiak eskubidea izaten badute Ondarrabi'ra joateko edo beintzat beren botoa igortzeko, e'naiz joango. E'naiz bakarra etshean egongo naizena. Arbelbide, Daranatz, Hiriart-Urruty, Darricarrère eta askok eta askok gogamen berbera daukate. Norbaiten erruz edo paltaz gure Congresoa gaizki irtetzen ba'da egongo gera ezer egin gabe Academia sortu edo jaio arte. Academia'k egingo du Adéma'k ta Guilbeau'k ezin egin duten lana» (Euskera, 1957, 377 orr.).

        Ondarrabi'ko batzar eguna baiño len, beste bilkura batzuk ospatu nai izan zituzten. Onako bat Donostan egin zan. 1902-3-9'an au idazten zion Broussain'ek Azkue'ri: «Egun aratsaldean Arbelbide'k bildu gaitu bere etshean Darricarrère, Daranatz, Lassalle, Hiriart eta ni elgarrekin erabakitzeko zer egin beharko dugun Donostian egun Guilbeau'k eta Adéma'k onesten badute Sabino'ren eritzi berria. Atzo Adéma gizagaishoa gurekin zen gogoz eta treinean sartu da bihotza sehede onez betea, bainan Donostia'ra orduko ez ote da beste bat bilakatuko? Beldur gira Arana'k menturaz bere hitz ederrez bereganatuko duela. "Shori-buru" erraiten deiegu hemen Adéma bezalako gizoner eta ba'dakizu zoin aldakorra dan shoria... Campion'en baitan ezarria dugu gure sinheste guzia. Uste dugu hark azkarki buru eginen dakola Arana'ri» (Euskera, 1957, 379 orr.).

        Euskaldunoi maiz gerta oi zaiguna gertatu zan orduan ere: norberak barik, eskuikoak amor egin dezala. Geroak, orraitio, Arana'ri eman dio errazoia: esan dugunez, Euskaltzaindia sortu zanean, 1918'an, ia osorik artu zuen onek, ark, Sabino Arana'k, 1901'an, ordukoz beintzat Bizkairako nai zuen euskal ortografia, edo idazkera berezia. Aurretik ere, egia esan, Broussain'ek berak, esaterako, ber-aldatu dugun idaz-ataletik dakusgunez, x (sh), tx (tsh) ta olako batzuk izan ezik, dena artu zuen, begi-itxutan, abandotarrak asmatu zuen idazkera. Orduko jite berberak eraginda, gaur —berandu gero!— zer gutxi batzuetan ari jarrai ibilli gogo ez dutenak ere, zabal ta arrai aitortu bear lukete aren xede arteza, adimen-argi zorrotza.

        Baiona'n il zan Zaldubi 1907-12-10'an. Senpere'n eman zioten lurra aren gorpuari, arras atsegin izan zitzaion lurrean noski.

 

        IDAZ-LANAK.— «Kalonje onaren bereizgarria da, izen ere —diosku P. Lafitte'k—, euskaldun dan zernairi dion maitasuna, eta, agoa biotzaren ixuritik mintzatzen dan ezkero, orduak eta orduak igazi zitun bere erria goratzen, bere aita naiz etxea goratu oi duen aurraren segurantza xaloz». Adema'k, ain zuzen, bere olde-jariorik ederrenak eta oroitzapenik goxoenak paperean utzi zizkigun, eta, jakiña!, idatziak dirau —scripta manent— esan oi danez.

        Itz neurtuetan idatzi zuen geien bat Zaldubi'k, ondoren esango dugunez; baiña baita itz lauz ere, euskeraz ta prantsesez. «Eskualduna» asterokoak Adema'ren lan mordoxka ederrak ditu. Olerkiak, ordea, ia denak, RBPL —Revue des Basses-Pyrénées et des Landes— Paube'koan, Donosti'ko «Euskal Erria» eta RIEV'en, Bilbao'ko «Euskalzale»-n eta Baiona'ko «Gure Herria»-n argitaratu zituen. Itz neurtuz beste, aipagarri ditu liburuxka auek:

        a) Euskeraz:

1) Eskualdun Pelegrinaren bidaltzailea (Baiona, 1877), 181 orrialde.

        2) 1875'an Jubilau urthe sainduan Bazco biharamun eta hirugarrenean Lourdesen eta Betharramen Eskual herritic pelegrin cirenen othoitzapena (Baiona, 1875), 72 orrialde.

        3) Escualdunen Lorudeco cantica (Baiona, 1875), 30 orrialde.

        4) Eskual herrico Eliza bestak (Baiona, 1898), 8 orrialde.

        Eta b) Prantsesez:

1) Les Traditions du Pays Basque (Paube, 1887), itzaldia.

        2) Notice sur le Yeu de Paume ou Rebot, jeu national des Basques (Baiona, 1894), 14 orrialde.

        3) Curiosités de synonime basque japonaise (Baiona, 1906), «Semaine de Bayonne» zalakoan 1906ko iraillaren 19, 26 ta 29'an argitara emana.

        Ba-du esku-idatzi txit bakan bat ere: Livre de raison deritza. Egunkari bezela duzu, 30 bat urtez, egunero zerbait, zeatz eta meatz idatzia. Bertan jartzen dizkigu: egunero giroa, eguratsa, aizeak nora joten duen; egunero artu ta egiten ditun bisitak, gorabera ta jazokunik irtenenak; or-emengo eleski ta zeapen txanbeliñak, gertakizun bitxiak, oar dotoreak... Esku-idatzi au, ezta oraindik, liburu bezela, argitaratua izan; baiña merezi luke, 1875-1907'ra bitarte urduriaz jabetzeko batez ere. Maite zitun Euskalerriko oitura ta lege-zarrak, eta euskal-jai, jolas eta kirolak; 1887'an Maule'n mintzatu zuen itzaldian, adibidez, euskaldunen elezar eta tradizioak goigoi jartzen dizkigu. Gure pelota ere maite zuen, eta joku onen zeaztasunak agerrazi ezezik, bertso biziz ondurik utzi zigun Perkain'gandik Ottarre'ganaiñoko pelotarien edestia.

        Ba-zuen oraindik beste lan bat, azken urteetan burutua. 1896-eko agorrillaren 22'an, Azkue jaunari idatzi zion, Baiona'tik: «Bi urthe huntan lan handi batean ari naiz. Geografia edo luziazalde bat dut hasia lehengo demboretako eta oraiko, eskuara izenak dakharzketen herri, mendi, ibar eta ibaien dikzionario edo hiztegi bat izanen dena. Ekhaldeko (Ekhi aldea, oriens, Chaldea, ur chaldeorum) baditut mila baino gehiago jadanik bilduak. Afrikakoak, Italiakoak, Frantzia eta Espainia barnekoak ere ehunka. Gure oraiko zazpi Eskualherritakoak oraino biltzekoak ditut. Ziberoko, Basa Nabarreko eta Laphurdiko herrien izenak baditut, bai gure departamenduko kartan, bai gure Diosesako ordoan» (Euskera, 957, 337 orr.). Eta bertan darrai: «Nik bi izen edo firma baditut: bat Adéma ene familiakoa gauza edo eskribu serioetan, eta aphez gisa Elizakoetan ezartzen dudana; bertzea Zalduby gauza profano edo politikako edo kantu irri egitekoetan agertzen dudana».

 

        OLERKARI.— Soiñez eder genuen Adema, arimaz ederrago. Gorputza dugu, askotan beintzat, barnearen izpillu; beste askotan ez. Baiña senpertarragan bat zetozten, txibista leunez ezkonduta, azala ta barrua. «Aren izpiritu jakin-miñak, oroimen itzalgabeak lagunduaz, oro nai zuen labur, errez ta soil, dena argiago ikustearren noski. Soiltasun onen ondorena alde batetik tolesgabetasun jostagarria zan, eta bestetik onako moztasuna bere olerki-jarioan: laburtasun ugari ta joria, baiña ez beti luzeera gabea; ele-murritz urbil, baiña iñoiz ere ez irudimen sortzaille gabekoa. Etzan izan egiazki irudimen aundikoa, ezta ertilari ausarta ere: politika lanetan izan zitzaigun bakar-bakarrik ausarta. Beste aldetik, aren neurri, era ta egiña! Aren ingurraztiak, kuadernuak, kaligrafi, apaindura ta azal-ederketaren eredu dituzu. Eta ardura au ezta kanpotikoa bakarrik; bere bertsoetaraiño sartzen da, ta darabiltzan itzak astun-ariñean ikusi, neurtu ta edertuak dira beren tokietan ipiñi aurretik; berdintsu dagi itz lauz idazten duenean ere».

        Zaldubi'ren oler-lana aski zabala duzu, 30 bat kopla gorago aitatu ditugun aldizkarietan argitara emanak zitun bizi zalarik ere; baiña geienak argitara gabe zeuzkan ingurraztietan dotore dotore idatzi ta eratuak. Ura il ostean, baiña, sail batzuk bederen argitara zituzten Baiona'ko Eskualduna'k eta Donosti'ko RIEVek. Eskualduna'k, 1908-09'an, zenbaki auetan eman zizkigun: 1085, 1091, 1094, 1096, 1098, 1105, 1107, 1114, 1119, 1122, 1125, 1127, 1130, 1133,1135, 1137-1147, 1159, 1164-1175, 1177, 1178. Eta RIEV'ek onela: 1908, 11, 83-94, 203-213, 284-296, 410-420, 602-610, 757-774, eta 1909, III, 103-109, 226-233, 396-400. Zazpi zatitan banandurik datoz: I Eskual Herriko Eliza Bestak (83-90); II Pilotariak (90-94); III Cantiques sur le catéchisme (203-213); IV Cantiques (284-296, 410-420, 602-610); V Fables (757-775); VI Autres poesies profanes (1909, 103-109, 226-283); VII Chants patriotiques (396-400).

        Lenengo sailla duzu ugariena. Ta ditekena da, ederkien egiñak izatea ere, bulkoz ta gogaiz bikain ornitu ta beteak. Eliz-kantak irutan zatitu ditzakegu: Santuen omenezkoak: bere sorterriko zaindari Petiri donea, Atarratzeko zaindari Lutzi, Zubero'n guztiz ospetsu dan Garazi donea, San Josepe, Salle'tar Juan Bautista, Asis'ko Frantzisko deuna, San Bernardo ta abar goratzarrez abesten ditu. Ungria'ko Santa Isabel'en bizitza ta beste batzuk ere maixuki goresten ditu. Baita Jainkoa ere, ta Irutasun santua ta aingeruak, eta Kristo gizon egiña ta Andre Maria, ta izadia... Lafontain'en erara biribilduriko alegi sailla, ederra duzu benetan. Zernaitakoetan, berriz, anitz motako lanak dauzkazu: orain Ameriketara doan euskaldunari jipoia berotzen dio, nekazaritzaren atsegiña txalotzen du ondoren. Amatxo deritzaiona edozein antolojitan agertzeko aiñakoa zaigu. Ameriketara bidean (1854), Bettirisantz (1975) ta Biba Errepublika (1876), satira zorrotza orduko errepublika zaleen aurka, poesi-batzaldietara aurkeztuak dira. Azkenengo augatik, maikoak, naiz eta ederki osotua zala ezagutu, etzioten saririk eman, ausartegia zalako.

        Aberri-kanten artean daude euskal lurra ta gauzak goresteko egiñak. Auetarik nabariena auxe duzu: Zazpi Eskualherriek, euskal batzarretan oiukatzeko egiña; 1882-7-21'an abestu zan lendabizi, Donibane-Lohitzune'ko euskal jaietan. Ona errepika ta bi aapaldi aurrenak:

 

                Zazpi Eskual-herriek bat egin dezagun,

                Guziak bethi, bethi, gauden gu Eskualdun...

 

                Agur eta ohore Eskualherriari:

                Lapurdi, Basa-Nabar, Zibero gainari;

                Bizkai, Nabar, Gipuzko, eta Alabari.

                Zazpiak bat besarka lot beitetz elgarri.

 

                Haritz eder bat bada gure mendietan,

                Zazpi adarrez dena zabaltzen airetan.

                Frantzian, Espainian, bi alderdietan:

                Hemen hiru'ta han lau, bat da zazpietan.

 

        Bigarren datoz euskaldun pelegrinaren «bidalzailea» ta gorago aitaturiko besteak; Zaragoza'ra, Konpostela'ra, Palestina'ra, Erroma'ra, Lurde'ra, Betarrame'ra ta abar ziran bidezku auek, ta liburuotako kantarik geienak Andre Maria'z egiñak dituzu. Bat, Uholde baten pare, esaterako, ezagun-ezaguna da, zazpi aapaldikoa, 7/6'etan. Ederki datorkigu, gaur ere, seigarren koplan dioana:

 

                Lehengo fede hura/ berritz pitz dakigun,

                O fededunen Ama,/ zuk gaitzatzu lagun.

                Bai, Eskualdunek hemen/ hitz-eman dezagun

                Bethi zinez izanen/ garela fededun.

 

        Irugarren maillan datoz gaiñetikoak, dotriña azalduaz osotu zitunak batez ere. Il aurretxoan lan onetan zebillen oraindik; dotriña guztia bertsotan adierazi nai zuen, baiña Kredoan Kristo'ren Nekaldian geratu zan bere lan baliotsua. Doiñutsuak dira auetan Eguen Santurako Adora dezagun, Ostiral Santurako Oi Gurutzea, ta besteak.

        Noizik beinka, bertso-paper antzera ere, atera zitun lan ttipi batzuk; adibidez: Euscaldunec Aita Saintuari (Baiona); Eskualdunen kantika (Baiona, 1892); Eskualdunen sortherriko kantua (1892); Gauden eukualdun (Baiona, 1893), Azpeiti'ko euskal jaietan saritua; Gorphutz Sainduaren Sakramentua (Baiona, 1889); Yondoni Petiri edo Piarres Apostoluaren kantika (Baiona, 1899); Pilotarien kantuak (Tours, 1890); Sakramendu Saindua (Lille, 1894); San Josepen kantika (Baiona, 1891); Santa Grazi edo Engraziaren kantika (Baiona).

 

        IRITZIAK.— Guk esatekoak, Adema'z, esantxe ditugu. Onez gaiñera, denak ederretsi izan dute Zaldubi'ren olerkia batez ere. Jean Etxepare'k onela: «Bazuten haren ezpainek zerbeit, zerbeit erraiteko!        Batzuetan ezin athertu, chaparra baitzen eta chaparra baino gehiago... koblakaria. Zer nahi bazakien Eskual-herriaz, Eusual-herriko ohitzez, sinestez, jaidurez, Eskual-herriko chokoetan aditzen diren hizkuntza bereziez. Ez dut uste nehork maitatu duen Eskual-herria bihotz kartsuago batekin eta ukan fede gehiago gure etorkizunean» (Buruxkak, 2 irartaldi, 95 orr.).

        Orixe'k onan : «Euskera garbia dizu, yaioa, erraxa, bakuna, funtsezkoa edo itz alferrik gabea, leguna, erritarra. Gogoetarik goraenak eta biotzaldirik bizkorrenak gisaz agertzen ditu. Aindiko Euskalerri osoan kantatzen ditute Zaldubi'ren kanta batzu-batzuk. Neurtitz ederretan adiarazten zituen erlisioneko egiak eta nahikariak. Euskaldunik beroenetakoa, gure oikuntzen eta mintzoaren aldezkari goria: "mintza gaitezen eskuaraz; iskriba dezagun eskuaraz"» (Euskal Esnalea, 1927, 214 orr.).

        P. Lafitte'k: «Grazian Adema kalonjea Elizanburu'ren lagun mina genduan. Boltijurrak ari eskeiñi zion bereziki. Ezagunak dituzu apaiz-olerkariaren kanta-alegiak, berezko ta landuak oso; baiña aren trebetasunak batez ere kantuetan dizdiz dagi, ots, Adora dezagun edo Kurutzea, edo-ta aberri goratzarre Zazpi Eskualherriek eta olakoetan. Olerkari gutxik ematen du euskeraz olako kemen-zirriada: ezer goxoagorik ez da, ez kementsuagorik ere» (Le Basque et la Littérature... 53 orr.).

        Nik beiñola: «Euskal elerti-saillean, goi-goi jarria daukagu: asko idatzi eban, ta gizon landu lez idatzi be. Batez be, bere olerkiak zein olerki guriak! Euskera errez, sakon, jorian, zelako esangura giarrak!, zelako biozketa gartsuak damoskuzan!» (MEOE, 597 orr.).

        Aita L. Villasante'k : «Aregan neurri, era ta oso egiñaren aukera ikusten da nun-nai. Adema'ren bertsoetan itzak arretaz aztatu, neurtu ta leunduak izan dira. Kantatzeko egiña izan da aren bertsoa, baiña textua du musikaren argi-oiñarri. Letrari gaiñera inportantzi izugarria ezartzen ziola dirudi. Bein eta berriz orraztu oi zitun bere poemak. Aren antzea au duzu: bertso errazak engaraz ta doitsu eio. Eta biotz eskerga bat zegoen antze (arte) uzkur guzti au indar-azten, apaiz-biotz zabal, sakon, ederbera ain zuzen ere» (HLV, 193 orr.).

        Ibon Sarasola'k: «Poeta famatu ta bertsolari trebe» (Euskal Literaturaren Historia, 114 orr.).

 

        (Ikus J. Vinson, Essai d'une Bibl. Basque, I, a 417, 49, ta II, 646, 656, 725, 767, 793, 794 orr.; Jean Etxepare, Buruxkak, 1910, 5 orr. eta «Zalduby Aldudan» kapituluan, eta Beribilez, 1931, 9 orr.; J.B. Daranatz, Euskalerriaren Alde, 1914, 134 orr.; RIEV, 1908, 121 orr.; N. Ormaetxea, Euskal Esnalea, 1927, 214 orr.; J. Artetxe, Caminando, 1947, 41 orr.; P. Lafitte, M. le chanoine Gratien Adema (Baiona, 1933) eta Le Basque et la Littérature... 53 ta 69 orr.; S. Onaindia, MEOE, 557 orr.; Euskera, 1957, 334 orr.; Auñamendi, II, 157 orr.; Joan Bilbao, Eusko Bibliographia, I, 28 orr.).

 

Bilaketa