16. Eusebio Maria Dolores Azkue ta Barrundia
(1813-1873)
Lekeitio, itxas-egal pertxeta, gizaseme argien sorleku izan dugu. Euskal kulturari gagozkiolarik, emengoxeak dira Agustin Basterretxea, J. Antonio Aboitiz, Eusebio M. Azkue, R.M. Azkue, Eusebio Erkiaga ta besteak.
E.M. Azkue bertsogille jator au ementxe jaio zan 1813-4-13'an, eta ementxe il zan 1873-11-11'an. Beronen gurasoak: Juan Jose Azkue ta Zalbidegoitia, Zamudio'ko semea, ta urte askotan bertan osagille egona, ta Maria Iñazia Barrundia ta Atxabal, Lekeitio bertako alaba. Bilbao'n, prantziskotarren komentuan ikasi zitun latiña ta filosofi. Karlatarren lenengo gudan gerrari ibilli zan Karlos V'ren alderdikoekin. 1839'an Nautika ikasi zuen El Ferrol'en, gero luzaro, pillotu tituluz itxasoak arakatzen ibilli zitzaigun. Ondoren Nautika irakasle izan zan il arte: lenengo Bermeo'n, Mundaka'n gero 1849'tik 1861'rarte, ta azkenez, Lekeitio'n 1862'tik aurrera, amaika urtez.
Bi aldiz ezkondua. Lenengo emaztea: Laureana Ozerin, Txorierri'ko alaba: lau seme-alaba izan zitun onegandik. Au il zitzaionean, berriro ezkondu zan Mari Karmen Aberasturi Uribarri mundakarrarekin, eta zortzi seme-alaba izan zituzten. Berbiz M. Azkue, gure euskalari bikaiña, laugarrena izan zan, Lekeitio'n 1864'an jaioa.
Gizon bezela maitagarri ta zintzoa omen zan E.M. Azkue; itzez apala, azalkeri gabea; ainitz gauzatan aitua, matematiketan batez ere: ametsetan ere problemak ateraten omen zitun iñoizka. Itz egitean soiñuz bakana ei zan, arrotz itxura zuena: asko ikasia, buru jantzia. Zozo bat omen zeukan kaiolan, au esaten zekiana: «Azkuen zozua naiz ni... Urra Pepito».
EUSKAL IDAZLE. Asko idatzi omen zuen. Tamalez, ala ere, esku maitekor bat egokitu ezik, laister ezereztu oi dira lan oiek, eta orixe gertatu zan itxas-maixu jatorraren euskal lanakin ere. Itz-lauz egiñak kendu ezketiño, aren zer gutxi dazaugu gaur-egunean.
Bertsoz sail polita da ezagutzen duguna. Aitaren lanak R.M. Azkue'k argitara zitun, izenburu onekin: Parnasorako Bidea (Bilbao, 1896). 369 orrialde. Bilbao'n Astui'tar J.-ren moldagintzan egiña. Zortzi sailletan bananduta daude: 1) Oneraspenezkoak, 7; 2) Ipuiñak, 2; 3) Jolasgarriak, 34; 4) Kondairazkoak, 7; 5) Irrigarriak, 7; 6) Ziri-bertsuak, 16; 7) Pozgarriak, 1; eta 8) Benetakoak, 15. Guztiz, 89. Itzuliak ditu bi lan: «Ave maris stella» ta «Dies irae»: zortziko aundiaren neurriz onduak. Beste guztiak, jatorrak. R.M. Azkue zanak, auetatik naikoa beintzat, bere «Euskalzale» asterokoan ere argitaratu zizkigun. Argirik ikusi gabe ere ba-ditu oraindik banaka batzuk Aita prantziskotarren komentuetan, Bermeo'n eta Zarautz'en, garai baten A. Uriarte'ren eskuetan ibilliak.
Zer gairi oratzen ote? Edozeiñi, aitortu bearko, zortzi saillotatik agiri danez. Neurriz ikusi nai du gizona, ez iñoiz ez iñun alperkerian eroria; andrazkoen joera ta griñak ezagutzen ditu, ta oien zirikatzaille amorratu dakusgu sarri; albiste ta zertzelada ugariz edertzen dizkigu bertsoak, kondaira aldetik; euskal ekandu ta oiturak ere ba-dakizki, ta erri jakituriz maixua dirudi; atzenez, siñismen sendoko ta euskaldun zintzo agertzen zaigu beti ta edonun. Eta guzti au, maizenik beintzat, «euskera jator, bizi, errikoi ta gustagarrian» adierazten digu.
«Gure errikide onen jita dio E. Erkiaga'k lekeitiar olerkari sonatuak eta joera ezagunena ta agirikoena gai errikoiak, bizitzako gora-beera ta eguneroko jazoerak, eta gizasemeen egitada onakaz batean emen amarrukeri ta egiune doillorrak jakinerazotea da. Orduantxe da zorrotzen eta begikoen aren luma bizkorra. Esaterako, mediku-botikarioak, alperrak eta eskribauak eurak bere, ez yakaz lar atsegin. Bere aitarengandi entzun eta ikusi ete zituan lanbide orren kaltezko esan, uste, asmakizun eta izkirriak eurrez?» (Olerti, 1961, 1, 69 orr.).
Jori samarra du neurkera, baiña eder zaio zortziko txikia, ta nagusia, geien bat, lau puntuko egin bearrean, bi bikotan lotzen ditu. «Neurriok dio E. Erkiaga'k, egokiro zainduak ditu geientsu. Baiña iñoiz euskal otsen kontra beteten ditu bertsuak, silaba otsaldiak lege-kaltez indarkeria esan-erazoaz» (loc. cit., 70 orr.). Eta bertsoen amaiera? «Azken soiñutasun bardiñari jaramon estu ta zeatza egiten deutsa, bertsuaren izakera jatorraki zintzo eutsi nairik beti ere». Bizkaitar izkelgia darabil; Zamudio ta Mundaka aldekoa alere, Lekeitio'koa baiño ozenago.
Bizkortasun ori ederki dager jolas-sailleko olerkitxo ontan. Mogel eta Txaraka deritza: Mogel Markiña'ko arima-zaia ta Txaraka ango sendalaria. Bein batean gaixo bat ikustera joan ziran biok; ikertu zuten oean zetzana, ta ondoren ikerle biak alboko aretoan berbaz zeuden bitartean, gaixoak eskari au zuzendu zion Jaunari:
Esan barik dakizu, Jauna! neure barri,
Eta ilteko bildurrak zelan naukan larri;
Emazte ederra daukat, zeuri Jauna eskerrak,
Baita seme bi bere bera lango ederrak.
Daukat urdaia ugari, zezin-troko andiak,
Eta zotz emon barik barrika guztiak.
Ni naiz gorako zarra, berako gaztea;
Eta ez yat gogoratuten erdiko nastea.
On bat bear ba'dozu, Santua lakoa...
Or dago Mogel Jauna, bana-banakoa;
Txar bat gura ba'dozu, eroan bultzaka,
Ez iñon billa ibilli: or dago Txaraka.
Baldin izango bada bien bitartean,
Or daukazuz ugari atso-agura artean.
Or oindiño ezta galdu nire adorea;
Lau urtean birritan emon dot semea.
Aipa dezagun emen beste, liburu au ere: Lequeitijoco Ama Virgiña Antiguacuaren Bederatziurruna (Bilbao, 1864). Aita Uriarte'k bizkaieraz ipiñia da, baiña bertan datozen 10 bertso ahapaldiak E.M. Azkue'renak dira. Geroago, 1931'an, R.M. Azkue'k berriztuta atera zuen ber-berau, ostera ere.
IRITZIAK. Bere garaiko bizkaitar olerkaririk onena zala esaten omen zuten. Eta, izan ere, bakoitzari berea ematera ezkero, ezin genezake ukatu ark poesigintzarako zuen gatza ta trebetasuna.
Ziri-olerkari gorenengotzat jotzen du J. Manterola'k, orrenbesteko lana bururatu zuen gizona aiztu-zulo ikusiaz lotsatuta bezela. Gizonak, urte-aroak, gertaerak, eguneroko gauzak argazkiz bezela jartzen dizkigu begi aurrean. Euskal koplariak ordurarte, geien-geien bat, lirika saillean kantatu zuten; E.M. Azkue'k beste zelai bat saratu zigun.
Orregatik edo, E. Erkiaga'k onela: «Ezta liriku agertzen Azkue aita, sarritan. Geienbat edeslari, esalea, kontu-kontaria dogu, bertso errezetan beti bere. Irakasle-arloa maite dau, eta dakiana bai buru-aloko zerak eta bai bizitzako morapilloak polito baten erakusten deuskuz, bizitzako «gramatika nabarra» ezagutzeko, ereti aukeratsua alperrik galdu ez daigun. Barruko intziriak, biozpeko min kantagaien oiu samiñik ez deusku azaltzen nabarmen. Eta izadiaren isil-soiñu agertu bearreko premiñarik bere, ezin ukatu aren lumearen zorroztasuna, eztenkada eta esanaldi gordiñak eta gazigozoak, olantxe adierazoten dabelako. Umore oneko gizona dirudi, orixe sumau daikegu ba, mukuru ta ganezka, aren izneurtu askotan. Lexiku ugari ta bizia darabil errime» (Olerti, 1962, I, 69 orr.).
Orixe'k: «Euskal oiturak gai artean ditu askotan: "Mundaka'ko arrain saltzalia", "Bermeo'ko astodunai", "Mundaka'ko emakumia", "Baserritarren jai-domeketako batzarrak", eta abar» (Euskal Esnalea, 1927, 236 orr.).
(Ikus R.M. Azkue, Parnasorako Bidea, Sarreran; P. Mourlane Mitxelena, Congreso de Oñate, 627 orr.; J. Manterola, Cancionero Basco, III sailla, 3 orr.; S. Onaindia, MEOE, 274 orr.; N. Alzola, «Euskera», 1959, 57-62 orr.; L. Villasante, HLV, 267 orr.; Eusebio Erkiaga, «Olerti», 1962, I, 67 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 64o orr.; Mikel Zarate, Bizkai'ko euskal idazleak, 95 orr.).